« OLERKI SORTA BAT (1987) | OLERKIAK » |
OLERKIAK
Zaldubyk (1828-1907) ez du eskuratu euskal literaturaren historian adinkide, ikaskide eta adiskide izan zuen Jean-Baptiste Elissanbururen osperik edo dizdirarik. Haatik, hats poetikoarekiko mesfidati agertu ohi zen olerkari hau –frantsesez Eskualduna aldizkarian 1899an argitaratutako bere arte poetiko euskaldun esentzialistan, tradizio metriko jatorrarekiko errespetua lehenesten zuen, inspirazioaren edota ideia anbiziotsuegien gainetik jarriz. Euskara modu literario eta arretatsuenean landu zuten bakarretako bat da.
XIX. mendeko idazle paradigmatikotzat jo daiteke Zalduby; Larresoroko seminarioko giro karlistan hezia, Lore-Jokoetan parte hartua (eta behin baino gehiagotan irabazle suertatua), apeztua… Beste hainbat idazleri gertatu zitzaionez, bere joera ideologikoak –“xuria” zen– nahiz lanbideak –elizgizona izan zen– guztiz baldintzatu zuten bere jardun literarioa, bai gaien hautaketari dagokionez, bai idazkerari dagokionez, modernotasun literariotik urrun eramanez. Horrela, bere ekoizpenaren zati handi bat elizarako testuz osaturik dago (oraindik ere erabiltzen diren kantuak idatzi zituen) eta erlijio gaietatik urruntzen diren beste asko aberriaren zein karlismoaren aldeko ala errepublikaren aurkako propaganda kantuak dira (horrek ez dielarik kentzen baliorik). Geratzen diren testu profanoak urriak dira kopuruz, xumeak gaiei bagagozkie, baina kalitate handikoak.
Alegiak idatzi bazituen ere, olerkiengatik da ezagunagoa. Adema eta olerki profano gehienak kostunbristatzat jo ditzakegu. Euskal metrika “berezkoa” zela sinetsita (artzainek inork irakatsi gabe aplikatzen baitzituzten, arte poetikoan azaltzen duenez), zehazki eta estuki betetzen zituen arauok. Haatik, bere kasuan arauen hersturak ez zuen itotzen poeta sena. Aitzitik, gainditu beharreko oztopoek, bere buruarekiko erronka bailiren, oldartu baino ez zuten egiten. Zenbat eta lotuago arauari, hainbat eta lortuagoak bere olerkiak. Halakoak dira, kasurako, “Martin eta Kattalin” –senar-emazte mozkortien deskribapen garratz bezain irringarria– edota “Amaxo” –Lizardik hamarkada batzuk beranduago idatziko zuen “Zeru-azpia”-ren aitzindari-bikia, zeinetan hiltzera doazen ume baten eta bere amonaren arteko elkarrizketa hunkigarria aditzera ematen baitigu–. Olerkiok ezin landuagoak dira eta irakurketa bakoitzean altxor berriak aurkituko ditu irakurleak, oskol kostunbrista xumearen azpian errekurtso poetiko eta figura anitz bezain egokiak gordetzen direla deskubrituz. Eta ez da autorearen meriturik txikiena berea duen jakintza poetiko hori sotiltasunez gordetzen jakitea ezen txit naturala ageri baitzaigu idazkera eta esfortzu arrasto oro ezabatuak ematen dizkigun Zalduby.
« OLERKI SORTA BAT (1987) | OLERKIAK » |