« OLERKI LANAK | OLERKIAK » |
OLERKI SORTA BAT (1987)
Felipe Arrese Beitiak (1841-1906) bere bizitzan zehar idatzitako bertso lanak, ale bitan argitaratu zituen A. Kanpionek,idazlea hil baino lehen: Ama Euskeriaren liburu Kantaria (1900) eta Asti orduetako bertsozko lanak (1902). Ondoren, S. Onaindiak berriro lan osoa argitaratu zuen ale bakar batean 1956an: Olerkiak. Eta 1987an Euskal Editoreen Elkarteak, “Klasikoak” sailean, G. Aldabaldetrekuk, A. Bonetak eta M. Goikoetxeak prestaturiko argitalpena eman zuen argitara: Olerki sorta bat. Azken hori dugu, hain zuzen ere artikulu hau garatzeko erabiliko dugun argitalpena.
Ale horretan bost ataletan banaturik dugu F. Arrese Beitiaren olerki lana: “Kantu Herrikoiak”, “Lirika Kantuak”, “Eliz Kantak”, “Gora Kantuak” eta “Bestelakoak”. Horretaz gain, “Irakurgaiak” izenburua duen gehigarri erako bat ere bada, bertan era askotako gaiak lantzen dituzten olerkiak biltzen dira, hala nola, lagunei egindako goraintzi olerkiak, ipuinak, alegiak, irakasbidea asmo dutenak (“Ames bat”), edo sei bertsolariren arteko elkarrizketa biltzen duen neurri ugariko bertso-olerki luzea (“Antxiñako denporan”). Argitalpenak alde batera utzi zituen Arresek, erdaratik euskaratutako olerkiak, sorkuntza lan ez izanagatik, nahiz eta idazlearen gogoko erdal idazleak zeintzuk ziren jakiteko lagungarri zaizkigun.
Arestian aipaturiko izenburuek argi adierazten dute olerkien gaia eta tonu nagusia. “Kantu herrikoiak” atalean euskararen, foruen eta antzinako bizimoduaren galera eta Gernikako arbola hartuko ditu gaitzat idazleak, tonu ezkorra nagusitzen da, geure artean ospea eman dioten gaiei darien negarraz batera. Ezin dugu ahaztu 1876an galdu zirela euskal foruak, eta euskaldun askok galera izugarria pairatu zutela kulturaren eta ohituren alorrean. Galera horren erruduntzat jo zuten erdal munduaren aurka azaldu ziren asko, beren iritzitan euskaldunen batasun erlijiosoaren aurka zihoan-eta erdal liberalismoa. Hortaz, sentimendu politikoa eta erlijiosoa batu egin zituzten, banatu ezinezko ikur bihurtuz “euskaldun zintzoentzat” lege zaharra, euskara eta Jaungoikoa. Ardatz horren inguruan eraikita daude, bada, Arreseren olerkirik ospetsuenak. Elizondon 1879an ospaturiko Lore Jokoetan saritua izan zen “Ama Euskeriari azken agurrak”, poema horrek ematen dio hasiera bildumari, eta aipatutako ildoari jarraitzen zaio.
Euskarak, Jaungoikoak eta Lege Zaharrak osatzen duten hiruki banaezin horretan, kontzeptu finko monolitiko legez ageri dira lehen biak. Euskara, euskaldunon hizkuntza da, horretan ez dago eztabaida ez zalantzarako biderik, Jaungoikoa den bezala. Baina hirugarren osagaiaren inguruan albainu gehiago daude, zabaldu egiten da identifikazioen espektroa. Lege zaharra lehenagoko bizimoduaz identifikatzen da “Arbola bat” olerkian, lehenagoko bizimodu hori gehiegi zehazten ez den arren, bukolikotasun zertzelada urri batzuetatik at. Baina bada beste lotura interesgarri bat olerkian, lehenagoko bizitzaren eta Adanen garaian Paradisuan bizi zenaren artean egiten dena. A. Zelaietak (1981:50) aipatzen duen sinbologia eta mundu ikuskeraren erakusle litzateke. Paradisua elementu garrantzitsua eta sarritan aipatua dugu olerkiotan, baina, M. Billelabeitiak dioen bezala (2003: 110), ez da soilik Genesian azaltzen. Arreseren paradisua ez dagokio eremu zehatz bati, ez da Euskal Herria bakarrik, baizik eta bizimodu oso bat, jarrera bat, bizitzeko eredu bat, non arbola Lege Zaharraren eta bizimodu zoriontsuaren sinbolo eta babesletzat hartzen baita.
Tonu lirikoa darie, izenburuak adierazi bezala, “Lirika kantuak” atalean bildutako olerkiei. Sentimendu eta sentsazioen adierazpena nagusitzen da, eta gogo horrek ematen dio batasuna gai aldetik hain sendoa ez den sailari. Lehen atalean ezaugarri zen ezkortasun eta negarra nagusitzen da orain ere saileko hamar olerkion artean: lauk heriotza ondoko dolumina adierazten dute, eta beste batek, negu gogorraren ondorio latzak. Gainontzekoetan izadi eta baserri giroko bizimodu gozoa da zoriontasuna, lehen atalean, ostera, euskarari,
Jaungoikoari eta antzinako bizimoduari loturiko zoriontasuna zen bezalaxe. Dena dela, zoriontasuna aipatzen bada ere, tonuari zorion-mina dario, zoriona baino gehiago. Galdutako zoriona, galdutako bizimodua ote?
Hirugarren eta laugarren atalak gaiari loturik antolatuta baita ere. Jesus eta Mariaren inguruan sortuak dira gehienak, eta tonu iluna alde batera uzten ez bada ere, badira gorazarre legez sortutako olerkiak. Laugarrenean, Arresek miresten dituen idazle eta olerkariei eginiko goratzarrea dugu ardatz. Baina azken atalean formari ere begiratu zaio, hiru hamalauko edo soneto bildutzen dira. Olerkiotan nabaria da, tonu serioa, sarritan goibela eta iluna, J. Kortazarrek zehazten duen bezala (1997: 124), erromantizismoan ohikoa den tonu deklamatzaile eta topikoaren oihartzuna, eta olerkion neurri eta doinuak areagotu egiten du zirrara hori. Horrelaxe, hain zuzen ere, mitika eta sinbolo sistema oso bat sortu zuen Arresek, eta garaiko idazle asko bildu ziren Zelaietak (1981:50) zehazten duen amaz, txori beltz harrapariez, uso zuriaz, lauburuaz, Israel berriaz eta halakoez osaturiko sinbolo sistemara.
Gainontzekoan ez da Arreseren olerkigintza espresabideen ugaritasun eta bitxitasunagatik nabarmenduko. Sinboloak eta erkaketak garatzeko binakako jokoak eta paralelismoak erabiltzen ditu. Kontrajarpenak ere ez dira falta: lehen/orain, orain/gero, goia/behea, ama/semeak, euskaldunak/erdaldunak, euskara/erdara, Euskal Herria /Gaztela… Horrez gainera, zangalatrauek, akrostikoren batek, errepikapenak eta errepikapen jokoek lehen aipatutako joera deklamatzaileari erretorikaren aniztasuna gehitzen diote.
BIBLIOGRAFIA
ALDABALDETREKU, G., BONETA, A., GOIKOETXEA, M. (1987): “Felipe Arrese Beitia”. Olerki sorta bat. Euskal editoreen elkartea. Klasikoak saila. Zarautz. 21-32 orr.
BILLELABEITIA, Miren (2003): Euskal Herriko literatura. Ibaizabal. Zornotza
KORTAZAR, Jon (1997): Euskal literaturaren historia txikia. Erein. Donostia.
ZELAIETA, Anjel (1981): Foruak eta euskal literatura. Kriselu. Donostia
« OLERKI LANAK | OLERKIAK » |