« OBABAKOAK(1988) | OLERKI SORTA BAT (1987) » |
OLERKI LANAK
Alexander Tapia Perurena (Iruña, 1899-1957) Olerkarien mugimenduen barnean kokatzen den poeta dugu, baina taldearen barnean, nahiz eta Eusko Olerti Egunetako lehiaketetan parte hartu, egoera berezian bizi izan zen. Bere poemak batez ere garaiko aldizkarietan argitaratu ziren, hala nola, Euskal Esnalea, Yakintza aldizkarietan eta Eusko Olerkiak izenarekin Jose Aristimuño, Aitzolek, egindako bildumetan. Gerra ondoren Vida vasca aldizkarian presentzia xumea izan zuen.
Bere poesia lana Joxemiel Bidadorrek agertu du: gure sistema literarioan ohi denez, poema solteak dira, liburu batean bildurik.
Alexander Tapia Perurenak izaera periferiko bi zituen: bata, nafarra izatea, sistema literarioan Gipuzkoak hartzen baitzuen nagusitasuna; eta bifarrena, Parisen eta Alemaniako Tubinganen bizi izana.
Usu itzuli zituen alemaniako idazleak euskarara, eta askotan agertzen da haien aztarna Tapiaren poemen izenburuetan eta aipuetan. Goethe, Uhland, eta Schiller aipatzen ditu, berbarako, zenbait poemen atarietan. Bere bizitzako azken garaian Olerkarien mugimenduak liluraturik agertzen da, eta Lizardiren eta Loramendiren aipuekin janzten du Tapiak bere poesia.
Tapiaren lana osotara hogeita bi poemakoa da, baina erromantizismoaz haratago doa. Deskribapena nagusi bada ere, joera fina nabari zaio sorkuntzan. Lirismo berria asmatu nahi zuen berak ere, eta irakurketa alemanek bultzaturik, Tapia Perurenak ederto jotzen du izadiaren eta arimaren arteko loturetara.
BIBLIOGRAFIA
BIDADOR, Joxemiel (1999): Alexander Tapia Perurena. Olerki lanak. Iruñeko Udala. 13-20.
KORTAZAR, Jon (1995): ‘Euzkerea’ eta ‘Yakintza’ aldizkarietako olerkigintza. Labayru-Amorebieta Etxanoko Udala. Bilbo.
« OBABAKOAK(1988) | OLERKI SORTA BAT (1987) » |