« O-TEN GAZTAROA NEURTITZETAN (1657) | OLERKI LANAK » |
OBABAKOAK(1988)
Argitaratu zen urteko Narratiba Sari Nazionala eskuratu zuen liburu hau da Bernardo Atxagaren libururik ospetsuena, hogeitik gora hizkuntzetara itzuli da eta horretaz gain 1989ko Euskadi saria eskuratu zuen, European Literary Prize-ko finalista izan zen 1990an, Millepages Sariaren irabaztun 1991ean Trois Coronnes sariarena 1995ean.
XX mende bukaerako euskal prosaren mugarri nagusia da, kritikoek eta idazleek aho batez aitortu dutenez, eta idazlearen profesionalizazio bidearen urraspide erabakigarria. Atxagak 1978-88ko hamarkadan eginiko narrazio-lanen artean adierazgarrienen hautaketa da liburu hau eta Obaba izeneko geografia literario batean kokaturiko istorioez osatua da. Bestalde, lotura nabaria du aurretiko zenbait narrazio laburragoekin, hala nola “Sugeak txoriari begiratzen dionean“, “Bi letter jaso nituen denbora gutxian” eta “Bi anai” bezalako narrazioekin. Egileak dioen moduan, “aldi berean samurra eta izugarria den Obabako mundu mitikoaren magalean” kokaturik dauden narrazioak dira horiek guztiak, 2003ko Soinujolearen semea bezalaxe, sortako azkena eta klabe errealistan eginiko hurbilketa orohartzailea.
Laurogeiko hamarkadan zehar egileak munduari eta literaturari buruz eginiko hainbat gogoetaren biltokia da Obabakoak, eta bereziki bi dira hausnarketa horren erakusbide argienak: “Esteban Werfell” eta “Hamaika hitz Villamediana” narrazioak; izan ere, bietako kontalari autodiegetikoek zeharbidez literatura mintzagai mamitsua baitute oroz gainetik. Obabako mundua kanpotik begiraturik aurkezteko ezaugarria erkide izanik.
Ipuin liburu honek 26 narrazio biltzen ditu eta, esan bezala, Obaba mundu imaginarioan edo “mitikoan” kokaturik egoteak elkartzen dituen arren, irakurleak beti present ditu idazleak egiten dizkion etengabeko oharpen literarioak eta iradokipen metaliterarioak, zeinak norabide jakina duten fikzioa eta errealitatearen arteko harremanerantz. Liburuaren 400 inguru orrialdeetan barrena fikziozko mundu-sare landua eraiki du egileak, bereziki erakargarria den irudimenezko unibertsoa sortzeko gaitasuna erakutsiz, baina errealitatearekiko duen joan-etorriko harreman korapilotsua ardatz duela.
Biltegi antolatuaren moduko bat da oro har liburua, sintesi-lana, hamar urteko idazle-langintzan ikasitako era bateko eta besteko tekniken eta baliabideen erabilera trebea eginez, literaturari buruzko hausnarketa orokorragoa egiteko parada. Bilduma izatearen ondorioz, bestalde, liburu honetako kontalari, maila diegetiko, fokalizazio eta konta-teknika ugaritasuna aipagarriak dira, unibertso literario aberats baten bitarteko artezak.
Egituran bi atal nagusi bereizten dira: bost narraziok eta Villamendianako narrazioak osatzen dute lehenengoa, eta bigarren zatia, aldiz, Azken hitzaren bila deritzan narrazio luzea non txertaturik ageri diren gainerako 20 narrazioak maila metadiegetikoan kontaturik. “Hamaika hitz Villamedianako herriaren ohoretan eta bat gehiago” narrazioak lotzen ditu liburuko bi zatiak eta han ematen ditu ezagutzera egileak bere ideia eta mundu-ikuskeraren gorabeheretako asko. Villamedianako narrazioan taldearekin bat egiteko ariera bat dago, naturarekiko eta paisaiarekiko itsasketaren bidez. Narrazio honetan Obabaren alderantzizko bidea egiten da. Obaba geografia imaginarioa da eta denoi ere errekonozigarri edo egiantzeko zaizkigun istorioak gertatzen dira han, fantastikoenak izanda ere. Villamedianak aldiz, geografia erreala da, benetan fantasmagorikoa den istorioa kokatzen bada ere.
Aldez aurretik ezagunak ziren bere zortzi ipuin berridatzi zituen Atxagak liburu honetarako. Lau identifikatzen dira lehen partean eta beste horrenbeste bigarrenean. Lehen atalean daude gehien aldaturikoa, esaterako, Post tenebras spero lucem, eta ia aldatu gabeko Camilo Lisardi erretorearen gutuna. Lehengo bertsioen aldean eragindako aldaketek norabide garbia dute: leundu egiten da lehenengoetan nabariago zen iturri edo erreferentzia literarioa. Halaxe gertatzen da, esaterako, Margarete izeneko ipuinean.
“Azken hitzaren bila” deritzan bigarren zatian, Obaba dramatiko horrekiko urruntasuna hartzen hasten da. Montevideoko osabaren etxera biltzen diren zenbait pertsonaiek istorioak kontatzen dituzte, baina bi ardatz nagusiren inguruan dihardute beti ere: alde batetik, originalitatearen eta plagioaren gai literarioa darabilte, eta bestetik, irudimenezko munduen existentziaren sinesgarritasuna. Lantegi literario gisako horretan zehar, protagonistak eromena eta heriotzarekin egingo du topo: Literatura joko arriskutsua baita seriotan hartzen duenarentzat: Antzararen jokoak bezala, bere labirintoak, bere gartzelak, bere putzuak eta heriotza sinbolizatzen duen lekua ere bai baititu, dadoa jaurtitzen duenarentzat.
Villamedianakoa guztiz narrazio ezberdina da eta, esan bezala, zubi egiten du bi zatien tartean. Bere geografia eta denbora kokapenak ez dira mitikoak, egileak berak egiten duen banaketaren arabera. Obabako ipuinak Faulkner taldeko geografiakoak omen dira eta Villamendianakoa aldiz, Stevenson taldekoa: eszenario identifikagarria da bere toki-izen eta abarrekin. Irakurlearen aurreiritziak aprobetxatzen ditu idazleak, testuari sinesgarritasuna emateko, egiantzaren ilusioa sortzeko. Erdaraz dagoen errealitatearen eta hizkera literarioaren arloko dialektikaren frogagarritzat aipatzen du egileak narrazio hau, zera frogatzeko: ez dagoela aparteko morrontzarik errealitatearen eta hizkera literarioaren artean, literatura artifizioa, fikzioa baita.
Lehen zatiko ipuinak dira “benetan” Obabakoak. Egilearen geografia faulkneriar hori osatzen dute funtsean. Lekuek ez dute berezko entitaterik edo izen errealitaterik, norberaren bizikizunen gertaleku dira, Amalia Iglesiasi elkarrizketan esaten dion moduan: “Nik askotan esaten dut pertsona baten jaiolekua entitate inmaterial eta metafisikoa dela pertsona horrentzat; espazio bat baino gehiago, bertan bizi izandako gertaera eta istorioez osatutako sare bat. Hemen izan nuen borroka halakoarekin, hor ikusi nuen neska bat bikiniz aurreneko aldiz, etabar. Iragan afektibo bat duen geografia horrek, nire kasuan Obaba izena du”.
Obaba den geografia mitiko horren inguruko hausnarketa egiten du funtsean liburu honetan, horixe da mamia, El PaÃs egunkarian argitaraturiko “Obaba” izeneko artikuluan iradoki bezala. Haurtzaroan ezagututako paisaia edo geografia hori zeharo aldatu da denbora gutxian eta lehengo haren testigantzarik apenas geratu den, suntsitua den mundua da. Atxagaren literaturaren gaietako bat da aldakuntza hori: “Euskal Herria zenik ere ez nekien garai hartan egindako gogoetak, usteak munduaz eta denetaz, eta gero zer geratu den hartatik”. 1991n Amalia Iglesiasek eginiko elkarrizketan, Obabako munduaz mintzatzen duelarik, bereziki azpimarratzen du interpretazio lerro hori: garai bateko gizartea eta oraingoaren artean gertaturiko galeraz hitz egiten duen liburua dela esateraino: “Aldaketa handia gertatu da, eta sinesmen horiek desagertu egin dira erabat. Eta beste horrenbeste esan daiteke beste istorio guziei buruz ere, benetako istorioei buruz ere, axolagabekeria kulturalaren ezaugarrietako bat memoriaren galtzea baita. Beharbada, horregatik erabaki nuen istorio horietako batzuk kontatzea, gure guraso edo aiton-amonen bizitzak beste edozeinenak hainbat balio zuela pentsatu bainuen eta beraz merezi zuela iraganetik erreskatatzeak.” (Hiru elkarrizketa Bernardo Atxagarekin, Pamiela, 1993, 12 or.)
Obabako ipuinek Basoaz hitz egiten dute, eta ez mundu ruralaz inolaz ere. Basoko ipuin horiek bere ustez, sinbolismoz beteta daude eta euskal herriko barruko errealitatearen berri ematen dute, eta ez kanpotarrek nabaritzen dituzten berezitasunen arabera moldatua. Xabier Kaltzakortak geografia mitiko hori literaturan ezagunak diren Gabriel GarcÃa Marquezen Macondo, Juan Benet-en Región edo William Faulkner-en Yoknapatawha konterriarekin jartzen da harremanetan, baina Atxagak ezaugarri propioak eman dizkio, ahozko euskal literaturarekin harremanetan jartzen dutenak: Obaba deituraren jatorria ahozko literaturatik dator, dekorazio olerkietako batean erantsiriko zentzugabeko hitz magikoaz baliatzen da fikzioaren mundu imaginarioaren atea zabaltzeko, bestetik narratzaile erreferentziatzat hartzen du Mikela Elizegi, Pello Errotaren kontakizunen bilduma, “Obaba” artikuluan dioenez.
Atxagaren liburuko ipuinen gertalekuak elkarri lotuak daude. Obabatik atera eta Hanburgora eramango du haria Esteban Werfellek eta Hamburgo eta ekialdea lotzen ditu Hans Mensher narrazioak, izan ere Hanburgon Arabiako aurkientzak ikusi eta bertako emakume batez maitemintzen baita protagonista. Laura Sligoren mundua Goi Amazoniakoa da. Bigarren ipuinean Antonio, aldiz, Montevideora doa, Camilo Lisardiren anaia joan zen leku berera. Eta azkenik Arabia baina ekialderantzago dagoen herri urruti batera eramaten gaitu, Txinara. Xabier Katzakortak lekuak erlazionatuz osatu duen sare horixe da, kritikoek azpimarratu duten liburu honetako egitura konplexuaren ibilbideetako bat.
Memoria historikoak gogora ditzakeen testigantzak dira Obabakoakeko istorioak, hirurogeietako, belaunalditik hurbilen den munduaren lekukotzek osatzen dute Obabako denbora zehazgabea.
Pertsonaiei dagokienez, Atxagaren liburuko protagonista adierazgarrienak “beste mundu” batekoak dira, Basokoak. Atxagak naturalezarekin bat egindako gizaki horren berri jakin nahi du. Haien oinazearen, bazterketaren eta sentsibilitatearen berri jakin nahi du, bere ustez kultura jakin batean baitute jatorria. Gizakiak izpiritualak dira, sentsibilitate baten poderioz iristen dira horiek garatzera, heziketa baten poderioz. Obabako pertsonaia zenbait “munstroak” dira, halere, eta ipuinetako batzuetan haiek maite dituztenek heriotzara eramaten dituzte irtenbide bakarra horixe bailitzan, baina Villamedianako nanoa edota “Azken hitzaren bila” osaba bera ere kimera batean bizi dira, ez dute lekurik mundu honetan, bazterreko pertsonaiak dira.
Pertsonaia zoro, desohiko sexu-joera dutenak, zaharrak, haur basatiak, mugaz haranzkoak dira. Iñaki Aldekoaren iritziz (1989), muga zabal honen zedarriak dira, besteak beste, “Joxe Francisco” mututasuna, eta “Hamaika hitz…”eko Martin erotu mutua; edo-ta “Camilo Lizardi”ko Javier basurdea eta “Azken hitzaren bila”ko kontalariaren murmurio zentzugabea…() Istorio hauetan errealitate eta fikzioaren arteko mugak nahiz errealitate eta desioaren artekoak indefinitu bilakatzen dira; bertan, kontzientzia eta inkonszientea, mundu eta ametsarenak nola natura eta kulturaren mugak urratuz. Baztertuen aurkako biolentzia jartzen da agerian ondorioz, baina ez kausalidade errealistaren errelatuaren bidez. Gizarteak oreka bat bilatzen du modu horretan, bere grina sendoenetako bat betetzen du gisa horretan, errudunak aurkitzea eta gertakarien irakurketak prismadura berriak hartzen ditu mundu erreal-fiktizio horretan.
Liburuaren interpretazio lerro nagusietako bat destinoaren gaiaren inguruan eraikia da. Ana Sobolewskarekin elkarrizketan, egileak esaten du fatalitatearen aurka borrokatzea dela liburu honen helburuetako bat. Xakean legez, lege ezagun eta mugatu batzuen barruan mugitzen da istorioa, behin mugimendu bat eginez gero piezaren batekin, mugimendu horrek berorrek patu bat markatuko dio jokalariari, bizitza bera den joko-taula honetan azkenean, tragedia maiz gertaraziz. Obabakoak liburuko Bagdadeko morroiaren bi ipuinen arteko ezberdintasunek fatalitatearen aurrean nobelan zehar gertatzen den aldaketa edo eboluzioa erakusten dute: Lehenengoaren fatalitate mota gaitzetsi eta beste irteera bat bilatzen du bigarrenean. Honek interpretazio orokorragorako bidea ematen du: Obabako lehen ataleko ipuinek fatalitatea itzuri ezina den arokoak dira. “Laura Sligo” narrazioan edo Dayoub, merkatari aberatsaren morroiaren berridazketan aldiz, beste norabide bat hartzea posible dela erakustea da liburuko aldaketetako bat.
Lehen zatian bazterturikoez eta “Basoko” mundu horretaz hitz egiten badu, bigarren parteak, aldiz, literaturaz dihardu gehienbat. Generoak aintzat hartu gabe idatzia, joko literario aberatsagoak egiteko aukera bilakatzen da: Ipuin, eleberri eta saiakera, baita elkarrizketa-zatiak diren testuak lotura funtzioz ezarriak ageri dira. Fikzioari buruzko gogoeta bat da eta ahalik eta bide gehien erabiltzea da fikzioaz hausnartzeko hautatu duen bidea.
Ordea, errealitate eta fikzioaren arteko muga gainditzen da, esaterako, Axularren pikuen anekdotan ametsaren eta errealitatearen arteko atea iragaten baitu piku-platerak bezalaxe. Baina batzuetan tragikoagoa da muga gainditze hori. Hala da esaterako, narrazio nagusiko pertsonaiaren kasuan: fikziozko egoerak harrapatu egiten du ikerle ustekoa. Istorio ezagun eta ez horren ezagunak kontatzeko eta birkontatzeko egokiera baizik ez zen ipuin-kontalarien jokoak lagunaren galbidea ekarriko du.
Iñaki Aldekoaren iritziz, bigarren zati honen muina den fikzioa eta errealitatearen arteko harremanaz gain, fikzio eta fikzioen arteko harremana ere arretagarria da, alegia, literatura eta metaliteraturaren jokoa. Egileari originalitatearen eta plagioaren gaia interesatzen zaio eta idaztearen abenturak arduratzen du etengabe, bilatzen duen “azken hitza” bera aurkitzea bazterrera uzteraino, zeren bilaketa bera atsegin baitu. “Azken hitzak itxaron dezala” esan eta ipuinak kontatzeari ekiten dio, ipuin onak ordea, gai esentzialez dihardutenak, eta, guztizko berri eta originalak izan gabe, idazlearen ikuspuntua eta begirada interesgarria dutenak eskatzen zaizkie kontalariei.
“Azken hitzaren bila” atalaren egituratze moduari buruz Lertxundik “Decameron” famatuarekin alderatzen du, markodun kontaketaren egituraketa dela bide. Hala, narratzaile autodiegetiko batek Obabaranzko itzulerari ekiten dio, Obaban argitu nahi lukeen kasu batek eraginda, bidaian doa kontalaria mediku laguna aldean hartuta eta Obabako egonaldian kontu kontari dihardu lagunekin, osabarekin, eta bestelako bisitariekin. Halabeharrak batu dituen istorioak ez ditu banatzen kontalariak. Pixkanaka ordea, obsesio literarioak agertzen dira tertuliakideen ahotan eta ipuingintzari buruzko hausnarketa iradokitzen zaio irakurleari. Eleberriko kontalariak utopia bat bilatzen du, gauza esentzial horiek hitz bakar batean biltzea eta horixe da bigarren zati honen deituraren arrazoia. Lertxundiren iritziz, orrialdeotan zehar etengabeko hausnarketa egiten da idazketari buruz, fikzioa eta errealitateari buruz, testua, tradizioa eta intertestualitateari buruz, baina dena fabularen bidez, exenplen bidez esanik.
Lertxundiren ustez, Obabakoak liburuan sintesi lan bikaina lortu du egileak eta honakoak dira aipagarri deritzen materialak: “Obabaren itxurazko zentzu mitikoa eta benetako zentzu erreala. Ipuingintzaren tajukera Obabatarra Villamedianan. Fedea, tradizioa eta usadioaren arteko gatazka Camilo Lisardirenean. Testuen erabilkera oroimen kolektiboa gordetzeko hainbat ipuinetan, literatura bera literaturgai, hizkeraren tonua, egituraketaren oreka, ironia ezagutza modu aparta bezala, poesiaren lekua narratibagintzan…” (Egan 1989,1-6, 239-240 or.).
M. Hernandez Abaituaren iritziz, liburuaren tematika arretagarria baino garrantzitsuagoa da finkatzen ari den literatur hizkuntza: “euskal klasikoak eta “ahozko literatur egileak”, hala nola gaurko hizkera bizia barneratu ditu goi mailako literatur hizkuntza dotore bat lortzeko. Euskara batua ahozko euskaraz aberastea lortu du. Narratzaile omnisziente dotore bat lortzeko molde klasikoetara bihurtu da, euskal literatura abangoardismoaren azken hondarretan harrapatuta zegoenean”. (Jakin, 53, 176-177 or.)
Halaxe, erregistro ugaritasuna eta doitasuna iristeko baliatu da idazle klasikoez, esate baterako lehen ipuinean Agirre Asteasukoaren hizkera hautatu du Camilo Lisardiren ahotsa emateko, hizkeraren errejistroa grafian ere markatu duelarik. Bestalde, “Ondo plajiatzeko…” kontaera ironikoa da eta autoreak Axularrekin hizketan diharduela haren erregistroa imitatu du, baina gaur eguneko grafiaz. Sinesgarritasun efektoa bilatzen du horrela. Beste testu batzuetan, aldiz, erregistroaren sinesgarritasuna lortzeko, ingelesezko hitzak erabiltzen dira Smith jaunaren kontaeran. Gogora bedi bide beretik jo zuela “Bi letter…” ipuinean, () eta antzerako zerbait egiten duela gizon ikasien hizkera adierazteko, hau da latinez, frantsesez eta abarrez esaldi eginak eta berba solteak jartzean. (Hernandez Abaitua, 42-43 or.)
“Azken hitzaren bila” deritzan zatian literaturaren inguruko hausnarketaz diharduenez, zehar aipamenez hainbat idazleren lanak ekartzen dira irakurlearen oroimenera: Chejov, Waugh, Maupassant, Schwob, Chesterton, Teophile Gautier, Saki, Buzati, Hemingway, Grillet, Faulkner, baita Mila gau eta gau bat gehiago ere Villamedianakoaren tituluan bertan… Nolanahi ere, kritikoen iritziz, Borgesen eragina da beste edonorenaren bitartekari eta zubia, literaturari buruzko hausnarketa osoari dagokionez. Iturriak askotarikoak dira; esate baterako, “Bagdadeko morroia” ipuin sufi bat da Cocteauren bidez ezaguna, baina Borges-en antologian ere badago. “Pitzadura bat elur izoztuan”, plajiatzeko metodoaren adibidea, Williers de L’Isle-Adam idazlearen ipuin batean dago oinarritua, Kaltzakortaren ustetan, baina Borges-en bidez ezagutarazi da. Atxagaren obran aipatu diren idazleez gainera euskal idazle klasiko zenbait dira aitzindari garrantzitsu: Axular, Agirre Asteasukoa, baita euskarazko ahozko literaturaren ezagutzaileak: Lekuona, Barandiaran eta Azkue. Osagarri dira aho tradizio europarra ere, Grimm eta Andersen anaien bidez ezagutua… Hitz batean, iturri ezberdinetako literatura lantegi apasionantea da, zalantzarik gabe, proposatzen zaiguna.
Obabakoak, Behi baten memoriak edo Gizona bere bakardadean aurkezterakoan, egileak munduaren ikuskera judutarra deritzana darabilela aitortu izan du, bere obran norbanako oroimenaren eta memoria kolektiboaren nagusitasuna azaltzeko: “Nire gurasoen historiak beste edozein historiak adina balio du, nire izeba eta osabarenak, nire auzoko pelukeroarenak, edozeinentzako balio duen mezua dauka, balore unibertsala dauka. Nik gauzak horrela ikustera eta kontatzera jo nuen, besteek ez ikusi ez aditu egiten duten bizitza da. Ezezaguna den herri bat egingo dut, eta hori Obaba izango dela pentsatu ere. Fikzio baten bitartez, gure familiaren sentimenduak eta ahotsa neureganatzen saiatu. Memoria da. Bestetik, bere bide literarioan liburu bat izan zuen abiapuntu: Pello Errota bertsolariaren alabak diktatu zuena. Mikaela Elizegik, bertsolariaren alaba, halaxe dio: Zakur amorratuen kontuak beste edonork bezain ondo dakizkit nik”. Ildo beretik jarraitzen “Obaba” izeneko artikuluan antzinatekoak diren hainbat kontalariren ahotik ikasi zituen narrazioak gogoratzean. Memoria kolektiboaren osagai bilakatzen dira.
Memorian zituen gogoetak kontatuko zituela erabaki zuenean barrutik idaztea erabaki zuen. Obabakoak liburuan jasorikoak memoriak gordetako kontakizunak dira, baina fikzio bihurturik eta ez testigantza zuzenen gisan. Obababakoak errealitatea ukitzen zuen baina iragana zen, ez iragan zehatza ordea. Obabakoak liburua ez da memoria eta paisaia diren narrazio horiez bakarrik osatzen, bigarren zati bat ere badu, Gaztelako Villamediana herriko narrazioak ere hor daude, trantsizio eta urrutiramendu gisa. Azkenik, azken hitzaren bila dabiltzan ipuin kontalariak daude eta bereziki protagonista bera. Ehun eta mila gau-ren moduan era guztietako narrazioak jaulkitzeko eta plajioaren inguruko jarduera literarioaz aritzeko tertulia literarioa osatzen duten lagunak, Italo Calvinoren Oulipo literatura tailerrarekiko mirespena adierazten duen haien sorkuntza prozeduren aplikazioari ekiten.
Obabakoak liburuaren irakurketa kritikoen alorra zabalduz joan da euskal literaturari buruzko azterketa berezituetan aurrera egin ahala. Besteak beste, ezin utzizko dira Atxagaren ipuin bildumaren proiekzio literario handiaren inguruko tesi doktoralak eta haien ondorenez ezagutzera emandako azterlan interesgarriak. Bereziki aipagarria da EHUko literatura irakasle den Maria Jose Olaziregik 1997an aurkeztu zuen doktorego tesiaren muina den Bernardo Atxagaren irakurlea liburua, non idazle asteasuarraren ibilbide literarioa aztertzen duen zehaztasunez. Gure artean nahiz atzerrian izan duen harrera kritikoaren inguruko datu interesgarriez hornitzen du bere irakurketa, sistema literario ezberdinetan Obabakoak nahiz Behi euskaldun baten memoriak liburuetan sumatu dituzten ezaugarri eta berezitasunen alderaketa eginez. Ikuspuntu soziologikoaren berri ematen digun sarreraren ostean, Harreraren Estetikaren teoriaren araberako irakurketaren ikuspuntu sortzaileaz baliatu da Olaziregi, idazle-estrategien ibilbidea argitan ezartzeko. Hala, narratzaileak ezarritako aztarna-bideari jarraitu dio eta eratzen duen irakurle inplizituari iradokitzen zaizkion testuarteko irakurketak aztertu. Askotariko datu bilketa handia prozesatu eta antolatu du modu signifikatiboan irakurketa integrala proposatuz Obabakoak-en unibertso literarioarentzat. Olaziregiren azterlanari esker, geure irakurle-harrerak perspektiba literario ezezagunak iristen ditu eta testuen irakurketaren atseginari testuarteko irakurketen plazer estetikoa eransteko aukerak zabaltzen dizkio horrela.
Bestalde, Ur Apalategi Paueko Unibertsitateko irakasleak argitaratu zuen La Naissance de l’écrivain basque: l’évolution de la problématique littéraire de Bernardo Atxaga izeneko tesia Parisen (Harmattan, 2000). Obabakoak liburuaren egileak lorturiko arrakastaz euskal literaturak gizarte esparruan irabazitako estatus aldaketa eta legitimitate berria aztertu zuen. Zehazki, 1989ko Espainiako Narratiba Sari Nazionalaz geroztik euskal literaturaren lehen idazle unibertsala bilakatu baitzen Atxaga. Ur Apalategiren lanak euskal literaturaren alorrak esparru politiko nazionaletik eskuratu nahi zuen autonomiaranzko prozesua du aztergai, Obabakoak argitaratu aurretiko eta ondorengo idazlearen eta gizartearen jarreraz aztertuz. Atxagaren beraren eta orokorrean euskal idazlearen profesionalizazioan idazlan hau urrats erabakiorra izan zela erakusten du, P. Bourdieu edota A. Vialaren literaturaren ikuspuntu medotologikoak lagun dituela.
BIBLIOGRAFIA
Elkarrizketak
ASURMENDI, Mikel, “Errealitatearen bila bidaia geldiezina” in Zabalik, El diario vasco, 1995-III-29, 4 or.
ATXAGA, Bernardo, “Obaba” in http://www.atxaga.org/testuak-textos/obaba (Azken bisitaldia 2009-XI-30)
GABASTOU, Andre; IGLESIAS, Amalia, SOBOLOWSKA, Ana. “Hiru elkarrizketa. Bernardo Atxagarekin”. in LUXIA Saila Pamiela. Iruña. 1993.
IBARGUTXI, Felix, “Denak pozik” in Diario Vasco, Zabalik. 1989-VI-7. 4 or.
PREGO, Victoria “Bernardo Atxaga. El narrador invisiblle” in El Semanal, 1995-IV-23, 38-44 or.
SUSPERREGI, Mikel, “Fatalitatea da nire lanaren gai nagusia” in Egunkaria, 1996-III-28, 23 or.
VELEZ DE MENDIZABAL, “Idazleon lanbidea basati eta arriskutsua da” in Euskonews&Media, 1998-XII, 1-4.
XX “Atxaga en literatura” in El PaÃs. 1989-VI-1. 42. or.
XX “Bernardo Atxaga: “De la condición de escritor al ofico de escribir”, LEER, 1988.
XX “Bernardo Atxaga: Euskal Herria ia soporta ezina.” in Egunkaria, 1991-VII-19., 23 or.
XX “Iragan mitikotik errealismora” in Egin. 1993-XII. 24 or.
XX, “Bernardo Atxaga en su camino de Damasco” in Punto y Hora Jaiegin. 1990-XII-1. 14-21 or.
XX, “Gizona bere bakardadean. Mi generación es la generación que perdió sus ideales” in Diario Vasco, 19994-III-20, 71 or.
Bibliografia kritikoa
APALATEGI, Ur (2000) La Naissance de l’écrivain basque: l’évolution de la problématique littéraire de Bernardo Atxaga, Harmattan, Paris.
ALDEKOA, Iñaki (1992): Antzarra eta ispilua. Erein. Donostia.
ALDEKOA, Iñali (1989): “Obabakoak edo transgresioaren mundua” in Literatur Gazeta. 11-12 zb. 9-10.
GABILONDO, Joseba (1993): “Obabera” in Hegats. 8. 49-53 or.
HERNANDEZ ABAITUA, M. (1989): “Bernardo Atxaga, literatur sari nazionala” in Jakin. 53. 173-179 or.
IÑURRIETA, Iñaki (1988): “B.A. Obabakoak” in Habe. 137 zb. 20 or.
KALTZAKORTA, X. (d.g.): “Bernardo Atxagaren “Obabakoak” liburuaren gainean” in Idatz eta Mintz .18-19. 35-43 or.
KORTAZAR, Jon (d.g.): “Atxagaren ispilu dobleak” in Idatz eta Mintz. 5. zb. 34.
LASAGABASTER, J.M.: (1989): “De Arranondo a Obaba, pasando por Madrid” in Hegats. II alea. 85-103.
LERTXUNDI, Anjel (1988): “Obabako ipuin guztiak kalean” in Zabalik. 1988-VII-20. 3 or.
LERTXUNDI, Anjel (1989): “Bernardo Atxaga. Obabakoak” in Egan. 1-6 alea. 239-240 or.
OLAZIREGI, M.J. (1994) “Bernardo Atxagaren harrera literarioa. Proposamen bat”, ASJU, XXVIII-3.
OLAZIREGI, M.J. (1998) Bernardo Atxagaren irakurlea liburua, Erein, Donostia.
OLAZIREGI, M.J. (2000)”La trayectoria literaria de Bernardo Atxaga” in Sancho el Sabio, 13, 41-56.
OLAZIREGI, M.J. (2005) “Bernardo Atxaga’s Literary Universe” and “The international reception of Bernardo Atxaga’s Works” in Olaziregi, M.J. Waking the Hedgehog. The Literary Universe of Bernardo Atxaga, Center for Basque Studies-University of Nevada, Reno, 2005. Ikus http://www.atxaga.org/bernardo-atxaga
OTAEGI, Lourdes (1998) Bernardo Atxaga. Egilearen hitza, Labayru, Bilbo.
ZALDUA, Iban, (2002) Obabatiko tranbia, Alberdania, Irun.
ZUAZALDE, Dabid (1988): “Obabakoak. B. Atxaga” in Argia. 1988-X-4. 4. or.
« O-TEN GAZTAROA NEURTITZETAN (1657) | OLERKI LANAK » |