« AZTI-BEGIA (1834) | BABILONIA (1989) » |
AZUKREA BELAZEETAN (1987)
80ko hamarkadako euskal narraziogintzaren ikur bilakatu zaigu Azukrea belazeetan (1987) narrazio-bilduma. Literatur lan horrek 80ko hamarkadako narraziogintzaren hiru ezaugarri garrantzitsu biltzen ditu: batetik, euskal literatura eta mendebaldeko literatura elkarrizketan jartzeko gogoa agerikoa da; bigarrenik, elkarrizketa horren eraginez, errealismo magikoaren zantzuak ageri dira narrazioetan; eta, hirugarrenik, Azukrea belazeetan bildumako narrazio aleek unibertso literario bakar bati egiten diote erreferentzia, narrazio-sare konplexua osatuz, eta elkarri erreferentzia egiten dioten pertsonaiak zein giroak sortuz.
Euskal literatura europar tradizioarekin elkarrizketan jartzeko ahaleginaren ondorioz, Azukrea belazeetan bilduman ugariak dira idazle ezagunen aipuak, izan europar tradizioan hedaturiko izenak (Marguerite Yourcenar, Cesare Pavese, Dylan Thomas, W. Mahaffy, Oscar Wilde), izan euskal tradizioaren ordezkari zenbaiten izenak (Martin Ugalde, Xabier Lizardi). Bestalde, hainbat kritikarik gogorarazi duten moduan, Juan Rulforen El llano en llamas (1959) narrazio-bildumaren oihartzuna ere nabaria da Mujika Iraolaren honetan. Hain zuzen ere, Lautada sutan izenburuarekin euskaratu zen Rulforen liburu hori, eta, beraz, argia da, izenburutik bertatik bi narrazio-bildumen arteko lotura.
Inazio Mujika Iraolak Tolosaldeako Urkizu eskualdea dakar bildumara; Tolosaldea inguru menditsua da, berdea eta lur emankorrekoa; Urkizun, aldiz, lurra eta natura ez da estatikoa, aldatuz doa gizakiak eraikitako azpiegituren ondorioz (eraikitako errepidea dugu adibide argiena). Eguraldi aldaketek iragartzen dituzte egoera lazgarri eta nahasiak, eta, hartara, Azukrea belazeetan-en naturak funtzio horixe du: iragarle izatea. Mujika Iraolak belazeen irudia azukrearekin jarri du harremanetan, narrazioetan hainbestetan gorpuzten den haur-ikuspegia gogora ekarriz. Belazeetako azukreak bi egoera irudikatzen ditu, narrazioetan adierazi bezala: batetik, neguko elurraren metafora dugu; bestetik, udaberriko loreen metafora. Azukrearen bitartez sorturiko metafora bikoitzak izatea eta ez-izatea biltzen ditu: ziklo baten hasiera eta bukaera, udaberria eta negua. Izenburuaren joerari segitzen diote narrazio gehienek ere, eta errealitatearen izateaz edo ez-izateaz galdetzera garamatzate; ondorioz, Mujika Iraolaren narrazioen tonua malenkoniatsua da.
Inazio Mujika Iraolak euskal gizartearen ikuspegi tradizionalistaren krisia irudikatu du narrazio-bilduma honetan. Azukrea belazeetan bildumak gizarte baten eraldaketa du kontagai, bi pentsamoldeen arteko trantsizio-garaia hain zuzen ere. Nekazaritza-gizarte horrek garai hartan bizitako tragedia nagusia industrializazioa izan zen, eta baita industrializazioak ekarritako ikusmolde aldaketa ere. Nekazaritza-munduko ikuspegi hura auzitan jartzearekin batera, diskurtso katolikoaren gainbeherak ere eragin zuen gizarte-krisirik. Bestalde, geografia literario horretan ere 1936ko gerraren oihartzunak badira (Aldekoa, 2004, 220).
Azukrea bezaleetan bildumak irudikaturiko gizarte desoreka horren berri ere eman zuen Jon Kortazarrek: “Mujika Iraolak deskribatzen duen errealitatea –errealismo fantastikoaren giltzarriak baliaturik– egungo garaien desorekaren metafora bihurtzen da, izan ere, munduan agitzen duen logikarik gabeko kausa bilatu nahia da testuan begi-bistan dagoena” (Kortazar, 2000, 241).
Krisi-egoera hori irudikatzeko asmoz, narraziorik gehienetan auzitan jartzen da ahots narratiboa bera. Bide ezberdinak hartu dira sinesgarritasun falta irudikatzeko, baina oro har, hiru bide nagusi erabili dira:
a) Ez dugu konfiantzarik ahots narratiboan, kontraesanak agertzen dituelako; adibidez, “Begiak zabalik” narrazioan.
b) Ez dugu konfiantzarik ahots narratiboan, hautemate-gaitasuna eskasa duela agerikoa baita, esaterako, istorioa haur baten ahotsak kontatzen duenean; adibidez, “Sagasti gazte, sagasti zuri” eta “Regina” narrazioetan.
c) Ahots narratibo zenbait kateaturik irudikatzen direnean, ez dakigu zein den fidagarriena. Ahots narratibo kateatu horietan, gainera, ahotsen arteko kontraesanak ere ugariak izan ohi dira, eta, hartara, sinesgarritasuna kolokan jartzeko joera etengabea da.
Gizarte-aldaketaren krisia irudikatzeko Inazio Mujikak nekazaritza-girora jotzen du, ez du kontzientzia berri hori irudikatzeko hiri guneetara jo beharrik. Aukera estetikoa, gainera, ohiturazko euskal nobelarekiko haustura irudikatzeko baliagarria zaio idazleari. Ohiturazko nobelak baliatzen duen ahots bakar eta autoritarioaren ondoan ahots aniztasuna da nagusi, ahots zalantzatiak, hautsiak eta segurtasunik gabeak ageri dira.
Ahots zalantzati eta hautsi horiek ez dute biolentziaren salaketa zuzenik egiten, baina, ahots zauritu horien esanetan argi iradokitzen da nekazal gizarte aldakorrean biolentzia-egoerak egon direla, gehienetan komunitate txikiaren hersturak eragindakoak. Pertsonaien ahotsek isildutako gertaeretan irudika ditzakegu kontaezinezko saminak eta oinazeak, isilune bihurtu baitira –trauma, alegia– pairaturiko biolentziak (fisikoak zein psikologikoak). Aipagarria da, besteak beste, “Regina” narrazioa, alabaren ahots zalantzati, ezti isilduan irudikatzen baita aitaren sexu-erasoa.
BIBLIOGRAFIA
ALDEKOA, Iñaki (2004): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia. [euskaraz, 2008: Euskal literaturaren historia. Erein. Donostia]
KORTAZAR, Jon (2000): Euskal Literatura XX. mendean. Pramés. Zaragoza.
« AZTI-BEGIA (1834) | BABILONIA (1989) » |