Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

NERONEK TIRAKO NIZKIN (1964)

Sebastian Salaberria
Asier Barandiaran

Kontakizun autobiografiko baten aitzinean gaudela konturatzeko aurreneko lorratza egilearen benetako izena eta protagonistarena berdinak izatean datza. Ezagunak diren Sebastian Salaberriaren bestelako datu askok ere (Oiartzunen jaioa, Elbitxuri baserrikoa izatea, gerran aritu izana…) horretara garamatzate. Gainera, Antonio Zavalak emandako xehetasunak irakurtzen baditugu, gure ustea ustela ez dela konturatzen gara. Izan ere, Antonio Zavalari esker idatzitako liburua dugu hauxe, bera ibili baitzen egilea xaxatu, testuak bildu eta zuzendu zituena, istorio hau papereratu eta karrikaratua izan zedin (Zavala 1996: 117). Lan honek Agora izeneko nobela-saria ere irabazi zuen, 1964an, egilea kontakizun, gogoeta eta bertsoak paperean jartzen jarraitzeko animatu zuen (Zavala 1964: 8).

Hizpide dugun laneko protagonistak bere bizitza kontatzeari ekiten dio, modu oso herrikoi eta xaloan. Bizitzaren nahigabeak ez ziren makalak izan protagonistarentzat: familia pobre batean jaio zen, eta baserririk baserri ibili behar izan zuten familiakoak, errentak ordaindu ezinik. Aitak istripua izan zuen lan egiten zuen papeleran; familiako nahigabeak areagotu zituen horrek. Medikuak ordaintzeko zeuzkaten abereak saltzen edo ematen hasi behar izan zuten, aita, tristeziak jota, hil zen arte. Handik gutxira, ama ere hil zitzaien. Probidentzia onartu bai, baina bizitzaren gogorraz kexatxoren batek ihes egiten die ezpainen artetik. Existentzialismo lotsati baten aurreneko aztarnak sumatzen duenik egongo da. Baina ez da bizitzaren zentzu kristaua zalantzan jartzen duen ideologiarik. Horrek, gainera, anaia-arrebak batuago egotera eta elkarrenganako maitasuna tinkotzera bultzatu zituen.

Zorigaiztoko gerrak, halere, anaia-arrebak bereizi zituen. Protagonista, soldaduska egiteko kintakoa izanik, gerran parte hartzera bidali zuten. “Nazionalekin”, ordurako Gipuzkoa gehiena haien mende zegoen eta. Instrukzio edo ikastaro bat jaso ondoren berehala abiatu zen agintari militarrek agindutako lekura, euskaldun askorekin batera, orduko gerraren egoerak behartuta edo. “Altzamenduko” nafarrak Aieteko euren baserritik gertu pasa zirenerako, baina, protagonistaren hiru anaiak (tartean istorioan garrantzitsua izango den Kaximiriok) alde eginda zeuden Bizkaia aldera, “euzkotar” edo gudarien alde gerra egitera (78. or.).

Eleberriaren helburua ez den arren, euskaldunak “nazionalen” bandoan nola aritu ziren kontatzen zaigu, garai hartako Gerra Zibilak hizkuntza berekoak zirenak ere nola bereiztu zituen agertuz. Euskaldun peto-peto askok, Espainiako frenteetan ez ezik, Euskal Herriko frenteetan tiroka eta kainonazoka jardun behar izan zuten, elkarren kontra edota anaia-arreben kontra: batzuetan metaforikoki, bestetzuetan literalki, eleberrian kontatzen zaigun bezala. Anaia-arreben arteko gerra zentzugabeko bat izan zela erakutsi nahi zaigu. Burugabekeria hura azpimarratu nahiak gatazka ideologikoaren azalpenik ez ematera darama egilea, ez baitago (edo ez litzateke egon behar) hori arrazoitzeko zio politiko edo ideologikorik.

XX. mendean zehar herri-literatura kutsuko zenbait liburu argitaratu ziren (gehien-gehienak Auspoa bilduman) eta haietan euskaldunek Gerra Zibilean nola parte hartu zuten kontatzen zaigu. Besteen artean, esanguratsua da Auspoa bildumako kontakizun hau: Gogoz kontrako pausoak, Jose Azpirozena. Bera, euskaldun hutsa izanik, kintakoa zelako, gerra aurretik soldaduska egitera behartuta egon zen, eta orduan piztu zen gerra… Ondorioz, nazionalen bandoarekin aritu behar; gogoz kontrako pausoak izan ziren haiek, beraz. Ez dago arrazoi ideologiko sendorik, hori tokatu zitzaien eta kito: beren larrua salbatu beharra zuten, ahal zen heinean.

Antonio Zavala garai batean Auspoa bildumako zuzendari eta editoreak esaten zuenez, gerra negargarri hari buruzko kontakizun gehiago izatea beharrezkoa zen. Hala ere, sorta polita izatera ailegatu zen, eta hauxe dugu eredu mamitsu eta gogoangarri bat.

Istorio honek zer duen fikziotik eta zer biografiatik bereiztea ez da erraza. Nahiko garbi dago, pasarte asko Sebastian Salaberriak berak bizitakoak izango zirela. Horrek, gainera, bai kontakizunari, bai pasarte larriei, sinesgarritasuna ez ezik, suspentsea eta erakargarritasuna ere ematen dizkie. Literatura lan batek eskatzen dituen ezaugarriak dira hauexek, eta horregatik soilik balio literarioa duen eleberri baten aurrean gaudela esan daiteke.

Gainera, istorioan dauden bi pertsonaiek (protagonista eta Kaximirok) ustez elkarren kontrarioak izan arren (bata bestearen kontra ari dira gerran, elkarren artean etsaiak diren bandoetan), eleberriaren puntu batean, suspentsea eta larritasunaren unerik gorengoenean, elkartu egingo dira. Egileak une hori ondo planifikatu du eta, nahiz eta aztarna batzuk eman han-hemenka, horren susmoa ez da baieztatzen protagonistak bere bizia modu ia mirakulutsuan salbatzen duen arte.

Gero, jakina, balio etnologiko, antropologiko eta linguistikoei ere erreparatzen ahal diegu, herri-literatura sailean koka daitekeelarik lana edota etiketa hori ezarri. Sasoi bateko ahozko estiloa zenbait lekutan biziago edo indartsuago zegoelarik, euskal kontalari on batek kontatutako istorioa dugu hauxe, eta horrek berak badu balio nahikoa. Ezaugarri horrek, batzuek diotenez (Mitxelena 1964: 173), herri mailako irakurle asko erakarri zituen. Ez dira makalak, gainera, kontakizunean deskribatzen diren hainbat alderdi, gertaera eta ohitura: gerra zela-eta bisitatutako lekuak eta herriak, konpainien antolaketaren inguruko berriak, borrokarik gabeko aldietan antolatzen ziren ekitaldiak (tartean zenbait ekitaldi liturjikori egindako aipamen erlijiosoak), gerra aurretiko eta gerra osteko giroan herri xeheak bizimodua aurrera nola ateratzen zuen, eta abar.

Gaur egun dezente harrotu den memoria historikoaren alderdi bat berreskuratzeko ere baliagarria izan daiteke, jakina, lan hau. Auspoa bildumako beste zenbait lanekin batera (Gerrateko ibillerak, Deabruak ostutako urteak, Tiro tartean bertsotan… gutxi batzuk aipatzearren), garai haiek euskaldunek nola bizi izan zituzten ezagutzeko balio du Salaberriaren liburuak.

Kontatzeko grina antzematen zaio Sebastian Salaberriari, bizi izandako pasadizoen testigantza uzteko, agian, gero etorriko diren belaunaldiak une haien jakitun izan daitezen. Nahiz eta kontaketa pixka bat egokitu, berriro diot, antzematen da kontakizun honetako istorioa bizi izandakoa dela. Otorduen zertzeladak, une lasaietan konpainiak egindako joko, jolas zein bromen aipamen zehatzak. Gaztaroko une gogor haietan memorian betiko iltzatu ziren xehetasunak dira azken finean, eta guztiak aireratzeko gogo bizia igartzen da liburuan.

BIBLIOGRAFIA

MITXELENA, Luis (1964): “Liburuak”. Egan. XXIII. Urtarrila-abendua. 173 or.

SALAVERRIA, Sebastián (1964): Neronek tirako nizkin. Auspoa Liburutegia. Tolosa.

ZAVALA, Antonio (1964): “Itzaurrea” in SALAVERRIA, Sebastián (1964): Neronek tirako nizkin. Auspoa Liburutegia.  Tolosa. 7-8.

ZAVALA, Antonio (1996): Auspoaren auspoa II (Itzaldiak / conferencias). Auspoa Liburutegia. Tolosa.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus