« MUNDU MUNDUAN (1956) | NERONEK TIRAKO NIZKIN (1964) » |
NARRAZIOAK (1983)
Sarrionandia poeta eta saiolari bada ere, irakurle arrakastarik handiena prosa arloan izan du, kritikaren nahiz irakurlegoaren onespenaz. Bestalde, Joan Mari Torrealdaik egindako inkestek euskal idazlerik estimatuenen artean kokatzen dute eta bere obrak “obrarik hoberenak” sailen artean agertzen dira.
Narrazioak liburuarekin hasi ziren Sarrionandiaren ipuin edo narrazio labur autonomo deritzenak hamarnaka argitaratzeko moldea. Narrazio laburrak edo ipuinak bildurik eta amaiera aldera oharrez horniturik argitaratu ditu, lehenengo honetan ez ezik, Atabala eta euria (1986) eta Ifarraldeko orduak (1990)bildumetan.
Liburu hauetako narrazioak solteak dira, elkarrekin loturarik gabeak, baina ez da beste gabeko gehikuntza formula hutsez eginiko egitura, berariazkoa baizik. Liburu hauen egiturari eta bere ipuingintzari buruzko “azalpenak” Ifarraldeko orduak liburuaren azken narrazioan eman zituen zeharka, ordura arte euskal kritikoek bere liburuez esanikoak ironikoki aipatuz: “hamar narrazio ezberdinez osatzen da. Duela guti euskal kritiko batek izkiriatu du ipuin liburuei gai eta egitura batasuna eskatu behar zaiela, aurreiritzi absurdua ezarriaz. Martin Lezetak libururako narrazio gaiz eta egituraz apropos desberdinak moldatu zituelarik ipuinen batasuna bere idazkerak eta, modurik definitiboenean, irakurketak eginen zutela ondo zekien”(114 or.)
Ondoren, egitura horren errekurtsibitatearen aipamena egiten du joko Borges-tar bat eginez: autore apokrifo baten, Martin Lezetaren “Oroimena eta desioa” izeneko testuan, autore apokrifoaren obra apokrifo baten aipamen luzea egiten da, datu piloa ematen du inoiz izan ez den autore honi buruz, sinesgarria egiteraino. Liburu horren aipamena egiterakoan, kritikatu eta baloratu egiten du egilearen eginahala eta fruituaren arteko harremana. Sarrionandiak inoiz idaztea sinesgarri litzatekeen testuak dira berez, tankeraz, aipatzen dituen autoreengatik, erabiltzen dituen gaien taxuarengatik, baina ez dira idatziak dituen liburu horretakoen aipamen zuzentzat jo behar. Zehaztasunak, izenburu eta data zertzeladak emanez, sinesgarria den testuinguru literario bat sortu nahi du. Dena joko bat da, ordea, azken narrazio horretaraino iristeko. Hor dator Sarrionandiaren benetako kontrazeinua joko horretan guztian: Egileak bere desioak bultzaturik idazten omen du eta “desiraren hutsunea” oroimenaz estaltzen saiatzen da, “baina zuloa, zuritasuna, eskasia, zuloa, literaturak bete dezakeena baino arras zabalagoa eta sakonagoa da. Orduan ia dena erraustu, erori eta galdu egiten da. Adierazgarria da, horretaz, Martin Lezetaren Oroimena eta desira liburuko azken narrazioa hamar ipuineko beste liburu baten komentarioa delarik, aipatzen den azken ipuina bera ere hamar narraziodun beste liburu baten erreseina izatea…”(Ifarraldeko orduak, 116-117or.)
Beharbada Narrazioak liburu honexen izenburua da Sarrionandiaren liburuen izenburuen artean sinpleena, beste guztiak interpretazioa behar duten sintagmak izan dira edo azalpena eskatzen duten hitz multzoak, baina kasu honetan, agian, sinpletasunak omenaldi bat du barnean. Jorge Luis Borgesen ipuinen bilduma baten Narraciones (1980) edizioaren izen bera darama Joseba Sarrionandiaren Narrazioak liburu honek. Marcos Ricardo Barnatánek eginiko edizio hark bezala, J. Sarrionandiak tankera ezberdineko narrazioen bilduma osatu zuen, oharrez horniturik. Baliteke izenburu antzekotasuna liburuaren barruan dauden Borgesi eginiko omenaldietako bat gehiago izatea.
Liburu honetaz mintzatu diren kritikoek, nahiz argitaratu zen unekoek, nahiz 1994 urtean Hegats aldizkarian irakurketa berregin zuen Aingeru Epaltzak, Sarrionandiaren liburu honen arrakasta izugarria azpimarratu zuten, eta horrek kritikoari ezinbestez inposatzen dion errespetua. Arrakasta hori liburuaren kalitate maila onari egozten diote kritiko gehienek. Zenbaitzuk, ordea, berezko kalitateak arrakasta handi hau ez duela halere erabat justifikatzen eransten dute, beste zenbait literatur obra kalitatezko izanda ere ez baitira horregatik, beste gabe, arrakasta komertzialak bihurtu. Kritiko batek baino gehiagok esan izan du zerikusirik baduela autore honek duen arrakastan bere nortasun ez-literarioak ere. Nolanahi ere, irakurle arruntarentzat Sarrionandiaren narrazio hauek beste gabeko erakargarritasuna dute, mundu fantastikoak sortzen ditu ipuinetako batzuetan, legendazkoak sarritan, sirenak eta marinel zahar madarikatuak daude, eta desertuak, printzesak, gazteluak eta geltokiak neskatxa eder bakartiek habitatzen dituzte. Guztia ere, gainera, estilo narratibo poetikoaz eta dotoreaz emanik. Bestalde, literaturzaleak liburuan zehar entzungo dituen behin eta berriko oihartzun edo erreferentzia literarioen atsegintasuna gozatuz batera, ate-osteko oharren bidez osatu ahal izango du bere intuizioa. Bestela esanda, arrazoi ez-literarioek baliteke, baina bereziki arrazoi literarioek azaltzen dute beste gabe liburuaren argitalpen ugaritasuna eta irakurleen zaletasuna.
Esan bezala liburuaren egitura hamar narraziok osatzen dute, luzera, taxuera eta gai ezberdinekoak dira. Amaieran, Sarrionandiak berak erantsiriko oharrak ikus daitezke, berak dioen moduan “irakurlearentzat erreferentzia literarioen azalpen gisa” erantsiak. Azkenik, aldiz, Bernardo Atxagak POTT bandaren kide ziren garaietako idazle lagunen arteko konplizitatea agertu alde Jean Baptiste Hargous ipuinaz ixten du liburua azken orrialdean liburuaren irakurkera bat ere proposatzen duelarik.
Kritikoek liburu honetako narrazioen gaien alderdi nabarmenak aipatu dituzte: fantasiarako eta iraganaldiko legendetarako zaletasun hori. Besteak beste Iñigo Kaminok (“Joseba Sarrionandia. Narrazioak“, Argia, 1984-I-14, 4 or) zera dio: “Josebak bere ipuinetan aldi iraganetara labaintzeko joera dauka, () Baditu lehen aldian kokatutako ipuin horietan giro zahar preziosistak, mundu geldo fantastikoa (aspaldiko ipuinetako marfilezko objektuak, neska ederrak, petrikilo misteriotsuak, agure jakintsuak…)” Beraz hona hemen zalantzarik gabe Sarrionandiaren ipuinen artean erakargarriena gertatu den ipuin mota.
Bestelakoen artean, aldiz, hots literaturaz eta idazleaz diharduen “Itzalarekin solasean” azpimarratu izan da autorearen ideia literario nagusien adierazpentzat. Aingeru Epaltzak (1994) idazlearen manifestua dela dio, Kandelako kritikoak (1985) ipuin horretan aurkitzen dela autorearen tematika ezberdin, bariatu, fantastiko eta zenbaitetan harrigarriaren funtsa. Bereziki aipatu beharrekoa da, beraz, “Itzalarekin solasean” kritikoen iritziz, idazleak bere ofizioaz eta bere poetikaz eginiko hausnarketa delarik. 1983ko Sarrionandia idazleari ez zaio errealitatea bera aditzera ematea helburu interesgarria iruditzen, ez eta guztiz ederra edo dramatikoa bada ere. Kazetariek eta fotografoek eman lezakete errealitate objektiboaren berri idazle artisauak baino hobeto (85-86 or.). Ez da hori idazlearen jomuga, idazleak “gauzen bihotzetara hurbildu” nahi du: “Ene asmoak haruntzagokoak dira, halako egoera baten testimonioa ematea, misterio eta posibilitateen eremuetara sartzea, euskal lengoaia urri hau adierazbide egitea, gauzen abardura poetiko ezkutuak azaltzen entseiatzea, eta honelakoak. (42 or.)
Berriro entzuten da hor Lauaxetaren boza offean bezala, “Izuen gordelekuetan barrena” liburuko hitzaurrearen oihartzuna balitz legez, hizkuntzaren beraren zerbitzutan adina ari baita, errealitatearen mugetan bilaketan eta sorkuntza literarioaren zerbitzutan: “Ludi onen bestaldez loratzen diran landaraen usañak goxalde bakotxak dakarkidaz.Auxe da neure sakona! Bestiak entzuten ezdaben egal-otsa neure gelara yatort eta barneko zugatz onettatik txorijak aidatu ziranarren, abar dardarea ezta amattu. Neurez betirarte ixilduko nintzan, barruko ixurpen oneintzat ezpaitago azal ederrik. Euzkeraz batez-be! Erabillijak. ixan diran izkuntzak bost jarrai-bide erakutsi dagiskegubez, baña ele onen iruliak gerau gara” (Olerkiak, Erein, 119 or.)
Omenaldia Borges-entzat eta izpiritua Lauaxetarena badira, Fernando Pessoa, Konstantino Kavafis, Marcel Schow eta bestelako autoreen obretatik harturiko gaiak aurkitzen dira Sarrionandiaren narrazioetan. Partaide izan zen POTT bandan, Bernardo Atxaga, Manu Erzilla, Josemari Iturralde edo Jon Juaristirekin batean izandako hiru urteko bizikizun literarioaren ondarea du hori. Horregatik, liburuaren epilogoan Bernardo Atxagak idatziriko ipuinean Marcel Schowren La cruzada de los niños liburuaren oihartzunak sumatzen dira, eta, nolabait esatearren, lagunari eginiko begi-keinua bezala da epilogo hori, Sarrionandiaren liburuko “Durango heresia”ri, liburua ixten duen narrazioari, kontrapuntua ematera datorrena.
Gehienbat ipuin fantastiko fatal erakargarriez osaturiko liburua dugu Narrazioak: Arthur erregearen istorioak, edo Coleridgeren “Marinel zaharraren balada”ren bertsioa, edo Herman Melvilleren Las Encantadas narrazioaren oihartzunak jasotzen dira liburuko ipuinetan. Hor dago, era berean, “Mezurik gabeko eriotza”, William Faulknerren The sound and the Fury nobelaren oihartzunez beteriko aztikeria ipuin bat ere, Martintxo, atzeratua den haur hazi baten ikuspuntutik kontaturiko narrazio bat.
Gai arturikoak Narrazioak liburuaren hurrengo ipuin-bildumetan ere agertzen dira, eta liburu honetan tematika ezagunaren eta protagonista literario legendario horien inguruko gertaerak testuinguru gisa erabiltzen ditu une eta egoera partikularrak aurkezteko. Poesiaz hitz egiterakoan aipatu dugun metaliteraturaren erabileraren adibiderik egokiena bilakatzen dira, ez baitu egileak gai arturikoen bertsioak eginez giro heroikoak berreraikitzeko asmorik, berez aurkako zentzuan erabilita daude. Jose Luis Mendozak (Pamiela “En el principio fue el mito”,9.or.) narrazio arturiko hauen erabileraz idatzi zuen moduan: “la literatura novelesca ha creado un espejismo fascinante y su nostálgica atracción viene doblada por su irrealidad.” Sarrionandiarentzat aldiz, mundu herokiko eta legendario hori nostalgia, desesperantza ororen marko egoki bihurtzen da, iraganaren edo erreferentzia heroikoen ezinezkotasuna azpimarratzeko erabil baitezake eta amaieren fataltasun ezaguna eta aldatu ezina nabarmenago egiten dutenez.
1983ko Narrazioakez geroztik beste bi narrazio liburu argitaratu ditu Sarrionandiak: Atabala eta euria 1986an eta Ifarraldeko orduak (1990).
Atabala eta euria (Elkar, Donostia 1986). Hamar ipuin dira aurreko liburua bezala liburu honetan jasotakoak, eta amaieran “post scriptum” gisako ohartxo literarioez horniturik argitaratzen du. Kritiko gehienen iritziz liburu hau Narrazioak liburuaren jarraipena da, egiturari, estiloari nahiz tematikari dagokionez.
Narrazioak liburuko kontalariek gehienetan hirugarren pertsonan hitz egiten dute, eta narratzailea ipuinetik at dago. Gutxiago dira lehen eta hirugarren pertsona nahasirik erabiltzen dituztenak, narratzailea ipuinaren barruan sartzen delarik, “Sonbreilu baten historia”an bezala. Halere ipuinetako batzuk lehen pertsonan idatzirik daude: kontalaria ipuinaren barruan dago, hala nola esate baterako, “Mezurik gabeko eriotza”n Martintxoren istorioa kontatzeko.
Narrazioak ipuinetan kontaketa bera da nagusitzen dena, eta prosa poetikotik hurbil dabil kasu askotan, hain zuzen ere, oso harira eta ongi lotua datozen konparazioak eransten dituelarik. Era berean liburuan erregistro barietatea sumatzen da, autoreak aitortua baitu liburu honetan duen helburuetako bat euskarari literaturan bide berriak ibiltzen laguntzea duela. Teknika narratiboak ipuin bakoitzari egokiturikoak dira: zenbaitetan elkarrizketa zuzenaz baliatzen da (“Itzalarekin jolasean” bezala) edo kontaketa hutsari lotzen zaio (“Arima naufrago bakartiak”en kasuan bezala) edo eskema paraleloak saiatzen ditu (“Estazioko begiradak” ipuinean). Sarrionandia maisu da deskripzioetan eta horretatik datorkio ipuinetako giroak sortzeko gaitasun aparta. Kontaketa da nagusi baina egoera bat azaltzeko, eta ez zer gertatuko den suspentsea sortzeko. Leku eta denbora ardatzen tratamenduari dagokionez, ipuinotan iraganera jotzen du, baina ez historiako iraganera, iragan fantastikora baizik, zehaztugabea, legendazkoa. Halere leku izen konkretuak eta zehatzak ere ageri dira legendazkoekin ahaztuta, kontrastean kokatuak. Egilearen geografia pertsonalari hurbilen zaizkionak dira aipatzen dituen toki horiek, esate baterako, gai arturikoa duten ipuinetako bitan Durango eta Mugarra mendiko oinetan kokaturiko toki zehatzak aipatzen dira.
Denboraren tratamenduari dagokionez, gehienetan lineala da gehienbat ipuinetan, ipuinak hasieratik amaierara denbora lerro jarraituan doaz. Bakanak dira amaieratik hasten direnak “Sonbreilu baten historia” bezalakoak. Gainerakoan, denboraren zehazgabetasun edo atenporaltasun hori gehiago azpimarratzeko asmoz edo, anakronismoak sarrarazten ditu “Ginebra erregina erbestean” deritzan ipuinean bezala. Izan ere, egileak harridura eragingo duten anakronia eta atopia horien bidez beti erne eduki nahi baitu irakurlea bere ipuinetako errealitatea ez dela “historikoa” ohartarazteko. Horregatik kontakizun arturikoetako pertsonaiak (“Amorante ausarta in Ifar aldeko orduak) Durangon kokatzen dira: Merzlin, Arturo… Erdi Aroko azokak eta jarraian autopistak eta hotelak aipatzen dira narrazio berean. Merzlin magoak tesi bat du idatzia “The city as an artifact” izenekoa eta Chicagon 5891 urtean defendatua… Egileak legendetako, oraingo eta etorkizuneko errealitatea aldi bereko egiten ditu, baina horregatik beragatik pertsonaien askatasuna mugatua da, iraganaldia eta legendetako gertakariak bezala erremediorik gabeko fatalitatearen menpe baitaude.
Sarrionandiaren narrazioaren indarra deskripzioetan dago eta ez suspentsearen edo estrategia narratiboen erabileran. Egoerak bere zertzelada adierazgarrienetan azaltzen ditu, eszenifikatu egiten ditu eta elkarrizketak ere labur-laburrak izaten dira. Justukoa eta lakonikoa da pertsonaien mintzaira, narrazio Borges-zaleei dagokien moduan, baina egileak metafora eta sinboloen erabileraz hedatzen ditu, prosalan horietan mintzaira poetikoari hurbilduz. Horrela egoera horien dimentsioak eta atmosferak sortzen dituelarik, sarritan izialdura, malenkonia edo nostalgia sakonak eragin arren, irakurlearentzat beti hausnarketarako bidea bilakatzen dira.
Narraziogintza honen bilakaeran Aitzpea Azkorbebeitiaren iritziz, lehenengo narrazio liburutik aipaturiko beste bietarako aldaeran leku denboren koordenadei dagokienez egileak determinazio gehiagorantz eta errealitaterantz egin du: “Badirudi, beraz, orain arteko indeterminazio joera aldatu egin dela, lekutasunari dagokionez bederen. Aieru honek bat egingo luke, honela, Sarrionandiaren narrazio-bildumetan narrazio fantasiatsu eta irrealetatik errealagoetarako garapena gertatu delako Kirmen Uriberen hipotesiarekin” (46 or.).Edorta Jimenezek (1989, 8-9) eta Iñaki Aldekoak Sarrionandiaren narrazioek hasiera hasieratik izan dituen ezaugarriei loturik jarraitzen dutela ondorioztatzen dute (A. Azkorbebeitia 65 or.) eta hiru ardatzetan finkatzen dituzte prosa horren ezaugarriak: metaliteraturaren praktika, poesiatik oso hurbil dagoen prosa-hizkera eta hirugarrenik, istorioak ez denboran ez lekuan (kronotopo indeterminatuan, beste hitzetan) kokatzeko joera.
Sarrionandiaren ipuinen estiloa aski karakteristikoa zen sariak irabazi zituzten bere lehenengo bi ipuinetatik hasita, Jon Miranderen eragin handia nabari zuelarik baina narrazio liburu hau argitaratu zuenerako, narrazio estilo definitua eta guztiz pertsonala baitzuen. Idazle delikatua, fina, kosmopolita eta eruditotzat aipatzen da. Bestalde, mintzaira horrek joera liriko nabarmena du. Beraz, estilo pertsonal horrek ematen dio bere obrari balore berezia. Izan ere, mundu guztiko literaturaren erreferentziek eta euskal herriko tradizioa ezberdinek elkarturik aditzera ematen dute badela gure artean erdi ezkutaturik eta erdi galdurik dagoen errealitate bat bere liburuetan islatzen saiatzen dena mundu mailako beste errealitate askorekin harremanetan jarriz, era bateko eta besteko ispiluez baliatuz, errealismotik fantasiaraino, eta alderantziz ere bai.
Sarrionandiaren literaturaz hitz egiterakoan “metaliteratura” da kritiko guztien ahotan entzuten dena. Alegia Sarrionandiaren ipuinak idazle edo tradizio batetik datozen argumentuez, pertsonaiaz eta egoerez baliatzen dira ahots propio batez “bestelako” errealitate edo egoera baten lekukotza emateko.Sarrionandia bere liburuetan jasotzen dituen autoreen pertsonaien eta gaien bidez mintzatzen da, ez da joko erudito alfer bat metaliteratura hori, bere narrazioei sakontasuna, oihartzun eta iradokizunak eransteko polifonia baten erabilera baino. Beste obra horien oihartzunek, mezuaren aldetik nahiz estetikaren aldetik konplexutasun eta matizazio gehiago sumarazteko eta iragartzeko aukera eskaintzen diote autoreari bere lanak moldatzerakoan.
BIBLIOGRAFIA
AIZKORBEBEITIA, A. (1998): Joseba Sarrionandia: Irakurketa proposamen bat. Labayru Ikastegia-Amorebieta Udala. Bilbo.
EPALTZA, A. (1994): “Narrazioak”. Hegats. 8. 19-26 or.
KANDELA (1984): Euskal Letren dantza 1983. Hordago. Donostoa.
KORTAZAR, J. (1982): “Gaurko narratiba eta euskal literatura”. Jakin. 25. 86-93 or.
KORTAZAR, J. (1984): Reduccions. 22. 94-95 or.
MENDOZA, J.L. (1985): “En el principio fué el mito”. Pamiela. 10. 8 or.
OTAEGI, L. (2000): Joseba Sarrionandia. Marinel zaharraren kantua. Labayru. Bilbo.
TORREALDAI, J. M. (1997): Euskal kultura gaur. Liburuen mundua. Jakin. Oinati.
URIBE, K., (1998): “Asalto a los cielos: Estética y escritura en la poesÃa de Atxaga y Sarrionandia” in Insula. 623.
XX. (1984): “Joseba Sarrionandia. Narrazioak”. Argia.1984-I-14, 4 or.
XX (1989): “Narrazioak”. Susa. 23-24. 8-9 or.
« MUNDU MUNDUAN (1956) | NERONEK TIRAKO NIZKIN (1964) » |