Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

MIMODRAMAK ETA IKONOAK (1991)

Juan Mari Lekuona
Jon Kortazar

1991. urtean Juan Mari Lekuonak (1927-2005) Mimodramak eta ikonoak poema liburua ematen du argitara, poeta gisa egin duen ibilbidearen gailur gisa ulertu dezakegun ahalegin artistiko nagusia.

Poema liburu honetan gai gisa, Euskal Herrian izandako kulturaren, edo kultura desberdinen historia adierazi nahi du egileak. Kultur kontzientzi baten agerpena dugu, beraz, liburuak adierazi nahi duena.

Jorge Oteizaren bideetan kokatuta, Juan Mari Lekuonak Euskal Herrian bizi diren kultura biren, mendebalekoaren eta bertakoaren, berrikuntzaz osatutakoaren eta tradizioz josia dagoenaren arteko elkarrizketa marraztu nahi du. Poema liburuaren bukaeran aurkitzen den aipuan garbi uzten du zein ideia izan duen abiapuntu eta helburu gisa:

“Cultura latina […] También es nuestra historia, pero nosotros estamos dentro, tenemos dos almas (dos historias, 2 cultura vivas) y auque sólo creemos viva la última, su historia no se explica con ella sola sino contamos con nuestro estilo (intra-historia) que no se ha borrado todavía”.

Jorge Oteiza eskultorearen aipu honek ematen dio lehen bultzada poema liburuari. Egilea euskal nortasunaren barnean diren arima biak adierazten saiatuko da.

Bikoiztasuna adierazten duenez, kontuan hartu beharko genuke Juan Mari Lekuonak idealismoaren eta sinbolismoaren bideetan kokatzen duela bere lana. Idealismoaren arabera errealitatea bitan banatzen da: alde batean eguneroko bizitza kokatzen da, eta beste alde batean benetako errealitatea, ideala, edo aipu horretan esaten den bezala, intrahistoria, barneko historia, benetakoa dena, erromatarrek ekarritako historiaren aurrean.

Zehatzago adieraztekotan, esan behar dugu sinbolismoak gauzetan alde bi daudela onartzen duela, eta eguneroko historia ahultzat hartzen duela eta mundu ideal eta sublimea onartzen duela egiatzat. Beste mundu baten agerpena da poesiaren egitekoa, beraz. Eta beste mundu horren bila abiatzen delarik, poesiak hizkera berezia behar du, egunerokoa ez dena, sublimea, egunerokotasunetik gora agertzen dena.

Bikoiztasuna une oro erabili izan du Juan Mari Lekuonak, Oteizaren testua ez baitago bakarrik liburuaren azken aldean. Jose Migel Barandiaranen aipu batek laguntzen du Oteizaren banaketa. Jose Migel Barandiaranen testuak ere bikoiztasuna azpimarratzen du:

“(Sinismen guztiotan) En todos late generalmente la aspiración y tendencia hacia un ideal que nos sobrepuja y cuya realización definitiva situamos en el porvenir. Así, el futuro… se nos presenta como estímulo del progreso humano, es decir, como un factor de nuestra conducta y, por lo tanto, de nuestro tiempo presente”.

Joera bikoitzak berriro azpimarratzen ditu testuak: gure egoera eta ideal, gure orain aldia eta geroa… Bikoiztasuna, eta jada liburuari buruz hitz egiten hasiko gara, joera simetrikoan agertuko zaigu. Liburuko lehen poemak eta bukaerakoak, poema bildumaren mugak jartzen dituzte. Lehenak, “Obertura” izenekoak, egilearen helburuaren berri eman du, musika lanetan ohitura izaten den moduan. Errealitatea irakurtzeko borondatea erakusten du bertan poetak, barneko historian murgiltzeko gogo sendoa.

Gerora datorrenari begira dagoen poema dugu. Izu atabikoen, hots, bakoitzaren barnean ditugun izuen azalpena da. Kaosaren barnean musika bat eraikitzeko borondatea agertu du Lekuonak. Izuen genesia, barnean daramatzagun izu eta aurre-ikuskizunen berri ematen du poemak. Hurrengoetan dena izango da esplorazioa, “Barandiaran” deituriko azken poemara heldu arte. Sintesi lana, laburpena izateko joera du azken poema horrek. Liburua “Barandiaran” deituriko horretan mugatu eta laburbiltzen da. Errealitate bikoitza azaldu behar bazen, joera bikoitzak eta simetrikoak beharrezkoak ziren liburuan.

Izenburua bikoitza eta simetrikoa den bezala, Mimodramak eta ikonoak izenak berak ere aldi bikoitza adierazten du. Mimodrama hitzak zerikusia du ahozko literaturarekin. Zehatzagoak izateko Juan Mari Lekuonaren maisu baten teoriaren oinarria litzateke. Jousse ahozkotasunaren teoriko frantsesak adierazi zuenez, ahozko kantuak gorputzaren mugimendu batekin loturik agertzen dira, eta beraz, kanta eta gorpuzkera batera joango lirtaeke: mimodrama, horrela, drama adierazteko mimoa da, sentimendua azaltzeko keinua. Ikono hitzaren zentzua semiotikan aurkitu dezakegu. Ikonoak zerbaiten zentzua ekarri ohi du azalera.

Izenburuak, beraz, goian aipaturikoa berrestera dator. Elementu kulturalen irakurketa, zeinu historikoen agerpena, bikoiztasunaren barnean dagoena sinbolo bihurtzea du helburu lekuonaren liburuak.

Atonduta ere egitura bikoitza markatuz atonduta dago liburua. Lehendabiziko ataleko poemak “Gruteskoak” atalean bildu ditu egileak, bigarrenak, aldiz, “Planeten adar-biran”. Hor ditugu behea, eta goia, iluna eta argia, leize zuloa eta gaua, eta planeten mugimendua eta eguna.

Grutesko hitzak irakurketa-bide bi ditu: alde batetik leize zuloaren zeinua da, eta leize zuloak, idealismoaren eta sinbolismoaren ikur nagusia den Platonen leizeko teoria ekartzen du gogora, leizean Platonen teorian itzalak besterik ez dira ikusten, baina errealitatea beste nonbaiten dago. Paralelismoarekin jokatuz, poetak egunerokotasunaren bizitzan itzalak besterik ez ditu ikusten, eta errealitatea beste nonbaiten dago, idealen munduan. Eta horixe da, hain zuzen ere, berak idazkerara ekarri behar duena. Bian grutesko hitzak estetika egiteko bide bat ere adierazten du, Pizkunde  garaian habeen beheko aldean jarritako irudiak ziren “gruteskoak”.

“Planeten adar-birak” atalak ordea, beste irudi bi ekartzen ditu gogora. Batetik, “Ilargiaren adarrekin” lorturik dago, eta Ilargiaren eskola liburua datorkigu burura. Bestetik, Pizkunde  garaiko poeta zen  Fray de Luis de Leonen lana eta teoria dakarzkigu idazleak, poesia idealak planetek mugitzerakoan egiten duten musikaren lotzen baitzuen.

Arte munduarekin loturiko liburua da Mimodramak eta ikonoak. Maiz egiten ditu erreferentzia kultuak egileak, kulturalismo heldu batek bere lana gidatu izan balu bezala. Eta horrela da, hain zuzen ere.  Liburuaren egitura Fray Buenavetura filosofoaren pentsamenduan oinarriturik dago. Fray Buenaventurak bere filosofia sistema irudikatzerakoan aingeruaren hegal bi onartzen ditu narraziorako gidari gisa  lehendabizi (eta banaketa horri erantzuten dizkiote liburuko atal biek), eta atal bakoitza bederatzi azpisailetan banatzen du, kontzientziak Jangoikoarengana egiten duen ibilbidean.

Juan Mari Lekuonak sei atal aukeratu ditu, hiruna atal bakoitzeko, Buenaventuraren eskema nagusiaren laburpena ekarriz. Baina berea ere helburu jakin batera heltzeko egiten den ibilbidea da. Azkenean, berea itinerarium mentis bat da: kontzientziaren ibilbidea marrazten duen bidaia.

Bidea egiterakoan, Juan Mari lekuonak poesia jantzi baten estilo markak erabili izan ditu: adibidez, metrika aldetik, bertso lerro luzeak darabiltza, eta poemak ere eraikita agertzen dira, hogei bat bertso lerro ingurukoak direlarik gehienak. Bertsogintzak, erabiltzen duen zortzikoen musika eta erritmotik ihes egiten du eta, oinen bidez erritmo zaindua lortzen badu ere, ezin ukatu bere jatorria Europako literatura ereduetan dagoela. Gainera, ahapaldiak aldakorrak dira eta maiz, ahapaldi laburretan, bertso bi besterik ez dutenetan, jartzen du pisu semantikoa edo mezua poetak.

Metrikaren erabilera jantzia den bezala, ukaezina da hiztegiaren erabilera ere horrelakoxea dela: bitxia eta barrokoa. Metaforizazio prozesua deskripzioan sortzen du egileak, esana baitoa batez ere zeinuen irakurketa pertsonala dela liburuak duen xedea. “Artisau enblematikoaren bila abiaturiko idazlea dugu Lekuona: enblemak, ikonoak, metaforak artisauaren tentuarekin begiratu eta idazten dituena.

Edertasuna lortzea da idazlearen asmoa, eta horregatik dira hain garrantzitsuak bere lanean arte desberdinen arteko elkarrizketak eskulturarekin, pinturarekin, musikarekin… Mimodramak eta ikonoak liburuan dena bihurtu gura da edertasun sublime.

BIBLIOGRAFIA

S. GARCIA TRUJILLO, A. ITURBIDE, J. KORTAZAR (1997): Leiho-oihalen mugetan. Erein. Donostia. 212 or.

ITURBIDE, AMAIA (2002): Mimodramak eta ikonoak gidari, estetika barrena. Arabako Foru aldundia. Gasteiz. 124 or.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus