Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

MILLA EUSKAL OLERKI EDER

Santiago Onaindia
Jon Kortazar

Poesiaren erakusgarri izateaz gain, antologia “artefaktu ideologikoa da”, literatura ulertzeko ikuspegia, gizartean parte hartzeko eta gizartea aldatzeko modu bat. Zentzu horretan, Santiago  Onaindia karmeldarrak 1954. urtean argitaraturiko Milla euskal olerki eder lana literaturak gizartean betetzen dituen funtzioen adibide bakan eta bikaina da: lehenik, garai ilunetan euskal literatura bazela erakusten saiatu zelako; bigarrenik mila poesia bilduta zenbakiaren borobiltasunean euskal literaturaren oparotasuna adierazten zuelako; hirugarrenik, lanak euskal poesiaren historia zehatza ematen zuelako; eta laugarrenik, lanak argi uzten zuelako beste poesiak beste zela euskal poesia.

Gerra ostean argitaraturik, Onaindiaren balio sinbolikoa handia izan zen euskal gizartean. Eredua garbia da: Las mil mejores poesías de la lengua española antologia, 1936. urteko gerra baino lehenago euskal poeten artean ikaragarrizko zabalpena izan zuen lana, alegia. Santiago Onaindiaren lanak mila olerki biltzen zituen, ahozko euskal literaturatik hasi eta bere garaira artekoak (hau da, 1954. ingurura arte). Ikuspegi osoa eta zabala, egileak ohi zuenez, kronologiaz gain, irizpide geografikoa azaldurik, izan ere, hego aldekoak eskaini ostean tokia uzten zien “Bidasoaz andikoak” zirenei. Antologian agertzen diren azken poetak Federiko Krutwig eta Jon Mirande dira, eta hori egilearen gogo zabalaren erakusgarria da.

Gehigarri gisa hamahiru bertsolariren lanak batu zituen, batetik olerkari eta bertsolarien arteko muga eraikiz, baina bestetik ironia erakutsiz, zeren antologian, azken batean, mila eta hamahiru poema biltzen baitira guztira, zenbakiaren borobiltasuna era ironikoan hautsiz.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus