« MENDEKOSTE GEREZIAK ETA BESTE (1963) | MILLA EUSKAL OLERKI EDER » |
METODO BREVE DE APRENDER LA LENGUA VIZCAYNA (1653)
Rafael Mikoletak (1611-?), Bilboko presbiteroak, Metodo breve de aprender la lengua VizcaÃna deritzon lantxoa idatzi zuen 1653an. Lan laburra eta literatur balio gutxikoa bada ere, XVII. mendeko Bizkaiko idazle urrien adibideetako bat da, garai hartan euskal letretan oso ohikoa ez zen arlokoa gainera. Izan ere, Metodo breve euskara ikasteko obratxoa da, sasoiko ohiko gai erlijiosoak jorratzen ez dituena. Gramatika osoa izatera heldu gabe, hizkuntzaren eta, neurri apaltxo batean, sasoiko euskal poesiaren berri ematen digu. Mikoleta bilbotarren eskuizkribu hau urteetan galduta egon zen. Badakigu lehenengo Sir Thomas Brownena izan zena, eta ostean Londreseko British Museum-en azaldu zena. Gaur egun bertan dirau. Lanak izango zuen helburuagatik erraz atera daiteke eskuizkribu hau Ingalaterrara nola heldu zen. Metodo Brevek Bilbo inguruko erdaldun klase aberatsak euskarara erakartzeko helburu izango zuen duda barik, eta horietan, jakina, Bilborekin salerosketa tratuetan ziharduten atzerriko merkatariak ere ikusi behar ditugu. Argitaratu berriz, Bartzelonan argitaratu zen lehenengoz, 1880an, Salbador Sampere Miquelen eskutik, bertako Revista de Ciencias HÃstoricas delako aldizkarian. Bigarren argitalpen bat han bertan egin zen, 1881ean. Hirugarrena Sevillan, 1897an, Dogson euskalariaren eskutik. Eta azkenez, aipatzekoak dira Angel Zelaietak 1988an katalanez eta 1995ean euskaraz, azken hau AEKren eskutik, egokitu zituen edizioak.
Metodo breve, bere laburrean, XVII. mendeko bizkaieraren agerkari garrantzitsua da, Bilboko berbetarena gainera, bakan-bakana eremu horretan; Bilboko eta, ondorioz, Euskal Herriko hiri handietako euskararen egoera zertan zen azaltzen laguntzen diguna, eta garaiko Euskal Herriko klase kultuek ibiltzen zituzten kultura moldeak —poesia kultua kasu honetan—- agerian uzten dituena. Horiexek dira Mikoleta doktore eta presbiteroaren lanttoa balioesten duten zioak.
Egungo talaiako ikusmiratik begiratuta, Metodo breve euskara ikasteko gaur usu erabiltzen diren gidatxo didaktikoekin aldera genezake. Helburu bera dute. Halarik ere, hizkuntza gaiak bazterrera utzita, olerkigintzaz dakarren zatia, poetika laburra baita, gero eta garrantzitsuagoa da sasoi horretako eta aurreko euskal poesia azaltzeko. Sasoiko poesia testu galduak agertu ahala Mikoletak bere lanean eman nahi izan zuenak hartzen du berebiziko esangura, iradoki egin baitzigun euskal poesia kultuaren existentzia orokorraren gaineko ustea, ustea izateari utzi eta froga garbia lez ageri da hemen. Mikoletaren aipua nahitaezkoa da XVI. eta XVII. mendeetako euskal poesia kultuaren baitan izandako aldaketak azaltzeko, erabiltzen zituen gaiak eta moldeak azaltzeko. Horrek guztiorrek, gainera, sasoiko euskal kulturaren beste ikuspegi bat eskaintzen digu, garai hartan ia soilik egiten ziren erlijio lan estuetatik urrunagoko ikuspegia edozein modutan.
Metodo breve sei zatitan dago banatuta. Lehena izenen deklinabideari buruzkoa da: “Modo de saver declinar los nombres vascongados”. Bigarrena aditzen jokatzeari buruzkoa: “Conjugacion de los verbos vascongados”. Hirugarrenean hiztegi luzetxoa ematen da: “Diccionario breve de vocablos, los mas usados en Vasquence propio, puestos en orden alphabetica”. Laugarrena elkarrizketa baten transkripzioa da: “Dialogo Primero – Platika Lelengoá”. Bosgarrenean berriro ekiten dio hiztegiari, oraingoan zenbakiekin eta asteko egunen izenekin: “Modo de Contar” eta “Nombres de los dÃas de la semana”. Seigarrenak poetika baten tratatu laburra da: “Modo de la Vizcayna, poesia y sus versos”. Atal guztietako oharrak gaztelaniaz daude. Sei txataloi Dogsonek gehitutako oharrak batzen zaizkion zazpigarren atal bat ere badago. Osotara, Metodo Brevek hogeita hemeretzi orri baino ez ditu.
Gramatika laburrak eta hiztegiak agerian uzten dute XVII. mendeko Bilboko euskara bizia, arkaismoz eta erromantzetik hartutako mailegu berriez mukuru. Subjuntiboaren erabilera iragana egiteko —“eguin zenguian”— Norean ablatiboa —“bentanarean icusi”—, Gu izenordearen ordez —“guec”— eta pluralaren bigarren pertsona “Izan” aditzean “zarete” beharrean —“zara”— dira, besteak beste, lanak dakartzan bizkaiera eta euskara zaharraren adibideetako batzuk.
Elkarrizketa bizia eta jatorra da. Bertan jaun bik, morroi batek eta atso batek parte hartzen dute, tarteka. Antzezpen gisara, elkarrizketa honek euskara lantzeko testuinguru komunikatiboa eskaintzen du. Elkarrizketa hau paratzeko Mikoletak aurki ezagutuko zuen John Minsheu ingelesaren Dialogos (1599) izeneko lana, non eta Ingalaterran gaztelania ikasteko elkarrizketa bizi eta atseginak ematen zituen. Mikoletaren elkarrizketa edo platika bi zutabetan adelaturik dago, elkarren ondoan paratuta biak, lehenengoa gaztelaniaz, eta bigarrena euskaraz. Mikoletak hizkera bizi eta jatorra darabil, eguneroko gauza arrunten gainekoa —eguraldia, arropa, janaria, denbora…— eta esapide eta hitz joko ugari tartekatzen ditu.
— Se ordu da?
— Vostac jodaude.
— Saycora, yricasu ventanea, ta eguna den ecussu
— Aranguiño eztau ondo arguitu.
— Bada astoa nolan esandosu bostac xodaudela.
— Xaunac nic bostac contanintçean baya goxa ta herloxua estabilsas batera.
Kontrara, nabari-nabaria da Mikoletak elkarrizketa honetan darabilen erabateko erdal kutsuko joskera, alde batetik hirietan erabiliko zen berba molde hibridoa zuzen-zuzenean eman nahiko zuelako, eta bestetik, bada, Mikoletaren asmoa apala bezain interesgarria izan zitekeelako. Ez zuen gramatika oso bat egin nahi, ez zuen euskara zeharo era kultuan landu nahi, erabilera praktikoa eta erraza izango zuen lantxoa apailatzearekin konformatu zen. Eta praktikotasun horretan ikusi behar da Mikoletaren ahaleginaren benetako balioa, erdaldunak, atzerrikoak eta bertakoak berdin, kultuak oro har, euskararen eremura erakartzeko ahalegin xumea. Eta hori ez da gutxi XVII. mendeko Euskal Herriko hiri handien testuinguru soziokulturalari bagagozkio, agerian uzten baitu euskara ere jakitea beharrezkoa zela aipatutako testuinguru horretan.
Literaturaren ikuspegitik, baina, interesgarriago suertatzen da lanaren azken zatia, “Modo de la Vizcayna, poesia y sus versos” deritzon zatia. Jakingarri moduan euskara poesia idatziz lantzera menturatuko zirenentzat, Mikoletak sasoiko eredu nagusien zertzeladarik orokorrenak deskribatu zituen poetika lantxo honetan.
Euskal literaturaren historian narratiba baino lehenago papereratua, bada bilakaera sakon bat XVI. mendeko poesiatik XVII. mendekora. Bilakaera horren arrazoia Kontrarreformak ekarri zituen erlijio ikuspegi estuetan ikusi behar da. XVI. mendeko poesia ahozko moldeetatik hurbilago zegoen. XVII. Mendean, berriz, bada poesia arautuagoa egiteko ahalegina, erlijioari mesfidatzekoak zitzaizkion herri bertsoetatik urrunagokoa. Ahalegin hori nabarmen gauzatu zen Iparraldean. Gai erlijiosoak jorratzen zituen olerkigintza kultuarekin batera, erlijioak berak ekarritako aldaketa berriari koska bat zabalduz, Iparraldeko idazleek zirrikitu bat aurkitu zuten bestelako gaiak —maitasun gaiak— lantzeko. Horra bada, esaterako, Oihenarten L’art poetique basque (1665). Hegoaldean, ostera, denbora berean antzua da olerkigintza kultuaren emaitza, orain kontrarreformaren eragina baino lehenagoko testuak ere bazeudela jakin arren; Lazarragaren eskuizkribua kasu. Beraz, Nafarroan XVII. mendearen hasieran egindako poesia lehiaketen albisteaz gain, Mikoletena dugu poesia mota honen adibide bakarra.
Mikoletak bi molde nagusiren berri ematen digu, eta aipatu, herri bertsoak eta gutxitan lantzen ziren beste molde kultu batzuk ere aipatzen ditu. Lehenengo molde nagusia, gaztelaniazko erromantzeen antzera, lauko txikiez osotutakoa da (7-6-7-6), nahiz eta beti errima erregularra izan ez.
“Amoren contentuac
estaude irauten,
canpoan lorac leguez
dira galsaiten.”
Bigarrena luzeagoa da, sonetoaren antzekoa (10-8-10-8), hau da, lauko nagusiez osotuta.
“Denbora baten on oynerechu
baya mudadu nindia,
serren penetan vior equida
emon senguidan gloria.”
Biak ala biak zazpi ahapaldikoak ziren, eta aurkezpen-laukoaren azken bi bertso-lerroak hurrengo lauko bakoiti guztien osagarri ziren, horiek errepika edo leloaren funtzioa zuten. Biak ere errima asonantekoak dira. Mikoletak maitasun gaia jorratu zuen bi moldeetan.
Metodo breve, beraz, XVII. mendeko Hegoaldeko euskal literaturaren mortuan, ale bitxia da. Txikia, baina hizkuntzaz eta literaturaz berri ugari eskaintzen diguna, zeharka bada ere.
BIBLIOGRAFIA
MICOLETA, Rafael (1880): Modo breve para aprender la lengua Vizcayna. S.S.M.. Barcelona.
EGUZKITZA, J.B. (1930): “Mikoletaren euskereak eta gaur Bizkayan darabilgunak ¿ze alde ete-dauke?”. RIEV. 468-477. orr.
DOGSON, E.S. (1908): “Rafael Micoleta: no Nicoleta. RIEV. 255. orr.
FITA, P. (1913): “Rafael de Micoleta”. RIEV. 570. orr.
MICHELENA, L. (1988): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia.
ONAINDIA, S. (1972): Euskal Literatura I. Etor. Donostia..
VILLABASO (1913): “El Doctor Rafael Micoleta. RIEV. 568. orr.
VILLASANTE, L. (1979): Historia de la literatura vasca. Aranzazu. Oñate.
« MENDEKOSTE GEREZIAK ETA BESTE (1963) | MILLA EUSKAL OLERKI EDER » |