« MANUAL DEVOTIO GABECOA EDO IBILGAILUETARA ERABILTZECO ESCU-LIBURUA (1994) | METODO BREVE DE APRENDER LA LENGUA VIZCAYNA (1653) » |
MENDEKOSTE GEREZIAK ETA BESTE (1963)
Jean Etxepare Landerretxeren izena (1937-1961), Etchepare jatorrizko idazkeran, betiko geratu zaigu “gaztea” izenondokoarekin loturik, Etxepare sendagilearekin ez nahasteko. Izan ere, gazte hil zen idazlea, eta bizitzan zein literaturan ibilbidea hasteko baino ez zuen denborarik izan.
Literaturaren alorrean liburu bakarra utzi zigun: hor-hemenka argitaratu zituen testuen bilduma, idazlea hil ondoren plazaratu zena. Izan ere, 1963an agertu zen Etxepareren idazlanen bilduma Mendekoste Gereziak eta beste izenburuarekin, Piarres Charrittonek prestatutako argitalpenean. 1991ean berriro argitaratu zen, eta orduan Mendekoste gereziak soilik azaltzen zen izenburuan. Azken argitalpen horretan agertzen diren testuak lehenengo liburuan argitaratutako guztiak dira, baina, lehenbiziko hartan sartu ez ziren beste narrazio- eta kazetaritza-lan batzuk ere gehitu zitzaizkien. Azken argitalpen horren arduraduna Inazio Mujika Iraola izan zen, eta aurreneko argitalpen hark ez bezala antolatu zuen bilduma.
Mujika Iraolak hiru sailtan eman zituen testuak:
- “Gerezi Heldu”
- “Gerezi Gazte”
- “Bertze Gerezi”
Lehenbiziko ataleko narrazioak Etxeparek irakurle helduei begira idatzi zituen ipuinak dira. Besteak beste, atal horretan agertzen da “Kurutze gorriak” izenburuko narrazio luzea (Etchepare, 1991, 21-63). Bada, Mujika Iraolaren ustez modernitatearen adibidetzat har daiteke narrazio hori:
“Erlatu honen garrantzia, gure ustetan, bere modernotasunean datza. Filme neorrealista italiar baten antza hartzen zaio hasiera-hasieratik, fotogramak xuri-beltzean pasatzen dizkigu Etcheparek, narratzaile orojakilea ia erabat ezkutatuz.” (Mujika, 1991, 12-13)
Bigarren atalean, “Gerezi Gazte” izenburupean biltzen diren narrazioetan, Jean Etxepare haur- eta gazte-literaturako idazle moduan agertzen zaigu. Atal horretan dugu egileak idatzi zituen ipuinen artean ezagunena, liburuaren izenburuan agertzen dena: “Mendekoste gereziak” (Etchepare, 1991, 139-148). Ipuin horri esker irabazi zuen 1959an “Euskal-Kulturaren-Alde” erakundeak antolatutako literatur saria.
Mujika Iraolaren hitzetan, haur eta gazteentzat idatzitako ipuin horiek “maiz asko bere esperientzia pertsonaletik haur garaiko oroimenetan oinarri hartu eta moldatuak” izan ziren (Mujika, 1991, 12). Bada, hainbeste nabarmentzen da molde horretako ipuinen garrantzia, non Iñaki Aldekoak Jean Etxepareren literatur produkzioa haur- eta gazte-literaturaren esparruan kokatzen baitu (Aldekoa, 2004, 252).
Hirugarren atalean Etxeparek kazetaritza-arloan egindako zenbait lan agertzen dira.
Literaturaren ikuspuntutik begiratuta, irakurle heldu zein gazteentzako ipuingintzan egindako lana nabarmentzen da. Ipuinok joera moralizatzailea izaten dute, “humanista eta kristaua” (Mujika, 1991, 13). Edonola ere, idazlearen ereduen artean Pio Baroja zegoela kontuan hartuta, moralitatearen aldetik arazoak plantea daitezkeela pentsatzen du Charrittonek:
“Mementoka beldur bat badugu: Barojaren eta Unamunoren kirastasunak ez ote duen bilduko eta garaituko […]” (Charritton, 1991, 239)
Baina, berehala uxatzen zaizkio beldurrok Charrittoni:
“Zorionez ordea, ixiltasunak eta bakartasunak bortizki frogatua zuten, berak zioen bezala, idazle gaztearen fedea.” (Charritton, 1991, 240)
Jean Etxepare ume gaixobera izan zen, eta berehala ohitu zen inguruan gertatzen zena arretaz begiratzera. Begirada arretatsu horren isla da Etxepareren literatura. Eta begiratutakoa papereratzeko ahalmen horrekin batera, idazleak erakusten duen sentsibilitate berezia ere nabarmendu behar litzateke, Itxaro Bordak azpimarratzen duen bezala, garaiko euskal literatura zurrunean berritasun bat aurki baitaiteke:
“Jatsuko Garaztar idazleak, begiak beti zabal-zabalik atxiki ditu, noski inguruko gertakariak paperreratzeko, baina berdinki, bere bihotz-bihotzeko sentimenduz hornituzko solasak eskaintzeko, hori bait litzateke, berritasun bat, izatearen nortasun soila onartzen ez duen gure sistema honetan. Neskenganako desiraz, bakardadez, amodioz, haurtasunez beteak dira Etxeparen ipuin sensible bezain sensualak.” (Borda, 1991)
Idazleak 1957tik 1961era bitarteko literatur ibilbide laburra izan zuen, eta bere literaturbidea bilatzen zuen bitartean, beste idazle batzuen oihartzunak agertzen dira Etxepareren ipuinetan. Baroja aipatu dugu dagoeneko, baina, Tolstoi, Maupassant, Txekhov edo Daudet ere aipa daitezke.
Duda-mudazko urratsak izan ziren, baina, edonola ere, dagokigun liburuak erakusten du ibilbide labur hori heriotzak moztu ez balu interesgarri bezain garrantzitsua izan zitekeen ibilbidearen lehenengo urratsak besterik ez zirela izan.
BIBLIOGRAFIA
ALDEKOA, Iñaki (2004): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia.
ETCHEPARE, Jean (1991): Mendekoste gereziak. Erein. Donostia.
BIDADOR, Joxemiel (1997): “Etxepareren 60. urteurren ixilekoan”. Euskaldunon Egunkaria. 1997/10/31 [Interneteko bertsioa: http://zubitegia.armiarma.com/?p=bid-55].
BORDA, Itxaro (1991): “Ametsaren erotasuna”. Argia. 1991/09/08 [Interneteko bertsioa: http://kritikak.armiarma.com/?p=3339].
CHARRITTON, Piarres (1991): “Gibel-solasa”. In Etchepare. 1991: 233-243.
MUJIKA IRAOLA, Inazio (1991): “Jean Etchepare Landerretche”. In Etchepare. 1991: 7-18.
« MANUAL DEVOTIO GABECOA EDO IBILGAILUETARA ERABILTZECO ESCU-LIBURUA (1994) | METODO BREVE DE APRENDER LA LENGUA VIZCAYNA (1653) » |