Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

MANUAL DEVOTIO GABECOA EDO IBILGAILUETARA ERABILTZECO ESCU-LIBURUA (1994)

Tere Irastortza
Axun Aierbe

Manual devotio gabecoa edo ibilgailuetara erabiltzeco escu-liburua Pamielak eman zuen argitara 1994an.

Irastortzaren bosgarren olerki-bilduma da, zortzi urtez argitaratu gabe egon ondoren plazaratua, aurreko lana, Osinberdeko kantoriak 1986an argitaratu baitzen.

Olerki-bilduma honen izenburuak Ziburuko Etxeberriren liburu baten izenburuaren oihartzuna dugu, hain zuzen ere, Manual devotionezcoa, edo ezperen oren oro escuetan errabilltçeco liburutchoa. Olerki-bilduma argitaratu zenean, honako hau zioen Irastortzak: “Bereziki zenbait sinbolo hartu eta haien inguruan ibili naiz, baina normalean nahiko idazketa biluzia egin dudala uste dut. Alde horretatik Joanes Etxeberriren antza badauka” (LAKASTA 1994). Baieztapen hori dela bide, izenburuko hitz-jolasa baino sakonagoa da eragina, Irastortzak bere liburua Ziburuko Etxeberriren ispiluan islatuta ikusi baitu. Kortazarrek (1997: 499) Irastortzaren olerki-liburu hau “kateximen parodia”tzat jo du.

Liburu honetan, bost multzotan banatu ditu poemak Irastortzak, eta multzotik multzorako jauzian Luana Dogwilerren grabatuak ditugu ikusgai.

Gabeziaren kantoretzat definitu du Kortazarrek Irastortza (1997: 483-502), eta bosgarren liburu honetan ere elegiaren aurreko bideari jarraiki zaiola deritzo, hain zuzen ere, hausnarketari, literaturari eta bizitzari (1997: 499), Itxaro Bordak esanikoekin bat etorriz. Atalez atal aztertu du liburua Kortazarrek (1997: 500-501), eta aipatzekoa da lehenengo atala dela bide, Gazteluzarren moldean eginiko “joko metaliterarioa” gogora ekartzea.

Gaiei dagokienez, denbora, isiltasuna eta bakardadea nabarmendu ditu Juaristik (1994). Kortazarrek ere, metaliteraturaz gain, hainbat gai nabarmendu ditu: gaua, denboraren jarioa, oroimena eta ahazmena, idazketaren bakartasuna, idazketa prozesuaren anbiguotasuna, ikarak… (1997). Alde horretatik, Kortazarren hitzetan, denboraren joatea eta hizkera poetikoa deuseza izatea loturik daude:

“Irastortzak, gainera, esku trebez lotzen ditu modernitatearentzat garrantzizko diren arazo bi: denboraren joana eta hizkera poetikoaren deuseza. Hizkera poetikoak ezin du denboraren joana eten eta horregatik hurbiltzen da isiltasunera” (1997: 500).

Olerkien alderdirik teknikoenari erreparatuz gero, berriz, honako bereizgarri hauek dira nabarmenenak: egitura paraleloak, kontraste xumeak, hitz-jokoak, sinbolizazioa… (ITURBIDE 1995; KORTAZAR 1997). Gogoeta, pentsamendu eta iruzkin ugari biltzen dituen liburua da, “urteetako hausnarketen ondorio edo” Juaristiren iritziz (1994).

BIBLIOGRAFIA

ITURBIDE, Amaia (1995): “Ahots baten bidean”. Euskaldunon Egunkaria. 1995-04-09.

JUARISTI, Felipe (1994): “Bizitzaren mugak”. El Diario Vasco. 1994-11-12.

KORTAZAR, Jon (1997): Luma eta lurra: Euskal poesia 80ko hamarkadan. Bilbao Bizkaia Kutxa & Labayru Ikastegia. Bilbo.

LAKASTA, J.K. (1994): “Txema Larrearen pasadizu bitxi sorta eta Tere Irastortzaren poema berriak kalean”. Euskaldunon Egunkaria. Nº 1.211.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus