Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

AZTI-BEGIA (1834)

Agosti Xaho
Ur Apalategi

Frantsesez idazle oparoa izan arren euskaraz gutxi idatzi zuen Agosti Xaho zuberotarrak hamalau orrialdeko testu sailkagaitz –eta ardura ulergaitz– bat utzi zion euskal literaturari. Parisen erromantikoen giroan murgilduta igaro zituen urteetan, bertako Prosper Dondey-Dupréren liburutegian, inprimatu zuen Azti-Begia. Euskal tradizio literarioan testu esoterikorik baldin bada, hau genuke duda barik zerrendako lehena eta paradigmatikoena.

Iruzkindu duten ikerleak ez datoz bat testua kualifikatzeko orduan, eta ez da harritzekoa, noraez hau Xahoren idazkiaren bitxitasuna ikusirik. Hala, Txomin Peillen erkidearen aburuz euskal paganismo berriaren aitzindari gisa agertzen zaigu Xaho testu honetan, Jean-Baptiste Orpustanen ustez, aldiz, eguzkiari egindako otoitz panteista genuke begien aurrean. Patri Urkizu, zuhurtziaz apika, Xahok berak ematen duen testu honen definizioa errepikatzera mugatzen da, edizio kritikoaren aitzin-solasean zera esanez: “alegoriak erabili dituela [Xahok], hala kristautasunean nola ekialdeko mitologietan hain garrantzizkoak diren Urtea, Sugea, Kristo eta Bildotsaren irudiak argitzearren eta hobeto konprenitzearren”. Arazoa da Xahoren definizioak ez gaituela erabat asetzen, ezta konbentzitzen. Testua hau baino gehiago da… eta gutxiago ere bai. Izan ere, zazpi atal laburrez osatua egonagatik logika zorrotzegirik gabe egituratua ageri zaigun idazki honek sinboloak, alegoriak edo irudi soilak diren hainbat elementu –Sugea, Ekhia, Argizagia, Axuria, Arraultza, Zuhaitza…– deskribatzen eta goraipatzen baitizkigu, etengabeko harridurek erritmatzen duten tonu sasi-profetiko eta misteriotsuan. Hizkera eta iruditeria berezi hauen bitartez lantzen bide diren gaiek –denboraren izaera ziklikoa, unibertsoko osagaien arteko loturak (astronomia, astrologia eta erlijioa nahasten direlarik)– “kosmogonia filosofiko” baten aurrean gaudela ondorioztatzera eraman ditu hainbat iruzkingile, autorearen esana baieztatuz. Hala izanik ere, kosmogonia baten zirriborroa edo petatxoa baino ez litzateke testu hau. Eta badirudi Xahoren korpus zabalera, eta bereziki frantsesez idatzi zituen testu esoterikoetara, jo beharra dagoela Azti-begiari bere xumetasunean ez duen koherentzia aurkitu nahi bazaio. Horrela, esan daiteke, norabidez tronpatzeko beldur gehiegirik gabe, Xahoren gazte denborako joera sinkretikoaren adibide bat dela testua. Bertan elementu paganoak, kristauak, nahiz filosofiko edo zientifikoak nahasten dira, mundu ikuskera bakarra eta bateratua delarik jomuga. Xahoren mundu ikuskeran –zeinetatik eratorriko edo zeinarekin uztartuko baita bere ideologia politiko errepublikazalea– Ipar barbaroa eta Hego zibilizatua kontrajartzen dira. Hegoaldeko zibilizazio galduaren profeta bardoa edo aztia da (voyans frantsesezko testuetan) –euskal bardoa, jakina, euskaldunak hegotiarrak baitira Xahorentzat– eta Zuhaitzaren sinboloa, berriz, errepublikarena bihurtzen da, bere hiru adarrek errepublikaren lema osatzen duten anaitasuna, askatasuna eta berdintasuna direlarik. Esana gera bedi, urte batzuk geroago, Euskal Herrira itzulitakoan eta bertako borroka politikoan buru-belarri sartuko delarik, Xahok modaz pasatzen ari zen esoterismo sinkretikoa baztertu eta arma erretoriko berriak zorroztuko dituela –kazetaritza polemiko-umoristikoarenak– begirada autokritiko bat eskainiz gazte denborako testuen estilo hanpatuari. Aurretiko guztietatik ondoriozta daitekeenez, euskarazko sorkuntza benetan landu ez zuen autore baten emaitza isolatua da Azti-begia, eta garai hartako euskal testuinguruan bederen guztiz originalak ziren gai eta tonuaren erabilerak ematen dio toki bat euskal literaturaren historian.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus