« LORE JOKOAK | LUR BAT ZURE MINARI (1995) » |
LORETXO (1937)
1937ko urtea ez zen euskal literaturan (eta batez ere euskal narratiban) urte kamutsa izan, errealitateak bizitza itotzen zuen unean, hasi ziren zenbait fikziozko testu agertzen Gerra Zibila gaiari buruz. Eguna egunkarian guda garaiko kontakizun ezagun bat argitaratu zuten.
Txomin Arrutik, Mendi Lautak (Zarautz, 1897-1968) argitaratu zuen nobela Loretxo deitzen da. Egunkarian hamar ataletan argitaratu zen.
1937. urtean (otsailaren 14an, 18an, 21an, 27an, martxoaren 3an, 6an, 7an, 11an, 18an eta 20an) Domingo Arrutik, Mendi Lautak, Loretxo kontakizuna eman zuen argitara. Maiz eleberri deitu izan bada ere, Loretxo kontakizun luze edo nobela laburra da, eta ziurrenik, amaigabea. Dena dela, gerraren esperientzia kontatzeko lehen ahalegina.
Lehen kapituluetan kontakizunaren gaiak zerikusia du ohitura eleberrigintzarekin. Loretxo kanpoko, Madrileko, Xabierrekin ezkontzekoa da, baina lotura horrek gora beherak izango ditu (ez du narratzaileak ongi ikusten) eta azkenean, euskal abertzale den Yonekin ezkonduko da. Narratzaileak ekintza izendatzen ez den herri batean kokatzen du (ziurrenik Zarautz, egilearen jaioterria), eta Loretxoren borondatea berera ekartzeko Yonek euskal aldizkari abertzaleak bidaltzen dizkio Loretxori. Bigarren aldean, Loretxo eta Yon ezkondurik direnean, nobelak maiteen arteko eskutitzak transkribatzen ditu, atal batean Yonenak eta bestean Loretxorena. Yonek Elgetan eta Legution bizi izandakoa kontatzen dio Lortexori, eta honek herrian bizi den egoera berri eta lazgarria du bere gutunen gai nagusi, faxisten menpean bizi duen egoera mingarria.
Hor bukatzen da kontakizuna. Eta badirudi nobelak ez zuela aurrera egin, eta bukatu gabearen itxura mantentzen du. Gainera garaiak aurrera egiten duela idatzita dagoela ematen du, presaz, aditzen neurria zaindu gabe, denboraren koherentzia mantendu gabe. Eta gainera nobelak bere hutsak baditu trama aldetik.
Ipuin luze horrek baditu bere joera bereziak, hala nola, maila narratiboen konbinaketa, eta, inoiz, Loretxo protagonistak bere buruari buruzko berriak irakurtzen ditu aldizkari baten, eta beraz, “mise en abyme” teknika erabiltzen du. Gutun teknika ere ez da nolanahikoa. Yonek bere gutunetan gudan daraman eguneroko bizitza kontatzen dio Loretxori. Dena dela, Gerra Zibilari buruzko lehen testigantza dugu euskal letretan eta garaiko egunerokotasunari oso lotua agertzen da.
« LORE JOKOAK | LUR BAT ZURE MINARI (1995) » |