Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

LORE JOKOAK

Axun Aierbe

Lore Jokoez mintzatzerakoan oroimenera lehen-lehenik datorkigun izena Anton Abadiarena da. Lore jokoek beste izen batzuk ere hartu izan dituzte, esate baterako, koplarien guduak. Gaur egun literatura-lehiaketa edo antzeko izenen bat erabiliko genuke, bizi garen gizartearen ispilu izaki.

Abadiak antolaturiko Lore Jokoen edo koplarien guduen bertso- eta aire-bilduma egin zuen Urkizuk (1997) eta Euskaltzaindiak eta Eusko Ikaskuntzak argitaratu zuten. Zalantzarik gabe, Lore Jokoetarako aurkezturiko testuen berri izateko aukera bakarra da liburu honetara jotzea.

Patri Urkizuk jaso ditu urtez urte eta herriz herri antolaturiko lehiaketetan aurkezturiko lanen izenburuak eta haien egileak, testu saridunak zein diren adieraziz (1997: 48-59); eta testuak argitara eman ditu (1997: 63-418), baita Lore Jokoekin zerikusia duten argazkiak eta agiriak ere, testuen artean tartekaturik.

Argibide argigarri ugari askoak ere eman ditu Urkizuk Lore Jokoen jatorriaz, eta azaldu du nola aspaldikoak diren:

“Jadanik Erdi Aroan, Frantziako Tolosan eta 1323. urtean zehazki, Okzitaniako eremuetan antolatzen hasi zen tolosar burges talde bat Consistori de la Gaya Sciència delakoa, eta trobadoreen hizkuntzan probentzerazko bertso deialdia egin zuen” (1997: 11).

Urkizuk gogorarazten Riquerri jarraiki, Tolosako lehiaketa hark ehun eta hirurogei urtez iraun zuela (1997: 11). Gainera, XIV. mendetik XVI. mendera arte, Frantziako hegoaldetik kanpo ere, izan ziren antzeko lehiaketak, hain zuzen, Pirinioetatik hegoalderantz, bai Katalunian, bai Valentzian, Balear Uharteetan (1997: 11).

Euskal Herrira etorriz, Urkizuren bilduma-liburuan jasotako datu eta testuen laburpena dakarkigu hona: 1851tik 1860ra, Urruñan (1851n testu bat dugu eta 1852an 4 testu) jokatu ziren, baina 1851n eta 1852an ez da ageri saridunik adierazirik. 1953-1856 bitartean urte bakoitzeko gai bana ipinita aurkeztu ziren bertsoak. Honako gai hauek ipini zizkieten: 1853an, “Montevideora dihoan euskal gaztearen bihotz-minak” (1. eta 2. sariak eman ziren); 1854an, “Ohore Laborantzari” (1. saria eman zen); 1855ean, “Emazte edalea” (1. saria eman zen); 1856an: “Herriko Besta” (1. saria eman zen).

1857an lehen saria eman zen, baina 1858an lehen hiru sariak eman ziren eta 14 aipamen egin ziren. Urte horretako 34 testu jaso ditu Urkizuk. 1859an, berriz, lehen lau sariak eman ziren eta 7 aipamen egin. Urte horretako 35 testu jaso ditu Urkizuk. 1860an, lehen bi sariak eman eta aipamen bat egin zen. Urte horretako 33 testu jaso ditu Urkizuk. Zalantzarik gabe, gero eta arrakasta handiagoa zuten eta gero eta jende gehiago erakartzen zuten.

1857tik 1878ra arte ez zen aldez aurretik gai jakin bat ipini; 1879an, ordea bai: “Euskaldunen gauzik maitena”. 1880an ez dago gairik ipinita, baina bai 1881ean: “Euskal Herriaren batasuna, librea”. 1882an eta 1883an gai librean aritu ziren. 1884tik 1891ra gaia adierazi gabe dagoenez, pentsatzekoa da  gai librean aritu zirela, baina 1892an berriro adierazten da gaia librea dela. 1893an gaia adierazi gabe, baina 1894an “Madalena Larralde Sarako martiraren istorioa” zen gaia, eta 1895ean ere antzekoa, hain zuzen, “Magdalena Larralde”, 1896an bezalaxe. 1897an ez dago gairik adierazita.

Gaiekin gertatu bezala, lekuz ere aldatu ziren Lore Jokoak, izan ere, 1851tik 1863ra Urruñan egin ziren urtero, 1861ean izan ezik, ez baitzen egin. 1864tik 1869ra Saran egin ziren. Baina, berriro ere urtebeteko etena gertatu zen gerra zela-eta 1970ean. Baina 1871n, berriro ekiterakoan, Saran antolatu ziren, 1871tik hasi eta 1876ra arte, nahiz eta 1872an eta 1876an saridunik izan ez. 1877an, ordea, Donapaleun antolatu ziren. Baina, berriro ere Sarara itzuli ziren 1878an (harrigarria badirudi ere, ez zen lehen saririk eman, bigarren saria soilik baizik). 1879an Hego Euskal Herrian antolatu ziren, hain zuzen ere, Elizondon. Haatik, 1880an berriro ere Ipar Euskal Herrian izan ziren, baina ordukoan, Zuberoan, Maulen hain zuzen ere. 1881ean bigarren aldiz ageri da Hego Euskal Herriko toki bat, hain zuzen ere, Irun, hau da, Gipuzkoan oraingoan lehen aldiz. 1882an berriro Saran izan ziren, eta 1883an lehenengoz Bizkaiko herri batean,  Markinan, hain zuzen. Alabaina, 1884an eta 1885ean Sara izan ziren berriro. Eta 1886an, bigarrenez Gipuzkoan, Urnietan, hain zuzen. Horrela bada, azken urteetan urtero aldatu zen tokiz, baita probintziaz ere gehienetan: 1887an, Azkainen; 1888an, Kanbon; 1889an, Donezteben; 1890ean, Maulen; 1891n, Iurretan; 1892an, Donibane Lohizunen; 1893an, Azpeitian; 1894an, Donibane Garazin, baina ez da ageri saridunik; 1895ean, Beran, eta 1. saria hutsik geratu zen; 1896an, Maulen; eta azkenik, 1897an Billaron 1. saria eman zitzaion Urkizuk jaso duen testu bakarrari.

BIBLIOGRAFIA

Urkizu, Patri (arg.) (1997): Anton Abadiaren koplarien guduak: Bertso eta aire zenbaiten bilduma 1851-1897. Euskaltzaindia & Eusko Ikaskuntza. Bilbo & Donostia.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus