« LETURIAREN EGUNKARI EZKUTUA (1957) | LIBURU HAU DA ITSASOKO NABEGAZIONEKOA (1677) » |
LEUROPA (2002)
Sastreren seigarrena eleberria idazleak erregistroz aldatzeko duen gaitasunaren froga berri bat da. Izan ere, bi urte lehenago argitaratutako Henriren irudia hermetiko bezain erakargarriaren ondotik askozaz ere eskuragarriagoa den nobela “erraza” burutu du Leuropa sortzean.
Literaturak zinemari mailegatu dion road-movie izeneko azpigeneroan sailka daiteke obra. Oro har lineala den kontakizunean, bi pertsonaia nagusietako bat den narratzaileak –Tximi ezizenez baino ezagutuko ez dugun euskaldun-marokoarra– berak eta Saki izeneko andoaindar batek buruturiko bidaia kontatzen digu. Generoan ohikoa denez, bidaiari loturiko gorabeherak bi pertsonaien pixkanakako bilakaerarekin txirikordatzen dira. Era berean, ezaugarri eta nortasun kontrajarriak dituzten pertsonaiak aukeratu ditu autoreak bidaia literarioari ahalik eta zuku gehien ateratze aldera. Saki kamioilari autonomo andoaindarra “anker sinpatikoen” taldean koka dezakegu. Berak antolatuko duen bidaiaren helburuak ankertasun horren ideia zehatza ematen digu: ahalik eta marokoar gehien –langile zein prostitutagaiak– ekarri nahi ditu bere kamioian ezkutaturik Espainia aldera, diru truk, jakina. Mugazainen susmoak uxatzeko eta hango “kontaktuekin” komunikatzeko baliagarri izango zaiolakoan eramaten du Tximi berarekin. Tximi aita marokoar eta ama euskalduneko nerabe “dickensiar” bat da, ama hil zenetik amona andoaindarraren etxean bizi dena haurtzaroa Iparraldean (Baionan eta Donibane Lohitzunen) igaro ostean. Tximik bere buruaz berak aitortzen duenez, mutiko “motxamarra”, Sakiren kontrapuntu herabe eta xaloa da.
Tximiren moduko pertsonaiari kontakizunaren ardura ematean datza Sastreren apustu literario nagusia eta, tarteka, muga. Bestelakoan arrunta den kontamoldeari eutsiz eta hedabideen bitartez irakurleak jadanik ezagutzen duen gai sorpresarik gabea landuz, liburuaren originaltasuna narrazioan datza osorik. Tximiren nortasun bikoitza eta hortik garatutako jakintza –arabiera gutxi gora behera menderatzen du, kasurako– nobelaren hainbat pasartetan lagungarri egiten zaizkio idazleari. Bestalde, narratzailearen izaera “maitagarria” eta begirada itxuraz tolesgabea baliatuz Sastrek gozoa eta garratza oso modu naturalean nahastea lortzen du. Azkenik, Tximik darabilen hizkera ere aurkikuntza atsegin bezain baliagarria da. Gaztelaniaz eta akats gramatikal zein ortografikoz zipriztinduriko ahozkotasun “ez-literarioa” baliatuz, Tximiri, eta oro har kontakizunari, sinesgarritasuna ematen dio Sastrek, nahiz baduen honek guztiak bere ifrentzua.
Izan ere, gai astunaz zamaturik egon arren, –giza trafikoa eta fenomeno trajiko honi loturiko miseria guztiak– inoiz astuna izan nahi ez duen eleberri honek Tximiren eta bere hizkeraren bitartez lortu egiten du finean “irakurterraza” bihurtzea. Ikastetxeetan landua izateko material literario ezin egokiagoaren itxura hartzen du une horietan liburuak –bereziki eleberriaren bukaera ideologikoki zuzenera iristean– eta, paradoxa badirudi ere, bere idazkeraren eta “idazle tximinokeria” eraginkorraren arrakasta bera nozitu egiten du liburuak neurri batean.
« LETURIAREN EGUNKARI EZKUTUA (1957) | LIBURU HAU DA ITSASOKO NABEGAZIONEKOA (1677) » |