« AZALAREN KODEA (2000) | AZTI-BEGIA (1834) » |
AZALPENAK 1931-1935
Azalpenak izenburua jarri zion Esteban Urkiaga Lauaxetak (1905-1937) Orixek 1931ean Euskaldunak idaztera joandakoan utzi zion Euzkadi egunkariko euskal orrialdearen zuzendaritzapeko sail bereziari. Baina Euzkadin argitaraturiko artikuluak ez dira “Azalpenak” sailekoak soilik. 1931 baino lehenago hasiko da kolaboratzaile legez argitaratzen, 1929ko Otsailaren 7an hain zuzen ere. Dena dela, “Azalpenak” saileko testu gehienak 1931-1933 bitartean idatziko ditu. Artikuluok, sakabanaturik eta bildu gabe egon ziren 1982an Labayru ikastegiak J. Kortazarrek eginiko Azalpenak 1931-1935 bilketa lana eta hari buruzko azterketa argitaratu zuen arte. Bertan “Azalpenak” saileko artikuluak datoz bilduta, batez ere 1931-1933 bitartean argitaratutakoak. Baina badira, J. Kortazarrek (1982: 14) eginiko gehigarri bi: alde batetik, literaturari buruzko artikulurik gehienak batzen direnez, 1930 eta 1935eko hiru artikulu sartu ditu, Lauaxetaren kontzepzio poetikoa ezagutzeko garrantzitsuak direlako. Bestetik, 1934an “Ipuin barregarriak” sailean argitaratutako ipuinak ere ematen dira, gutxi izan arren Lauaxetak idatziriko luzeenak direlako.
1991n Euskal Editoreen Elkarteak A. Mallonak prestaturiko Azalpenak eta beste 1932 argitaratzen du. Bertan 58 artikulu agertzen dira kronologikoki ordenaturik. Baina “Azalpenak” saila 1931ko martxoaren 21ean hasi zela jakinik, “aukeratutako artikuluak garai horretakoak lirateke , (nahiz eta batzuk zuzenki “Azalpenak” atalekoak ez izan…).” (A. Mallona 1991: 13). Aurreko argitalpenean 66 testu dira, baina bat, “Eztabaida” izenekoa, baino ez da Klasikoak sailean errepikatzen. 113 artikulu, beraz, bilduma biak kontutan izanez gero. Dena den, Labayru ikastegiko argitalpena erabiliko dugu hemen, bertan batzen baitira saileko testu gehienak, eta epe luzeagoa hartzen baitu.
“Azalpenak” saileko artikuluak iritzi artikuluak dira batez ere, baina kontutan izanik garaiko kazetaritza politikarekin estu loturik zegoela eta iritzi artikuluak alderdien menpean zirela oro har. Askotan hartuko diegu polemika kutsua bildumako testuei. Egia esan, balio literarioa ez da sarri agertuko, zentzu politikoak eta debate jokoek eragin handia baitute idazlearengan, egunerokotasunaren presarekin batera.
Lana hiru arotan bana daiteke : a)1929-1930, b) 1931-32 eta c) 1933-36. Lehen garaian, 1929-1931, “Azalpenak” saila hasi arteko lanaren ikurtzat har dezakegun aroan, 51 kolaborazio argitaratuko ditu Lauaxetak; 17 artikulu 1929an eta 34 1930ean. 1929ko otsailaren 1ean agertzen da lehen idazkia, eta ez da artikulua, poema baino. Garai honetan poemak argitaratuko ditu “Euskeraz” sailean, ondoren Bide Barrijak, bere lehen liburuan batuko dituenak, Erromantizismo eta Sinbolismoaren ildoari jarraiki, eta horrela segituko du abendura arte. 1930ean argitaraturiko poemak Europako sinbolisten itzulpenak izango dira. Itzulpenok Lauaxetaren iturri eta irakurketei buruzko informazioa ematen digute: Europako klasikoak (Dante eta Goethe) Frantziako sinbolismoaren maisuak (Baudelaire eta Verlaine) eta jarraitzaileak (Sully, Proudhome, Maurice, Maeterlinck, Francis, Jammes, Lemâitre) edota Verdaguer eta Andersen. Zerrenda gero eta luzeagoa izango da, gainera. Poesiaz gain, badira euskal liburuen kritika, Kirikiñoren omenaldia eta pare bat artikulu politiko.
Bigarren aroko (1931-1932) lehen kolaborazioak ere olerkien itzulpenak eta literatura artikuluak dira. J. Kortazarrek 1931ko martiaren 21ean datatzen du garai honetako “Azalpenak” saileko lehen artikulua, “England-eko diruak” izenburuduna, otsailaren 24an eta geroago, martiaren 21ean, agertuko direnen gai bertsua lantzen duena. Maiatzetik aurrera ia egunero idatziko du zerbait eta 1933ko maiatzera arte jarraituko du. Tartean, 1931ko azaroan, euskal orriaren zuzendaritza Lauaxetaren gidaritzapean egon zen.
Hasieran, saileko idazkiek ez zuten izenburu zehatzik, denak ziren “Azalpenak”, baina denborarekin, bakoitzaren berezitasuna indartu joan eta sailaren izenburuak iraun bazuen ere, artikulu bakoitzaren izenburuak argi utzi zuen zertaz ari zen. Aldaketa 1931ko uztailean gertatu zen.
Garai honetan kazetaritza eta mitinak jokaera politikoa zabaltzeko tresna bihurtzen ditu Lauaxetak. 1931ko hasierarako hasia zen mitinak ematen, eta apirileko hauteskundeetarako haien berri agertzen da bere sailean. Antzerkia ere argitaratuko du: Asarre aldia eta Epaia. Eta maiatzean “Gaztetxoen atala” deituriko orrialdearen bidez ume eta gaztetxoenganako ardura erakutsiko du ipuin eta komikiak argitaratuz, nahiz eta hauek letra askotxo eta irudi gutxi izan. Gazteak gomutan dituzten alegiek “Umeentzat ipuinak” atalean izango dute jarraipena, baina sailak ez du uztailetik aurrera iraungo. Gaur egun Etoren argitalpenean irakur daitezke idazkitxo hauek.
Badirudi Lauaxeta aspertuxe dagoela1932an, eta urte bereko abuztuaren bukaeran utzi egingo dio sailean idazteari. Hala ere urriaren 4an berriz ekingo dio lehengo lanari, baina ez luzerako, 1933ko maiatzean bere prosa lanaren egitura aldatzea erabakitzen baitu.
1933-1936 urte bitarteetako aroan, aurretik hartutako erabakia dela eta, ez du aurrerantzean sail bakarra, “Azalpenak” izenpetuko, hiruzpalau baizik: “Egunekua”, “Zirikadeak”, “Ispar saila”, “Izpar Urtenenak”, “Jakingarrienak”, “Gai Jakingarrienak”, “Zirika”, “Eztakixu” eta “Autu-Mautuka”. Arestian batasuna zuten folio bitako artikuluaren ordez, albiste txikiagoak ekarriko ditu, eta ez du beti iritzi artikulua landuko, ez bada gaurkotasunarekin lotuago dauden gaiak ere jorratuko ditu. Artikulu gehienak izenpetu gabe agertzen dira.
Sail berriok eta izenpetu gabeko testuak gogoeta zein berri soilen bultzadaz eginak dira, ez dute Azalpenakek duten besteko interesik. Lauaxetaren eta haren giroaren berri emanik ere, ez dute estilo literarioa erakusten. Literaturen aldetik, olerkigintzarako eta itzulpenerako bihurtze bat dagoela esan daiteke. 1933ko urrian sail berria zabalduko du:“Izkiñuak”. “Lora billa neskea” da bertan agertutako lehen poema, ondoren Arrats Beran liburuan batuko dituen beste zazpi, bederatzigarrena, ordea, ez da liburuan bilduko. Atalak 1934ko maiatzera arte iraungo du. Prosazko lanei dagokienez, erdaraz idatzitako teatroaren kritikari ekingo dio, antzerkiaren berpizkundea indartuz.
Azalpenak sailean irakurleriarenganako lotura zaindu nahi da, eta idazleak beharturik sentitzen du bere burua irakurleak nahi duena idaztera. Irakurle jakin molde jakinarentzat idazten du: euskalduna eta jeltzalea, mezu politikoa zuzen hartuko duena, Bilbotik kanpo bizi dena, eta inoiz baserritarrentzat ere. Dena den, hainbat gertakizun hirian kokatzen ditu, eta baserritarrak hiritarren ikuspegitik ageri zaizkigu, erruralismoaren irudi liluragarria utzi eta bizimodu gogorra baten baino gehiagotan aipatuz. Hori guzti hori, irakurleriaren aurriritzi ideologikoak indartzera dator.
Labayru ikastegiak eginiko edizioan hiru multzotan banatu dira artikuluak. Lehen multzoa generoaren arabera egin da, eta batez ere 1931 eta 1932an idatzitako ipuinak bildu dira. Ipuin barregarriak dira, Kirikiñok zabaldutako bideari jarraiki egindakoak, dirudienez artikuluen tonua errazteko egiten da, baina originaltasun handirik gabe. Izan ere, Kirikinorena baino umore gaitzagoa du Lauaxetak, hizkuntzaren jabetasunean baino ekintza eta pertsonaia berezietan oinarritua. Hiriko ikuspegia darabilela gogoratu behar da, hiritarra izango dugu sarritan Lauaxetaren ikuspegia, eta hiritar adarjotzaile zuhurrak agertuko zaizkigu. Aipatutako horiek lirateke berrikuntzak, mezu eta ideologiari dagokionez aurrekoen bidea jarraitzen baitu, erdalduneni egindako ziriak eta pertsonai lau eta xinpleak ekarriz. Umorea era bitara ageri da ipuinotan: txisteen bidez, hitzen zentzuen joko linguistikoak eginez; eta bietan gehien erabilitako baliabidearen bidez, hots, egoeren bidez, pertsonaien edo Lauaxetaren beraren ekintzetatik tiraka sortutako umoreaz, alegia. Baina testuon balioa hizkuntzaren adierazkortasunean eta aberastasunean datza. Denboran aurrera egin ahala, heldutasun handiagoa nabari zaio estiloaren aldetik Lauaxetari, batez ere irakurlearen hizkerarekiko hurbiltasunean, hiztegian, neologismoen erabilera urritzeko joeran eta hiztegi tradizionalera jotzean.
Bigarren multzo baten 1930eko otsailetik 1935eko irailera bitartean argitaraturiko hamalau artikulu bildu dira literatura gaiaren inguruan. Horien artean, azpimarragarria da “Erantzuna” izenburupean 1932ko urriaren 14, 15, 16, 18, 19 eta 20ean atalka agertutako testu sorta,. bertan bere poetikaren nondik-norakoak argitzen baititu Lauaxetak. N. Ormaetxea, “Orixe”-ri erantzuna emateko aitzakiaz, bere zaletasun poetiko eta poesia idazteko eredu izan zaizkion idazleen zerrenda egiten du, idazle klasikoetatik hasi eta bere garaitik hurbilago dauden Maragall, Apollinaire, Valery eta Baudelairerekin amaitu arte. Baina badira bestelako testuak ere: argitaratu berri diren liburuen kritikak eta kritikei egindako erantzunak, elkarrizketa erara antolatutakoak, Unamunoren jarrera dela eta idatzirikoak, Bizkundearen mugimendu eta kontzeptuari buruzkoa, idazleei buruzko iritziak, eta Lizardiri heriotza ondoan eskainirikoa.
Azken multzoan Lauaxetaren pentsaeraren berri ematen duten 30 idazki biltzen dira 1931ko apiriletik eta 1933ko maiatzera arte. Oraingoan gai ugari jorratzen dira, hala nola: fede Kristaua agertzen duten idazkiak, langileen batasun eta batzarren aldekoak, komunistei buruzko iritzia, egungo bizimodua kritikatu eta tradizio zaharren aldekoak, Lizarran eginiko euskal udalen biltzarrari buruzkoak, baserritarrek izandako galerak zirela eta langileen egoera salatzen dutenak, emakume abertzalearen zereginari buruzkoa, garaiko tirabira politiko eta sozialei buruzko iritziak, kirolak politikan duen eraginaren ingurukoa, Prusiako hauteskundeak zirela eta Hitlerrek jokatutako paperaren gainekoa, eta horrekin batera Stalin eta Mussoliniren jokabideari buruzko iritzia. Ikusten denez, ugari dira Euskal Herriko, Espainiako eta Europako gorabehera politiko eta sozialak direla eta garatutako idazkiak, beti ere euskaldun baten ikuspuntutik idatziak, euskaldunarengan eragindako ondorioak inoiz ahaztu gabe. Baina ez dio, hala ere, horregatik jolaserako keinuak egiteari utziko, badira erromeria, jai edo “Joko barria” idazkitxoan legez, yo-yo izeneko jostailu berriari buruzkoak ere, nahiz eta idazlearen begirada zorrotzak laster ikusten dituen jostailu, kirol eta modak gizarte tirabirak baztertzeko eta estaltzeko tresna legez.
Lauaxetaren Azalpenak saileko idatziak baliagarri zaizkigu, alde batetik, sei urtetan zehar, saltoka bada ere, bere lanari buruz, idazle legez dituen iritzi eta asmoei buruzko datuak ematen dizkigutelako, baina, batez ere, inguruan dituen bizilagun, langile eta hiritarrei buruzko irudia eta iritzia eskaintzen dizkigulako. Garaiko gatazka politiko eta sozialetan murgildurik bizi den idazle eta hiritar legez aurkezten digu bere burua Lauaxetak, eta gatazka hauetan badu zer esan eta zer eztabaidatu. Ez da ikusle soila, parte hartu egin nahi du, idazkiekin eta ahotsarekin parte hartu nahi du, alegia.
BIBLIOGRAFIA
URKIAGA, Estepan “Lauaxeta” (1982): Azalpenak 1931-1935. Labayru ikastegia. Bilbo.
URKIAGA, Esteban (1991): Azalpenak eta beste 1932. Euskal Editoreen Elkartea. Klasikoak Saila. Donostia.
AGIRRE, A.; ALMEIDA, A.; CAYERO, I.; PIRES, J.; TELLAETXE, Z.; BILLELABEITIA, M. (2005): “Euzkadi 1913-1937, Euskara eta euskal atalaren garapena. Lauaxetaren “Azalbenak”. In Esteban Urkiaga, Lauaxeta (1905-1937). Egan-Erroteta. Donostia.
« AZALAREN KODEA (2000) | AZTI-BEGIA (1834) » |