« LEHENAGO ZEN BERANDU (1995) | LEIENDAK (1879-1891) » |
LEHENAGOKO ESKUALDUNAK ZER ZIREN (1889)
Michel Elizanburu (1826-1895), Elissamburu ortografia zaharrean, Piarres Adame lanaren egile Jean Baptisteren lehengusua zen. Azken hori errepublikazalea bazen, Michel “zurien” ordezkari gisa aurkezten zaigu, “gorriak” gupidagabe astintzen zituen horietako bat omen zen. Mitxelenak hitz hauekin definitzen du Elizanbururen jarrera:
“[…] fue un polemista sañudo que no tuvo grandes contemplaciones con sus enemigos los radicales, vivos o difuntos, y a quien el estado de permanente indignación en que vivÃa prestó a veces tonos de auténtica elocuencia.” (Mitxelena, 2001, 134).
Santi Onaindiak, bere aldetik, hauxe dio idazleaz:
“Orduko framazoi ta errepublika zaleen aurka erruki gabe dantzatu zuen txibita.” (Onaindia, 1973).
1889an eman zuen argitara Lehenagoko eskualdunak zer ziren. Gerora, 1993an, berriro argitaratu zen liburua, Euskal Editoreen Elkartearen bidez. Dagokigun liburuan, dena dela, ez da egilearen gainerakoetan bezain markatuta agertzen Elizanbururen izaera polemikatsua; bada, honakoan, haurtzaroko euskal mundua, orduko ohiturak eta bizimodua aurkeztu nahi izan zituen. Liburuaren lehenengo atala hasi baino lehen, hitz hauek irakur ditzakegu, liburuaren azpititulutzat har daitezkeenak: “Eskual-Herriko usaiak zer ziren orai duela hirur hogoi urthe.”
Haurtzaroko Euskal Herria erakutsi nahi horretan, Bidadorrek Elizanbururen liburu honen asmoa Txomin Agirreren ildoan kokatzen du, “aurreko euskaldunen bizitza idilikoaren iduri errepikatua” aurkeztu nahi zuen (Bidador, 1995). Izan ere, horixe nabarmentzen da idazlanean: aurreko euskaldunen ohiturak aurkeztean, lehen eta orain lehia jarri zitzaion egileari begi aurrean, eta, tradizioaren goraipamena egin ohi duten idazle gehienei bezala, iragana beti hobea iruditzen zitzaion Elizanbururi.
Bestalde, Gabriel Frailek hiru ardatz ikusten ditu Elizanburuk lehenagoko euskaldunen bizimodua aurkezteko duen moduan: kristautasuna, apaltasuna eta ohitura garbiak. Frailek zera gaineratzen du: Elizanbururen ustez, bizitzea tokatu zitzaion garaianl, euskaldunen berezko izaeraren ezaugarri horiek galtzen ari ziren.
Edonola ere, haurtzaroan ezagutu edo oroimenaren bidezidor bereziei esker berreraikitako bizimodu tradizional hura aurkezteaz gain, eredutzat ere eskaintzen die orduko euskaldunei.
Liburua sarrera batez (“Prefazioa”) eta hamabost atalez osatuta dago, eta nobela izateko beharko lukeen argumentu-hari sendorik ez badu ere, egitura narratiboaren lehenbiziko aztarnak baditu, Salaberrik adierazten duen bezala. Oinarrizko egitura narratibo hori dela-eta, Salaberrik bi ezaugarri azpimarratzen ditu: pilaketaren teknika eta denboraren tratamendu laxoa.
Gertakariak alegiazko etxe batean gertatzen dira (Karakoetxe deitzen da euskalduntasun tradizionalaren gordailu den etxea), eta liburuan kontatzen den guztia egia balitz bezala eskaintzen zaio irakurleari. Edonola ere, idazleak aldaketa batzuk egin dizkio funtsean egiazkoak diren gertakari horiei; idazleak berak esana da egiaren alorrean hainbat lizentzia hartu zituela, esaterako, pertsona izenak aldatzea edo hainbat pertsonari gertatutakoak liburuan pertsonaia bakar batek protagonizatzea. Beraz, sakonean egia omen dugu liburuan kontatzen dena, eta “fikzioa” dei genezakeena sakoneko egia janzteko eta aurkezteko erabili den azaleko forma baino ez litzateke.
Liburuaren hamabost ataletan zehar ikusten denez, Karakoetxe izeneko etxeak Euskal Herri tradizionala irudikatzen du, eta metonimia erraldoi baten aurrean egongo bagina bezala, etxe horretan agertzen dena Euskal Herri osoaren sintesia da. Hamabost ataletan orotariko gaiak jorratzen dira, betiere lehengo ohiturak hobeak zirela jakitera emanda: janarietan eta janzkeretan orduko euskaldunek zuten apaltasuna, familian eta lanean zuten jokaera, erlijio-ohiturak, historiatik ateratako pasarteak, jokoak eta jolasak… Askotariko kontuak biltzen dira idazlanean, eta, horrela, idazlearen haurtzaroko mundua, benetakoa zein berreraikitakoa, agertzen zaigu, ia paradisu bat izango balitz bezala, denboratik kanpo. Baina, denbora tartean sartzen denean, modernitateak ekarri ohi dituen aldaketak agertzen direnean, paradisuzko mundu hori hondatu besterik ezin daiteke egin, eta horixe da bere garaian idazleari begien aurrean aurkezten zaion errealitatea, eta dagoeneko aipatu dugun lehen eta orain lehia agertzen zaio.
Izan ere, idazlearen ideologiaren arabera, ezin hautsizko triangelu bat osatzen zuten modernitateak, aldaketak eta endekatzeak. Bada, triangelu horrek euskaldun garbien izaera berezko eta aldaezina apurtzen zuen.
BIBLIOGRAFIA
BIDADOR, Joxemiel (1995): “Elizanburutarrak: xuri ta gorrien arteko liskarren adibidea”. Euskaldunon Egunkaria. 1995/09/01 eta 1995/09/08 [Interneteko bertsioa: http://zubitegia.armiarma.com/?p=bid-14].
FRAILE, Gabriel (1988): “Michel Elissamburu”. In ELISSAMBURU, Michel (1988): Frantziako hirur errepubliken istoria labuzki. Euskal Editoreen Elkartea [Interneteko bertsioa: http://zubitegia.armiarma.com/?p=mar-194].
LAFITTE, Piarres (1990): Euskal literaturaz. Erein – Euskal Editoreen Elkartea. Donostia. 204-207. orr.
MITXELENA, Koldo (2001): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia. 134. orr.
ONAINDIA, Santiago (1973): “Mixel Elizanburu”. In Euskal literatura II. Etor. [Interneteko bertsioa: http://zubitegia.armiarma.com/?p=ona-268].
SALABERRI MUÑOA, Patxi (2002): Iraupena eta lekukotasuna. Euskal Literatura idatzia 1900 arte. Elkar. Donostia. 194-196. orr.
VILLASANTE, Luis (1979): Historia de la literatura vasca. Ed. Arantzazu. Burgos. 181-183. orr.
« LEHENAGO ZEN BERANDU (1995) | LEIENDAK (1879-1891) » |