Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

LARREPETIT (2002)

Pello Lizarralde
Fco. Javier Rojo Cobos

Pello Lizarralde azken urteotan euskal literaturan aurki daitekeen idazle interesgarrienetako bat da. Poliki-poliki, zalapartarik gabe, ibilbide sendoa eta koherentea eraikitzen ari da, halako moldez non esan daitekeen kultuko idazlea bihurtu dela. Ibilbide horren adibide ikusgarri moduan aurkezten zaigu Larrepetit izenburuko nobela, 2002an argitara eman zuena. Liburua arrakastatsua izan zen, alde batetik kritikak arreta handia eskaini zitzaion, bibliografian agertzen diren erreferentziak lekuko; baina, beste alde batetik, saritua ere izan zen, 2003an Euskadi Saria eta Kritika Saria lortu zituen-eta idazleak.

Nobelaren argumentuak honetan datza: xehetasun handiz kontatzen da nola bi pertsonaiak ihes egiten duten, guardia zibilek udaletxe bateko ziegetatik eraman nahi dituztenean. Hasieran, pentsa liteke intrigazko eleberri bat dela, baina intriga interesgarria izan arren, Lizarralderen literaturan badaude beste interesgune batzuk, bere literaturari gain-balioa ematen diotenak. Bada, aipatutako bi pertsonaiak (Joxe, ijitoa esaten diotena, eta Abel, “Larrepetit” ezizenduna) ihesean hasten dira, mugara heltzeko asmoarekin, Frantziara pasatzeko helburu lausoa baitute. Ihesaldia gertatzen den lekua (Nafarroako iparraldea) eta garaia (60ko hamarkada edo 70eko hamarkadaren hasiera) modu zehaztugabean aurkezten zaizkio irakurleari; irakurleak aurrean dituen aztarnak interpretatu egin behar ditu gertakariak garaian eta espazioan kokatzeko; izan ere, xehetasun marjinalak (adibidez, auto baten matrikula) guztiz garrantzitsuak dira Lizarralderen literaturan argumentuaren markoa zehazteko.

Ihesaldiaren kontakizuna hirugarren pertsonan eta orainaldian egiten da, narratzaile inpertsonal baten bidez. Narratzaile horrek kontakizunaren ikuspuntua batez ere pertsonaien sentsazioetan zentratzen du. Itxuraz objektiboa da, eta pertsonaiek senti dezaketena eta ikus eta entzun dezaketena baino ez du kontatzen, hori bai, xehetasun handiekin. Narratzaileak pertsonaia nagusiek ikusten eta entzuten duten berbera ikusten eta entzuten du, eta noizean behin zer pentsatzen duten azaltzen badu ere, hori salbuespena izaten da. Narratzaile hotzaren inpresioa uzten du, kontatzen duen hori ez du interpretatzen, ez eta baloratzen ere.

Batez ere pertsonaien sentsazioak jakitera ematen dituelarik, ez du aurreko gertakarien informaziorik ematen. Gauzak horrela, irakurleak ez daki zein den pertsonaia horien historia, zer gertatu zaien kontakizunean agertzen zaizkigun gertakarien garaia baino lehenago. Irakurleak ez daki zergatik dauden atxilotuta udaletxeko ziegetan, ezta egin duten delitua hain larria den ere halako ihesaldi bati ekiteko. Eskaintzen diren zantzuak interpretatuz, irakurleak sumatu egin dezake Abelen delitua txikia izan behar dela, besterik ez. Hala, irakurleak pertsonaien hitzen zain egon behar du lehenaldiari dagokion daturen bat jakiteko. Momentu horretan, pertsonaia batek hitz egiten duenean eta besteak hitz horiek entzuten dituenean, jakingo ditu irakurleak xehetasunak. Horren ondorioz, ematen du pertsonaiak lehenaldirik edo historiarik gabeko orainaldi absolutu batean mugitzen direla, oroitzapenek lekurik ez duten orainaldi batean; narratzailearekin batera gertatu ahala gertatzen denaren lekuko sentituko da irakurlea.

Pertsonaiek iparralderantz egin nahi dute ihes, eta ihesaldiak konnotazio ia mitikoak hartzen ditu. Frantziako mugara heltzea, beste aldera pasatzea, da haien helburua, baina muga hori zerbait gehiago delako inpresioa geratzen zaio irakurleari. Ematen du pertsonaiek muga hori zeharkatzea lortuko balute, Iparralderantz jarraituko luketela, “beste muga bat” zeharkatzeko eta “beste alde batera” heltzeko. Ihesaldiak, antza, helburu zehatza du, baina helburu hori lortzekotan daudela dirudienean, helburua bera mugitu egin dela senti dezake irakurleak. Helburuak norabidea markatzen du, baina ez da inoiz azken helmuga izango.

Ihesaldian Joxek eta Abelek Lainezen laguntza izango dute. Pertsonaia hori herriz herri doa Nafarroan zehar drogeria produktuak saltzen, Dodge markako auto batean; autoak, matrikulan, “BI” letren ondoren bost zenbaki ditu. Narratzaileak pertsonaia horrekin Joxerekin eta Abelekin duen jarrera berbera du: agertzen denean, zer egiten duen badakigu, zer sentitzen duen ere bai, eta, noizean, behin zer pentsatzen duen ere. Jakin badakigu sekreturen bat baduela, sekretuaz xehetasun txikiren bat baino ez badugu ere: tren-geltoki bateko langile bati pakete misteriotsu bat ematen dio. Sekretua handitu egiten da Lainezen eta geltokiko langilearen arteko elkarrizketatxoa irakurtzen dugunean. Lainez hasten da hitz egiten:

“– Eta herri honetan hitaz gain ba al dago ba gure aldeko beste inor?

— Bai, baina hi lasai, behar denean jakinen dituk gauzak zehatzago.” (Lizarralde, 2002, 32).

Kontatzen diren gertakariak baino lehenagoko misterio bat dago, eta, horri buruz ia daturik ez daukanez, irakurlea suposizioak egiten hasten da: zer zegoen Lainezek autoan ordezko gurpilaren ondoan zeraman paketean? Zertan ari dira pertsonaiok? Konspirazio modukoren bat al da? Galderok, ordea, ez dute erantzunik izango.

Kontakizunean agertzen diren bi hari narratiboak, Joxeren eta Abelen ihesaldia eta Lainezen bidaia, banatuta agertzen zaizkigu, eta, gero, kasualitatez, bat egiten duten. Dena dela, Lizarralde inoiz ez da saiatzen kasualitatea azaltzen artifizio argumental berezien laguntzarekin, kasualitatea horixe baino ez baita, kasualitate hutsa, eta, hain zuzen ere, horrexegatik gertatzen da hain sinesgarria. Gertakariek modu guztiz naturalean garamatzate kasualitate horretara, narratzaile demiurgoren baten manipulazioaren ondoriozkoak diren inolako inpresiorik utzi gabe.

Ihesaldiaren kontakizunean paisaiak ere berebiziko garrantzia hartzen du, eta istorioko beste pertsonaia bat dela pentsa daiteke. Baina paisaia gehienetan ez da deskribatutako paisaia hori, pertsonaien sentsazioen bidez kontatutako paisaia da. Ondorioz, paisaia inpresionista dugu, narratzailearen hitzez barik pertsonaien sentsazioez osatua.

Kontakizuna xehetasun guztietan gelditzen da, eta poliki-poliki egiten du aurrera, itxuraz lotura handirik ez duten eszenen segida baten bidez. Eszenen erabilera horri esker, istorioaren eta diskurtsoaren arteko isokroniaren inpresioa uzten du idazleak, eta, dagokiguna nobela laburra den arren (128 orrialde zituen liburuak lehenengo argitarapenean), gauzak kontatzeko behar izan den denbora erabili dela dirudi; horrez gainera, sistema horrek irakurleak muntatu behar duen puzzlearen itxura ematen dio eleberriari. Izan ere, narratzaileak ez du inoiz adierazten zein den eszena desberdinen arteko lotura, hori irakurlearen esku geratzen da. Narratzailea pertsonaiak mugitzen diren maila berberean kokatzen da, eta gertakariak interpretatzen ez dituenez, ekintza sinpleena ere sinbolismoz horniturik dagoela ematen du. Ohikoa arrotz aurkezten zaio irakurleari.

Bestalde, pertsonaien arteko harremanetan, nabarmena da zeinen gutxi hitz egiten dioten elkarri pertsonaiek; gainera, hitz egiten dutenean, guztiz konbentzionalak diren hitzak esateko izaten da. Hizkuntzaren bidez harremana badagoela adierazten da, baina hizkuntzak ez du pertsonaien arteko komunikazioa ziurtatzen, komunikazioa batez ere hizkuntzaz kanpoko osagaien bidez (keinuak-eta) gauzatzen da. Isiltasuna nagusi bihurtzen da, eta pertsonaien bakardade existentziala azpimarratuta geratzen da kontakizunean.

Geltokiak, trenak, bidaiak… irudikatzen dituzten osagaiak funtsezkoak dira Lizarralderen literaturan. Pertsonaiek ihes egiten dute, bidaia egiten dute, mugitu egiten dira… baina ez dira egundo helmugara iristen: norakorik gabe mugitzea giza-existentzia azaltzen duen metaforarik behinena da Lizarralderen literaturan. Dagokigun nobelan, pertsonaien ihesaldia amaitzear dagoela dirudienean, irakurlea konturatuko da praktikan hasierako puntura bueltatu direla pertsonaiak, ihesaldia bera ezinezkoa dela, helmuga edukitzea fikziozko asmo bat baita; pertsonaiak harrapatuta geratzen dira bukle baten itxura duen helmugarik gabeko bizitzan.

Oinarriak koherentzia osoz eta kontzesiorik gabe darabilelako nabarmentzen da Pello Lizarralderen narraziogintza Euskal literaturan. Itxuraz hotza da, sentimentalismotik urrun dago, baina zehatza da xehetasunei eta zertzeladaei dagokienean, sentsazioz beteta aurkezten baitzaio irakurleari. Bada, sentsazio horien artean ikusmenari dagozkionak nabarmentzen direnez, Lizarralderena literatura zinematografikoa ere badela esan daiteke.

BIBLIOGRAFIA

ASURMENDI, Mikel (2002): “Larrepetit: Sentsazioak eta inpesioak”. Irunero. 2002/10

[Interneteko bertsioa].

CANO, Harkaitz (2002): “Larrepetit”. El Correo. 2002/06/26 [Interneteko bertsioa].

EGUZKITZA, Andolin (2002): “Larrepetit”. Euskaldunon Egunkaria. 2002/09/02

[Interneteko bertsioa].

GARRO, Lander (2002): “Basajaun behatzailea”. Gara. 2002/07/20

[Interneteko bertsioa].

GONZALEZ ESNAL, Maite (2002): “Isilunearen zama”. Hegats. 2002/12

[Interneteko bertsioa].

IBAN, Amagoia (2002): “Abel eta gu langarretan barna”. Euskaldunon Egunkaria. 2002/05/11

[Interneteko bertsioa].

JUARISTI, Felipe (2002): “Isiltasuna”. Diario Vasco. 2002/06/02 [Interneteko bertsioa].

KORTAZAR, Jon (2002): “Ihesaldi baten inguruko pertsonaien nobela”. El País. 2002/05/20

[Interneteko bersioa].

LIZARRALDE, Pello (2002): Larrepetit. Erein. Donostia.

ROJO, Javier (2002): “La narración de las sensaciones: en torno a Larrepetit, de Pello Lizarralde”. Cuadernos de Alzate. 27. 263-267. orr.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus