« KURLOIAK (1962) | LABORARIEN ABISSUA (1692) » |
LA FONTAINAREN ALHEGIA BERHEZIAK (1848)
Jean Baptiste Arxu (1811-1881) idazlearen deitura hainbat modutan idatzita agertu izan zaigu, Archu edo Artxu gisa, esaterako. Euskal literaturan alegiak idazten aritu zen idazleetako bat da Arxu. Alor horretan ibili ziren beste idazleekin gertatzen den bezala, dagokigun egilearen lana ere sormenaren eta itzulpenaren artean dago. Arxurenean ereduak La Fontaineren alegiak izan ziren, beste batzuenean (Mogel, Iturriaga) Esopo edota Samaniego izan ziren bezala. Arxuren alegiak argitaratu zireneko liburuaren izenburu osoak honela dio: La Fontainaren alhegia berheziak neurt-hitzez franzesetik uskarara itzuliak. Idazlanak, antza denez, argitalpen bakarra izan zuen: 1848an. Ondoren, XX. mendearen bukaeran, berriro argitaratu zen, Euskal Editoreen Elkartearen eskutik Rikardo Gomezek paratutako edizioan.
Liburuan, 1848ko jatorrizko bertsioan, atal hauek ditugu:
- Eskaintza bat frantsesez: “A monsieur L’Abbé Dassance”.
- Eskaintza bat euskaraz eta bertsoz: “Uskal Herriari”.
- Hitzaurre bat, frantsesez eta euskaraz: “Aitzin-begi” izena du atalak euskaraz.
- Euskal ortografiari eta gramatikari buruzko ohar batzuk, frantsesez.
- Berrogeita hamar alegia, bertsoz idatziak, La Fontaineren jatorrizko bertsioekin batera.
- Hiztegia.
Gomezek prestatutako argitalpenean, La Fontaineren alegien frantsesezko testuak alde batera utzita, osagai guztiak agertzen dira, baina, beste ordena batean.
“Aitzin-begi” deritzon hitzaurrean (Archu, 1990, 29-31), idazleak bere helburua zein den azaltzen du: La Fontaineren ipuinak euskal bertsotan paratzea. Alde batetik, La Fontaineren ospea euskaldun guztien artean zabaldu nahi izan zuen Arxuk; eta, lehenengo asmo horrekin lotuta, bigarren helburu moduan, frantsesa ikasteko zaletasuna euskaldunen artean piztu nahi zuen. Honela adierazten du idazleak:
“La Fontainaren alegia zenbaiten uskarara itzultzian, ene lehen atsia izan da Franzia guziak alxatzen duen gizon honen ohizpenaren axaltzia Uskal-herriaren erdian; bigerrena aldiz, ene herritaren gogoaren deitzea alegiatsu paregabeko horen lanetara, lan hoien zenzu eta zuhurtze handiaren her honkierazitea, holaxet franzes mintzajia ikhas ahal dezeten aisago.” (Archu, 1990, 29)
Izan ere, alegiek gehienetan izaten duten asmo moralizatzaileari uko egin gabe (“lan hoien zenzu eta zuhurtze handia” esaten du idazleak), Arxuk beste nonbait jartzen du arreta halako literatura irakaskuntzari lotzean: alegien bidez euskaldunek frantsesa ikas dezaten nahi du.
Alde horretatik, ez dugu ahaztu behar irakaskuntzaz arduratutako idazlea izateaz gain (maisua eta eskola-ikuskatzailea izan zen), politikari dagokionez errepublikazalea eta erradikala izan zela, eta garai batean zinegotzi eta udal-biltzarreko idazkari ere bai. Mitxelenak esaldi batean laburbiltzen du idazlearen nortasuna: “maestro de profesión y radical en polÃtica” (Mitxelena, 2001, 112). Bada, errepublikazalea zen aldetik (Frantziako errepublikazalea ulertu behar da, jakina), 1848an Kantu patriotikak izenburuko liburua plazaratu zuen, non, besteak beste, Marseillesaren euskal bertsioa dagoen.
Arxuk egindako lan gehienak itzulpenak dira. Bonaparteren kolaboratzaile ere izan zen. Altzurukun jaioa izanik, jatorrizko hizkera zuberera zuen, baina La Fontaineren alegien euskal bertsioa egitean ez zuen Zuberoako hizkera soilik baliatu. Idazleak bere lana Zuberoako mugetatik harago ere zabal zedin nahi zuen; hortaz, zuberera oinarri hartuta, bere idazkera Ipar Euskal Herriko gainerako euskalkietako hitzekin eta adizkiekin osatu zuen.
Idazlearen estiloa dela-eta, iritzi kontrajarriak daude. Batzuek (Manterolak, adibidez) adierazten dutenez, alegien itzulpena literalegia da. Bada, horrek lotura izan dezake idazleak jatorrizko bertsioa eta euskal itzulpena parez pare jartzean zuen helburuarekin: haurrek frantsesa ikas zezaten nahi zuen, eta asmo horri lotuta plazaratu zuen liburu elebiduna. Lafittek, bere aldetik, Arxuren idazkera goraipatzen du, dotorea eta naturala zela esanez. Aldeko iritziak aztertuz gero, Gomezek transkribatzen duenaren arabera (Gomez, 1990, 14), badago jatorrizkoa baino hobea izan zela esatera ausartu zenik ere (Jean Ithurriague).
Santi Onaindiak, ordea, ez du hain aldeko iritzirik:
“Lafitte kalonjeak Zuberoa’ko izkera berezko ta txairoz daudela dio La Fontanaren alegi euskeraz jarriok. Nik, alere, MEOE-en idatzi nuen: “Bere asmoa txalogarri dala be…, etzan goi-goiko maillaraiño igo” (Onaindia, 1973).
Idazkerari dagokionez, Arxuk hiperbatonerako joera zuela azpimarratzen du Gomezek:
“Bertsoen aurrean gaudela ahantzi gabe, harrigarriak dira Archuren itzulpenak aurkezten dituen hiperbatoiak. Oroz gain, biziki gogor suertatzen zaizkit genitiboaren lekuz aldatzeak.” (Gomez, 1990, 19).
Arxuk alegien liburua argitaratu eta lau urtera, Martin Goihetxek La Fontaineren alegien beste bertsio bat plazaratu zuen, lapurteraz. Jatorrizkoaren idazle frantsesak eta literatur generoak euskaldunon artean zuten hedapenaren berri ematen digu gertaerak.
Irakaskuntza zuen helburu Arxuk, baina hala ere, ez zuen ahaztu literatura dibertitzeko ere badela, eta bi helburuak (ikastea eta dibertitzea) batera lor daitezkeela. Liburuaren hasieran agertzen den euskarazko eskaintzan (“Uskal Herriari” izenburua duen poematxoan) hauxe irakurtzen dugu:
“Igorten dautzut, herri maitia, / gezurtto batzu, hau da egia, / zure haurren txostatzeko, / menturaz hen eskolatzeko. / Txostatzia / eskolatzia / hanitz alditan / ber thokietan / egoten dia.” (Archu, 1990, 27).
“Gezurtto” hitzaren atzean dagoen kontzeptua gaurko ikusmoldearen arabera ulertzen badugu (hau da, “fikzioa”), eskaintzan nahiko planteamendu modernoa azaltzen zaigula ohartzen gara; izan ere, haurren kasuan jolastea eta ikastea ezin zitezkeela bereizi pentsatzen zuen egileak. Arxu, azken finean, laikoa eta errepublikazale erradikala izan zen, eta hori, gaur-gaurkoz, modernitatearen markatzat ere har genezake.
BIBLIOGRAFIA
ARCHU, Jean Baptiste (1990): La Fontainaren alegia berheziak. Ibaizabal – Euskal Editoreen Elkartea. Donostia.
GOMEZ, Ricardo (1990): “Jean Baptiste Archu”. In Archu 1990: 7-21.
MITXELENA, Koldo (2001): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia. 112. orr.
ONAINDIA, Santi (1973): “Jean B. Artxu”. Euskal literatura II. Etor [Interneteko bertsioa: http://zubitegia.armiarma.com/?p=ona-552].
SALABERRI MUÑOA, Patxi (2002): Iraupena eta lekukotasuna. Euskal Literatura idatzia 1900 arte. Elkar. Donostia. 154-155. orr.
URKIZU, Patri (ed.) (2000): Historia de la literatura vasca. UNED. Madril. 309. orr.
VILLASANTE, Luis (1979): Historia de la literatura vasca. Ed. Arantzazu. Burgos. 165. orr.
« KURLOIAK (1962) | LABORARIEN ABISSUA (1692) » |