Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

KURLOIAK (1962)

Jose Basterretxea, "Oskillaso"
Alvaro Rabelli

Kurloiak (1962, Itxaropena) izeneko eleberria da Jose Basterretxea “Oskillaso” gizon polifazetikoak argitaratu zuen lehena, idatzi eta berehala argitaratu zituen gutxienetariko bat, egilearen beste batzuk oraintsu arte argitaratu barik egon baitira. Eleberri honetan hasi zen erabiltzen bere izengoiti ezaguna. Jose Basterretxea “Oskillasok” (Madril, 1911 – Bilbo, 1996), nahiz eta Madrilen jaiotzea suertatu eta bere bizitzako zati luze bat han eman, helduena eta euskara gaietan emankorrena Iruñean eman zuen, baina gernikartzat zeukan bere burua. Bertan zituen sustraiak eta gernikar erara bereganatu zuen euskaldun izatea. Matematika eta ingeles irakaslea, margolaria, hizkuntzalaria, itzultzailea eta idazlea izan zen, 60. hamarkadako urteak eskaini zizkion literaturari era emankorrenean. Kurloiak eleberriaz gain, itzulpenak eta ipuinak argitaratu zituen Egan aldizkarian, aldizkari horretantxe Akats bako gizona izeneko eleberri laburra eman zuen 1967an, eta beste bi eleberri gehiago argitaratu barik utzi zituen, gerora argia ikusi dutenak: Gabeko atorra (1988, Ibaizabal) eta Euskaldunak Madrilen (2003, Labayru).

Ez da erraza Oskillasoren lan literarioa 60ko hamarkadako euskal literaturaren testuinguruan kokatzea; izan ere, bakarka eta bere kasa dabilen egilea da.. Esan genezake bere lan gehienak tesi literatura direla, hau da, berak proposatzen zuen euskara baturako ereduaren emaitza praktikoak. Oskillaso ez da literaturaren bila ziharduen egilea, euskararen eredu baten bila baino, hainbestetan euskal literaturan ohikoa izan den bezala.

Kurloiak (Herri txoriak). Muttiko kaletarrak Bizkaian izeneko hau proposamen horren lehenengo alea da. Edozein modutan ere, Kurloiak gerraosteko euskal eleberrigintzaren emaitza da, 1957az gero Txillardegiren existentzialismoarekin apurka-apurka modernitaterantz urratsak egin arren, artean eredu eta ideologia tradizionalari lotuta dagoena. Kurloiak eleberriak, beraz, ez du gainditzen eredu zaharra, hizkuntza aldetik berrikuntzak ekarri nahi baditu ere.

Oskillasoren hizkuntza ereduak aurrelari eta bidegilea izan nahi zuen euskara batuaren bila. Oskillaso euskara osotua deitutakoaren aldekoa zen, bera izan zen eredu honen alde urratsik tinkoenak egin zituena. Ez zegoen ados ez gipuzkera aberastuarekin, ez lapurtera-gipuzkera konbinatuarekin. Bizkaieraren osagarriak ere barruan nahi zituen, eta lapurtera eta ekialdeko beste hizkera nagusienak ere bai. Oskillasorena euskalki diferenteen artean egindako erdibidea edo, hobeto esateko, elkarketa da. Mendebaldeko eta ekialdeko formak jartzen ditu elkarren ondoan. Hizkuntza eredu honek ez zuen arrakastarik izan, “artifizialtasuna” izango da Kurloiak kaleratu eta berehala Villasantek lehenengoz eta Mitxelenak gero ereduari egotzitako eragozpenik handiena. Azkuek Ardi galdua izeneko eleberria atera zuen moduan bere proposamenaren erakuspen praktikotzat, beste horrenbeste egin zuen Oskillasok Kurloiak liburuaz. Oskillasok irakurraldi eta orraztu asko eta asko egin zizkion liburuari, eredua ahalik eta zehatzena izan zedin. Lanaren atal bakoitza glosategi batekin jantzi zuen, non ematen zituen hitzen aldaera semantikoak eta sintaktikoak. Ereduak eredu, Kurloiak eleberrian eta beste hainbat lanetan ere, Oskillasok ederto erabili zuen erregistro diferenteen banaketa. Horrela bada, narrazioa euskara osotu deritzon horretaz egiten zuen, baina elkarrizketak beti euskalkian —Kurloiak eleberrian bizkaieraz— edo, areago, azpieuskalkian ere sarritan; bere hitzetan, idatzitakoari errealismo handiagoa ematearren.

Kurloiak eleberria hitzaurre luze batekin hasten da, bertan egileak hizkuntza ereduaren nondik norakoak azaltzen ditu, proposamena, helburuak eta zergatiak. Hitzaurreak berak haren tesia baieztatzen duen ipuin bat dakar, non eta modu sinbolikoan agerian uzten dituen hizkuntza eredu horren bertuteak. Ostean, hogeita bat ataletan banatuta garatzen da eleberria.

Funtsean, Kurloiak eleberriaren izenburu osoak dioskun lez, eleberriak mutiko kaletar baten haurtzaroa Bizkaiko herri batean kontatzen digu. Protagonista Patxi Urrutikoaraunabeitia da, eta jaiotzetik hogei bat urte izan arte, umetako eta gaztetako ibileren berri ematen digu egileak. Fikziozko protagonista izan arren, jakina da Oskillasoren bizipenen garrantzia haren lan literarioetan. Narratiba guztia berak bizi izan zuen bizitzaren inguruan dabil biraka; ezagutu zuen gizarte eta ingurunearen ispilu izateko borondate eta asmoa dauka egileak uneoro. Beraz, pentsatzekoa Kurloiak eleberriak egilearen beraren haurtzaroaren pasarte askorekin zerikusi handia daukala. Esan bezala, eleberria hogeita bat ataletan dago banatuta, eta atal bakoitzak Patxi protagonistaren haurtzaroko bizi une jakin bat erakusten digu. Patxi delako protagonista, baserritarra ez den familia on batean jaio dena, ume bihurri eta aldrebes gisa aurkezten zaigu, liburua bera haren bihurrikerien kontakizuna da, etxean, olgetan, eskolan… Gaztarora hurbildu ahala, hots. helduen mundura ailegatu ahala, gertatuko dira atzean bihurrikeriok.

Atalen izenak atsotitsen artetik hartuak dira: “Patxiren pozak putzura, amets zoroen modura”, “Emazte onak hil-errian dira”, “Berriketea balitz ardatza, etxea bete mataza”… Horren bidez egileak aurreratu eta laburtu egiten digu atalaren mamia; ahul bada ere, alegien antzeko irakaspena igortzen ahalegintzen da, eta Oskillasoren kasuan inportanteena dena, ahozkotasuna eta herri jakintzaren garrantzia nabarmentzen du sortu nahi duen hizkuntza eredua osotzeko. Esapide jator ugari dago testuan, eta hitzen aukeraketari dagokionez, egileak hotsitzetarako joera nabarmena du, narrazioari bizitasuna, adierazkortasuna eta arintasuna emateko. Horrelako baliabideekin lortu nahi zuen Oskillasok proposatzen zuen eredutik artifizialkeria kutsua uxatzea.

Eszenak arruntak dira, gorabehera gutxikoak, edo hobeto esanda, atal bakoitzean gorabehera bakar baten inguruan ardazten dira. Horietan nagusi da narratzaile orojakilearen ahotsa, gertaeren kanpoko lekukoa izan den ikuspegiarekin. Liburuak haurtzaroaren ikuspegi erretrospektibo gisa funtzionatzen du, non eta oroitzapenaren elementuek berebiziko garrantzia duten. Narratzailea jaun eta jabe dugu narrazioan, irakurleari oharrak egiten dizkion narratzailea, eta protagonisten bidez euskararen egoera soziolinguistikoaren gainean iritzia ematen duena. Iritziotan egileak digresiorako joera azaltzen du, narrazioaren haria bertan behera eten eta saio baterako egokiago litzatekeen azalpena tartekatzen du. Protagonistek hitza hartzen dutenean elkarrizketa nagusitzen da. Elkarrizketen elementu nagusia umorea dugu, egileak protagonistaren ibileren egitadei eransten dien umorea. Deskripzioek eta elkarrizketek sasoi bateko gizarte tradizionala islatzen digute, baina ez dakigu zehatz zein denboratan gertatzen den eleberriaren ekintza, oso eskasak baitira denbora erreferentziak. Beharbada iradoki beharko genuke egileak bere haurtzaroko denbora duela gogoan. Oskillasok sarri-sarri darabil elipsia ekintzen denbora josteko, denbora lineal eta laburtura jotzen du, eta horrekin, bere ustetan, arintasuna irabazten du. Espazioari dagokionez, berriz, ekintzak Arrigorrieta izeneko herrian gertatzen dira. Arrigorrieta honek Bizkaiko edozein herri islatzen du, herri txikietako edo ertainetako bizimodu tradizionalaren elementu guztiekin, herri euskaldun tradizional edo nekazal-herri bateko ohiko isla; lekuari buruz egileak egiten dituen deskripzio zehatzak, baina, urriak dira. Arrigorrieta ez du Bilbotik urrun kokatzen Oskillasok, erreferentzia gutxi batzuetan halaxe aipatzen da-eta. Beraz, Arrigorrieta haurtzaroko espazioa da, ez-zehatza, sinbolikoa, esperientzia jakin batzuei lotua, agian egileak bizi izandako edo ikusitako esperientzia jakin batzuei. Arrigorrieta gehiagotan agertuko da Oskillasoren osteko lanetan. Horrek guztiak, denbora eta espazioaren trataera horrek, urrundu egiten du eleberria errealismotik.

Kurloiak bere kasa ibili zen idazle baten emaitza da, hizkuntzaren batasunak arduratuta, tesi-eleberritik edo ia saiotik hurbilago egindako lanaren emaitza literarioa.

BIBLIOGRAFIA

BASTERRETXEA, Jose (1962): Kurloiak. Itxaropena. Zarautz.

ONAINDIA, Santi (1990): Euskal literatura VI. Etor. Donostia.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus