« KOLOREAK EUSKAL USARIOAN (1992) | KURLOIAK (1962) » |
KOMEDIAREN JAINKOA (1993)
Patxi Ezkiagaren (Legorreta, 1943) produkzio literarioa ugaria da benetan, bai argitaratutako lanen aldetik, bai jasotako sarien aldetik ere. Beldur naiz (1984) lehendabiziko poema liburuaren eta Mahats-garaian (2004) kaleratutako azkenaren artean beste hamabi idatzi ditu, Komediaren Jainkoa, besteak beste; eta Haize hurbila (1990) bilduma kontutan hartuz gero, hamahiru ere bai. Horrez gain, Ezkiagak baditu zenbait eleberri eta narrazio sorta argitaratuak, bai eta haur liburu eta biografia bana ere.
Komediaren Jainkoa-k Ezkiagaren badu loturarik aurreko poesiarekin, baina ezberdintasun esanguratsuak ere ageri dira. Idazle gipuzkoarraren poetika aurreko lanetako berbera da. Idazteko orduan aintzat hartzen dituen literatur iturriak ez dira aldatu, eta poesiaz eta poetaz duen kontzepzioa mantendu egin du; aurreko liburuetan jorratutako hainbat gai ere presente daude Komediaren jainkoa-n. Bada, hala ere, liburu honetan berrikuntza deigarririk: poema sorta honetan, espazio nagusia ez da ohi bezala natura edo izadia, hiria baizik, Paris zehazki esanda.
Ezkiagaren poetika Jon Kortazarrek Luma eta lurra liburuko atal espezifiko batean sakondu zuen, egilearen beraren bi idatzi abiapuntutzat izanik, “Poeta bizitzaren esploradorea da” eta “Dialektikaren muturrean”.
Ondoren datozen gogoetak idazteko orduan hura izan dugu kontuan.
Patxi Ezkiagaren iturriak bi literaturatan daude: euskal literaturan eta anglosaxoiarrean. Euskal idazleen artean Ezkiagak Txomin Agirreren Garoa (izadia maitatzen irakatsi zion liburua) eta Xabier Lizardiren Bihotz begietan (adjektibatzen irakatsi ziona) nabarmentzen ditu, eta Kortazarrek Bitoriano Gandiaga, Xabier Lete eta Juan Mari Lekuona gehitzen ditu, bere ustean Ezkiaga haien tradizio humanistan koka daitekeelako; Gabriel Aresti ere aipatu beharra legoke.
Idazle anglosaxoien artean ondokoak zerrendatu beharko lirateke: John Milton eta William Blake (haien diskurtso zabaletarako grinaz kutsatu baitzen Ezkiaga), Walt Whitman eta Wole Soyinka (izadiarenganako aldez aurretik sentitzen zuen miresmen horretan sakontzen lagundu ziotelako), Alfred Tennyson, T.S. Eliot, Seamus Heaney, eta baita José Ãngel Valente ere (hauen kontzepzio erromantikotik eratortzen baitu Ezkiagak bere poetika).
Ezkiagak poesia eta poetari buruz dituen ideiek, Juaristik (1994) eta Kortazarrek (1997) diotenez, sustrai erromantikoak dituzte. Poesia ez da Ezkiagarentzat errealitatearen isla, esperientziarena baizik. Eta zer da esperientzia? “Errealitateak sortzen duen interpretazioa”, argitzen du Kortazarrek (1997: 451). Poeta, honela, esperientziaren esploradoretzat du idazleak, hots, iragarletzat edo jainkoen eta izakien arteko bitartekaritzat; poetak ez ditu gauza soilak ikusten, gauzen egia baizik. Felipe Juaristik Haize hurbila bilduman ageri den entsegu batean dio:
“sineste hau erromantizismo garaitik datorkiguna da, haren hondarretan geratu izan dena legar-bihia itsasondoan bezala. Poesiaren traszendentzian sinesten duenak poesiari ohiz baino balore gehiago ematen dio, ia erlijiosoa, poesiaren bidez gainditzen baititu lur estu honetako mugak eta zedarrak” (1994: 30).
Poetika hori –literatur iturri eta poesiaren kontzepzio horiek– Komediaren jainkoa-k mantendu egiten dituela esana dugu, ezin bestela izan. Baina Ezkiagaren gai “klasiko” batzuk ere usna daitezke, hala nola, ni-a, heriotza edo denboraren igarotzea. Bere burua aurkitzea lortzen ez duen ni-a, “Ni eta Eliseo igarlea” poeman aurki daiteke –bertan “Bainugelako ispiluan/ begiratu arren/ ez dut aurkitu nire trazarik” (9)– dio edo “Heriotzaren agorra” hitzekin hasten den bestean –“Behin gertakariz beteta/ eta orain hutsik dagoen/ gelaren antza hartu dut” (16)–. Kartoizko zalditxo baten heriotza deskribatzen da “Tiobiboak” testuan –“Ardatzarekiko kablea mozten diotenean ordea,/ gu denoi bezala/ datorkio heriotza” (11)– eta maitearena, “Marella” izenburua daraman horretan –“Hila baita nire amodioa,/ nazkaren nazkaz bota du/ Senan bere burua” (23)–. Iragandako denboraren nostalgia gai nagusia da “Grande arche de la defense” –“Oi zein tristea den haurtzaroa/ zaharren zeru lainotsuan” (40)–, “Gazte aroa” –“iraganaren errefuxiatu naiz/ eta utzi behar izan ditudan/ ohiturak eta usadioak/ gogoratzen ditut/ beste errefuxiatu orok bezala” (52)– eta “Haurtzaroaren amaia” poemetan.
Badira, hala ere, gai berriak Jainkoaren komedia-n: “prostituzioa, praubezia, kultura ainiztuna, Montmartre, inpresionismoa, Landareen Baratza, Austerlitzeko Zubia, Les Halles” (Borda 1993). Eszenatoki urbanoak bere baitan dakartzanak alegia.
Poema bilduma honen diferentzia nagusia paisaia berri baten agerpenean dago. “Paisaiak garrantzia du Patxirentzat. Honek noiznahi hitz egiten du harekin amaigabeko solasaldi poetikoan”, dio Joxe Erzibengoak Haize Hurbila bilduman epilogo modura sinatzen duen artikuluan; baina nolakoa da paisaia hori? Bada, “Poeta eta Naturaren arteko lotura eta harremana ukaezinezkoa da. Naturak eskaintzen dion aukera beti da ona. (…) Hitz egiteko eskubide berdintsua izango dute haizeak, euriak, elurrak, belarrak, zuhaitzak, harkaitzak, oihartzunak, oihuak, isiltasunak, txoriak eta gizonak” (1994: 865). Hala da, izadia izan da Ezkiagaren poesiaren ohiko espazioa. Kortazarren ustetan, izadia modu dialektikoan ulertzen du Patxik. Horren arabera, naturak bi aurpegi ditu: “leizea da, eta babesa ere bai” (Rafael Argulloek El héroe y el único entseguan izadi jupiterinoa eta saturninoaren arteko aurkaritza aipatzen du); “leize” den aldetik, natura gogoeta metafisikoen euskarri da; “babesa” den aldetik, sosegu eta atsedena ziurtatzen duen magal (1997: 454).
Komediaren Jainkoa-ren zenbait poemetan izadia egon badago, “Parc de la bagatelle-les nymphaes”, “Egunsentia Senare ondoan” edo “Haurtzaroaren amaia” poemetan, kasurako. Naturak, era berean, hiria deskribatzeko tresnak ere eskaintzen ditu, liburuaren azken atalaren hasieran dagoen poeman ikus daitekeen bezala: “Anbulantzia dator./ Entzun dezaket sirena./ Urrutian eltxoen zurrumurrua dirudi,/ hurbilean/ turuta bihurtzen ari den/ soinuzko lilia” (49). Baina, oro har, poema bilduma honetan naturatik hirira lerratzen da poeta. Ez da, dena den, Ezkiagaren poesian modu horretako mugimendu bat sortzen den lehen aldia, Ispiluaren isladaketak liburuan ere antzeman baitaiteke; bertan Liverpool, Londres eta Madril hiri handiak aipatzen dira.
Aztertzen ari garen bildumaren kasuan hiria bakarra da, Paris, eta bertako monumentu ugari azaltzen dira poemen izenburuetan bertan: “Sacre Coeur”, “Montmartre-La Place du Tertre”, “Quai de Montobello”, “Versailles-le trianon” eta abar., bai eta Parisekin erlazionatzen diren artista ezagunen izenak: “Rodinen Les trois ombres”, “Celine” edo “Claude Monet-les Nympheas”. Eszenatoki berri horretan, poemak ilunagoak dira, ezkorragoak; hiria, azken batean, “arloteak, buhameak, erratariak, mozkorrak” (43) sortzen dituen lekua da. Juaristik dioen bezala, Ezkiagak ez du hiria gustuko, zibilizazioaren alderdirik txarrenaren isla delako (1994: 9).
BIBLIOGRAFIA
ARGULLOL, Rafael (1999): El héroe y el único. Taurus. Madrid.
BORDA, Itxaro (1993): “”Iraganaren errefuxiatu naiz””. Argia.
ERZIBENGOA, Joxe (1994): “Patxi, gaurko poeta”. Haize hurbila. Euskal Herriko Unibertsitatea. Leioa. 863-869.
EZKIAGA, Patxi (1993): Komediaren Jainkoa. Euskaltzaindia. Bilbao Bizkaia Kutxa. Bilbo.
JUARISTi, Felipe (1994): “El poeta que explora la existencia”. Haize hurbila. Euskal Herriko Unibertsitatea. Leioa. 9-11.
— (1994): “Gela beteko bakardadea”. Haize hurbila. Euskal Herriko Unibertsitatea. Leioa. 13-37.
KORTAZAR, Jon (1997): “Patxi Ezkiaga. Topografia estetiko eta morala”. Luma eta lurra. Euskal poesia 80ko hamarkadan. Bilbao Bizkaia Kutxa-Labayru Ikastegia. Bilbo. 449-472.
« KOLOREAK EUSKAL USARIOAN (1992) | KURLOIAK (1962) » |