Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

KOLOREAK EUSKAL USARIOAN (1992)

Patziku Perurena
Iratxe Retolaza

Koloreak euskal usarioan (1992) saiakerak II. Koldo Mitxelena saria jaso zuen. Patziku Perurenak 1991n ere Koldo Mitxelena saria jaso zuen, saiakeraren deialdian, Berdatea idazlanari esker. Izan ere, saiakera hori Koloreak euskal usarioan saiakeraren aurrekaria dugu (Bidador, 2004, 326); azken horretan Patziku Perurenak (Goizueta, 1959) euskal tradizioak garaturiko koloreen sinbologia du aztergai.

Koloreen euskal sinbologiaren berri emateko, iturri anitzetik edan du egileak, eta askotariko lekukotasunak bildu ditu. Lehenik, kultur tradizioan koloreen bitartez garaturiko sinboloak eta erabilerak ditugu: ahozko literatura du egileak iturri nagusi, baina, literatura idatziko ekarpen zenbait ere hartu ditu kontuan: batik bat Lizardi, Lauaxeta eta Mirande idazleen lanak ditu aipagai; baina, han-hemenka idazle modernoagoen aipamenik ere bada: Anjel Lertxundik eta Koldo Izagirrek erabilitako zenbait adierazpide aztergai dira. Bigarrenik, euskal hitzetan jaso diren formak eta erabilerak ditu Perurenak aztergai (toponimia, onomastika, esapideak…). Hirugarrenik, han-hemenka eginiko galdetegietan edo solasaldietan jasotako informazioa da iturri nagusi, esaterako, adiskideen gutunen bitartez jasotako lekukotasunak. Laugarrenik, bizipen pertsonalak ere informazio-iturri dira: Leitza herrian entzun, bizi, eta jasotako tradizioak gogora ekartzen ditu egileak. Bosgarrenik, kontuan hartu dira beste zenbait saio-egilek koloreen sinbologiaz esandakoak (bai euskal sinbologiaz eginiko azterketak –Mikel Azurmendi, Piarres Lartzabal, Joseba Sarrionandia, Txillardegi–, bai sinbologia unibertsalaz eginiko azterketak edo hiztegiak –R. Boyle, J.E. Cirlot, J.W. Goethe, V. Turner–).

Lekukotasun anitzen bitartez ahots-sare bizia eratu du Patziku Perurenak, eta, ziur asko, saiakera taxutzeko molde horrek egiten du berezi eta pertsonal Perurena saio-egilearen idaztankera. Xabier Altzibarrek (2000, 626) eta Jimeno Juriok (Bidador, 2004, 325) adierazi izan dute Patziku Perurenaren saiakerek izaera pertsonala dutela. Jimeno Jurioren ustez, Perurenak saiakera-mota berri bat garatu du, ahozko tradizioa eta dokumentazio historikoa maisuki uztartu dituen diskurtso-moldea eratu duelako.

Koloreak euskal usarioan saiakeran ahots pertsonal eta bizia garatu du egileak, diskurtso teorikoaren eta gogoetatsuaren ondoan anekdota pertsonalak tartekatu ditu.

Saiakeraren egiturari dagokionez, sarreraren ondoren, honako atal hauek bereizi dira: “Kolore izenen sorrera surean” (Perurena, 1992, 9-14); “Beltza, kolore ar azkarra” (21-58); “Berdea, gure kolore arrotza” (59-86); “Gorria, kolore zintzo bizia” (87-126); “Horia, ekialdeko kolore kristaua” (127-148); “Urdina, kolore nahasi hotza” (149-170); “Zuria, kolore izuna ala zina” (171-220); “Kolore nahasiak eta antzekoak” (221-250). Atal horien izenburuek laburtu egiten dute, modu ezin adierazgarriagoan, ataletako bakoitzak garaturiko sinbologiaren norabidea. Are gehiago, Patziku Perurenak sinbologiaren eta koloreen erabilera saiakeraren diskurtsora eraman du, eta koloreen inguruan garaturiko eta aurkezturiko ideiak eta esangurak diskurtsoaren taxueran ere mamitu ditu.

BIBLIOGRAFIA

ALTZIBAR, Xabier (2000): “El ensayo del XX”. Patri Urkizu (zuz.): Historia de la literatura vasca. UNED. Madrid.

BIDADOR, Joxemiel (2004): Materiales para una Historia de la Literatura Vasca en Navarra. Pamiela. Iruña.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus