« JESUSEN BIHOTZAREN DEVOCIOA (1747) | JOSECHO (1909) » |
JOANAK JOAN (1955)
Joanak joan Yon Etxaidek argitaratutako bigarren nobela da. 1955ean agertu zen lehenengo aldiz, eta hauxe izan zen argitarapen hartan agertzen zen izenburu osoa, azpititulu eta guzti: Joanak-joan. Piarres Topet Etxahun Barkoxtar koblariari buruz egin eleberria. Hurrengo argitarapenetan Joanak-joan izenburu horretan agertzen zen marratxoa kendu eta azpititulua pixka bat aldatuta agertu zen. 1980koan honela agertzen da azpititulua: “Pierre Topet-Etxahun Barkoxtar koblari sonatuaren bizitzan oiñarritua”. Geroko argitarapenek azken horri jarraitzen diote, ortografia gaurkotuta. Argitalpen batzuetan, izenburuaren ondoren, nobelaren izaera definitzen duten hitz hauek ere agertu ohi dira: “Elaberri giristinoa”. Dagokigun nobela honekin Yon Etxaidek Euskaltzaindiak 1955ean antolatutako nobela-lehiaketa irabazi zuen.
Azpitituluan azaltzen den bezala, nobelan Etxaidek Piarres Topet-Etxahunen bizitza kontatu nahi izan zuen, baina protagonista pertsonaia moduan eraikitzerakoan ezin esan daiteke haren biografia nobelatua egiten saiatu zenik. Nobela historikoaren generoaren barruan koka dezakegu testua, eta genero hori hibridoa da, besteak beste nobela historikoetako argumentuetan errealitatea eta fikzioa nahasten direlako. Modu berean, Etxaidek nobelako pertsonaia nagusia sortu nahi izan zuenean, pertsonaiaren ezaugarriak eta hari buruzko gorabeherak azaltzean, antzeko planteamenduari jarraitu zion: oinarri moduan, koblakariaren biografia hartu zuen, baina biografia nobela bihurtu zuen, biografia fikziozko materiala izango balitz bezala. Izan ere, pertsonaiaren bizitzaz daturik ez zuenean, Etxaidek asmatu egiten zituen, nobela bat egitean normala denez; baina datu zehatzak zituenean, datu horiek erabili egiten zituen, behar zuen neurrian aldatuta; hartara, fikziozko izaki bat eraiki zuen, idazleak berak nabarmendu izan zuen bezala, ezen Etxaidek helburu ideologiko argia izan zuen bere idazlanean, honela azal daitekeena: pertsonen arteko konfliktoak gainditzeko kristautasunaren ikasbideak aplikatu behar dira, eta helburu ideologiko horren arabera eraikitzen du idazleak pertsonaia, eta, honekin batera, antolatzen du argumentua.
Dagokigun nobelaz ari den bibliografia arakatuz gero, aspektu hauek nabarmen daitezke:
1) Gordintasunaren presentzia. Nobelaz idaztean, alderdi hori askotan aipatzen da. Nobelan grinak eta gordintasuna nabari dira, are gehiago, batzuetan nobela lizuna dela ere esan izan da, baina beti ere idazlearen planteamendu moralak nabarmentzen direlarik (Sarasola, 1976: 101-102; Olaziregi, 2000: 521-522; Lasagabaster 1981: 362).
2) Estiloari dagokionez, idazlea maisutzat hartzen da aho batez. Besteak beste, Mitxelena da Etxaideren idazkera goraipatzen duenetako bat: “Izkera jatorra du, bizia, aberatsa, eta batez ere bere-berea.” (Mitxelena, 1955: 69).
3) Mitxelenak beste puntu bat ere nabarmentzen du Etxaideren liburu honetaz hitz egiteran: Yon Etxaideren nobela bikain idatzita badago ere, hori ez da nahikoa literatur lan on bat egiteko. Alde horretatik ikusita, nobelaren balioa erlatiboagoa da. Mitxelenaren hitzetan:
“Neurri bakar batekin neur genezake gure artean sortzen den novela bat: inguruko eta urrutiagoko izkuntzetan sortzen diren novelak gaur neurtzen diren arekin berarekin. Eta neurri orrekin –nik dakidan obekienik– neurtu ezkero, utsetan aurkitzen dut darabilgun au zenbait aldetatik.” (Mitxelena 1955, 69)
Bada, Mitxelenaren iritzi hori nabarmenagoa da, Joanak joan zein nobela-motarekin konparatzen duen azaltzean:
“Beste izkuntzetako asma-lanekin berdindu ezkero —ez gorengo edo beengoekin, bai erdi-maillakoekin— ezta “Joanak-joan” nere iritziz, aien parera eltzen.” (Mitxelena 1955, 69; letra etzana artikulugilearena da).
Izan ere, pertsonaiak lauegiak dira, eta argumentuaren garapenean idazlearen eskua gehiegi nabarmentzen da.
4) Jon Kortazarrek, ordea, Joanak joan literatura errealistaren hasieran kokatzen du (Kortazar, 1986).
5) Bestalde, liburua garrantzitsua izan da oso zenbait irakurlerentzat, bai literatur zaletasuna pizteko, bai Etxahun koblakaria ezagutzeko. Lehenengo puntuari dagokionez, adibidez, 1998an, Etxaideren heriotzaren ondoren, idazle batzuek (Mujika Iraola eta Joxan Oiz) Euskaldunon Egunkarian agertutako artikulu batzuetan gogoratzen zuten zein izan zen Etxaideren literaturaren garrantzia beraiengan irakurzaletasuna eta literaturzaletasuna pizten ari zen momentuetan. Etxahun ezagutzeari dagokionez, Atxaga eta Sarrionandia dira Etxaideren garrantzia aipatzen duten idazleetako batzuk (Etxeberria, 2002, 23-24 eta 290).
Bere literatur proiektuan, egileak nobela honekin Txomin Agirreren Garoa lanaren isla eraiki nahi izan zuen, baina ohiturazko nobeletan agertu ohi den baserri idiliko eta konflikto gabekoa alde batera utzita, eta, haren ordez, patu tragikoak jotako mundu bat, grinak nagusi direneko mundu bat, erakutsita.
Baserri giroko mundu tradizionala erakusten du egileak, baina mundu tradizional horrek berezkoa behar lukeen oreka grinen presentziagatik galdu ondoren nola gelditu den erakusteko. Horixe da mundu-ikuskera tradizional horri Etxaidek gerra ondoko literaturan eskaintzen dion ikuspuntu berria.
Oreka hautsi horretan, irtenbide bakarra kristautasunak eskaintzen du Etxaideren planteamenduan, elkar maitatuz eta barkatuz baizik ez baitute lortzen pertsonaiek bakea.
Funtsean, nobela honetan aurrekoan (Alos-Torrea, 1950) erabiltzen zen teknika narratibo berbera agertzen zaigu: hirugarren pertsonan eta lehenaldian kontatutako narrazioa, narratzaile orojakilea, askotan iritziak ematen dituena, eta, batzuetan, idazlearekin pareka daitekeena, narratzaile-autoriala baita; hortaz, XIX. mendearen nobelagintza klasikoaren epigonotzat har daitekeen planteamendu narratibo tradizionala dugu.
Nobela diskurtsoak aurkezten dituen ezaugarrien artean denboraren tratamenduari dagokiona azpimarratu behar dela uste dut: Yon Etxaidek argumentuaren garapenaren momentu batetik aurrera (protagonista kartzelatik irteten den momentutik aurrera) bi hari argumental desberdin izango ditu kontagai, aldi berean gertatzen diren bi hari argumental hain zuzen: protagonistaren ibilbideak markatzen duen haria eta baserrietan geratutako pertsonaien ibilbideek markatzen dutena. Bada, bi hari horiek hirutan baizik ez dute bat egiten momentu horretatik aurrera, nobelaren bukaeran behin betiko bat egin baino lehenago. Horrexek determinatzen du irakurleak denboraren gainean izan dezakeen inpresioa, hari argumental horietako bat aurrera doan bitartean, bestea geldirik baitago, berriro ere idazleak bigarren hari horri ekin arte. Denboraren linealtasuna hautsi egiten da, baina urraketa gertatu arren, idazlea koherentea da oso, bi hariek bat egiten duten kasu bakanetan ez baitago, denborari dagokionez, inolako kontraesanik. Eta denboraren izaera antolatzaile horrekin batera, denbora esanahiz hornitzen dela ere esan daiteke. Ohikotasunean mugitzen den denbora zirkularra eta momentu konkretu batera zuzentzen den denbora lineala, kronologia zehatzak markatzen duen denbora materiala eta pertsonaiengan oinarritzen den denbora subjektiboa: nobelaan elkarren lehian dauden hainbat denbora agertzen direla ematen du, azkenean, salbaziora doan denbora, subjektiboa, nagusitzen delarik.
Yon Etxaideren literatura erdibidean dago, tradizioaren eta modernitatearen artean. Tradiziotik urruntzen saiatzen da egilea, mundu modernoa islatzeko, baina modernitatera zeharo heltzea lortu gabe. Orixeren eta Arestiren artean, Euskaldunak poematik Harri eta herri poemara doan bidean ikus daiteke Etxaideren literatur planteamendua. Gainera, kasualitatea eta kausalitatea bereiztea ezinezkoa balitz bezala, Yon Etxaideren literatur lan gehienak (Etxaide jauna eta Eneko Agerroa izan ezik) 1950etik 1964rako tartean argitaratu ziren lehenengo aldiz; hain zuzen ere, horiexek dira Orixeren Euskaldunak eta Gabriel Arestiren Harri eta herri lanen argitaratze-datak.
Yon Etxaidek mundu konfliktibo bat islatu nahi izan zuen bere nobeletan, eta mundu konfliktibo hori euskaraz azaldu nahi izan zuen. Bada, konfliktoa euskaraz azaldu nahiak eragin zuen, neurri handi batean behintzat, nobela historikoaren generoa aukeratu izatea. Konfliktoa sinesgarritasunez adierazi nahi du egileak, eta, garrantzitsuagoa dena: konfliktoari sinesgarritasunez eman nahi dio irtenbidea. Etxaidek planteatzen dituen oinarri ideologikoekin, ordea, zaila da konfliktoei irtenbidea bilatzea hurbileko errealitatea erabiliz, egilearen proposamenak ezin baitira inguruko gizartean gauzatuta ikusi, egileak nahi lukeen moduan. Hortaz, badirudi horrek bultzatu zuela nobela historikoaren alde egitera.
Horri bigarren osagai bat gaineratu behar zaio: konfliktoa euskaraz adieraztea baina egilearen beraren literatur planteamenduak erabiliz. Bada, egilearen literatur planteamenduetan muga handi bat agertzen zaigu, erabateko muga nire ustez, planteamendu osoa bere baitan hartzen baitu. Yon Etxaidek ez du fikziozko “Ni” bat eraikitzen bere literaturan, eta horrek mugatu egin zuen egilearen literatur ibilbidea, Etxaideren literaturan narratzailearekin identifikatutako “Ni” bat agertzen denean “Ni” hori beti Etxaide bera baita, benetako izakia, kontatzen zuenaren egiaren zama osoa jasan behar zuen idazlea.
BIBLIOGRAFIA
BEOLA, Ainhoa (1998): Jon Etxaide (1920-1998). Eusko Jaurlaritza. Gasteiz.
ETXAIDE, Yon (1999): Joanak joan. Erein. Donostia.
ETXEBERRIA, Hasier (2002): Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan. Alberdania. Donostia.
KORTAZAR, Jon (1986): “Jon Etxaide: Kontaketa errealistaren hasierak”. A.S.J.U. XX-2 zenb. 487-498. orr.
LASAGABASTER, Jesus Maria (1981): “Euskal-nobelaren gizarte-kondairaren oinharriak”. in Askoren Artean (1981): Euskal Linguistika eta Literatura: Bide berriak. Deustuko Unibertsitatea. Bilbo. 343-368. orr.
MITXELENA, Koldo (1955): “Joanak joan“. Egan 5-6. 69-71. orr.
ROJO COBOS, Fco. Javier (2004): Yon Etxaide eta nobela historikoa: Nobela genero honen emaitzak eta mugak, 50eko hamarkadako euskal idazle baten literatur ibilbidean. UPV-EHU [Argitaratu gabeko doktore-tesia].
SARASOLA, Ibon (1976): Historia social de la literatura vasca. Akal. Madril.
URKIZU, Patri (ed.) (2000): Historia de la literatura vasca. UNED. Madril.
« JESUSEN BIHOTZAREN DEVOCIOA (1747) | JOSECHO (1909) » |