« ATEA BERE ERROETAN BEZALA (1987) | AU POZA SENTI DET ETA BESTE BERTSO ASKO (1997) » |
ATHEKA-GAITZEKO OIHARTZUNAK (1870)
J.B. Daskonagerrek (1844-1929) 1870ean Atheka-gaitzeko oihartzunak izenburuko liburua eman zuen argitara, zeina noiz edo noiz lehenengo euskal nobelatzat hartua izan baita. Liburuak, edonola ere, historia bitxia izan duela esan behar. Izan ere, liburuaren oinarria 1867an frantsesez agertu zen beste idazlan bat da, hain zuzen ere, izenburu osoa transkribatuta, honako hau dioena: Le Echos du Pas de Roldand, par J.B. Dasconaguerre, membre du Conseil Général de Basses-Pyrénées. Traduit du basque. Frantsesezko liburua jatorrizko euskal idazlan baten itzulpentzat eskaintzen zen, izenburuan irakur daitekeen bezala. Ondorioz, eskaria egin zioten Daskonagerreri, jatorrizko euskal testua argitara eman zezan. Jatorrizkorik ez zegoen, ordea. Hala, frantsesezko liburuaren euskal itzulpena paratzeari ekin behar izan zion idazleak, besteak beste Vinsonen laguntzarekin.
Historiarekin zerikusia duen obra bat da dagokiguna, izan ere, lehenengo karlistadan jazotako gertakari batzuk kontatzen dira eleberrian. Baina gertakariak historiarekin loturik badaude ere (gerra karlistaren testuinguruan kokatzen dira gertakariak eta), esan daiteke pertsonaia berezi baten abenturek osatzen dutela kontakizunaren muina. Ganix da protagonista, ia-ia heroi mitiko bihurtuta agertzen den kontrabandista. Gerra garaian, kontrabandistak lagundu egiten zien muga zeharkatzeko ibilaldi arriskutsuan salbatuko baziren muga pasatu behar zutenei. Bada, halako gertakari batean zentratzen da narrazioa. Nobelan historiak (gerra karlistetan gertatzen zirenak) ematen du abenturaren markoa: testuinguruari lotutako gertakari historikoak zeharka ematen dira jakitera. Baina, Ganixen abenturaren kontakizunaz gain, euskal tradizioei eta ohiturei buruzko aipamen asko ere agertzen dira nobelan: geroago zabalduko zen ohiturazko nobelei lotuta, nolabait.
Gauzak horrela, esan daiteke liburuan askotariko osagaiak ditugula: alde batetik, XIX. mendean Europako literaturan zabaldu zen nobelagintza historikoaren zenbait osagai jasotzen ditu; horrez gainera, kontakizun guztia abentura-kontakizuna izango balitz bezala agertzen zaigu azalduta; eta, amaitzeko, ohiturazko literaturan azalduko direnak bezalako osagai batzuk jasotzen ditu liburuak. Hortaz, idazlana (gainera itzulpena izanik) nahiko zaila da klasifikatzen, eta, askotan, euskal literaturaren historiaren bilakaeran bide bazter geratu da.
Azken urteotan argitalpen bat baino gehiago izan du lan honek (1982an, Txertoan; 1990ean, Elkarren; 2008an, Hirian). Edizio elebidunean ere agertu da: 1970ean, Rodolfo Bozas Urrutiak prestatutako gaztelerazko itzulpenarekin.
BIBLIOGRAFIA
BOZAS URRUTI, Rodolfo (1970): “Liburu hunen kondaira” in Daskonagerre 1970. 263-285.
DASKONAGERRE, J.B. (1970): Atheka-gaitzeko oihartzunak. Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, S.A. Donostia.
LAFITTE, Piarres (1990): Euskal literaturaz. Erein – Euskal Editoreen Elkartea. Donostia. 208-212. orr.
SALABERRI MUÑOA, Patxi (2002): Iraupena eta lekukotasuna. Euskal literatura idatzia 1900 arte. Elkar. Donostia. 191-192. orr.
VILLASANTE, Luis (1979): Historia de la literatura vasca. Ed. Arantzazu. Burgos. 168-170 orr.
« ATEA BERE ERROETAN BEZALA (1987) | AU POZA SENTI DET ETA BESTE BERTSO ASKO (1997) » |