« IZUEN GORDELEKUETAN BARRENA (1980) | JESU-CHRISTO GURE JAUNAREN PASIOA » |
IZURRI BERRIA (1984)
Zerbaitek Gotzon Garate ezagun egin badu euskal literaturan, polizia eleberrien sorta da. 70eko hamarkadan ekin zion polizia eleberriak idazteari, eta halaxe etorri ziren Elizondoko eskutitzak (Mensajero, 1977), Esku leuna (Elkar, 1977), Goizuetako ezkongabeak (Zugaza, 1979), Izurri berria (Elkar, 1984) eta Alaba (Elkar, 1984). Eleberriok etengabe berrargitaratzen dira; euren arrakastaren seinalea. Horietan guztietan nabarmentzen dira generoarekiko fideltasuna eta hizkuntzaren erabilera zuzena eta jatorra. Jose Antonio Loidik 1955ean bere Amabost egun Urgain’en eleberriarekin genero poliziakoa euskal literaturara ekarri zuenetik, Xabier Gereño bilbotarrak baino ez zuen bilduma zabal bat landua genero honetan, harik eta Garateren eleberriak argitaratzen hasi ziren arte. Harrezkero, genero arrunta dugu euskal literaturaren baratzean.
Gotzon Garatek eleberriotan literatura eta hizkuntzarekiko helburu pedagogiko handia erakusten du. Alde batetik, Gotzon Garatek beti goraipatu izan du genero poliziakoa, generoaren jarraitzailetzat du bere burua, eta egin ere, genero honen gaineko saioak egin ditu (Atzerriko eta Euskal Herriko Polizia Eleberria, 2001). Garate, besteak beste, Raymond Chandler eta Samuel Hammette polizia-eleberrien idazleen mireslea da. Chandleren idazkera ona goresten du eta Hammettek eleberrietan erabiltzen dituen egiturak miresten ditu. Gainera, Garatek behin eta berriro gogorarazten duenez, munduan polizia eleberriak dira salduenak eta irakurrienak.
Izurri berria da genero honetan argitaratu zuen laugarren eleberria. 1984an argitaratu zuen, lehenagotik idatzita eduki arren. Azkue saria irabazi zuen eleberri honekin 1981ean. Garatek Euskal Herriko baserrietan ematen dituen egonaldi horietako batean ondu zuen gehien bat, Sunbillako Ixtola baserrian hain zuzen. Eta amaitu, New Yorken amaitu zuen, polizia eleberri baterako benetako paisaia batean. Aurreko eleberriekin alderatuz gero, Izurri berria eleberriak badakar alde nabarmen bat, zerikusia duena genero poliziakoan dauden azpisailekin. Izan ere, Marty Roth-en sailkapena kontuan hartuta (Foul and Fair Play. Reading genre in Classic Detective Ficction. University of Georgia Press, 1995) hiru eleberri mota ezberdin daude genero honetan:
Batetik, intriga edo misteriozko eleberriak (“Mistery novel” Detective story” eta “Cozy novel”). Eleberri hauek puzzle bezalakoak dira, enigmez beteta eta irtenbidea aurkitzeko kontakizunaren puska guztiak elkartu behar dira. Gehienetan burgesiaren ohiturak eta jokamoldeak deskribatzen dira. Europako polizia eleberrien tradiziokoa da sail hau.
Bestetik, beltza edo “hard-boiled” eleberri mota dago. Gizartearen latza, ustelkeriaren eta zikinaren agerbideak dira molde horretako eleberriak. Ez dago asmakizun saileko eleberrietan dagoen detektibe argia eta abegitsua, eleberri hauetako detektibea pertsona latza, gogorra, deserrotua ibili ohi den mundu iluna bezalakoa. Ipar Amerikako tradiziokoa.
Azkenez, “spy” edo espioi eleberria da, gatazka militar eta politikoetan espioitza istorioak kontatzen dituzten eleberriak.
Bada, Izurri berria benetako eleberri beltza edo “hard-boiled” eleberria da. Ez da aurrekoetan bezalako amaiera zoriontsurik izango. Gizartearen ustelkeria guztiak azaltzen ditu: droga, emagaldukeria, jauntxo ustelak, hilketak, dirukeria… Horretan, justiziarako zirrikiturik aurkitzea zaila da, eta azkenean, biktimek ordaindu beharko dituzte gaizkileek egindako krimenak. Gai nagusia hauxe dugu: drogaren mundua eta drogak dakartzan kalteak. Hortik dator eleberriaren izenburua. Euskal gizartean drogaren arazoa boladakoa izan zen 70eko eta 80ko hamarkadetan. Aldaketa eta krisi hamarkada horietan drogek gizartearen alderdi asko gogor kolpatu zituen, ageri-agerian kolpatu ere. Gotzon Garatek begi-bistako arazoa islatu zuen eleberrian. Horrela, polizia-eleberriaren ezinbesteko ezaugarriak dakarzkigu: egiantza eta sinesgarritasuna. Kontakizunak ez dira sinestezinak, ezin dira gauza harrigarriak izan, bitxiak, edo gertatzen ez diren hilketak. Idazleak eguneroko bizitza du oinarri, inguruak eskaintzen dizkion kontakizun jakingarriak iturri. Polizia-eleberriek joera errealista handia hartzen dute, eta horixe egin zuen Gotzon Garatek, gizartean benetakoa zen arazo bat ekarriz eta testuinguru errealetan girotzeko ahalegina erakutsiz.
Izurri berria eleberriaren lehenengo kapituluak hilketa ardatza izango duen intrigaren berri ematen du: neska bat agertu da zabortegi batean, erabat sarraskituta. Poliziak uste du, besoetan dituen lorratzengatik, drogazalea izan daitekeela, eta horrek prostituzioan ere jardun duela pentsatzera eraman gaitzake. Droga eta prostituzioa, haria ezarrita dago, hariari tira egitea baino ez da geratzen, eta horixe dateke detektibearen eginkizuna. Hari horrek, ikerketak betetzen duenak, osatzen du eleberriaren bizkarrezurra. Lehenengo atalean intriga osoa agertzea inportantea da, horri esker irakurlearen jakin-mina hasiera-hasieratik pizten baita. Intriga eta pertsonaia nagusiak ere aurkezten ditu lehenengo atal horretan: detektibea, polizia-burua, biktima. Gauza garrantzitsu bi baino ez dira faltako, hots, nor izan den hiltzailea eta hilketaren zergatia. Irakurlea apurka-apurka joango da hori aurkituz, detektibeak aurkitu ahala. Hasierako tentsioak amaieraraino iraun behar du, eta hasiera garrantzitsua bada, polizia-eleberri batean amaiera ere berebizikoa da. Izurri berria eleberriak bere “hard-boiled” izaera bete-betean erakusten du amaieran. Ez da amaiera oneko eleberria, “Chinatown” filmaren moduko amaiera du, mingotsa. Ezin izango da justizia egin hain boteretsuak diren gaizkileen aurka, boteretsuegiak dira horretarako. Mendeku hartzea baino ez da geldituko aukeratzat, eta biktimak ere are biktimago izango dira, bidezko justizia ezarri ezin izan delako. Etsipena baino ez dakar horrek. Amaierako tentsioari eustea mendekua irtenbidea izateak lortzen du. Irakurleak eleberri honetan gaizkilea atxilotzea espero luke, ohi bezala, baina eleberriak amaiera horretatik ihes egiten du eta, esan bezala, gaizkileen aurkako mendeku hartzea, horrek dakartzan ondori lazgarri guztiekin, izango da intrigaren konponbidea. Hasiera eta amaieraren artean atal laburrak arin garatzen dira. Polizia-eleberri guztietan bezala haria zuzena da, eta arina, soberako pasarterik gabea. Kontaera erabat lineala da, zenbait flash back labur salbu, eta gertaerek laburpenera jotzen dute.
Izurri berria lehenengo pertsonan idatzita dago. Polizia-eleberrietan ohi dugunez, pertsonaia nagusia den Haitz Zumeta detektibeak narratzen du istorioa honakoan ere bai. Amaieran soilik tartekatzen dira beste pertsonaia batzuen egunkari idatziak. Egunkariok eleberriaren linealtasuna eteten dute, pertsonaiei barne sentimenduez jarduteko aukera ematen diete, eta itxuraz sinplea den testua aberasten dute. Egunkariok ere lehenengo pertsonan idatzita daude, aitorpen modura-edo. Egunkariok gako dira eleberriaren intrigaren irtenbidea zein den jakiteko, eta horietan aitortzen dute pertsonaiek zergatik jarri ziren harremanetan detektibearekin, zer lotura duen horrek kasuarekin, eta ustekabeko amaiera nola gauzatu den. Generoari dagokion beste ezaugarri argi bat da elkarrizketa sarri agertzea. Elkarrizketa da eleberri honen teknika nagusia. Elkarrizketetan, Gotzon Garatek maisutasunez baliatzen du ahozko euskararen aberastasuna, eredu estandarrera ekarrita. Elkarrizketek eguneroko hizkuntza islatzen dute, egunerokoa baina zeharo aberatsa. Elkarrizketok bizi-biziak dira, mamira zuzenean doazenak. Gainera, elkarrizketak eta pertsonaien eta egoeren deskribapen laburrak dira.
Pertsonaiei dagokienez, Garatek nabarmen-nabarmena den ezaugarria agertzen digu eleberrian: pertsonaia nagusi guztiak euskaldun jatorrak dira. Gehien-gehienak herri euskaldunetan jaioak eta haziak, izen eta deitura euskaldunekoak, euskal ohiturakoak. Horrela, Garatek sinesgarritasuna ematen die pertsonaiei, kaleko pertsonaiak erabiltzen ditu, ingurumari ezagunekoak, euskararen gizartea ispilatzen dutenak. Hala ere, bada zerbait gehiago: ezaguna da jada Garatek hizkuntzarako duen ardura, bai eta egiten duen hizkuntzaren erabilera pedagogikoa ere. Horregatik, euskara ona inoren ezpainetan jartzekotan, jatorrizko euskaldunen ezpainetan jartzen du. Sinesgarritasun kontuan da, baina sinesgarritasun horrek badu, bide batez, bigarren irakurketa bat: hizkuntzaren egoera bera. Aintzakotzat hartu behar da 80ko hamarkadaren hasierako eleberri batez ari garela, eta ondorioz, sasoi hortaz. Sasoi honetan oraindik euskara ez da esparru guztietara zabaldu, gaitza da literaturan zenbait ahots arrotz euskarari lotzea, naturaltasunez identifikatzea nolabait. Gerora konponduz joan da arazo hau. Beraz, oraindik sasoi honetan eleberria ez litzateke sinesgarria izango, pertsonaiek izaera euskaldun nabarmen-nabarmena ez balute. Garatek berak dio hitzaurrean, eleberria nahitaez Bilbon kokatu arren, euskal literatura ez dela polizia eleberri onez erdituko, Bilbo euskalduntzen ez bada. Horra hor berriro sinesgarritasuna eta hizkuntzaren egoera eskutik hartuta. Horrela, eleberria Bilbon girotuta badago ere, pertsonaia nagusiak ez dira bilbotarrak, erdaldunak izango liratekeelako. Horregatik dira inguru euskaldunetakoak. Modu horretan ez da kontraesanik sortzen eta, gainera, egilearen asmo pedagogikoak sendotzen dira.
Izurri berria Bilbon girotuta dago, Bilboko kaleetan. Bilbon eta ingurumarian. Gotzon Garatek aitortzen duen bezala, inon gure artean polizia-eleberria kokatu behar bada, leku hori Bilbo da, Bilboko giroak antz handiagoa baitu Ipar Amerikako hiri batzuetako auzoekin. San Francisco moduko auzo marjinalak ditu, portu hiria da, eta gainbeherako inguru industrialak itxura gris eta hitsa ematen dio. Eleberriak ederto deskribatzen ditu Bilbon elkarrekin bizi diren giroak. Alde batetik, aberatsen auzoak: Getxoko Neguri, Bilboko zabalguneko hotelak; eta bestetik, emagalduen auzo marginalak: Cortes eta San Francisco. Giro honetan krimenak inguru ezin hobea aurkitzen du gertatzeko. Horrela, eleberri honetako gaizkileak jauntxo aberatsen artekoak ditugu, Neguriko luxuzko etxeetan bizi eta Bilbon itxuraz legezkoak diren negozio oparoak dituztenak. Goi mailako gaizkileak dira, boteretsuak eta ukiezinak. Jauntxo hauek dira Bilbora itsasoz droga ekartzen dutenak, izurri berri baten errudunak, eta haien erruz gazteek bizia galtzen dute. Eleberri honek jauntxo horien ustelkeria agerian uzten du. Bestalde, eleberriko Bilbo ez da, behar bada, ezagutzen duguna. Artean, hiri industriala zen eta horren berri ere ematen zaigu. Aspaldian itxi zen Begoñako Etxebarria lantegiaren tximiniak ketan agertzen dira. Kea eta behinola hiriaren ezaugarri zen zirimiria nahasten dira giro tristea sortzeko, polizia-eleberriak behar duen giroa sortzeko, alegia.
Kanpo denboraren noziorik ez da agertzen. Ez dago urte edo urtaro jakin baten aipamenik. Bestelako elementu batzuen aipamenek baino ez dute kokatzen eleberria idatzi zen sasoian, hots, 70eko hamarkada amaieran. Bilboko erdialdeko lantegiek, 80ko hamarkadaren erdialderako erabat desagertuta, eta “Hoja del Lunes” egunkari ezagunak, 80ko hamarkadaren hasierarako honezkero desagertuak, jartzen gaituzten 70eko hamarkadaren amaieran, eleberria idatzi zen momentu berean.
Polizia-eleberriak idazteak aukera ezin hobea ematen dio Gotzon Garateri hizkuntza zalua eta jatorra erabiltzeko, genero honek horrelako hizkuntza mota eskatzen baitu. Gotzon Garatek ardura handia hartu zuen ondo idazteko, hutsik gabe eta aberats idazteko. Gotzon Garatek jatorrizko hiztunengana jo zuen euskara zuzena eta jatorra ikastearren, urteak eman zituen zazpi herrialdetako baserrietan eguneroko eta noranahiko hizkuntza lantzen. Bere idazkietan ez du aukera galtzen aberastasun hori guztia agertzeko, eta apropos lantzen ditu, eredu onak emateko, gaurko molde berri desegokien aurka. Eredu estandarra erabili arren, euskalki guztien elementuekin aberasten du Garatek darabilen hizkuntza. Aberastasun horretan guztian ahozko hizkuntzak berebiziko garrantzia hartzen du, Garatek ahozko euskara aberatsa hartzen du oinarri prosa jatorra eta arina egiteko. Horrela, bere idazkeraren ezaugarri asko ahozko euskaratik datoz, eta esamoldeek, esaera zaharrek, eguneroko konparazioek, errepikapenek, diminutiboek, anaforek, aditzen elipsiek, amorru esaldiek eta hitanoaren erabilerak, besteak beste, betetzen dituzte Garateren prosaren ahozko hizkuntzaren ezaugarriak.
Izurri berria mugarri esanguratsua da euskal polizia-eleberriei dagokienez. Aldaketa garaia markatu zuen. 70eko hamarkadan euskal polizia-eleberrietan nagusi izan zen eredu ingeles klasikoa alde batera utzita, thriller modernoaren ezaugarriak eta eleberri beltz amerikarrarenak bereganatzeari ekin zion euskal eleberrigintzak.
BIBLIOGRAFIA
BIBLIOGRAFIA
GARATE, Gotzon (1984): Izurri berria. Elkar. Donostia.
GARATE, Gotzon (2000): Atzerriko eta Euskal Herriko polizia eleberria. Elkar. Donostia.
KORTAZAR, Jon (2000): Euskal literatura XX. mendean. Pramés. Zaragoza.
OLAZIREGI, Mari Jose ( 2002): Euskal eleberriaren historia. Labayru Ikastegia. Bilbo.
« IZUEN GORDELEKUETAN BARRENA (1980) | JESU-CHRISTO GURE JAUNAREN PASIOA » |