« ITZALEN ITZAL (1993) | IZURRI BERRIA (1984) » |
IZUEN GORDELEKUETAN BARRENA (1980)
Izuen gordelekuetan barrena Joseba Sarrionandiak (Iurreta, 1958) 1980an kaleratutako poema bilduma dugu. Idazle bizkaitarra aldez aurretik euskal kulturan ezaguna bazen ere, Zeruko Argia, Anaitasuna eta Pott aldizkarietan argitaratutako artikuluengatik batik bat, ordura arte ez zuen genero poetikoa landu.Izuen gordelekuetan barrena bere estreinuko aldia izan zen, beraz, poesia alorrean arrakastatsua gainera, ez R.M. Azkue saria irabazi zuelako bakarrik, baita Bernardo Atxagaren Etiopia obrarekin batera euskal poesiaren historiako atal berri bat ireki zuelako ere.
Errepara diezaiogun urteari: 1980. Garai hura historikoki garrantzitsua izan zela esan genezake. Ikuspegi politikotik, lau urte eskas ziren sistema berri batek, parlamentu demokraziak, autoritarismo frankista ordezkatu zuela, eta aldaketa berebizikoa izan zen euskal kulturarentzat, orduantxe izan baitzuen berpizkundeari ekiteko aukera. Aldizkari, egunkari, argitaletxe eta euskara aldarrikatzeko asmoa zuten erakunde ugari sortu ziren. Ikuspegi literariotik, belaunaldi berri batek, “1976ko belaunaldiak” (“Atxagaren belaunaldi” bezala ere ezaguna dena) bere ibilbidea hasi zuen. Idazleek literaturari ematen zioten autonomian aurki daiteke, sinplifikazioa onartzen baldin bazait, belaunaldi horren bereizgarritasuna (Iztueta Armendariz 2005). Ikuspegi pertsonaletik, ostera, Sarrionandiak bere bizitzako fase berri bati aurre egin behar izan zion, 1980an preso hartu ondoren, 1985ean luzaro iraun duen erbestealdia hasi baitzuen.
Izuen gordelekuetan barrena honako zatiek osatzen dute: liburuaren hasieran, bi hitzaurre –bata prosaz, “Prologoa”, eta bestea bertsoz, “Bitakora kaiera”–;, zazpi ataletan banaturik –“Sorterri hautatuan”, “Paris neskazaharra”, “Itsasoaren ezpainetan”, “Lisboako nigarkanta”, “Hodeien margoa”, “Prahako orenetan” eta “Iragan dira horik oro”– poema sorta; eta atal horietako bakoitzaren amaieran, “Epigramak” izenburua duen eta I-etik LVI-era zenbatua dagoen, fragmentu poetikoz osaturiko bilduma. Epigrama sail horietako bakoitzak irudi bat darama (“Bitakora kaiera”-k ere badu argazkirik). Itxuraz oso heterogeneoak diren arren, zatiek badute zerbait komunean: deserrotzearen gaia, eta deserrotzeak dakarren noraezaren esperientzia.
Kritikoek prosazko hitzaurrea izan dute gogoko, non Sarrionandiak bere obra tradizio literarioa kokatzen duen eta bere irakurle-ereduen profila marrazten duen. Aspektu horiek aztertu baino lehen, hala ere, liburua argitaratzeko orduan idazleak izan zituen bi kezka aipatu nahi nituzke. 1980an, etorkizuna ezagutzeke zegoenean, uler zitezkeela pentsatzen dut, baina egungo ikuspuntutik arraro samar dirudite.
Poemak argitara eman edo ez zalantzan ibili zela aitortzen du Sarrionandiak lehenengo paragrafoan, lagunarteko produktu bezala baitzituen: “Nahiago nukeen paper hauk gordairu zaharren batetan eskutatzea, eta ez paper zaharrei aldizka hautse astintzeko atseginagatik bakarrik” (5). Liburuak ondoren izan duen harrera kontuan hartuta, egilearen herabetasunak harrigarria dirudi. Kritikoek –bibliografiak mardultzeko beti prest– Izuen gordelekuetan barrena liburua aitzaki dutela orrialde ugari idatzi dituzte, nahiz eta Sarrionandiak Prokustorekin, Atenas hirira iristen ziren bidaiaria guztiak ikaratzen zituen bidelapurrarekin, erkatu –ahaztu al zitzaion Prokusto Teseok akabatu zuela inguruko beste gaizkile guztiekin batera?–. Idazleek obra honek bere lanarengan izan duen eragina onartu dute beti. Irakurleei dagokienez, urteetan zehar ez diote Sarrionandiaren liburuak irakurtzeari utzi.
Baina Sarrionandiaren kezkak ez ziren argitaratu edo ez, aukera horretara, mugatu, poesia idatzi edo ez aukera ere jiraka zerabilen buruan, generoa zail eta deserosotzat baitzuen. “Narratibaren alorrean hobeto senditzen dut ene burua (…). Poesia egitean zalantzak ditut (…) ez dudanentz poetikarik gabeko edo poetika ahuleko poemagintza egiten” (5). Poesian geroz eta gusturago sentitu duelako bere burua, edo bere eta zalantzekin bizitzen ikasi duelako, Sarrionandiak poesia idazten jarraitu du eta, egun, bost poema-liburu ditu argitaraturik: Marinel Zaharrak (1987), Gartzelako poemak (1992), Hnuy illa nyha majah yahoo (poemak 1985-1995) (1995), Hau da ene ondasun guztia (1999) eta XX. mendeko poesia kaierak – Joseba Sarrionandia (2002).
Lehenengo hitzaurrearen edukia aztertzeko garaia da, dena den. Idazketa prozesuaren testuingurua eta liburuaren egitura azaldu ondoren, Sarrionandiak tradizioaren barruan kokatzen du bere obra. Bildumaren hiru ezaugarri ematen ditu aditzera: a) poema intertestualak dira, tradizioarekin elkarrizketan dihardutenak: “literatura oro literaturaren literatura da, hots, literaturari buruzkoa, eta poema orok aurreko poemagintzan du erroa” (6); b) poemen iturriak ez dira literarioak bakarrik: “bizimodu arrunteko egoeratan ere sortzen dira ideia literarioak, eta hauetaz ere baliatu naiz” (6). Kortazarrek bigarren puntu hori zehaztu egin du: “errealitatearen aipamenak egin arren ere, ez du autonomia ezabatzen” (Kortazar 1997); c) hizpide ditugun poemek Pott bandan ikasitakoa biltzen dute.
Azkenik, ahalezko prokustoei oharra egin ondoren (“Esan nahi dut, eta nahi duenak entelegatuko du, poema liburu hau ez dela ez dena, eta ez duela behar zutoihalik, ez hilobi arranditsurik” (7)) bere poemen irakurle aproposak zeintzuk diren azaltzen du egileak: Sarrionandiaren lagunarte murritz eta apartekoa, batetik, eta izpiritu erromantiko eta etsituak, bestetik.
Lehen hitzaurrea kritikoek gustuko izan badute, bigarrena idazleek maite izan dute, eta literatur manifestutzat hartu dutela ere esan daiteke. “Prologoa”-n, dio Kortazarrek, liburuaren helburu eta nahiak aipatzen dira; “Bitakora kaiera”-n, berriz, gaiak eta kontzepzioa. Bertan, gainera, bildumari koherentzia ematen dion elementua argi eta garbi agertzen da: bidaia edo, zehatzago (etsipenez), noraeza. Hasierako poema honetan ondoren datozen testuak marinel batek bidea ez galtzeko asmotan bitakora kaieran idatzi dituen apunteak direla deskubrituko dugu. Ni poetikoa beldur da, bidaiari izan beharrean arlote ote den.
Bidaia da, beraz, bildumako poemen ardatz. Gaia ez da beti agerian egoten; batzuetan poemaren hari nagusia izaten da, besteetan bigarren mailako aipu eta, behin baino gehiagotan, ez dago haren aztarnarik ere (kasu horietan, ordea, gaia testuan murgildurik dagoela sentitzen dugu, isiltasunean, hitz bakoitza bere malenkoniaz kutsatutzen duela). Azken batean, bilduma heterogeneoa dela dio Sarrionandiak, anitza forma nahiz gaien aldetik: “Badira poema narratiboak, badira sentimentalak, badira nostalgia bilatzen dutenak, ideien elkarkidetasunean oinarrituak, akumulazioz jokatzen dutenak, hitz jokoan oinarriturikoak edo kopla zaharren teknika erabiltzen dutenak” (Kortazar 1997: 137).
Baina zer bidaia motaz ari gara? Galdera aztertu ahal izateko, Javier del Pradok “Apuntes para una poética existencial del viaje literario” artikuluan azaldutako eredua hartuko dugu kontutan. Kritiko horren arabera, bidaia orok bi elementu ditu: bata “bidaiaren euskarria” da –“soporte de la itinerancia”– eta bidaiaren abiapuntuak, ibilbideak eta helburuak osatzen dute; bestea “bidaiaren subjektua da” –“sujeto de la itinerancia”– eta ni bidaiariak osatzen du.
Izuen gordelekuetan barrena liburuan agertzen den bidaia bi mailatan garatzen da: alde batetik, bidaia geografiko edo fisikoa da;, etxe bila doan ni poetikoak lurralde asko igarotzen ditu, hala nola, sorterria, Paris, Grezia, Lisboa, Irlanda, Praha eta deserria, bestetik –eta batez ere–, bidaia literarioa da; bertan tradizio baten bila doan ni poetikoak zenbait idazle klasiko oroitzen dituen: Parisen, Baudelaire eta Mallarmé; Grezian, Segeris eta Kavafis; Lisboan, Pessoa; Irlandan, Dylan Thomas eta Yeats; eta Prahan, Kafka, Rilke eta Holan.
Bidaia geografikoari dagokionez, bidaia baino errantzia dela esatea aproposagoa litzateke. Izuen gordelekuetan barrena liburuan agertzen den ni poetikoa proiekturik gabeko bidaiaria da (zuzeneko lerrorik gabea, aurreraka bultzatzen duen inpultsorik gabea). Zein da bere abiapuntua? Lehenengo atalaren izenburuan ageri da: “Sorterri hautatua”. “Hautatua”: beraz, ez objektiboa, kontingentea, besterik gabe aukeratua edo behar batek ezarria: “Aberria hautatu egiten da/ –eta emakumea– edo/ bakardadeak edo besterik ezak/ ezartzen derauku” (18). Baina hautatua bada ere, aberri horren urruntasun edo galerak nostalgia sortzen du. Zein da helburua? Ez dago. Bidaiak ez du amaierarik, bidaiariak aurrera egiten du, behin eta berriz. Hala antzematen da, behinik behin, azken poema irakurtzerakoan, non bidaiaria etxe abandonatu batera, panpina elbarri eta armiarma bati ostatu ematen dien etxe batera, iristen den. Bidaiariarentzat ezinezkoa da aberrira bueltatzea –“Etxe zaharreko armiarma”–, edo aspergarria –“Ulyses Itacara heltzean”–. Eta ibilbideari buruz, zer? Bidaiariak ez du zeharkatzen duen espazioaren eta bizi duen denboraren ezaguera garbirik, –“noiz eta non sartu den oroitzen ez duen arren” (11)– eta erreferentzia punturik ez dagoela susmatzen du –“Baina ba dea zentrorik?” (11)–.
Bidaia honen amaieran, baina, ez dago Itakarik. Ulisesen helburua Itakara itzultzea zen (Homerok abenturari, alde batetik, eta itzulerari, bestetik, eskaintzen dion bertso kopuruan ageri den bezala), Kavafisen poemako hartzailearen helburua (harekin konparatu dute Izuen gordelekuetan barrena liburuko bidaiaria; ikus Otaegi 2000), berriz, bidaia ahalik eta gehien luzatzea da, beti ere Itaka hodeiertzean duela. Garrantzia itzuleratik bidaiara, helburutik prozesura pasatzen denean, modernitatera iritsi garela esan genezake. Baina zein da Sarrionandiaren bildumako ni poetikoaren xedea? Ez da ez itzulera ez eta abentura ere. Bidaiariak ez du xederik, noraezean ibiltzea du aukera bakarra. Eta horixe da azken jira: postmodernoa.
Deigarria da lehendabiziko ataleko lehenengo poeman, “Udazkena iragan orduko” hitzekin hasten den horretan, agertzen den irudia: hegaztiek –izan usapalak, basusoak, kurriloak, basoilandak edo usoak– migrazio bidaiaren norakoa ezagutzeko oskarbia behar dutela dio ni poetikoak, lainotuz gero bidea galtzeko arriskua baitute. Eta deigarria dela diot, XX. mende amaierako funtsezko idazle batek deserrotzearen gaia buruan zuela, irudi bera aukeratu zuelako. Sebaldek 2001ean argitara emandako Austerlitz eleberriko narratzaileak sorbeltz, sits eta usoei buruz hitz egiten du guztiz galduta sentitzen den pertsonaia bat deskribatzean.
Bidaia literarioari dagokionez, ni poetikoa tradizio baten bila abiatzen da. Gaia bilduma sortutako kontestuarekin oso lotua dago:
“Poetak –eta berarekin guk, irakurleok– hainbat literaturetan barrena bidaiatzeari ekingo dio, literatur tradizioa bilatzeko tradizio bilatzeko beharrak horretara bultzatuta. (…) Liburua idatzia izan zeneko garaian euskal literaturak eta kulturak osatzen zuen ‘lur agorrak’ eta panorama desolagarriak errorik ezaren sentsazio ernarazi zuen Sarrionandiarengan nahiz beste hainbat idazlerengan. Agortasun horren aurrean, beharrezko egin zitzaien kanpora atera eta beste herrietako literaturetan murgiltzea, tradizio bilatzearekin batera nork berea sortuz” (Azkorbebeitia 1998: 71).
Bidaiaren gaia jorratzeko modua postmodernoa dela esan dut. Eta postmodernoak dira baita ere aipatutako zazpi atalak ixten dituzten epigramak, fragmentu diren aldetik, eta “kontaketa handietatik” (grand récit) zein esplikazio globaletatik urrun dauden aldetik. Azken batean, horrelakoa behar du izan noraezean dabilen bidaiariaren lengoaiak, profeta bezala ez, ero bezala, Jainkoarentzako ez, marionetentzako hitz egiten duen norbaitenak. Fragmentu horietan, hitzaurrean esaten denez, “ikuskizun, ideia eta egoera niminoak atzeman nahi izan dira” (6).
Bigarren prologoarekin eta epigramekin batera agertzen diren irudiak bana banaka identifikatu eta interpretatu ditu Kortazarrek, eta poemetako gaiak garatzen laguntzen dutela dio Luma eta Lurra entseguan. Liburuko lehen irudia, ekaitzari aurre egiten dion marinel zaharra, eta azkena, desertu erdian dagoen manikia, konparatuz, honakoa dio: “Bulartsu eta ausarta zen marinel zaharra, panpina elbarri bihurtu da. Giza ausardia, gorpuzkia besterik ez, gogoa, egitura mekaniko eta giza kontzientzia harietatik dindilizka den eremu huts besterik ez” (1997: 85).
BIBLIOGRAFIA
AZKORBEBEITIA ALDAITURRIAGA, Aitzpea (1998): Joseba Sarrionandia: irakurketa proposamen bat. Labayru Ikastegia. Amorebieta-Etxanoko Udala. Bilbo.
IZTUETA ARMENDARIZ, Paulo (2005): Euskal idazleen belaunaldiez. Utriusque Vasconiae. Donostia.
KORTAZAR, Jon (1997): Luma eta lurra. Egungo euskal poesia (1978-1995). Bilbao Bizkaia Kutxa-Labayru Ikastegia. Bilbo.
OTAEGI, Lourdes (2000): Joseba Sarrionandia. Marinel zaharraren kantua. Labayru Ikastegia-Bilbao Bizkaia Kutxa, Bilbo.
PRADO BIEZMA, Javier (1996): “Apuntes para una poética existencial del viaje literario”. Revista de FilologÃa Francesa, 9. 185-200.
SARRIONANDIA, Joseba (1981): Izuen gordelekuetan barrena. Bilbo Aurrezki Kutxa. Bilbo.
SEBALD, W.G. (2001): Austerlitz. Anagrama. Bartzelona.
« ITZALEN ITZAL (1993) | IZURRI BERRIA (1984) » |