Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

ITZALEN ITZAL (1993)

Juan Garzia
Ibon Egaña

1990eko hamarkadako ipuin-liburu gogoangarrienetakoa da Juan Gartziaren (Legazpi 1955) Itzalen itzal, hala ezohikotasunagatik nola literatur maila jasoagatik. Itzalen itzal hamaika ipuinez osatutako bilduma da, eta guztiek dute hiri italiar bat gertaleku, bai eta inspirazio iturri ere. Pisa, San Gimignano, Firenze, Siena, Orvieto, Roma, Perugia, Gubbio, Venezia, Verona eta Milano dira Garziak proposatzen duen bidaiako geltokiak, baita ipuinen izenburuak ere.

Nolanahi ere, bidaia fisikoa baino, batik bat bidaia intelektuala eta kulturala da Gartziak ipuinon bidez proposatzen duena. Denboran atzera, Berpizkunde garaiko edo Erdi Aroko Italiara, garamatzate ipuinok, garai haietako artearen eta arkitekturaren lilura berpiztera. Hamaika hirietako eraikin edo artelan erreal eta enblematikoak dira ipuinon abiapuntua: Pisako dorrea, Firenzeko katedrala, Sienako plaza, edo Erromako Capella Sixtina. Liburuan, artelan erreal horiek, baina, aitzakia dira denboran atzera egiteko eta fikzioari, kimerari, ateak zabaltzeko. Hala, Pisako dorrea balizko antzeztoki bateko palko onena zela, Sienako plazako lauzek euskarazko kantu bat irudikatzen dutela edota Erromako Capella sixtinan Pio V.a Aita Santuak poemak idatzi zituela, Gartziaren irudimenak sortutako hipotesi-itxurako fikzioetako zenbait baino ez dira. Idazleak fikziorako abiapuntu bihurtzen ditu eraikin nahiz artelanok, fikziorako eta harrizko eta adreiluzko errealitateak ezkutatuko lukeen literatura eta istorioa azaleratzen ditu narrazioetako narratzaileak.

Narratzaileen eta ahots narratiboen erabilera da, hain zuzen ere, ipuin-liburua literatur lan jaso egiten duen tasunetako bat. Historian atzera eginda Berpizkundeko Italian barna abiatzeko gaur eguneko ikuspuntua hautatzen du egileak; alegia, narratzaileak, oraingo garaietatik iraganera begira, artearen historia arakatzera abiatzen dira, eta arakatze horretan ustekabean aurkituko dute azalpen edo hipotesi berri bat, fikzioari ateak zabalduz. Narratzaile horiek erudituak dira, arte kritikariak, edo arte historialariak, eta Gartziak erudituaren ikerlanaren jantzian ematen ditu liburuko ipuinak. Narrazio modu hori hautatu izanak, erregistro aniztasunerako aukera ematen dio idazleari, eta, hala, hainbat teknika baliatzen ditu ipuinak taxutzerakoan: gutun-elkartrukea, prentsako artikulua, eta baita liburu-iruzkina edo ikerlariaren txosten zientifikoa ere. Horrela, Gartziaren prosak lirismora joko du batzuetan, hoztasun zientifikora bestetan, gutun-hizkerara aldian, guztietan ere erabateko sinesgarritasun eta maisutasuna lortuz.

Narratzaileen hautapenetan saihestezineko erreferentzia da Jorge Luis Borgesena (gogoan izatekoa da Juan Gartziak euskaratuak direla haren Ipuin hautatuak eta, beraz, argentinarraren ezagutza sakona duela). Borgesen narrazioetan erruz aurkitzen dira, Gartziarenetan bezala, narratzaile ustez jakintsu eta erudituak, literatur kritikariak, edo obra apokrifoen idazle apokrifoak. “Borges izan da jakintza arlo askotarikoen itxuralari nagusia”, J. K. Igerabideren (1993) arabera, eta Gartziak haren bideari hurbiletik jarraitzen dio ipuinotan. Argia da, esaterako, Borgesen erreferentzia Roma ipuinean, non liburu apokrifo baten iruzkina baita narrazioaren abiapuntua. Kritikari eta azterlariak bat etorri dira Borges Itzalen itzal bildumaren aita pontekotzat jotzean, baina ez da hala bakarrik narratzaileen eta ikuspegiaren hautaketari dagokionez, izan ere, Borgesen itzala luzea da liburuan, eta besteak beste ironian, literatura jolas bezala hartzeko joeran, fikzioaren maila desberdinekin egindako jolasetan, metafikzioaren erabileran edo umore-keinuetan antzeman liteke haren arrastorik. Ez da, nolanahi ere, J.L. Borges Gartziaren lan honen iturri eta erreferente bakarra. “Calvinoren fantasia neurtua, Tabucchiren dotorezia saudadez ukitua” ere (Saizarbitoria, 1994) Gartziaren prosaren iturri eta eredu litzateke. Garbiago ageriko da, hala ere, Tabucchiren eta haren Sostiene Pereiraren itzala Gartziaren hurrengo narrazio lanean, Fadoa Coimbran nobelan (1996). Bestalde, egileak berak euskarara itzulitako Marcel Schwoben Bizi alegiazkoak lanaren itzalik ere antzeman liteke narrazio bilduma horretan.

Erregistro eta ahots aniztasuna da liburuaren ezaugarri behinenetakoa, baina, aniztasun horretaz gaindi, batasun handiko ipuin-liburua da Itzalen itzal. Ipuinez ipuin berragertzen diren pertsonaiek (Veytia edo Stalvecchio), ipuin zenbait josten dituzten hari narratibo finek eta garai eta testuinguru komunek batasuna ematen diote liburuari. Horregatik, “puzzle-nobelatik gertuago” legoke liburua “ipuin-bildumatik baino” (Aldekoa, 1994).

BIBLIOGRAFIA

ALDEKOA, Iñaki (1994): “Itzalen itzal”. Egan 1994-2, 145-150.

ALDEKOA, Iñaki (2004): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia.

IGERABIDE, Juan Kruz (1993): “Itzalen itzal”. Egan, 1993.

SAIZARBITORIA, Ramon (1994): “Hitzaurrea” in J. Garzia Garmendia Itzalen itzal. 2. edizioa.

ZUBIZARRETA, Patxi (1993): “Iraganmina, jakinmina”. Egin. 1993-09-15.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus