« ITSASOAK EZ DU ESPERANTZARIK (1972) | ITZALEN ITZAL (1993) » |
ITZ LAUZ (1934)
TESTUINGURUA: PIZKUNDEA
1927tik aurrera aldiz, bizigogoa itzulia duela dirudi. Xabier izeneko bere semearen jaiotzak poztu zuenaz gain, Primoren diktablanda urteak ziren eta Arrasaten sortu berria zen “Euskaltzaleak” elkartean parte hartzen hasi zen. Partaidetza horri loturik egin zen ospetsu egunkarietan “Xabier de Lizardi” ezizena. 1928an aipaturiko erakundearen buru hautatu zuten eta piskanaka erakundeak izan beharreko egitura eta jomugen proiektua borobiltzen joan zen 1930ean zeregin literarioetarako asti gehiago izateko, Aitzolen zuzendaritzapean jarri zuen arte.
Diktaduraren amaiera eta Errepublikaren etorrera iragartzen zuten politika mailako aldaketek eskatzen zioten arretak eraman zuen EAJ/PNVko bazkidetza soiletik Gipuzkoako GBBko idazkari kargua onartzera. Bestalde, ikastolen sorreran partaidetza zuzena izan zuen, administrazioarekiko harremanetan nahiz testuliburuen prestakuntzan. Honezaz gain, “Euskaltzaleak”ek antolaturiko jarduera askoren laguntzaile, eragile edo partaide zuzena izan zen.
1927ko urtearen amaierangaixoaldi larri batek hilzorian eduki zuen, eta 1928ko urtearen lehenengo hiru hilabeteak Zarautzen igaro zituen, sekula baino gehiago irakurri eta idazteko abadagunea izan zuelarik. Garaikideen eta adiskideen esanetan, Lizardi gaixobera zen; Orixek bere oroitzapenetan jasoa utzi zuen gibeleko gaitz batek bolara txarrak pasarazten zizkiola, nahiz eta azkenean, biriketako infekzio batez hil zen 1933ko martxoaren 13an, 36 urte besterik ez zituela. Osasun makalekoa bazen ere, langile porrokatua eta kultur eragile nekezintzat erakutsi zuen bere burua. Urte horietako Pizkunde aroaren suspertzailerik indartsuenetako bat bilakatu zen eta ezagunenetako bat ere bai, egunkarietan argitaratzen zituen artikulu ugarien bitartez. Halere, kazetaritzak ospetsu egin bazuen ere, literaturzaleen artean, bere poesigintzaren edertasunak kontsagratu zuen gure literatura modernoaren gailurtzat, bereziki 1930-33 urte laburretan argitaratu zituen poemengatik, irabazi zuen Olerti Sariarengatik eta bere poesi-liburu bakarrarengatik: Biotz-Begietan, eusdkal lirikaren emaitza preziatuena.
OBRA
1.- IPUINAK
Lizardik literatur genero ezberdinak landu zituen. Osperik handiena erakarri ziotenak olerkigintza eta kazetaritza izan ziren, baina ipuingintza eta antzerkigintza ere saiatu zituen. Bere garaian kazetaritza jardunak jende askorengana eraman zuen Lizardi idazlearen pentsamendua eta prosa atsegina, eta oso ezaguna izan zen, bestalde, esana dugu dagoeneko, olerkigintza arloko emaitzak euskal lirikaren gailurtzat aipatzen dituztela kritikoek.
Kazetaritza izan zen kopuru argitaratuari begiratzen bazaio Lizardik gehienik landu zuen generoa, izan ere, egunkarietako artikuluen bidez ezagutzera ematen eta bultzatzen zituen “Euskaltzaleak”en bidez sustatu nahi zituen kanpainak eta ekintzak. Garaiko egunkari, astekari eta aldizkarietan argitaratu ziren Lizardiren artikuluak eta bere garaian oso irakurriak eta oihartzun handikoak izan baziren ere, behin eztabaiden oihartzuna isilduz gero, hemeroteketan ahantziak geratuko ziratekeen Jose Mirena Markiegi bere adiskideak Itz-Lauz izeneko antologia moduko bat osatu izan ez balu eta 1934an argitaratu. Markiegik osaturiko antologia horretan euskarazko artikuluak bakarrik daude, baina Lizardik idatziriko 110 artikuluen artean, ehuneko 58,7 bakarrik dira euskaraz idatzirikoa, gainerakoak erdaraz daude. Bereziki aipagarria da 1930etik aurrera gero eta bakanagoak bilakatu zirela erdarazkoak eta euskarari euskaraz idatziz laguntzeko erabakia hartua zuela. Horrela eman zion amaiera 1928tik 1930era gaztelaniaz prosa literarioan idatziriko “Glosas triviales” artikulu sortari, gaztelaniaz ongi landua zuen lumaren trebetasunaren lekuko ahantzezin direnak.
Lizardiren artikulugintzan lehenengo epean (1927-1930) euskararen inguruko gaiak nagusitzen dira bereziki. Gehienetan “Eusko Ikaskuntza” eta “Euskaltzaleak” erakundearen bidez garatzen ari zen ekintzaren testuinguruan idatziriko artikuluak dira. kronologikoki harturik honako helburu hauek erabili zituen: lehenik, euskaltzaletasuna orokorrean sustatzea eta, zehazki, euskal eskolaren sorrera asmoak eta zailtasunak, idazleak suspertzea, animatzea eta gogo-berotzea argitaratu eta nolabait “profesionaltzeko” lanak sarritasunez egin eta ezagutzera emateko, eta azkenik euskal irakurlegoa zabaltzea lortzea.
Lehen epe honetako gaiak darabiltzaten artikuluen artean bereziki aipagarriak dira, adibidez “Zarautz erdelerri” izeneko artikulu sortatxoa. Lehen garaiko eztabaida artikulu hauetan euskara eta eskolaren artean Zarautz bezalako herri euskaldunean topatzen duen bateraezintasun latza salatzen du, umorez, ironia finez eta losintxa ugari barreiatuz egiten du, baina baita ziri zorrotz samarrez taxuturiko prosa leunez.
Bestalde, euskararen sustapen lanetan idazleak zeregin garrantzitsua zuten, Lizardiren ustez, eta kezkagarri zitzaion hainbeste idazle anonimok, gehientsuenek ezizenez izenpetzen baitzituzten euren lanak, bolada batez jardun eta gero beste gabe zeregin literarioak uztea. Idazle apalak animatzeko egin zuen Kirikiño sariaren aldeko kanpaina eta gogo biziz hartu zuen euskal egunkaria ateratzeko asmoa. Izan ere, Egunkariaren asmoan biltzen baitzituen Lizardik bere jomuga nagusienetako bi: idazleei sarritasunez partehartzeko argitaratzeko lekua eskaintzea, egunerokoan euren lumak trebatzeko abagunea ematea, eta bigarrenik, irakurlegoa zabaltzea.
Lizardik sortu nahi zuen egunkariak euskal idazle eta irakurleen komunikabide nagusia izateko helburua zuen eta zenbait artikulu eskaini zizkion gaiari. Ahalegin berezia egin zuen horretarako, artikulu sorta ederra argitaratu zuen asmoaren berri azaltzeko eta jendearen gogoa berotzeko, eta BAI zena eman zion lehen froga bat aurkeztu ere egin zuen 1929ko uda ikastaroetan, inkesta bat zabalduz, langile posibleen bilerak eratuz eta aurrekontu orokorren aurkezpena eginez. Adibide gisa aipa daiteke honen inguruan Euskal Egunerokoa (1929) artikulua, progragandista, antolatzaile eta suspertzaile zereginetarako kazetari lanen lekukotza gisa.
Kirikiño sariaren inguruko artikuluak aldiz, eztabaidazkoak izan ziren eta euskaltzaleen artean garaian sortzen ziren ezin-eramanaren, nahiz Lizardiren ironiarik garratzaren lekukotza gisa aipa liteke “Ez sari eta ez eskupeko” izeneko artikulua, euskaltzaletasun harroxko bezain axalekoaren salaketa zorrotza egiten duen artikulu aparta.
Bestalde, Lizardiren eztabaida artikulurik onenetakoen artean, Etxegarai jaunarekin izandako egunkari bidezko polemikaren testuinguruan argitaratu zuen “Euskara andiki soñekoz” izeneko bi artikuluak aipa litezke. Eztabaidagaia euskararen etorkizunean euskara kultur mintzabidetzat erabiltzea egokia zen ala ez izan zen. Lizardik baiezkoari eutsi zion, euskara kultur gaietan erabiltzea garrantzitsua zela. Gorapen, laudorioeta maitasun adierazpen harroputzak alde batera utzita, euskarak iraun ahal izateko beharrezkoena zuena erabilia izatea zela defendatu zuen. Lizardik euskarari apologistek erantsiriko zenbait ikuspuntu erromantiko eta atzerakoi eraitsi beharra ikusten zuen. Euskara mintzabide da, beste hizkuntza bizi guziak bezala, eta normala izateko egoeran bizitzeko duen eskubidearen aldarrikapena da bere mezu garbia.
1928-30 bitarteko artikuluetan,euskal literatura sustatzera bideraturiko ekintzetan bereziki azpimarratzen du idazleei argitaratzeko aukerak eta erraztasunak eskaintzeko premia dugula, hizkuntzaren lantze-maila eta prestigioa hobetzeko eta hizkuntzaren iraupenean duten eragina indartzeko. Horretarako ziren beharrezkoak sariketak, egunkariak, idazle biltzarrak, eta abar. Lizardiren proiektu hauetako zenbait 1930az geroztik gauzatu ziren Aitzolen gidaritzapean, baina bi lagunen arteko ezadostasuna berehala nabarmendu zen. Biek literaturak euskararen egoera suspertzeko gaitasuna izan zezakeela sinesten zuten, baina literaturaren izaeraz eta sustatze modu eta erritmoez guztiz ikuspegi ezberdinak zituzten.
1930etik aurrerako artikuluek literatura bera dute mintzagai nagusia. Izan ere Euskaltzaleakek antolaturiko Olerti Jaien testuinguruan idazle ezagunak eta ezezegun berrizaleak bildu eta plazaratu zituen, eta Lizardi edo Lauaxeta bezalako idazleek beren literatur zereginaren oihartzunak bultzaturik poesi-liburuak osatu eta argitaratzeko giroa aurkitu zuten urteroko sariketa horien babesean. Giro horretan idatziak dira Lizardiren artikulu literariorik hoberenak “Erdi bearra” edo “Olermen irakite“bezalako artikuluak, sormenaz eta olerkiaz duen kontzeptzioaren ingurukoak.
Olerti Jaietan olerkari berrizaleek duten arrakasta dela eta, idazle herrikoi eta berrizaleen artean sortzen de eztabaidan parte hartu zuelarik idatzi zituen Lizardik bere azken artikuluak, bere prosaren heldutasunaren eta betetasunaren erakusburu nabarmenak direnak, ospetsuena delarik “Gure bideko mugarriak” izenekoa. Hala berean, azken urte horietakoak dira asmo literario hutsa duten Lizardiren artikulurik ospetsuenak: “Donapaleura joan-etorria”, “Andereño Izardi” irri-jorran idatziak, eta deskriptiboak diren “Etxe barne-bizia” izeneko bi artikuluak. Oso gai ezberdinak dituzte laurak, baina bere estilorik atseginean idatziak daude: estilo pertsonal ironiko baina gozoan azaltzen ditu lagunartean eginiko egun-pasaren gorabeherak lehenengoan, bigarrenean miss sariketen inguruko zirikaldi bikainak, hirugarrenean bere etxeko famili-giroa eta azkenik, Madrileko Parlamentura eginiko bisita azaltzen duenekoa.
Lizardiren artikuluetako estiloa orokorki karakterizatu nahi izanez gero, originaltasuna, dotorezia eta umorea azpimarratu izan dira. Lizardik oso prosa pertsonala, bere-berea sortzea lortu zuen, hainbat iturritatik edanez, euskal idazle klasikoak ezagutzen zituen eta haien dotorezia, haien prosaren zenbait ezaugarri diskurtsibo bereganatu zituen bere artikulurik landuenetan, Axular eta Mendibururen lanekiko aitortua zuen zaletasuna igartzen zaiolarik paragrafoen egituraketan, frogatu nahi duenaren aldeko argudioak eta adibideak era pedagogikoan antolatzerakoan. Lizardiren zenbait hitzaldi landuk, esate baterako, Bergarako Eusko Ikaskuntzaren 1930eko batzarrerako prestaturikoak diogunaren lekukotzat aipa daitezke. Horretaz gain iparraldeko idazleak irakurtzea atsegin zuen, bereziki, hango euskalkiei berezko poesia zeriela iruditzen zitzaion eta.
Baina gehienetan Lizardik idazle klasikoengandiko kutsu kultu eta elaboratua bere garaiko beste zenbait idazle biziren idatzietatik ikasirikoarekin batzen saiatzen zen. Bere oharretan Orixe, Kirikiño, Ander Arzellus “Luzear” eta abarren artikuluetatik harturiko esamoldeak, hitzak eta abar aurki daitezke eta bere prosaren lanketan maisu izan zituela ohar daiteke.
Lizardiren artikuluari ukitu originala ematen dion zera hori euskara idatziaren iturriko ugari ahozko hizkuntza mintzatuaren indar espresiboa, arintasuna eta zuzentasuna eransteko duen gaitasun aparta da. Lizardik badaki gozotasunez elkartzen iturri kultuetatik datorkion dotorezia, apaintasuna eta oparotasuna, ahozko mintzairaren zuzentasunarekin eta arintasunarekin.
Olerkigintzan bezalaxe, Lizardik prosan ere hizkuntzari indar espresibo berezia eman nahi dio, hizkuntzaren esamolderik esanguratsuenak aurkitzen saiatzen da, hitz gutxi batzuetan bilduriko pentsamenduak ahalik eta eragin handiena izan dezaketen guneetan kokatzen ditu bere artikuluetan. Azalpen gehiegirik gabe esamoldearen indarraz baliatuz irakurlearengan sorpresa, ironia, barrea edo hausnarketa eragiteko, komeni zaionean egoki datorkiona.
Lizardiren prosaren dotorezia eta hizkuntza maila jasoa azpimarratzerakoan edo ahozko mintzairaren indar espresiboa dariola esatean, ez da ahantzi behar ordea, Lizardiren prosa etengabeko lanketa eta bilaketaren fruitu dela. Urterik urte joan zen moldatzen bere hizkera karakteristikoa bilakatu zuen hura, beti ere bere garaiko obsesio-gaia izan zen garbizaletasunaren esparru estuarekin borrokan. Euskal prosari erdal kutsurik kendu beharrez, morfologiaren nahiz sintaxiaren alorrean eginiko zuzentasun handiaren lekuko bilakatzen dira bere artikulurik hoberenak. Lexikoaren aldetik berriz, esan liteke hortxe zuela Lizardik zalantza gehienik garbizaletasunaren inguruan, hitz berri edo ohiezen inguruan beti kokatzen zuelarik hura argitzera zetorren azalpena.
Prosa original hori, landua berria eta adierazkorra egiteaz batera, Lizardik beste ezaugarri karakteristiko batez zertzelatzen zuen eta orduan bilakatzen zuen erabat nahastezina, bere umore gazi-gozoaren ukituak blaitzen ditu bere artikulu gehienak eta ikuspuntu ironiko batek erakusten digu beti idazlearen ikuspuntu zehatzaren behagunea non dagoen.
Ia-ia bere artikulu gehienetan aurkituko du irakurleak ukitu irrigarriaz, edo ironia zorrotzaz eta are sarkasmoz ere eginiko oharrak: zenbaitetan pasadaz bezala eginiko ohartxo irrigarrien bidez adierazten duelarik iritzi zirtolaria edo bestetan nahigabe bezala esaten duenari eransten dion adjektiboak daramalarik benetako kargazoia…
Artikulugileen artean arau den hura ederki menderatzen zuen Lizardik: kazetariarentzat artikulu on batek odoloste on batek bezalakoa behar omen du: muturretatik ongi lotua eta barrenean piper ukitu batzuk eta mamia ongi xehaturik. Odolkiaren muturrak, hots artikuluaren hasiera eta amaiera Lizardik bereziki moldatzen ditu eta sarritan hasten eta amaitzen du artikulua irribarrea bederen sortuko duen ateraldiren batekin.
Esate baterako, artikuluen hasieran kritikatzera edo komentatzera doanari ekin aurretik sarritan egiten ditu Lizardik bere buruarekiko aipamen ironikoak, gero kritikatzen hasiko duenaren aurrean irakurleak suma lezakeen larderia edo handiputz kutsuak hasi aurretik ekidin nahiko balitu bezala.
Kritikazko artikuluetan eta entzuleek entzun beharrekoari buruz izan dezaketen uste handiak apaltzeko bere buruari babesa emateko ez ezik, Lizardik umorea erabiltzen du sarritan polemikazko artikuluetan elkarrizketa-kide duenari esan beharrekoak esateko, baina era zirtolarian. Askotan zorroztasunik galdu gabe lortzen du umorearen bidez, ironiaz polemika-kidearen argudioei lepoa bihurritzea eta baliogabetzea. Hala pentsatzen zuen Lizardik, lagunen artean berunezko tiroa behar zela eztabaidetan, baina errespeturik galdu gabe: “gauzak gordinki esateak baditu bere alderdi onak: Etxegaray berak dionez. Adiskide artean ez berunezko baizik illaunezko tiroa bear dala uste izaten dute askoek; nik bestera; baña adiskidetasuna ezertarako galdu, ezta ere otzitu gaberik” (Euskera Andiki-Soñekoz 93 orr.).
Lizardiren ironiak erregistrogama zabala du, berak nahi adinako zorroztasuna ematea lortzen zuen. Zenbaitetan, leun eta gozo, bestetan garratzago, eta inoizka, sarkastikoa, mindua eta haserrea ere bai. Lizardiren polemika giroko artikuluen artean bereziki azpimarragarriak bi ditugu bereziki, lehenik, Bonifazio Etxegarairekin euskara kultur mailan erabiltzearen inguruan izaniko 1930 urtearen amaierako artikulu sorta, eta bigarrenik euskal literaturan berritzaileen aurkako erasoen aurka erantzunez idatzirikoak. Lehenengoetan Lizardik zein polemikari trebea den frogatzen du, adeitsua, goxoa, umoretsua, haserretu ezina da Lizardiren iharduna Etxegarairekiko, baina egozten dituen kritikak sarkorrak dira, akuilu mingarri gertatu zitzaizkion zalantzarik gabe Etxegarairi, Lizardiri erantzunez hainbatartikulu argitaratu baitzituen, antza denez, Lizardiren kritikek kitzikaturik.
Zalantzarik gabe eztabaidetan ohizko diren hurbiltze eta urruntze jokoetan maisu agertzen zaigun Etxegarairekiko eztabaida honetan, estilo aldetik aipagarrienetako bat izan zen “Aitaren erreal bikoak” izenekoa. Etxegaraik berari zuzentzen dizkion erasoek dibertitu egiten dutela dirudi. Zerrendan jasotzen ditu baina ondotik berak handiagoa emateko, zakur-zakur:
“Egi biribil samarrak bota bear zitula agindu zigun Etxegarai jaunak, eta ona emen batzuk: odol-berotxo, bazter-nastalle, eztabikari alperrikako, arroxko ta artobero-uxai omen naiz. Oietaz gañera, buru-arlotea, andre Jakintza, andre Kultura askorik maite ez dutenetakoa, alegia. Apaltasun gezurrezkoz gere buru au jantziaz, oiek egitzat aitor ditzagun… Eztabai-gaiarekiko ain axola gutxiko ezpalira!”(Euskara andiki-soñekoz 99)
Lizardiren polemikazko artikuluen artean, mingotsenetako bat Kirikiño sariaren sorreraren ingurukoak izan ziren, “Ez sari eta ez eskupeko” tituluaz argitaratu zuen artikuluan ironia garratza bihurtzen zaio Lizardiri euskal gaietan garaiko euskaldunen zekenkeria sumatuta. Artikulu horretako amaiera aldera ordea, Lizardik ironiaz eginiko aipamen hauen arraildura sendatzeko bezala Kirikiño berari zuzentzen zaio barkazio eske bezala, eta, berotasun gutxiagoz, baino hausnarketa gehiago eta irribarre gutxiago eragiten duten komentarioak eginez: “Kirikiko gaxoa”… Zenbatu ezin-ala zenituan adiskideak. Nork uka lezake, aien illeta-eresia oiartzunga baitago oraindik?… Lurralde berritik -Jainko argizko lurraldea!- ezer ezpaitira or beeko bizitza-gau onek aunditu oi-dituan atsekabeak, ez bide da zureganaño eltzen gure diru-otsa… Ez erreza izan ere, ezpaitago otsik! Ez beza, ordea, iñork artatik atera gure adiskide aundiaz aztu geranik: baizik, ainbestetaraño dala guri-gozoa gere maitetasuna, beldur baigenduke maitearen pakea urre-tintin zakarrez autsia!.. (Euskera andiki-soñekoz 43 orr.)
Egia izatea nahi lukeen gezur batez errealitate prosaikoa estaltzekoa egiten du Lizardik artikulu honen amaieran, baina are nabariago egiten da, errealitatearen zakartasuna eta bere sentimenduen arteko distantzia, ironiaren indarrez. Kirikiñoren heriotzaren ondoren eta sariaren gaiaz idatziriko artikuluari amaiera ironikoa baino lirikoa ematen asmatu bazuen ere, beste zenbait artikulutan gaiaren inguruko polemika biziak berotuta, Lizardiren ironiak erregistro sarkastikoagoak hartzen zituen.
Lizardiren Bergarako edo Zumaiako hitzaldien estilo zaindua eta landua da. “Euskera andiki soñekoz”ekoa, zenbaitetan jasoa eta bestetan lagunartekoa. “Olermen irakite” edo “Erdibearra”eko lirika eta irudi metaforikoez ernari dagoen prosaz. Estilo horiekin ohituriko irakurleari, beti umoretsu, bizi eta ohar gazi-gozoez zipriztindua dagoen prosa neurtu eta igurtziriko prosa horrekin ohiturikoari, benetan deigarria egingo zaio “Gure bideko mugarriak” artikulua, Lizardik idatziriko azkena, bere estiloak har zitzakeen erregistroen aberastasunaren lekuko paregabea dena. Berezia da, zalantzarik gabe, artikulu hau. Bere prosari gailendu zitzaion tonu sarkastiko mingotsa dario. Hizkeraren erabileran maisutasun aparta erakusten du, bere aurkakoen armez baliatzen delarik bere burua gerizatzeko. Inoiz ez bezalako hizkera mordoiloan idatzia dago artikulua, Lizardik berak ere erraz eta herrikoi idatzi zezakeela frogatuz, baina bera idazle zail berrizaletzat salatzen zutenek berek ohi zutena baino askoz erregistro herrikoiagoaz erantzunez, burla bihurtzen da. Erdal maileguak edo, erdarazko esaera osoak erabiltzen ditu artikulu honetan, berariaz, edo erdal hitzak barnean dituzten euskal esaerak: “serio samar jarrita”,”eskribatzalle”,”nazioak”,”diru-kontuan”, “el patrón oro”, “errenditu”, “El patrón Txirrita”, “El patrón Mujika”, “El patron Jauregi”,”errazago konprendi dezazuten”, “deskantsu-arri”, “planto egin”, “erderazko teatro au traduzitu bear diguk”, “vanguardismoa”, “tristea”, “denok eskribatu dezagula “con sintaxis” esaten dana”, “aproatu”, “kunplitzen baditugu”… Lizardik aitortua zuen lagunek eskatzen ziotela “más argi y menos garbi” idazteko. Horregatik, bere “idazle ilun”aren ospe horrekin zirikaldi ugari egiten zizkiotelako egiten ditu bere errazaletasunaren aipamen ironikoak artikulu honetan zehar.
Lizardiren artikuluetako asko eta asko bere garaiko testuinguruari edo polemiko giroari loturik daudelako interes gutxikotzat joko lirateke, baldin eta estilo erakargarri honetan idatzirik ez baleude. Estilo dotorea, landua eta literarioaren erregistroak bezain egoki eta maisuki erabiltzen jakin zuen umorez, ironiaz edo sarkasmoz zipriztindutako pasarteetako irri-jorrazko iharduna, sarritan kritikatzen zuen jarrera absurdoa edo jasanezinaren aurreko etsimendua eta amorrazioa adierazteko bide ere bazena.
Lizardiren artikuluen artean aparteko saila merezi dute literaturaren ingurukoen artean, kritika literariotzat izendatu litezkeenak, “Atari jarduna”, “San Luisen Bizitza” edo “Gure Baratzatxoa” bezalakoak, zein irakurle ohartua zen erakusten digute, halere, Orixeren prosazko eta bertsozko obrei buruz eta Lauaxetaren “Bide barrijak” liburuei gazteleraz eskainiriko kritikoa literarioek Lizardiren nortasun literarioaren irudi gardenagoa ematen digute, zein zorrotza den kalitate literarioaren alorrean, inoiz ere adiskidantzaren berotasuna gutxitu gabe, baina atsegina izateko gogoak kritikaren leialtasuna lausotzen ez duelarik. Gogoangarriak dira, era berean, asmo polemikoz idatziriko “Andereño Izardi” garaiko andere ederrenaren aukeraketa egiteko sariketez diharduen irri-jorrazko artikuluxka edo lagunekin iparraldera eginiko ibilalditxoa azaltzen digun “Donapaleura joan-etorria” izenekoa. Baina are aipagarriagoak dira literatur asmo hutsez idatzi zituela pentsatzen dudan “Etxe barne Bizia” izeneko bi artikuluak, lehenengoa Espainiako Parlamentuaren bilkuretako baten kronika ohartua dena eta bestea bere etxeko giroa deskribatzen duena.
Gazteleraz idatziriko beste zenbait artikulutan sumatzen den bezala, Lizardiren prosaren estiloak, dotorezia, erregistro ezberdinetan jarduteko dohain paregabea, ironia eta umorea konbinatzen ditu, baina bere estilo horrek deskripzioan lortzen du goren maila. Lizardiren artikuluetan sarritan agertzen dira pertsona, egoera edo paisaiaren deskripzioak gogoangarriak dira. Horregatik, bere estilo deskriptiboaren indarraren berri bazekielako landu zuen bereziki bere hitzetan esateko, “bodegón viviente” edo “ia zinea” diren “Etxe barne bizia” izeneko bi artikuluak, famili-girokoa eta azkenik, Madrileko Parlamentura eginiko bisita azaltzen duenekoa.
BIBLIOGRAFIA
LIZARDI, X. (1992): Euskera andiki-soñekoz. L. Otaegiren edizioa. Klasikoak bilduma. Labayru. Bilbo.
LIZARDI, X. (1996): Gerbault bakartia. L. Otaegiren edizioa eta hitzaurrea. Erein. Donostia.
LIZARDI, X. (1988): Xabier Lizardiren Kazetari-lanak. L. Otaegiren edizioa. Erein. Donostia.
OTAEGI, L. “Lizardiren prosaren estiloaz” in Euskera, 41, 37-46 or.
OTEGI, K. “Lizardiren ametsezko bidaia” in Euskera, 41, 47-57 or
OTEGI, K. (1994): Olerkiak. Klasikoak bilduma. Donostia.
« ITSASOAK EZ DU ESPERANTZARIK (1972) | ITZALEN ITZAL (1993) » |