« ISPILUAK (1985) | ITSASOAK EZ DU ESPERANTZARIK (1972) » |
ISTURITZETIK TOLOSAN BARRU (1969)
Isturitzetik Tolosan barru poema-liburua 1969an argitaratu zen, eta Josanton Artzeren (Usurbil, 1939) lehenbiziko poema-liburua dugu. J.A. Artze izan zen lehenbiziko argitalpen horretako editorea eta argitaratzailea, eta bigarren argitalpenaren ardura, aldiz, Pamiela argitaletxeak hartu zuen, 2007an. Pamiela argitaletxeak lehenbiziko edizioaren formatuari eutsi zion bigarren argitalpenean, baina egokitzapen bat egin zuen: lehenbiziko edizioan diskoa zena, bigarrenean CD formatuan argitaratu zen. Izan ere, formatuak eta liburuaren objektu izaerak garrantzi berezia dute Isturitzetik Tolosan barru poema-bilduman. Koldo Izagirrek (2000) ohartarazi bezala, Artzeren lehenengo obretan, “estreinakoz, liburua objektu artistiko bezala ageri zitzaigun, alor anitzeko lanketa batean” (Izagirre, 2000, 4). Arteen arteko loturak, diziplinartekotasunak, gidatu zuen Isturitzetik Tolosan barru liburuaren sormen-lana, poesia abangoardistaren bidetik jo baitzuen J.A. Artzek ordukoan. Batik bat pinturarekin, musikarekin eta eskulturarekin harremanetan garatu zituen egileak bildumako poemak, eta bereziki poesiaren alde bisuala, fonikoa eta espaziala landu zituen. Kontuan izan behar da J.A. Artze Ez dok amairu taldearen sustatzaile eta kide izan zela, eta hain zuzen ere, kultur mugimendu hark euskal poesia antzeztokira eraman zuela. Errezitaldi edo kultur antzezpen horietan garaturiko diziplinartekotasuak, beraz, liburuan isla izan zuen. Esan bezala, Arteekiko harremana poemen forman ez ezik, liburuaren taxueran ere agerikoa da; esaterako, poema-liburuaren azaleko irudiak Jose Luis Zumeta pintorearenak dira (Aldekoa, 2008, 275), eta azaleko irudiek, collage itxura dutenek, liburuaren poetikaren berri ematen digute. Hona hemen liburuaren azaleko irudietariko zenbait:
- Azalaren aurreko aldea: irudiek eta hitzek tradizioaren berrirakurketa iradokitzen dute, izen eta irudi ezagunak agertzen baitira, pila-pila eginda: Bonaparte, Zumalakarregi, Matalas, akerra, baserria, eliza, Bilintx, Bernard Etxepareren “Emazteen fabore” poemaren pasarte bat, eta abar. Tradizioaren ikurrak eta diskurtsoak bere egitearekin batera, horiek berrasmatzeko beharra ere etengabe adierazten da collage koloretsuan.
- Azalaren atzeko aldea: ahozko literaturaren pasarteak ageri dira, XV. mendeko Bereterretxeren kantorearen pasarte zenbait, esaterako. Gainera, akerraren gainean jarritako emakume biluziaren irudiak ere badira, sorginen tradizioa gogora ekartzen dutenak; sorginen irudiaren (edo tradizio paganoaren) goratzea ere izan daitezke.
Beraz, azaleko irudietatik eta collagean bertan, Isturitzetik Tolosan barru liburuko poetikaren lerro nagusien berri ematen zaigu: tradizioak berrirakurtzeko premia, hierarkiak eta autoritateak iraultzeko asmoa, hitza eta irudien arteko gurutzatze plastikoa…
Bide horretatik, poema-liburuan hitzaren dimentsio askori erreparatzen zaie:
- Hitza eta geografia: Isturitzetik Tolosan barru liburuaren aurkibidea mapa bat da, orri solte batean emana. Liburuaren orrialdeak ez dira zenbaki bidez adierazi, baizik eta herrien izenen bitartez. Ibilbide geografiko horretan Zuberoatik Gipuzkoara eginiko bidaia irudikatzen da; alegia, bazterretik zentrorantz eginiko bidaia, hizkuntzaren ereduari kasu eginez gero. Hartara, aurkibide geografiko horrek liburuaren formatuari loturiko linealtasunaren edo jarraikortasunaren logika hausten du, eta logika espazialaren alde egin. Gainera, edizioaren inguruko datuak, azken hitza eta oharra, liburuaren bihotzean kokatzen dira, liburuaren logika eta eredu ofiziala hautsita. Espazioan irudikaturiko botere-harremanak agerrarazi eta irauli egin nahi dira, goitik beherako hierarkiarik gabeko espazioa sortuz, aurrerantz doan denboraren hierarkiarik gabeko espazioa sortuz. Poema-liburuan, beraz, espazio eta denbora zirkularrak irudikatzen dira. Bestalde, poema bakoitza geltoki batean kokatzen da: poema espazio geografiko eta kultural jakin horrekiko harremanetan jartzen da, geografia horiek ere tradizio kultural, sozial eta politiko bati loturik daudela ohartaraziz.
- Hitza eta pintura: hitzari irudiaren dimentsioa ematen zaio, bai eta irudiak sortzeko baliabidetzat hartu ere. Bide horretatik, adierazkortasuna eta zentzu-aniztasuna sortzen dira tipografia-jolasen bitartez (koloreak, letra-erak, letra tamainak, lerro bertikal eta horizontalekin eginiko jolasak, lerro-gurutzatzeak, atzekoz aurrera idatziriko poemak…), eta poesia pinturarekin harremanetan jartzen. “Gernika” eta “lanalanalana” poemak ditugu gurutzatze horren adibide argiak. Lehenengoan, eskuz idatziriko letra-erarekin batera, garun antzeko irudi batean kokatzen dira hitzak, marrazketaren eta idazketaren arteko harremana irudikatzen da horrela. Bigarrenean, kaligramaren bideetatik jotzen da, lana hitzaren pilatzeak eta errepikatzeak lantegia irudikatzen dutelarik, lanaren morrontza irudikatzeko asmoz.
- Hitza eta hotsa: bide bikoitzean irudikatzen da hitzaren hotsa, edo hitzaren dimentsio akustikoa: batetik, liburuak disko bat (edo CD bat) du erantsita, eta zenbait poema errezitatuta eskaintzen dira; bestetik, hitzen hoskidetasunarekin eta musikalitatearekin jolas egiten duten poemak ugari dira, “Z” letraren hotsarekin jolas egiten da, esaterako.
- Hitza eta eskultura: orri bildu erantsi bat du liburuak, eta orria zabalduz gero, lau pareten artean kokaturiko bertso-lerroak ditugu: hustasunaz eta espazioaz gogoeta egiten dute. Liburuko hainbat kontzeptuk eta poemek, gainera, J. Oteizaren eskultura eta pentsamendua dakarte gogora.
Hitzaren dimentsio horiei guztiei erreparatu zaiolako, eta hitz idatziaren gailentasuna alboratu delako, ahozko tradizioari ere estuki lotu zaio egilea, besteak beste, eta hainbat diskurtso ofizial eta hierarkia jarri dira auzitan, tradizioa berrasmatuz eta irauliz. Hona hemen irauli nahi izan diren morrontzak: elizarekiko eta fedearekiko morrontza, familiarekiko morrontza, lanarekiko morrontza, hizkuntza-ereduarekiko morrontza eta genero-ereduekiko morrontza. Alegia, morrontza-egoerak salatzen ditu Artzek. Nolabait, askatasunaren aldarri bat dugu Isturitzetik Tolosan barru (Kortazar, 2003).
Kantuz egin dira ezagun liburuko poema asko, batez ere Mikel Laboaren ahotsean: “Txoria txori”, “Gogo eta gorputzaren zilbor-hesteak”, “Amai hil zaigu”…
BIBLIOGRAFIA
ALDEKOA, Iñaki (2004): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia. [euskaraz, 2008: Euskal literaturaren historia. Erein. Donostia]
IZAGIRRE, Koldo (arg.) (2001): XX. mendeko poesia kaierak: J.A. Artze. Susa. Zarautz.
KORTAZAR, Jon (1998): “Joxe Anton Arzeren poesia”. Sancho el Sabio. 9. 47-80.
KORTAZAR, Jon (2003): “Artzeren poesiaren pentsakizuna”. Lapurdum. 8. 285-328.
« ISPILUAK (1985) | ITSASOAK EZ DU ESPERANTZARIK (1972) » |