Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

ISPILUAK (1985)

Mikel Hernandez Abaitua
Alvaro Rabelli

Ispiluak (1985) izan zen Mikel Hernandez Abaituak (Gasteiz, 1959) argitaratu zuen bigarren ipuin-bilduma. !983ko Panpinen erreinua argitaratu ondoren etorri zen bigarren liburu hau. Liburua sortzeko, egileak 1983an Gipuzkoako Foru Aldundiaren sorkuntzarako laguntza jaso zuen Hordago argitaletxeak kaleratu zuen lehenengo aldiz 1985ean. 1993an Elkar argitaletxeak edizioa erabat berritu zuen.

Hernandez Abaituaren bi liburu horiek bete zuten egilearen produkziorik nabarmenena 80ko hamarkadan. Hamarkada honetan ohikoa izan zen bezala, ipuin liburuak izan ziren idazle askoren literatura jarduna oso-osorik bete zutenak. 80ko hamarkadak, besteak beste, euskal ipuin literarioaren loraldia ekarri zuen nabarmen 1983 urteaz gero. Hernandez Abaituaren ipuin-liburuok loraldi aro horretan kokatu behar dira. Argitaletxeek idazle gazteen alde egindako apustuak, aldizkari literario sortu berriek, lehiaketa literarioen bidez garatzen zen sorkuntzarako laguntzak eta akuiluak lagundu egiten zuten ipuina leku nabarmenera altxatzen, lehenengoz euskal literaturan. Horri gehitu egin behar zaio 70. hamarkadatik zetorren esperimentalismorik gordinena albo batera utzi izana. 80ko narratibak intriga berreskuratu zuen.

Ipuinaren loraldi horretan, joera bat nabarmendu zen, ia hamarkada osoa bete zuena: alegiazkoa edo joera fantastikoa. Ipuina esperimentalismo eta fantasiarako beren-beregiko genero izanda, joera honen hauspoa izan zen 80ko ipuingile askoren artean. Literatura fantastikoaren bidez gauzen ifrentzua bilatu nahi da, eta arrazoiak eta logikak agindu barik, kausalitate logiko ezak agintzen du. Joera horren beste ezaugarri bat da ahozko tradizioko ipuin harrigarriekin duten harremana, haietatik ipuinoi kutsu berezia ematen dieten osagai folkloriko eta fantastikoak hartzen baitituzte.

Ispiluak liburua ere alegiazko literatura eta esperimentalismo joeraren artean kokatu behar da.

Ispiluak ipuin-bildumaren hitzaurrean bertan argi azaltzen da egilearen asmoa errealitatearen mugak zeharkatzea dela. Horretarako zer hoberik ispiluak baino. Aspaldian dugu ispilua tropo literario. Ispiluek, mirailek, beste errealitate bat ispilatzen dute, antzekoa baina beti desberdina, errealitate hautsia eta desitxuratua ispiluaren magiari esker. Ispiluaren beste aldean, fantasia dago, Carrolen Alizia ispiluan barneratzera eroan zuen fantasia eta mundu magiko bera. Ispiluaz haratago dagoen errealitatearen isla da, sarri mugaz gaindiko errealitatera heltzeko ibilgailu bakarra. Hitzaurrean bertan literaturaren egitekoa aipatzen da, nola zientzia arrazionalak —berriro kausalitate logiko ezaren aldeko aldarria— ezin duen aztertu mugaz gaindiko errealitate hori. Hain zuzen, horixe da literaturaren egitekoa, literaturaren benetako lilura, egileak proposatzen diguna. Bestela, liburuak hitzaurrean dakarkigun aipura errendituz, nola esplikatu tximeleta batek jarrai diezagun, gutaz maitemindu delako esanez ez bada? Hori soilik literaturak azal dezake. Baina gabiltzan astiro eta tentu handiz, ezen ispiluak zedarritzen dituen mundu bien arteko muga uste baino lausoagoa baita, hobeto esanda, ez dago mugarik ez kristalik ispiluaren mundua eta munduaren ispiluaren artean, errealitate bakar baten alde biak baino ez dira, bat bera ere bestea baino errealagoa izan gabe, eta inoiz, ispilu denek, uste dugunaren kontra, ispilu fantastiko faltsuz betetako gela batean bezala, errealitate baten puskak baino ez dituzte islatzen, errealitate anbiguoa eta multiplikatua islatu ere; horregatik da errealagoa, ezen gizakiaren nortasuna eta munduaren neurria bera anbiguotasun eta multiplizitate horretan aurkitu behar baitugu. Eta gizakia zenbat eta multiplikatuagoa izan, orduan eta despertsonagoa da. Horrek guztiak postmodernitatearen zantzu garrantzitsua ematen digu liburu honi buruz.

Horrelakoxea da Hernandez Abaituaren Ispiluak liburua, ispilu jokoa munduaren ispilua eta ispiluaren munduaren artean. Joko dialektikoa eta gogoeta sakona literaturaren egitekoaren gainean. Eta ispilu guztiek bezala, alde bi ditu, hain zuzen “Munduaren ispilua” izenburu daroan lehenengo atala, eta bigarrena “Ispiluaren mundua” deritzona. Dialektikari eusten badiogu, esan genezake bateko zein besteko ipuinak bietariko edozein ataletan egon zitezkeela, hala ere, badira aldeak atal bien artean.

Lehenengo atalak, “Munduaren ispilua” atalak, bederatzi ipuin dakartza: “Epaminondas”, “Azken deia”, “Semaforoan”, “Neguko ipuina”, “Izenik onena, motzena”, “Gurasoak aintzat edukiko dituzu”, “Wan Shan”, “Deus ez da erreala” eta “Oparia”. Bigarren atalak, “Ispiluaren mundua” atalak, beste zortzi: “Ispilu-artisaua”, “Monsieur Pottolof”, “Tximeletak”, “Sugea”, “Edaria”, “Eguzkia”, “Erromako zubia” eta “Trapezioko bi artista”. Guztira hamazazpi ipuin dira. Berehalako ezaugarri nagusi bi dituzte, batetik ipuinek erakusten duten testu aniztasuna, eta bestetik, ipuin guztiek komunean duten testu estrategia: izenburu ondoko epigrafearen erabilera. Ipuin bakoitzak, izenburu ondoan, epigrafea dakar, aipu literario bat, euskal eta munduko literaturakoak. Epigrafeen erabilera ugaria da ipuinetan eta ez ditugu ahaztu behar 80. hamarkadan ipuinengatik nabarmendu ziren Atxaga eta Sarrionandia idazleak, zeintzuek euren ipuinetan epigrafeak maisuki erabili zituzten. Estrategia horrek eta ipuinok erakusten duten joera fantastikoak ipintzen dute Hernandez Abaitua garaiko narratiba ildoaren erdigunean. Bi modutan ulertu behar dugu epigrafeak erabiltzea: bateko, aipu literarioak izatean ageri uzten dituzte egileak izan dituen eraginak, egilearen mundu literarioaren informazio zuzena ematen digute; eta besteko, irakurlearentzat inportanteagoa beharbada, testuaren nondik norakoa ulertzen laguntzen dute, ipuinak darabilen gaia aurreratzen dutelako. Azken hori ezinbestekoa da literatur joera honetan, izan ere, ipuinok, Hernandez Abaituarenek bezala, sinbolismorako jite handia dute.

“Munduaren ispilua” izenburupean biltzen diren ipuinek besteen aldean joera errealistagoa dute, neurri batean. Esanahi sinbolikoa galdu gabe, gehiago hurbiltzen dira, egunerokotasunean oinarrituta, pertsonen absurdura, desiora, nahira, ametsera, obsesiora eta beldurretara. Azken batean, munduan zehar aurki daitezkeen gertaeren aurrean jartzen gaitu egileak, munduaren puska bat ekartzen digu egileak. Ildo horretan, aipatu behar da liburuko ipuin guztien denbora eta espazio zehaztasun falta. Ez daude denbora ez eta leku jakin batean kokatuta, eta kokatzeko ahalegina egiten denean, liburuaren bigarren ataleko ipuinetan gertatzen den bezala, espazio eta denbora mitikora jotzen da. Denbora eta espazio zehaztasun falta hori dela medio, egileak bere literaturaren asmoa agertzen digu, hau da, joera unibertsalistari oratzeko asmoa. Liburuaren lehenengo ataleko ipuinak testu-aniztasun handikoak dira. Liburu osoa testukera ezberdinen agerpen eta esperimentazioa dela esan liteke. Horrela “Epaminondas” ipuinean, Tebaseko estratega handia gogorarazten zaigu, ipuinaren barruko ipuin teknika dugu. Maisu eta ikasle harremana oinarri duen ipuin horretan, ipuin barruko ipuina irakaspen suertatzen da. “Azken deia” ipuinak egunkari teknika dakar, baina bi ahotsetan, batetik protagonistarena lehenengo pertsonan, eta bestetik, ipuinaren irtenbidea ematen digun zatia egunkari teknika baliatuta, baina narratzaileak hirugarren pertsonan kontatuta. “Semaforoan”, “Neguko ipuina” eta “Izenik onena, motzena” ipuinetan nabarmena da protagonisten nahi eta barne desio eta egoeren garrantzia. “Gurasoak aintzat edukiko dituzu” ipuinak, berriz, pasadizo xelebre izatera jotzen du. “Wan Shan” zinearekiko lotura ekarrita, fikzioaren eta errealitatearen arteko muga zein lausoa den azaltzen duen etsenplu ona da. “Deus ez da erreala” ipuinak ezkutuko intriga gordetzen du eta, azkenez, “Oparia” egunerokotasun gordinean garatzen da. Orohar, atal honetako ipuinak besteek baino luzeagoak dira, “Gurasoak aintzat edukiko dituzu” ipuina salbu.

“Ispiluaren mundua” bigarren atalean, hau da, kontrajarpenari ihes eginda baina ispiluaren beste aldean, alegiazko mundu fantastikoa erabat nagusitzen da erabat. Ipuin guztiek, beharbada “Trapezioko bi artista” ipuinak izan ezik, kondaira eta elezahar itxura hartzen dute. Mitoetara jotzen duten ipuinak dira. Kontaera ere halakoa da, ez dira falta ahozko tradiziotik datozen kontamoldeak, narratzaile zehaztugabe batek lehenengo pertsonan egindako sarrerak, esaterako. Ispilua, ipuinetan hara hona dabilena, egiten da presenteago hemen, maila mitikoan eta sinbolikoan. Oso interesgarria da azken ipuina, “Trapezioko bi artista” izenekoa. Ipuin batzuetan ispilua bikoizketarako eta multiplikaziorako bidea bada, hemen kontrakoa dugu, ispiluak, ispilu sinbolikoak, alde bi bat bihurtzen du, alde bikoitz baten isla bakarra. Bikoiztu-bakandu jolasa da liburuaren muina.

Ispiluak liburua hizkera kultuaz idatzitako ipuin-sorta da, ispilua eta ispiluaren arteko mundu biak leitmotiv ditu. Bertan Mikel Hernadez Abaituak gogoeta egiten du errealitatearen eta errealitateaz haratagoko munduaren arteko loturaz, bikoiztasunaz orobat. Mundu erreal eta fantastikoaren arteko muga horretan kokatzen dira liburuko ipuinak, kontamoldeari dagokionez, testu esperimentazio handiko ipuinak.

BIBLIOGRAFIA

HERNANDEZ ABAITUA, Mikel (1985): Ispiluak. Hordago. Donostia.

— 1993. 2. edizio berritua. Donostia. Elkar.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus