« ILHUN-ARGIAK (1992) | IPUI ONAK (1804) » |
ILTZALLEAK (1961)
1961. urtean eta Caracasen ematen zaio hasiera euskal ipuingintza modernoaren lehen aroari. Martin Ugaldek (1921-2004) Iltzalleak ipuin liburu ederra idatzi zuen. “Agirre lendakari bikañari” eskainia da, egilearen ideologia nabarmen utziz.
Iltzalleak lanak gerra garaiko narrazioa hartzen du gaitzat. Eta lehen aldiz euskal ohiturekin hausten da, pertsonak bizi izandakoa kartsuki agertzeko asmoz. Bost ipuinez osaturiko lan honetan Euskal Herrian gerra garaian eta ondoren bizi izandako errepresioa adierazten da, beti ere metonimia erabiliz, hots, kasu zehatz eta konkretua kontatuz, eta ez ikuspegi zabala.
Izenburua dela-eta, ohar txiki bat egin beharko genuke. Aurkibidearen goiko aldean, “Gizaerailtza” izenburua irakurtzen baita. Dirudienez, liburua moldatu izenburu batekin egin zen, eta beste batekin argitaratu. Bigarren honi egokiagoa deritzogu, hain zuzen ere, ipuinotan ez baita “genoziodiorik” azaltzen era metonimikoan ez bada behintzat, eta horrela ez badugu deitzen lehen ipuinean gertatzen den fusilamendua.
“Gizaerailtza” da, era berean, lehen ipuinaren izenburua. Ipuinak atal bi ditu: lehen atalean, narratzailearen eta bere familiaren egoera kontatzen da, gerra piztu den unean, etxea utzi eta alde egin behar dute; bigarren atalean, narratzaileak bere etxean hartu zuten Nemesioren fusilamendua kontatzen du. Ipuinak nortasun berezia du, gerra garaiko oroimenak dakartzalako kontagintzara. Esan dezakegu ipuin honetan hasten dela euskal literaturan gerraren gaia. Beste ipuin batzuetan garaia aldaturik dator, eta moldea ere bai. Beraz, ipuin honek berebiziko tokia hartzen du lanean, eta ez soilik bere izena bilduma osoarentzako nahi izan zelako, baizik eta gerra garaian kokatzen delako. Ikuspegia ere berezia da, lehen pertsonan kontatzen da gazte baten gerra esperientzia; fokoa ere desberdina da ipuin honetan, hemen fokoa bikoitza da, guda eta Nemesio. Beste lauretan, berriz, fokoa guardia zibilengan jarriko da, haien eginkizun, eta agerbideetan. Azkenez, ipuinaren balio estetiko eta estilistikoak aipatu beharko genituzke, eta beste laurak baino maila jasoagoan kokatu du ipuin hau.
“Alperra” ipuinak kortesia faltaren anekdota kontatzen du. Jesarrita doan guardia zibil batek ez dio tokia uzten haurra besotan duela trenean zutik doan emakumeari. Bidaiariek gogor eta gorrotoz begiratuko diote, eta begirada horiek izango dira erresistentziaren lehen zantzuak.
“Arrak eta emeak” ipuinak zantzu absurdoak uzten ditu agerian. Torturaz hil duten pertsona baten bila agertzen dira haren etxera guardia zibilak. Haren ordez senitartekoak eramango dituzte, baina anekdotaren gehiegikeriaz gaindi, ipuinak ez ditu arrazoiak ongi adierazten.
“Xabal’en azia” deitutakoan, Xabal greba prestatzen ari dela nola lotzen duten kontatzen da. Beldur da torturetan lagunen izenak emango dituen, eta ihesari emana, tranbiapean jausi eta odol hustuz hiltzen da, bere haziak erresistentzian jarraituko duen arren.
“Zelataka” ipuinak salaketaren gaia dakarkigu: guardia zibilekin batera ari diren euskal salatariak nor ote diren jakiteko peskizen berri ematen du ipuinak.
Erresistentzia ipuinak dira, agian. Estetikari dagokionez baina, ohitura-zaletasun eta esperientziaz ikusitakoaren kontaketa errealista baten artean idatzitako ipuinak dira. Narrazioaren bidez egoera isil baten agerpena egin nahi du idazleak. Egileak ohitura-zaletasunetik ihes egin nahi duela ematen du, baina nahitaezkoa egiten zaio manikeismoa, noski. Kodigo abertzalearen lehen zantzuak agertzen direla adierazten du hitzaurrean Ibinagabeitiak.
Ipuinak desberdinak badira ere, narratzailearen testigantza eman nahiak ematen die batasun kutsua. Jada narratzailea ez da orojakilea (batez ere lehen ipuinean, egilearen esperientziatik hurbil agertzen den kontaketa egitea). Zehaztasunaren alde egiten du Martin Ugaldek, eta espazioak zein denborak errealitate kutsuz marrazten ditu.
Badira beste batasun adar batzuek ere ipuinotan. Espazioa aipatu beharko genuke lehendabizi, egilearen geografia pertsonalean kokatzen baitira ipuinak. Oroimenean lehenik, eta bere benetako espazio errealean ondoren, Tolosa, Hernani aldean. Trena motibo nagusia da, trena etengabe agertzen da pertsonaien bizitzetan, beren bizitzaren patuaren eragilea ez denean. Trenaren kutsu ideologikoa, modernitatearen ikur gorrotagarria da tradizio zaleentzat, desagertu egin da molde horretan, eta egunerokotasunaren sinbolo bihurturik ageri zaigu hemen, bizitzan integraturik, eta hori errealismora hurbiltzeko modua litzateke.
Pertsonaien artean ere batasun handia nabari da. Batez ere “besteak” irudikatzeko moduan dago batasuna: besteak gaiztoak dira, bortxaren sinboloak, eta “gureak” on-eginaren sinbolo. Desberdintasuna adierazteko hizkuntza dago. Ipuin heterodiglosikoak idatzi ditu Martin Ugaldek lan honetan, kanpokoek eta gaizkileek gazteleraz hitz egiten dute, hizkuntza izaeraren tasun bihurtu duelarik.
Guztiaren gainetik, euskal ipuingintza errealismora hurbiltzeko ahalegin bereziak ageri dira liburu honetan.
BIBLIOGRAFIA
ASKOREN ARTEAN (2002): Martin Ugalde azterkizun. Encuentros con Martin Ugalde. Saturraran. Donostia. 542 or.
« ILHUN-ARGIAK (1992) | IPUI ONAK (1804) » |