Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

IDAZLAN GUZTIAK

Sorne Unzueta, "Utarsus"
Jon Kortazar

Sorne Unzueta, Urtasus (1900-1999) 1936. urteko gerra aurreko giroan kokatu ohi da poeta gisa. Esteban Urkiaga, Lauaxetarekin batera lan egin zuen Euzkerea aldizkarian. Bertan argitaratu zituen Unzuetak lehengo lanak, guztira dozena bat poema. Gerra ostekoak dira haren lan guztiak osotara berrogei eta hamar.

Gerra aurreko eskola mugimenduari loturik, eta emakume idazle gisa nazionalismoak bultzaturik, Sorne Unzuetaren poesia garai bitan banatu dezakegu, izan ere, esan daiteke gerra aurrean haren poesiak modernismoaren eta sinbolismoaren bideak jarraitu zituela.

Sentsibilitate finez, inguruko gaiak aipatzen ditu Sorne Unzuetak. Hamabi olerkiotako gai nagusiak zabalak dira: kutsu politikodunak (“Itxartu, Eusko alabea!”), izadiari lotutako gaiak (“Gau argija”, “Udabarrian”)…; baina badu barne gogoa adierazteko zaletasuna (“Zaletasunak”) edota modernitatearen elementuak agertzeko joera: trena agertuko da bere poemetan, nahiz eta etorkinei buruzko iritzi eta kutsu ezkorra agertu. Joera ideologikoa oso nabaria da bere poemetan, eta kutsu morala agertu ohi du poemen bukaeretan.

Gerra osteko bere poemetan askoz ere  intimistago ageri zaigu, gaiak egunerokoak dira, eta erlijioaren ikuspegia pertsonalagoa.

Joera deskriptiboa eta afektibitatea nagusi dira Unzuetaren poesian, modernismoak ezarritako bideetan aurrera: koloreen erabilera, aliterazioa, musikaltasuna erabiltzeko zaletasuna, errepikapenaren erabilera…

BIBLIOGRAFIA

ETXEBARRIA, Igone (1997): “Sorne Unzuetaren literatura” in UNZUETA, Sorne: Idazlan guztiak. Labayru. Bilbo. 31-38. or.

KORTAZAR, Jon (1995): ‘Euzkerea’ eta ‘Yakintza’ aldizkarietako olerkigintza. Labayru-Amorebieta Etxanoko Udala. Bilbo.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus