Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

HOLLYWOOD ETA BIOK (1999)

Javi Cillero
Jon Kortazar

1999. urtean Javi Cillerok (Bilbo, 1961) Hollywood eta biok ipuin liburua eman zuen argitara euskal ipuingintzaren esparruan pauso berezia agertuz. Ez zen bere lehen lana, aurretik haur eta gazte literaturan eta antzertian aritu izan zen, baina lan honen bidez sona handia lortu zuen euskal letren munduan.

Liburuak fikzio mundu desberdin bi esploratu zituen: alde batetik, zineman agerturiko pertsonaien mundua hartu zuen kontuan, eta liburuaren izenburuak horixe azpimarratu du batez ere, kontalariak eta Hollywoodeko munduak duten lotura; bigarrenik, ordea, bazen liburuan beste arlo berezi bat: euskal literaturarena, alegia.

Javi Cilleroren lana, hartara, gaurko munduaren ispiluen ispilua izan nahi du, munduaren isla, eta islaren isla. Postmodernitatean badira zenbait gai eta teknika oso kontutan hartzekoak, ipuin liburu honetan euskal janzkeraz agertzen direnak:

  • Narrazio elementuen arteko jokoa. Edozein kontagintzan badira zenbait elementu, adibidez kontalaria, irakurle inplizitua, eta narrazio mailak. Liburuko lehen ipuinak “Thiller bat bagoian irakurtzeko. (Hitzaurre gisa)” deiturikoak, garbi uzten ditu idazlearen eremuak. Pertsonaia bat, literatura katedraduna bera, nobela poliziako bat irakurtzen ari da. Bigarren pertsonan kontatzen duen kontalaria pertsonaia irakurtzen ari den nobelako kontalaria da beraz, eta horrek –fikziozko nobelan fikziozko pertsonaia denak- hilko du irakurle katedraduna.
  • Nortasunaren arteko mailen nahasketa. Jorge Luis Borges idazlearen ildotik nortasun mugak nahastu egin dira gure garaian. Horregatik pertsonaiek finkoa ez den nortasuna agertzen dute fikzioan, eta “beste norbait” izatekotan daude maiz. “Archerren bulegoa” bezalako ipuin miresgarrian pertsonaiak bikoiztasunaren arazoa azalduko du. Benetako irakurleok ez dugu jakingo nor den nor, edo nola ezagutzen dugun pertsonaia. Ispilu joko batean bezala, Archer pertsonaiak joan-etorriko bidaia egingo du bere nortasunaren bila, azkenean ipuinak bukaera borobil batean nortasunaren ezerezaren alde egiten duelarik.
  • Javi Cilleroren kontagintzan topikoek toki berezia dute. Mass mediatatik, kontsumo-gizarte ereduetatik hartutako pertsonaiak agertzen ditu maiz. Zinemak famatu egiten dituen pertsonaiak maite ditu, edo euskal literaturan ezagunak direnak. Pertsonaia horiekin lan egiten du, eta bere ipuinek parodiaren usaina nabari badute ere, parodia ironiaren joko gisa ulertu du egileak.
  • Ipuin fantastiko modernoetan lan egiten da, lau gai nagusirekin: ipuina ipuinaren barnean, denboran zehar egindako bidaia, ametsa eta nortasunaren galera. Lau jarraibide nagusien adibideak aurkitzen dira Javi Cilleroren ipuingintzan.
  • Ironia eta jokoa elementu berezi eta garrantzitsuak dira lan honetan. Baina errealitate mailekin eta nortasunaren desagerpenarekin lan eginez, Javi Cillerok gaurko munduan diren hausnarketa nagusiekin bat egiten du.

BIBLIOGRAFIA

KORTAZAR, Jon (2004): “Introducción” in CILLERO, J.: Agur Hollywood/ Hollywood me mata. Atenea. Madril. 7-16 or.

KORTAZAR, Jon (2003): “Javi Cillero eta Iban Zalduaren ipuingintzaz”. Bitarte. 31. 77-96 or.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus