Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

HITZIK AINITZ IDATZI DUT (1977)

Manu Ertzilla
Jon Kortazar

Manu Ertzilla, agian, Pott Bandako partaiderik ezezagunena dugu. 1977. urtean Hitzik ainitz idatzi dut poema liburua argitaratu zuen, eta urte horretarako Kritika Saria irabazi zuen poesia arloan.

Bere lehen poema liburuan ezaugarri nagusi bi ageri dira: batetik, isiltasunaren poesiaren lehen adibidea da euskal poesian, “Dena esanda dago” muinaren agerbidea egin baitzuen Manu Ertzillak; bestetik, hizkeraren ezintasuna errealitatea adierazteko kontzientzia erakutsi zuen egileak, eta horregatik diosku bere berbaldia larregia dela, esandakoa errepikatu balu bezala.

“Isiltasunaren poesia” horren erraietan errealitatea eta egia adierazteko ezintasunaren kontzientzia nabaria dago. Poetak badaki berea esanda dagoela, eta esanda badago, esaten duena “ainitza” da. Errepikatzea geratzen zaio soilik egileari. Gerora beste hitz batzuekin adierazi zuen mezu bera Bernardo Atxagak, egileak badaki nekadura sortuko duela, eta nekadura horrek bat egiten du literaturak modernitate ondorengoan agertu duen egia adierazteko ezintasunaren sentipenarekin. Poetikotasuna desagertu denean ikusten du idazleak bere burua, eta esan egin behar du egunerokotasunaren hizkera, arruntasunaren hizkera dela poesiari geratzen zaion esparru nagusia.

Idealizazioaren  eta sublimazioaren aurrean poesiak egunerokotasunaren hizkera aukeratu behar du, idealismoak eraikitako bideei uko egiteko. Halaxe dakusagu Manu Ertzillaren poesian.

Espresioari dagokionez, baina, Manu Ertzillak aukeratu duen bidea ez da abangoardiaren hizkera izan. Iñigo Aranbarrik adierazi  legez, 1975. urtetik aurrerako eta 80. hamarkadako euskal poesiak bere hizkera propioa, sinplea, sortu du, pixka bat launa, sotila, naïf-a.

Poema liburuko espresio moldea zuzena da, erraz irakurtzekoa, irakurleari oztopo handirik jartzen ez diona, eta puntu horietan aldentzen da, hain zuzen ere,  abangoardiatik.

Manu Ertzillak poesia molde sotilak maite ditu: narrazioa, ironia puntua, absurdoaren hurbilean dagoen molde poetikoa, eta gogoaren zorroztasuna eta ingenioa.

Gaurko munduan galdua den ni liriko batez ari da, eta egunerokotasun modernoaren zantzuak agertzen baditu ere, eguneroko sentipenei loturiko poesia egiten du Manu Ertzillak.

Hari fin baten inguruan egindako poemak dira Manu Ertzillak liburuan agerturikoak: sentipena, irudia, bizikera, une jakin batez bizi edo ikusitakoa eramaten da paperera, arintasun eta fintasun bereziz.  Arestian aipatutakoaren harira, espresio moldeek sotilak eta errazak dirudite. Hitz joko bat, ideia kontraste bat, aipamen bat… izan daitezke gertatukoaren irudia., anaforak, ahapaldiko lehen bertsoen errepikapenak eta noizbehinka aldaketa txikien pilaketak egiten direlarik. Horixe da, hain zuzen ere poesia xumearen aliterazioa, txikitasunaren agerpena, pertsonaiaren txikitasuna aitortzea poemen neurri txikian.

Izan eta izan-nahiaren arteko frustazioak sorturiko une txikiek osatzen dute Manu Ertzillaren poesiaren mundua, eta haren poetika hitz bilketa gisa osatzen da.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus