Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

ATARI AHANTZIAK (1993)

Aurelia Arkotxa
Miren Billelabeitia

80. hamarkadan batez ere iparraldeko Maiatz aldizkarian hainbat testu eta olerki argitara eman zituen Aurelia Arkotxak (Baigorri 1955) 1993an eman zuen argitara Atari ahantziak, bere lehen poesia liburua. Izenburuak ez kanpo ez barne den mugako eremua dakarkigu gogora, eguzkitan egotekoa, baina mendebaldeko haizeak eta ekaitzak garbitzen duena; lehorrekoa, baina itsas enbatari zabalik liburuaren azalean erakusten zaigun “Ametsetako hiria”-ren zati batek bezalaxe Testuak itsas egia eta itsas hegia hartzen ditu sinbolo nagusitzat, eta ekintza. Sentipen zein istorioak mugan gertatuko dira ez lur ez itsaso ez den tokietan. Atari ahantziak dugu izenburu, eta atari ahantziak irudi, liburu barnean agertzen direnak bezala, ezinezko atari, ezinezko eremu, ezinezko eraikuntzaren agerpen.

J. Follain-en aipu batek ematen dio hasiera liburuari, eta ondoren “Dundu” olerkiak atari gisako batean barneratzen gaitu. Hortik aurrera hiru atal-ataritan banaturik dago poema-eremua: Lehendabiziko ataria; “Saturnaro”, Bigarren ataria; “Circumambulatio”, eta Hirugarren ataria; “Ibisaren urratsa”. Bukatzeko, “Lau gatu” poemak ixten du hesia.

“Dundu” genesi-poema dugu, sorkuntza garai luzeko une zehatz bat harrapatzen duena; itsasoko biztanleek itsas mundua utzi eta lurreratu zirenekoa lurtar bizimoduari hasiera emateko: “Itsas sabeletik zelakanteak/ Jalgi, arrain sistadunak…/Hondartzan utzi zituzten aztarnak”(13). Baina genesi horrek laborriaz nahasturiko une lazgarria dakar oroimenera. Mundua, ludia, erditze oinazetan da eta giroa beldur eta itxaropen zeinuz betea da, itsasoa eta lurraren artean, izan den eta izango denaren artean. Deia baina, bertan da, poetak une izugarria  gogora ekarri eta dei egiten dio garai hartako argiari, mitoa gaurko egin eta intimismoarekin lotuz, orduko indarra oraingo arora ekarri nahian.

Hasierako giro nahasitik itxaropen puntu batetara doa liburua “Saturnaro” atalean, Saturnoren aroan. Arkotxak izenaren esanahiak dituen tradizio desberdinetatik astrologiari loturikoa hobetsi du, Planetaren bulkada kaltegarriaren eragina ikusiko dugu, bada, nahasketa  zein ifernuaren iruditeria ugaria da testuan. J. M. Lekuonaren “garrasi itoak” ditugu atariaren aldaba, eta aldaba horren kolpeak “Lorategi belztuko”(A.A: 17), zorigaiztoko lilietara eramango gaitu, gizadiaren ankerkeriak sortutako sarraski eta tragediei so egitera, “Laugarren zaldizkoa”-k dakarren heriotzaren iruditik hasi eta izurritearen, bortxakeriaren, gorrotoaren bidea jarraituz “Hiroshima lorez estali zen” poeman Hiroshiman, GAL-ek sortutako saminaz eta Gernikan bukatu arte. Hasierako mitotik intimismorako bidea ere aurkituko dugu atal honetan, idazlearen biografia maila mitiko batera eraman baita lekukoaren gorrotozko tonu arrotz eta Marinaren doinu nostalgikoa tartekatzen duen azken poeman “Nadja” olerkitxoaren itxaropen zantzuaz bukatu aurretik.

Liburuaren gunea dugu “Circumambulatio”. Hasierako poematxoak aurreko ataleko atari poemarekin egiten du lotura, ezen han, “lorategi beltztuan” ginen, eta hemen, ostera, belatz harraparien garrasi lazgarriak ditugu giro. Baina toki bat ere zehazten digu, Irlandako Glendalough ingurua.  Dena dela, “Saturnaro” gainbehera genuen bitartean, pausaleku, hegia dugu bigarren atal hau, bai Ariadnaren mitoaren bitartez (48), bai “Kaleidoskopo” eta “Ingurubil” poemen bitartez, zeinak labirintuaren irudiaz eta denbora borobilaz loturik dauden. Itzulika eta labirintuan borobilak marrazten ibiltzea behin eta berriz errepikatutako hitz eta esaerei loturik dator: “Ariana/Zartatu ziaitan haria/Ariana …”(48) “Ima, Mertxe, Asun, Ana. Gure haur denborako. /Ima,  Mertxe, Asun, Ana…”(45). Haurtzaroko garai gozoen oihartzuna dakar poetak, eta izenen errepikapenak harako doinuen kadentzia dakarkigu, orduko denbora amaigabera eramaten gaituelarik. Labirintuaren arkitektura marrazten da, denbora borobil etengabeaz bat, baina labirintu bihurtu den hirian aurrera egiten du pertsonaiak haurtzaroa gaurkotu nahi eta ezin duenaren hasperenaz. Berreskuratu ezin den denbora horrek, baina,  heriotzara darama: “Han zauden, apezpiku eta zaldunaren hezurrak milikatzen … Han zauden harrak.” (52).

Bestelako itxura agertzen du mundu afektiboaren agerpenaz lotura duen liburuko bukaera atalak: “Ibisaren urratsa” izenburua duenak, alegia. Formalki hiru zatitan eginiko banaketak, gai eta motiboen aukeraketarekin du zerikusia: Grezia zaharreko aipamenak, amodiozko olerkiak, eta haurrak. Sinbolikoki ere bada alderik, ibisak jainkoen eskriba eta idazkeraren sortzaile izan zen Thot jainkoaren ezaugarri baitira Egiptoko kultura zaharrean. Azken atalerako sinboloaren aukeraketa, ostera, zuhurtziaren adierazpide dugu. Giza krudelkeriaren aurrean izuturik, denboraren boterearen aurre galdurik dugun pertsonaia poetikoak ibisaren itzalpean hartuko du babes.

Poetikaren laburpena dugu poema liburu hesia biltzen duen “Lau gatuak” olerkitxoa. Hasierako “Dundu” poemarekin lotura egiten duen arren, ez dio, ordea, aspaldiko garai galduari dei egingo, espazio jakin eta ez urrunegia ekarriko digu: Venezia, “Ghetto Nuovo”. Aurrekoetan bezala, irudi bat aukeratu du oraingoan ere, testuingurutik atera eta poema sortu du, unearen magia azpimarratzeko. Azken poemaren perspektibatik lanaren ikuspegi osora hel gaitezke oraingoan ere.

Liburuko poemek ez dute datarik, ez daude denboran kokaturik, bai ordea tokian. Ikusi egin dezakegu non idatzia den poemetako bakoitza, eta horrek beste era batera lotzen ditu olerkiak idazlearen biografiarekin, lekuturik daude, baina historiatik kanpo baleude legez, eta lekuen aipamenak poemak ulertzeko giltza balira legez. Hala ere, badirudi giltza horien esanahia ez dela poemategian bertan ematen, baizik eta bertatik kanpo dagoen idazlearen bizikizunen batean. Lanak ez du, dena den, horregatik indar izpirik galtzen, iradokizuna edo aipamena, munduari begiratzeko modu baten seinalea delako. Barne geografiaren marrek aurpegia marrazten badute ere, “atari” hitza ez da liburuan sarri agertzen, ahanzturak bai ordea, eta poesia ahanzturaren aurkako ekintza bat bada, horra hor mito eta sinbolotik barne oroimenera doan ibilbidea.

Estilo aldetik ere aurkitu du bere bidea Arkotxak, sinbolismoaren agerpena erraz antzeman daiteke olerkiotan; exotismorako joera, kolorearen erabilera eta sinbolo ezkutuen agerpena. Eta estilo baliabideen aldetik, beste askoren artean estilizazioaren nagusitasuna aipatu beharko genuke. Zertzeladaka idatzitakoa dugu liburua, pintzelaz ukitu arinak emanda bezala sortua izan balitz legez sarritan. Idaztankerari begira, esan genezake estetizismoaren bidea aukeratu duela Arkotxak, eta baita ere kulturalismoa. Kultura arloko aipamenak maite ditu idazleak, baina batez ere pintoreak: Durero, Giotto, Kandinsky… Eta ildo horretan ezin daiteke ahaztu arkitekturak ere leku zabala duela olerkietan eta liburuan oro har, antzinako kultura nagusiaren ondar zaharrek agerpen nabaria dute, bai idatziz bai olerki tarteko irudietan  geografia bat osatzen delarik “Magritten orhoimenez” (49) poeman gogoratzen zaigunez.

BIBLIOGRAFIA

ARAMENDI, M.(1988): “A. Arkotxa”. Argia. 1.195. 1988-IV-24.

ASURMENDI, J.(1994): “Atari ahantziak nonahi agertzen dira bizitzan”. Zabalik. 1994-IX-28.

BORDA, J. (1994): “Carpaccio Iruñean”. Argia. 1.473. 1994-III-6. 54.

EGUSKITZA, A.(1994): “Aurelia Arkotxaren atari ahantziak”. Maiatz

23.35.

ETXEZAHARRETA, L. (1993): “Poesia atari ahantzien atzetik”. Egunkaria. 1993-XII-7.XI.

ITURBIDE, A.(1995): “Bluitasuna”. Egunkaria. 1995-V-21

JUARISTI,F. (1994): “Urdina”. Egan.1. 258-9.

JUARISTI, F. (1994): “Urdinarekiko lilura”. Zabalik. 1994-III-12.

KORTAZAR, J. (1997): “Aurelia Arkotxa. Atari ahantziak”. Luma eta Lurra. Euskal poesia 80ko hamarkadan. Bilbao Bizkaia Kutxa. Labairu ikastegia. 305-318

PEILLEN, T. (1994): “Malenkonia”. Maiatz. 4.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus