Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

HITZ BERDEAK (1971)

Joxe Azurmendi
Ur Apalategi

Poesia bilduma mardul honetan Joxe Azurmendi frantziskotar zegamarrak 50eko hamarkadaren amaieratik aurrera, hamar bat urtez eta hiru koaderno desberdinetan, idatzitako testuak biltzen dira. Liburuaren egiturak ez bide du hiru koadernoen mozketa errespetatzen eta tarteka tematikoki –“poesiari buruzko poesiak”, “poesia sozialak”, “poesia biografikoak” (…)– eta beste batzuetan kronologikoki ordenatzen ditu olerkiak. Bere bizitzaren aro desberdinetan idatzitako testuak izanki hitz berde hauek, idatzi zirenetik argitaratu zirenera arte igaro denborak zenbait poemari bere jatorrizko zaporea zertxobait aldatu diolakoan, Azurmendik honako adierazpenarekin ematen dio hasiera liburuari: “hitz biziok / nire eskuotan ernai / sortu zirenok, / nekatuak eskuratuko dituzu, / ta hilda irakurri”. Eta ez da harritzekoa denboraren igarotzea kezka izatea idazleak, historiaren zurrunbilotik beretik idatziak baitira idazkiotarik gehienak, darien kutsu soziala dela kausa ala blaitzen dituen existentzialismoa dela medio. Itxuraz denboraz kanpokoak diruditen olerki bakanek ere “gizona eta herria” euskal poetaren gogoetagai zireneko zaporea dakarte, tonuan eta idazkeran behinik behin.

Anakronismoaren kezka, bestalde, poetarengandiko zeharkako aldarrikapen bat ere izan daiteke. Liburuaren hitzaurrean Bitoriano Gandiagak aldezten duenez, Azurmendiren poesia soziala bilduma honetako zaharrena delako eta horrek zera esan nahi duelako, kanonikoa bihurtu zen Arestirena baino lehenagokoa datekeela. Arestirenak bezala, halaber, Azurmendiren poesia erlijiotasunez kutsaturiko bakarrizketa da. Ordea, Aresti profeta eta Egia sozialaren kristo eta martiri berri agertzen bazaigu –maisuki eszenifikatuz bere burua eta kristautasun ofizialaren ordez marxismoan birlandatuz bere fede eraberritua–, Azurmendirena Jainko eta fede galduekiko erresumin eta kexaren aldarri atsekabetua da, eta itun zaharreko Job oroitarazten digu behin baino gehiagotan narratzaile-poetak. “Poemaren arbola beltza” olerkian aitortzen duenez: “Gu guztion deia, / kaio nekatu, / itsasoa gaindi dabil / oinak nun jarri ezinik, / otoitz madarikatu”. Arestik ez bezala, beraz, Azurmendik ez du sinisten poesiaren indarrean (“euskaldun poetek / asmatuko  balute / egia pizten / eta esperantza!”) eta, are okerragoa dena, errudun sentitzen da eginkizun poetikoak ez duelako ezertan harremanik herriaren (herri pobrearen) bizitzarekin. “Herriak sofritzen dauden artean / beti dira poetak / astiarekin rinozeronteari kilimak egiteko”, diosku Azurmendi gogaitu batek. Hortik bere joera antipoetikoa (“poesiaz aspertu nintzen”, “nazkagarria da poeta izatea”).

Joera eszeptiko orokor horrek, dudarik gabe, itzal egiten die bilduman zehar loratzen diren gainerako joerei (izan dadila “gu” izenordain engaiatuaz baliatzeko ausardia duen atal soziala, ala atal existentzialista intimoagoa), gainditu eta ito egiten baititu Azurmendiren ahotsaren gaineratiko koloreak. Nola aintzat hartu, izan ere, poesian sinesten ez duen eta bere burua poetatzat ez duen poetaren ahalegin poetikoa? Azurmendiren testuek hiztegi “poetiko” edo “ederzalea” erabat baztertzen ez badute ere –idazle jantzia dela nonahi ageri da eta bere asmakuntza metaforiko zenbaitek badu indar iradokitzailerik– gerora bere baitan nagusituko den saiakera egilea iragarriz hizkera abstraktoago edo intelektualistago batera lerratzen da etengabe, berezko joera bailuen. Alabaina, erretolika poetikoan erortzeko arriskua gain-gainean nabaritzen du Azurmendik, eta horren jakitun delarik kosta egiten zaio Aresti baten indar baikor eta bat-batekoa kutsatzea bere lerroei. Azurmendiren poesia antiheroikoa da, desliluratua eta agian goizegi desliluratua gainera (hurrengo belaunaldiak, Pott taldearenak, deslilura urre bihurtzen jakingo du, gizartearen bilakaeraren tempoarekin bat eginez). Hortik, agian, desfase sentimendu eranskor hori: 68an karrikara iraultza egitera irten berri den herriarekin bat egiteko orduan ere “Manifestu atzeratu” bat baino ez zaio ateratzen Azurmendiri (Hitz berde hauetatik kanpo dagoena, bidenabar). Funtsean, liburuki bakarrean hainbeste urtetako lan anitz eta neurri batean kontraesankorra batzeak kaltetu bide du geroztik saiakera egile gisa bestelako ezagupena erdietsi duen Azurmendiren ibilbide poetiko aberatsaren harrera.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus