« HIRU GIZON BAKARKA (1974) | HITZ BERDEAK (1971) » |
HISTORIA TRISTE BAT (1969)
1965eko uztailaren batean jokatu zen estreinakoz Xalbador Garmendiaren (Zaldibia, 1932) Historia triste bat teatro-lana eta ondotik hainbat herritan antzeztu bazen ere, ez zen argitaratu 1969ra arte; Euskal elerti 69 bilduman argitaratu zen. Gabriel Arestik koordinatu zuen 1960ko hamarkadako idazle gazte euskaldunen literaturaren lagina jaso nahi zuen liburu mardul hura, Lur argitaletxearen babesean; literatur genero ia guztiak jaso zituen bilduma hark literatura gazteenaren panorama osoa eskaintzea zuen xede: Juan San Martinen saiakera-testua, Xabier Kintanaren nobela labur bat, Xabier Kintana, Patri Urkizu eta Mikel Azurmendiren ipuin bana eta Ramon Saizarbitoria eta Mikel Azurmendiren poema-sorta bana. Halaber, antzerkiari dagokionez, hainbat egilek sinatutako Makina lan laburraz gain, Gabriel Arestiren beraren Beste mundukoak eta zoro bat zein Xalbador Garmendiaren Historia triste bat ere argitaratu ziren ale hartan, 1960ko hamarkadako euskal teatroaren eraberritzean ezinbesteko erreferentziak azken biak.
1964ko abenduan Ondarroan ospatutako Lore Jokoetan saria irabazi zuen Garmendiaren antzezlanak, eta garaiko prentsak jasotzen duenez (Beobide, 1965), ustekabea jaso zuten bertaratutakoek, sariduna idazle zaildu baten, edo Iparraldeko baten lana izango zela espero baitzuten, eta ez idazle gazte eta ezezagun batena. Urte erdi beranduago, Ramon Saizarbitoria eta Arantxa Gurmendi protagonisten paperetan zirela, taularatu zuen Donostiako Jarrai taldeak, IƱaki Beobideren zuzendaritzapean; ez, ordea, trabarik gabe: Emilio Lopez Adanek jasotzen duenez (Lopez Adan, 1997), Donostiako zentsura eklesiastikoak “oso arriskutsu” bezala katalogatu bide zuen funtzioa eliz atarietan, obraren zenbait alderdi moral katolikotik urrunegi zeudelakoan. Aldeko eta kontrako iritzi sutsuak eragin zituen Historia triste bat lanak, euskal antzerkigintzara gai eta planteamendu erabat berriak zekartzan seinale.
Berrikuntza-bide horretan, 1960ko hamarkadako euskal teatroak Gabriel Aresti izan zuen piztaile nagusienetakoa, dela sormen-lanen, itzulpenen edo sistematizazio-ahaleginen bidez. Donostian 1964an Garmendiak Historia triste bat idatzi zuen urte berean, “Euskal teatro berri batean beharra. Euskal komedia” izeneko hitzaldia egin zuen Arestik, euskal antzerkiak zituen arazoak aztertuz: itzulpen eskasia, egileen eskastasuna eta gabezia eta euskararen batasunik eza. Orobat, atzerrian azken hamarkada haietan egindako teatroa (Ibsen, Camus, Brecht, Shaw…) euskaratu beharra aldarrikatu zuen, baita atzerriko teatro-idazleen ekarriak euskal teatrora ekarri beharra ere, aurreko antzerkiarekin apurtzea eta antzerkiaren bidez euskal jendartea heztea baitzuen xede.
Testuinguru horretan heldu zen oholtza gainera Garmendiaren Historia triste bat, hein handi batean Arestik euskal antzerki berriari eskatzen zizkion ezaugarriak zekartzana: hizkuntzaren batasuna bilatzea, antzerki kostunbristari ihes egitea, garaiko atzerriko egileen ekarriak bere egitea… Halaber, Euskal elerti 69 bildumaren hitzatzean esaten denez, garaiko euskal antzerki berriaren bi erdiguneen arteko “katalizatzailea” izan zen aipagai dugun Garmendiaren lana: IƱaki Beobide eta Mikel Forkadaren inguruan bildutako Jarrai taldeak atzerriko obren itzulpenak taularatu ohi zituen (Ibsen, Williams, Miller…); Arestik eta berak euskaraz sortutako obrek osatzen zuten bigarren fokua (eta liburuan aipatzen ez bada ere, Piarres Lartzabalen inguruan Lapurdin garatutako antzerkia ere aintzat hartu behar da). Bien arteko zubi izan zen Garmendiaren lana.
Hiru gertalditan banatutako obra laburra da Historia triste bat, Altzibar pertsonaia nagusiarengan eta bizitzaren aurrean hark dituen galderetan oinarritua. Lehen gertaldiak taberna bat du kokaleku, Altzibar protagonistaren eta bere lehengusu GoƱiren arteko elkarrizketa du ardatz, eta bertan planteatzen da antzezlanaren gaia: Altzibarrek Madalenekin ezkontzea beste desiorik ez du, baina haren aitak ez du halakorik onartuko, ez baitzaio bere alabarentzako moduko gizona iruditzen, dirua irabazi baino galdu egingo omen lukeelako Altzibar suhitzat hartuta. Beste emakume bat bila dezala aholkatzen dio GoƱik, baina Altzibarrek Madalen baizik ez du buruan; hogei mila duro bilduz gero Madalenekin ezkontzerik izango ote zukeen esaten dio orduan GoƱik, eta apustua jotzen dio; Altzibarrek bere diruak GoƱiren mesedetan galduko ditu, ordea.
Bigarren gertaldiaren jokalekua Madalenen etxeko saloia da, “aski apaina”, akotazioen arabera. Bertan, Madalen Altzibar eta GoƱi biltzen dira, bai eta neskaren aita ere beranduago. Aske izateari buruzko elkarrizketak zabaltzen du gertaldia, gaztediak zernahi egiteko bide duen libertateari buruzkoak. Ondoren, aita etxera heltzean, Madalen eta Altzibarren arteko ezinezko maitasuna bihurtzen da berriro solasgai nagusi. Aitak, GoƱik lehen gertaldian aurreratu bezala, dirua jartzen du gazteen harremana oztopatzen duen gaindiezinezko baldintza gisa, baita Madalenek berak ere, ama Ramon nagusiarentzako lanean ikusi nahi ez duela-eta uko egingo baitio Altzibarrekin ezkontzeari. Etsiak jotako protagonista gazteak tiro egiten die Madaleni eta haren gurasoei eta hirurak zerraldo utzi.
Hirugarren (eta azken) gertaldian Altzibar kartzelan da, heriotza zigorrera kondenatuta. Abokatuaren bisita jasotzen du. Abokatuak jakinarazten dio kalera ateratzerik izango duela, bai, baina hogeita hamabost urte espetxean eman ondoren. Bizitzak zentzurik ez duela-eta protagonistak bere buruaz beste egitea erabakitzen du, horretarako kartzelariaren konplizitatea erabiliko du. Trama aski sinple eta lineala du, beraz, aztergai dugun obrak: gatazka planteatzen da lehen gertaldian, bigarrenean hura areagotu egiten da eta krimena jazotzen da, azken gertaldiak, finean, zigorra eta patu tragikoa dakarkio heroiari. Tragedia batean bezala, pertsonaiaren patu tragikoa aldez aurretik ebatzia dagoela dirudi, GoƱik kontatzen duen Parisko istorio batek orakuluarena egiten baitu, pertsonaia nagusiaren patua iragarriz: gizon batek Sena ibaian igeri egin nahi omen zuen eta ibai ondoko guardiari baimena eskatu omen zion; hark baimena ukatu ostean, hura hil eta bere burua bota omen zuen gizonak Senara. Lehenengo agerraldian tabernan dauden gizonek, bigarren mailako pertsonaiek, zeharkako komentario ironikoak egiten dituzte pasadizoari buruz, Altzibarri datorkionaren iragarle.
Ez da, dena den, gatazka dramatikoaren konplexutasuna Garmendiaren antzerkiaren ekarpen nagusia; Garmendiaren antzerkiaren ekarpen nagusia gatazka horren inguruan bilbatzen diren gogoetak eta bizitzaren inguruko hausnarketetan datza. Askatasuna da antzezlanaren gai nagusienetako bat, askatasuna ideal absolutu gisa hartzen da, gizarte kapitalistaren baloreei kontrajarririk; izan ere, askatasuna eta aske izatea ulertzeko modu bi jartzen dira aurrez aurre GoƱi eta Altzibarren bidez lehen agerraldian: GoƱik Altzibarri libre dela diotso, Madalen ez den edozein emakumerekin egoteko; aitzitik, Altzibarren ustez hori ez da libertatea, bere desioa bete ezin badu. Ondoren, diruaren bidez Madalen lor dezakeela-eta, protagonistak zera dio: “(…) diruak eman dezakean momentuko libertadea. Nik ez dut nahi libertade klase hori”. Diruaren bidez lor daitekeen askatasun mugatu eta baldintzatuaren aurrean, konstrikzio horietatik libre dagoen askatasunaren alde egiten da antzezlanean Altzibarren bidez.
Bigarren agerraldiaren hasieran, berriz, Madalen, GoƱi eta Altzibarren arteko elkarrizketak ere askatasuna dakar hizpidera: XX. mendeko bizitza modernoak ekarritako aukera-aniztasuna egiazko askatasun denetz eztabaidatzen dute, izan ere, Altzibarren ustez, modernitateak “mitoak” sortu ditu (ospearena, esaterako), eta mito horiek askatasuna kentzen dute, zer eta nola izan behar duen agintzen baitiote banakoari.
Azken agerraldian, bestetik, kartzelan den protagonistari askatasuna berreskuratzeko aukera ematen dio abokatuak, baina berak uko egiten dio askatasun horri, idealik gabeko (Madalen, kasu horretan) askatasuna ez litzatekeelako egiazko askatasuna.
Salaketa sozialak badu lekurik, bestalde, obra honetan; izan ere, diru-gosea kritikatzen da, eta baita nagusien ahulekiko larderia ere. D. Ramon nagusiak (bera da boterearen ahotsa obran) hala azaltzen du status quo-a mantendu beharra: “Jerarkia behar da soziedadean. Behera xamar, langilleak; goraxeago dantza lekuak eta bestelako leku horiek; gorenean, nagusiak, ots, kapitala dutenak… kapitalistak!”. D. Ramoni eta Madalenen aitari kontrajartzen zaio diruaren morrontzarik gabeko askatasuna eta idealismoa ordezkatzen duen Altzibar.
Askatasunarekin batera, suizidioa da, obraren akabu aldera, gai nagusi; bizitzaren zentzuaren eta heriotzaren inguruko hausnarketa horiekin hurbiltzen da gehien Garmendiaren lana existentzialismora, alegia, Garmendiak berak euskaratutako Camus eta antzeko egileen lanetara. Profezia betez, bere buruaz beste egitea deliberatzen du Altzibarrek; bada, erabakiaren inguruko gatazka etikoek osatzen dute hirugarren agerraldiaren gorputza. Inguruak ez bezala, protagonistak ez du suizidioa bekatutzat jotzen, ez baitu Jainkoarengan sinesten; era berean, ez du bere burua erruduntzat, hilketak bere askatasuna defendatzearren egin zituela irizten baitio. Suizidioa gizartearen aurkako mendekua dela leporatzen dio GoƱik: pertsonaia nagusiak, ordea, ez du halakorik ukatzen, eta, gainera, guztia materia dela eta hil ondoren bera ere materia bihurtuko dela sinesten du.
Sakontasun handiko gaiak, maiz existentzialismotik hurbilekoak, ekarri zituen, beraz, komedia arinetara ohituago zegoen antzerkira Garmendiaren lehen antzezlanak: suizidioa, bizitzaren zentzurik eza, Jainkoaren existentzia, askatasunaren mugak, idealaren eta materialaren arteko kontrajarpena… Ez da harritzekoa, beraz, 1960ko hamarkadan iritzi hain kontrajarriak sorrarazi izana; halaber, ez da harritzekoa literatur historietan euskal antzerki modernoaren abiapuntutzat hartu izana Historia triste bat.
Azkenik, hizkuntzari gagozkiola, azpimarratzekoa da Arestik euskal teatroari egozten zizkion gaitzetako bat gainditzeko (gehiegizko euskalki-aniztasuna, alegia) Garmendiak egindako saioa. Gipuzkeratik abiatuagatik, lapurterara ere hurbiltzen den asmo bateratzaileko euskara erabili zuen idazle zaldibiarrak. Ezagun da, halaber, egileak euskal klasikoak sakon ezagutzen zituela, izan ere, hizkuntza ulergarria izanagatik, jasoa da Garmendiaren idazkera, euskal tradizioko hainbat eredu gogoan dituena.
BIBLIOGRAFIA
ARESTI, Gabriel (1969): Euskal elerti 69: (saiaera-nobela-antzerti-poesia-ipui). Lur. Donostia.
BEOBIDE, IƱaki (1965): “Xalbador Garmendiari elkarrizketa”. Zeruko Argia. 1965-01-10.
LOPEZ ADAN, Emilio (1997): “Duela 25 urte: subertsiorako unibertsitatea”. Uztaro. 23. 45-63
« HIRU GIZON BAKARKA (1974) | HITZ BERDEAK (1971) » |