« GUTUN LIBURUA (1975) | HAMAIKA PAUSO (1995) » |
HAMABOST EGUN URGAIN’EN (1955)
Euskaraz idatziriko polizia-nobelen historia 1955ean hasi zen J.A. Loidi Bizkarrondok Hamabost egun Urgainen (Zarautz, Kulixka) nobela argitaratu zuenean. Euskaltzaindiaren literatur lehiaketa batean aurkeztu zuen eta aipamen berezia jaso zuen. Harrezkero hainbat argitalpen izan ditu euskaraz idatziriko lehen polizia-nobela honek eta Euskadi Irratiaren Antzoki ilunean irratsaiorako bertsio bat ere egin zen 1992an. Kritikoen oniritzia jaso zuen, beraz, lehena izateaz gain, gerora ere, ongi taxuturiko argudioa duela iritzi baitiote.
Urgain izeneko herri txiki batean gertaturikoa kontatzen du. Martin Garaidi detektibea da protagonista eta gertakari harrigarri bat ikertzera deitu dute: Egurmendi aberatsa hil da eta lurperatzerakoan, haren hilobian buru-hezur batek kopetan tiro bat duela konturatu dira. Kontuak korapilotsua dirudi, baina detektibe argiak hamabost egun aski izango ditu kontu guztia argitzeko: II Mundu Gerran espetxean egon ondoren, Pagodi izeneko pertsonaia bere emaztearen bila joan zen Urgainera. Hura berriz, Pagodiren adiskide zen Egurmendirekin ezkonduta balego bezala bizi zen, ezkutaturik.
Liburuaren egitura soila da, 30 ataletan kontatzen da detektibearen ikerketa-lana eta lehen kapituluan sorturiko misterioa amaieran askatzen du, bi kapitulutan krimen ustekoa argitzeko hogei urte lehenago gertaturik jazoerak ekartzeko eginiko analepsi azkar baten bidez. Ustekabeko amaiera du, hortaz, eta gertakariak argitzeko eleberrian zehar eskaini gabeko zenbait datu aurkezten ditu.
Polizia eta krimen eleberria den aldetik, era bateko eta besteko iritziak bildu ditu. Esate baterako, M. Hernandez Abaituak (1982) genero poliziako intelektualaren sailean sartzen du eta haietan aurkitzen dituen akats berak egozten dizkio, alegia, historiaren korapiloa askatzeko, kontu berri bat edo pertsonaia sail berri baten bidez ematea irteera. Benetako krimenik ere ez duela egozten dio. Gotzon Garatek (2000), aldiz, eleberriaren egiantza eta sinesgarritasuna azpimarratzen ditu: “Hamabost egun Urgainen eleberriak ere horixe du on. Guk euskaldunok egunero ikusten ditugu hor gertatzen diren gauzak. Hor agertzen diren pertsonak gu bezalakoak dira. ()Gainera badu beste alderdi ona. Herri txikian gertatzea. Polizia eleberriaren gertakariak Bilbon gertatzen badira, mundu artifizialean gaudela ohartzen gara. Polizak euskaraz ari dira, dendariak euskaraz, drogazaleak euskaraz. Bilbon ordea, horiek guztiok espainolez mintzo dira. Urgainen aldiz, guztiak euskaldunak dira. () Egiazko gizartea ispilatzen zaigu.”
Pertsonaiei dagokienez, Mitxelenak (1955) goraipatu egin zuen egileak izaniko dohaina haiek aurkezteko: “Badakizki, inon ikasi gabe, nobelagile batek jakin behar dituen gauzarik nagusienak. Pertsonak ederki ikusten ditu, bai barrendik eta bai kanpotik, nork bere bizia du, berez, ari dira eta berez mintzatzen.” (Egan, 1955, 73) Garatek, bestalde, bereziki azpimarratzen du detektibearen nortasuna, “Garaidi detektibea jatorra da, gentleman, gogozkoa egiten zaiguna. Gertakizunen haria dotore eramaten duena. Urgaingo gertakizun arruntentzat Loidik detektibe arrunta aukeratu du”
Kontalaria hirugarren pertsonan mintzo da eta orojakilea da, baina ez da neutrala, gehienbat ohitura eleberrietako kontalariak bezala, irakurleari zuzeneko deiak eta iradokizunak egiten dizkio eta bere jarduna erregistro kolokialean egina da. Sarasolak gehiegizko kolokialtasuna ere egozten dio (1976, 100 or.). Puntu honetan bat dator Garate ere: “Errailearen, kontalariaren euskara landuago edo neutralago izan zitekeen”.
Mitxelenak liburuaren taiueran dauden zenbait akats aipatu zituen, eta bereziki gaiaren ahultasunari erreparatzen dio: “Liburu honen akatsak aipatu beharrik ez dago, hain daude axalean. Gaia ahula du: ustekabean sortua izanik –ez guretzat bakarrik, baita egilearentzat ere-, ustekabeko sortze horren ezaugarriak agerian daramatza. Lehen lana delako, ohiturarik eza ere nabari zaio, lanbidearen berri ongi ez dakien langilearen ohiturarik eza” (MIH, 359). Hurrengo eleberri baterako gai egokia, bere gogo betekoa eta bere indarren neurrikoa aukera dezala gomendatzen zion. Baina, jakina denez, eleberri bakarra idatzi zuen Loidik.
Sarasolak Loidiren nobela eta haren argumentuaren egokitasuna eta egituratze abila aipatu zuen (1976). M. J. Olaziregik, aldiz, gerraosteko eleberrigintzaren testuinguruan kokatzen du eta haren argi-itzalak agerian jartzen ditu. Bere iritziz, kontalariaren erregistroa eta suspensea ez dira ongi ezkontzen: “Egia esateko, Loidiren teknika E. A. Poe generoaren maisu handiak erabilitakotik urrun dago, zeren eta elkarrizketen ahultasunari metairuzkinak gaineratu behar zaizkio, eta horiek suspensea deuseztatu eta erritmoa mantsotu egiten dute. (68 or.)
Orokorrean iruzkingile guztiek aho batez goraipatu dute egilearen prosaren arintasuna, naturaltasuna, bizitasuna. Mitxelenak halaxe adierazi zuen: “Jatorra da liburu honetakoa: arina erraza, edozeinentzakoa, Irigaray jaunak hitzaurrean dioen bezala.” (MIH, 360) G. Garatek bereziki nabarmentzen du elkarrizketen bizitasuna, deskribapenen zaulitasuna, azkartasuna eta zehaztasuna.
Hizkera erregistroak garrantzia berezia du iruzkingile guztien begietan. Loidik prosa narratiboa aurretik inoiz saiatu gabeko genero batean garatu baitzuen. Sarasolaren iritziz, Loidiren saioa interesgarria gertatu zen garbizalekeriak jotako prosa literarioaren une hartan. Herri-hizkeraren aldeko apustua eginez gainditu zuen hizkeraren behaztopa-harria eta erakargarriago gertatu zen, baina estiloari erantsi zion “hizkera guztiz kolokial eta jatorraren ondorioz”, ez zuen prosa literarioa eraikitzeko aurrerapausorik eman ahal izan (100).
Gotzon Garatek aztertu du xeheki Loidiren testuaren euskaren jatortasun hori zertan den eta, bere iritziz, liburuaren “punturik bikainena eta txalogarriena da”. Hizkeraren ezaugarri bi azpimarratzen du: herritasuna eta herri-hizkeraren baliabideen artean, errepikapen intentsibatzailea, txikigarri adierazgarriak erabiltzea, adierazpide onomatopeikoak, esaldi simetrikoak eta egitura paralelistikoak erabiltzea, aditz-isiltzeak eta esapide adierazkorrak, harridura eta amorrua azaltzen duten esaldien sarritasuna… Garatek eginiko azterketaren emaitzak ikusita, hizkera esaeratsuegia eta konparazioak herrikoiegiak ere badira apika, dudarik gabe egileak gogoan zuen asmoari dagozkionak.
Izan ere, liburuaren egile den Jose Antonio Loidi Bizkarrondok euskaraz idazten trebatzeko oso gustukoa zuen polizia-nobela bat itzultzea bururatu omen zitzaion, Simenonen liburu bat zehazki, baina itzulpen hura egitea lan izugarria izan zitekeela konturatu omen zen eta bere kasa nobela bat idazteari ekitea pentsatu omen zuen, jenero poliziakoari utzi gabe. Horrela sortu omen zen Amabost egun Urgainen.
Loidik ez zuen beste eleberririk argitaratu, baina bai bestelako euskal idazlanik idatzi, nahiz eta frankismo garaiko zentsuraren eragina ere ezagutu zuen eta bere lanbideari loturiko azterlanak soilik atera ahal izan zituen. Euskaltzaletasunez idatziriko lehen eleberriaren arrakastak ustekabean harrapatu zuen. Ez baitzen, berez, letra-gizon bat, Mitxelenak Eganeko artikuluan agertu zuen moduan. Nortasun polifazetikoa eta aberatsaren jabe izan zen, kultua eta jakin-min handikoa.
Liburuaren harrera kritikoari dagokionez, Hamabost egun Urgainen liburuari Koldo Mitxelenak aintzazko artikulua eskaini zion euskal literaturak behar zuen nobelistari (Egan, 1955, 72-74 or.) argitaratu eta berehala. Zera idatzi zuen Mitxelenak “Hona non sortu zaigun bat-batean, idazle trebea ez ezik, askozaz gehiago behar duguna: nobelista bat. Ez du saiaketa luzeetan aritu beharrik izan. Badakizki, inon ikasi gabe, nobelagile batek jakin behar dituen gauzarik nagusienak. Pertsonak ederki ikusten ditu, bai barrendik eta bai kanpotik, nork bere bizia du, berez, ari dira eta berez mintzatzen. Inork behartu gabe. Badaki gertakariak bat besteari josten eta, hori aski ez dela, ederki –arin, zorrotz eta biziro- ematen dizkigu aditzera.” Mitxelenaren aipamenaz gain, garaiko bi iruzkin aurkitu daitezke, N.A.G. hizkiez izenpeturiko Egan aldizkarian, laugarren argitalpena zela eta eginiko iruzkina “J.A. Loidi Bizkarrondo. Amabost egun Urgainen” (Egan, 1968, 1-6 alea, 149-150 or.) eta 1955ean lehen aldiz argitaratu zenetik hogeita bost urte igaro zirela ospatuz Xaguxarra aldizkarian argitaraturiko izenperik gabeko “Amabost egun Urgainen” izenekoa (1980, 143-145 or.). Eganeko iruzkingileak liburuaren arrakasta berezia azpimarratzen du, bi argitalpen izan zituela denbora gutxian eta Kataluniarrek argitaratu zutela hurrena “Nova Col.lecció Lletres”en 1961ean. Frantsesera ere itzulia dagoela esaten du “Le libre de poche” argitaletxean eta ingelesera eta alemanerazko itzulpenak ere eginak.
Epe luze batean euskal nobela poliziakorik irakurriena izan zen 1977 arte. Honekin batera aipatzen dira, Txomin Peillenen Gauaz ibiltzen dena (Zarautz, Kulixka 1967) eta Gatu Beltza (Bilbo, Gero, 1973) eta Mariano Izetaren Dirua galgarri (Tolosa, Auspoa, 1962). 1977z geroztikoak dira Xabier Gereñorenak eta Gotzon Garaterenak, beraz hutsune nabarmena zegoen garaia bete zuen Loidiren nobela honek. Gerora eleberri idazle izango ziren 1970tik aurrerako belaunaldikoek haren irakurle izan ziren noski (I. Sarasola, J. A. Arrieta, A. Lertxundi…) M. Hernandez Abaituak (1982) polizia-eleberriek euskara ikasten dihardutenei eskaini dizkieten testu ugarien erraztasuna eta aisetasunaz aparte, nobela poliziako gisa ez die aitortzen balore handirik. Nobela mekanikoegiak, hotzak eta egiantzekotasunik gabeak direla deritzo, nahiz eta Gotzon Garateren kasuan (Izurri Berria, 1982) argumentuaren koherentziak aipamena merezi duela dioen. Euskaraz idatziriko lehen nobela beltza da, Hernadezen iritziz, eta ordura artekoak nobela poliziako intelektual eta klasikoaren azpisailean bildu beharrekoak direla.
1976tik hona argitaratu diren literatura historia eta eleberriaren azterketa espezialduetan aipatu da beti Loidiren nobela, baina ez du aipamen luzerik izan, detektibe-eleberrien sailak orokorrean izaten duen balorapenaren eraginpean. Loidiren eleberriaren azterketa berrietan, aldiz, Jabier Cillerok euskal herriko polizia nobelari buruz idatziriko tesian 15 orrialdeko kapitulua eskaini dio Loidiren eleberriari, honako izenburuaren pean: Jose Antonio Loidi: Author of the First Detective Novel in Basque.
Cillerok Amabost egun Urgain’en eleberriaren egilea gerraondoko testuinguru berezian kokatzen du. Egilea familia abertzale batekoa zen eta euskara galarazia eta jazarria izan zen giroan. Gerra aurreko belaunaldiaren sakabanatzearen ondoko talde berria osatzera heldu ziren Loidi eta Jon Etxaide (Joanak Joan) eta biek eleberri bana argitaratu zuten 1955an.
Urrezko Aroko detektibe eleberrien ezaugarri klasikoak ditu Loidirenak: Eleberriaren hasieran kokatu da pertsonaia guztien zerrenda. Kapituluak atal motzetan eratu dira misterioa sortu eta argitzeko antolaketa klasikoan. Azken eszenan detektibeak susmagarri guztiak bildu eta denei azaltzen die zer gertatu zen benetan. Ez da eleberrian indarkeria fisikorik aurkezten eta oso lausoki deskribatzen da eta gizarte giroa eta protagonista erdi-mailakoak dira, irakurle gehienen mailakoak.
Loidik protagonista detektibe bat sortzea izan zuen eragozpenik handienetako bat. Gerraosteko euskal giroan ez zezakeen Espainiako estatuaren polizia mailako pertsonaiarik sar. Guztiz independentea den ikerle pribatua sortu zuen, hortaz. Loidik Poirot edo Sherlock Holmes bezalako ikerle bat sortu zuen, Philip Marlowe erakoak ez baitziren ia ezagutzen Espainian. Loidik detektibe logikoa sortu zuen, euskal literatur tradizioan ongi sar zitekeena, Loidik detektibe klasikoaren bidea jarraitu zuen eta euskal eleberri poliziakoen ereduetako bat ezarri zuen. Lapurretatan berezituriko detektibea, metodo razionalen bidez baliatzen da. Argia, bizkorra eta ongi hezia da.
Kritikoek irakurtzeko atsegina dela adierazi dute (Yarza 61; Xaguxarra 143). Suspensea sortzeko erabili dituen estrategia nagusiak atzeratzea eta fragmentatzea dela dio Yartzak. Ikerlea Donostiatik Urgainera dabil, pisu batetik bestera, eta pertsonaia batetik bestera. Argitu beharrean, korapilatu egiten da eta matazak ez dauka irtenbiderik amaierara arte. Elkarrizketa eta deskripzio laburren kalitateak justifikatzen du egileak darabilen atzeratzeko teknika. Atzerapena eragiten duen osagaien artean Joxe Jokinen sarraldiak dira. Herriko pentsaera eta izaeraren adierazle dira eta Garaidiren arrazoimen logikoaren haria eteten dute. Pertsonaia borobilduetako bat da emigrante izaniko berritsu agortezin hori.
Cillerok bereziki azpimarratzen du Loidik hautaturiko idazkera ironiko eta umore-tonu fina. Sherlock Holmesen detektibe-nobelen tankeran egina den seinaletzat jotzen du. Ezaugarri bereziki azpimarragarria da Loidiren umorearen adierazpideak: andre maxiatzailea, Joxe Jokin berritsua eta alaba ixila, Mulazenen gehiegikeriak… Sherlock Holmesen abenturak bezalaxe, Amabost egun Urgain’en irakurtzeko gogoa eragiten dute pertsonaiek eta giroak. Agirreren eleberrietan bezala, Loidi ere pertsonaiek eragiten duten lehen inpresioan oinarritzen da. Jarrera ironiko edo umoretsu batetik eginiko deskripzio laburrak, konparazio biziak, nortasunen alde moralekin bat dator itxura. Txomin gizajoa, Larrola harroxkoa, Garaidi azkarra…
Loidik hika tratamendua erabiltzen du, esklamazioak, hizkera kolokiala eta adierazkorra darabil. Egoki da elkarrizketan eta Txominen barne-bakarrizketetan, baina ez horrenbeste narratiban. Nolanahi ere, Etxanizek dioen moduan, elkarrizketak ugariak dira. Modu horretan, irakurleari ikuspuntu ezberdinak eskaini nahi zaizkio eta denen diskurtsoak egilearen ironiatik irudikatzen dira.
Cilleroren iritziz, ingeles erako detektibe historietan bezala, gizarte-ehunaren haustura gogorrik ez dago Urgainen, ez erruduntasun unibertsalik. Loidiren nobela gizarte misterio bat argitzeko saioa da, Garaidik gizarte ordenaren armonia berrezartzen du bere argitasunaren laguntzaz. Amaierako bilera ere klasikoa da. Krimena argitu egin behar da eta gizarteak horretarako bidea aurkitu behar du. Bestalde, eleberriaren giroak helburu komikoa eta funtzionala betetzen du. Herri txiki bateko giroan kokatua dago eta bertako mikrokosmoa erakusten du, egileak ezagutzen zuen gerraosteko herri giroa.
Halere, gizarteko oreka berreskuratzeko era ere berezia da Loidiren nobelan: ez du benetako errudunik izendatzen. Berez, krimenik ere ez dago. Izan ere, Loidiren gizarte-kritikaren jomuga gizarte mailako zentsura eta masiaketa dira, gizarte komenientzien gehiegizko nagusitasuna, maitaleak elkartzea eragozten duena.
Cileroren iritziz, Loidik aurkezten duen gizarte-ordena ez da Agirrerena bezalakoa, modernoagoa baizik, eroso bizi dena, bere herentzia kulturala zaintzen duena eta gerraosteko aro berriaren ezaugarriei egokitzen zaiena. Herentzia hori berreskuratzen saiatzeko den eta eguneratzeko ahaleginaren lekuko da Loidiren nobela. Loidi ez da herri txikietako ordena tradizionalaren defendatzaile, Agirre bezala. Ez dago apaizik nobelan ez eta poliziarik, alkaterik edo bestelako klerorik. Loidik garrantzi gehiago ematen die pertsonaia komikoei, alderdi kostunbristei baino. Giroa ez da baserrian kokatzen, ostatuan baizik. Joxe Jokinen ostatua negozio lekua da, pertsonaien jokamolde komikoa gerta daitekeen giroa. Horretarako Loidik Urgain herria asmatu zuen deskripzio askatasun gehiago izateko eta euskaraz hitz egitea sinesgarri egiteko.
Pertsonaia nagusietako batzuk hirian bizi dira, erdi-mailakoak dira eta nekazariengandik urruntzen ari dira. Baserriko komunitatea, Agirrek eta Barrensorok idealizaturikoa, galtzen ari da jadanik modernitatearen eraginpean. Loidiren begiradak kritikatu egiten du nolabait gizarte ordena hura eta haren morala, modu ez dramatikoan erakusten du gizarte modernoranzko aldaketa.
Zenbait kritikok berehala nabarmendu zuten Loidik genero berria iragartzen zuela, euskal literaturak erlijio gaiak edo ohitura-eleberriak gaindi zitzakeela erakusten zuela eta adieraz zitzakeela gizarte modernoaren auziak, ustekabeak eta kezkak. Halere Ana Toledok, ohitura-eleberriaren testuinguruan aztertu zuen, eta, bere iritziz, Loidik aurkezturiko unibertso estatikoa bat dator Agirrek ezarririko eredu literarioekin. Etxanizen iritziz, ordea, Loidik ohitura eleberriaren egonkortasunarekin hautsi zuen, jarrera moderno eta dinamikoaz. (245).
Loidiren eleberria detektibe-istorioa izateak baztertu egin badu euskal narratibari buruzko ikerketa serio zenbaitetatik, beste zenbaitek Calleja eta Monasteriok, X. Etxanizek eta G. Garatek goraipatu egin dute. Cilleroren ustez ere, eleberri honen iraupenak frogatzen du bizimolde modernoarekiko erakutsi zuen interesak eta irudikatu zuen gizartearen modernotze bideak bat egin zuela irakurlegoaren itxaropenekin. Gaien tratamendua baita auzia nobelagintzan, Mitxelenak egoki iragarri zuen moduan.
BIBLIOGRAFIA
CILLERO, J. (2000): The moving target. A history of Basque Detective and Crime Fiction. Tesi-lana. Reno. Zuz. Linda White. Argitaragabea.
EGILE EZEZAGUNA (2000): “Amabost egun Urgain’en”. Xaguxarra: literatur aldizkaria. 143-145 or.
ETXANIZ, Xabier (1997): Euskal haur eta gazte literaturaren historia. Universidad del PaÃs Vasco. Bilbo.
GARATE, Gotzon (2000): Euskal Herriko Polizia Eleberria, Elkar, Donostia.
HERNANDEZ ABAITUA, Mikel (1982): “Nobela beltza eta polizi nobela klasikoa”. Jakin. 25. 51-67.
N. A. G. (1968): “J.A. LOIDI BIZKARRONDO: Amabost egun Urgainen“. Egan. 1-6 alea. 149 or.
OLAZIREGI, Maria Jose (2000): “The Basque literary system at the gateway to the new millenium”. ASJU. XXXIV.413-422.
OLAZIREGI, Maria Jose (2002): Euskal eleberriaren historia. Labayru. Amorebieta-Etxanoko Udala. Bilbo.
SARASOLA, Ibon (1976): Historia social de la literatura vasca. Akal. Madrid.
TOLEDO LEZETA, Ana MarÃa (1989): Domingo Agirre: euskal eleberriaren sorrera. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo.
Elkarrizketak
(1992) “Familian bederatzi botikario gara” in Habe. 211. 124-129 or.
« GUTUN LIBURUA (1975) | HAMAIKA PAUSO (1995) » |