Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

GRETA (2003)

Jasone Osoro
Fco. Javier Rojo Cobos

2003ra arte, Jasone Osoro narrazio laburretan aritutako idazle moduan aurkezten zen euskal literaturan. Ordurako Tentazioak (1998) eta Korapiloak (2001) izenburuko ipuin bildumak argitaratuak zituen. 2003an aldaketa sakon bat eman zen egilearen literatur ibilbidean: urte horretan Greta liburua argitaratu zuen, eta horrako hori nobela zen.

Jasone Osorok lehenengoz ekin bazion ere nobelatzat har zitekeen kontakizun bati, aldaketa ez zen bat-batekoa izan: ordura arteko liburuetan jarrai daitekeen bilakaera baten ondorioa baizik. Izan ere, aurreko narrazio liburuan, 2001n argitaratutako Korapiloak izenburukoan, nobela baten hazia zegoela ikus zitekeen.

Literatur generoari dagokionez, bilakaera bat dago Osororen literaturan, narrazio soltetik nobelara daraman ibilbidea halako bilakaeratzat hartzen badugu, behintzat; baina edukiari erreparatuz gero, dagokigun nobelan Osororen literaturan lehenago ere ohikoak ziren gaiak agertzen ziaizkigu. Esate baterako, Osororen literaturan funtsezkoak diruditen pertsonen arteko harreman afektiboak berriro ere aurkezten dira kontakizunaren ardaztzat. Greta-ren argumentua hiru pertsonaia bitxik, Oskarrek, Gretak eta Anak, sortzen duten triangeluan oinarritzen da; triangelu horren baitako gorabeherak hiru pertsonaia horiek, nork bere ahotsarekin, kontatzen dituzte. Osororen literaturan harreman afektiboak, amodiozko harremanak alegia, dira itxura batez gai nagusia, bakarra ia; “amodio” hitza, batzuetan, bestelako errealitateak izendatzeko bidea ere bada, obsesio morbosoaren formapean ere agertzen baita askotan itxurazko amodioa. Bada, liburu honetan obsesio horren adibidea ikus dezakegu: triangeluko erpin bat, nobelari izenburua eskaintzen dion Greta izeneko pertsonaia, panpina da.

Pertsonaiek amodioari eusten diote bakardadetik ihes egiteko, nahiz-eta amodio hori beste pertsonaientzat zeharo ulertezina izan. Eta askotan amodioaren izenaren atzean erlazio fisikoa baino ez da ezkutatzen; azken finean, horixe baita besteei loturik egoteko modu egiazko bakarra Osororen pertsonaien munduan.

Dagokigun liburua nobela den aldetik, pertsonaiak idazlearen gainerako idazlanetan baino garatuago daude, narrazio liburuetan oso eskematiko, “lauegi” gertatzen baitziren. Bestalde, literatur hizkuntzari dagokionez, idazlearen idazkeran bilakaera nabari da liburuan, komunikabideen estilo zuzen eta lautik pixka bat aldendu baita. Horixe da, pertsonaiengan sakontzeaz gainera, estilo-lanketa handiagoa ere egin duen seinale.

BIBLIOGRAFIA

OSORO, Jasone (2003): Greta. Elkar. Donostia.

ZIAURRIZ, Maider (2004): “Maniki bat baino gehiago”. Berria. 2004/03/27

[Interneteko bertsioa: http://kritikak.armiarma.com/?p=1209].

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus