Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

GRAND PLACEN AURKITUKO GARA (1983)

Mario Onaindia
Jon Kortazar

Kutsu autobiografiko nabaria duen nobela honetan, Mario Onaindia (1948-2003) idazleak hiru plano narratibo eraiki ditu: bata zenbaki erromatarrez idatzia, bestea arabiarrez, eta hirugarrena letraz izendatzen duena; gainera letra moldearen bidez azpimarratzen da lehen bien arteko desberdintasuna, letra etzanez idazten baita lehena, eta bigarrena letra molde arruntez. Lehen plano narratiboan protagonistaren emakumearen barne mundua fokalizatzen da, pentsakizunak kontatzen ditu, iraganaren berri dugun artean, emazteak protagonistari bidaltzen dion azken gutunaren bidez, zuka ari delarik kontakizuna sortzeko orduan; bigarren mailan, ordea, Bruselan gizonak jasotzen dituen bizitza zertzeladak agertzen dira, eta bere pentsakizunak ere bai. Lehen pertsonaren ahotsa erabili du Mario Onaindiak maila bietan. Baina ikuspegia aldaturik agertzen da, osotasunaren bila abiatu guran. Emakumearen, Joneren,  idazkerak barne munduaren berri ematen du, eta gizonezkoaren ahotsak, historia kontatuz, munduari, iritziei eta galerei buruz hitz egiten du. Hirugarren maila narratiboan Grand Placen dagoen Udaletxearen deskribapen objektiboa egin gura da, Ramon Saizarbitoriak Ehun metro nobelan egin zuenaren antzera, baina irakurle narratarioari zuka zuzentzen zaiolarik.

Gizonezko pertsonaia kartzelatik irten berria da, zortzi urte igaro ondoren, eta Bruselara deserriratua izan da. Mundura egokitu behar du berriro bere burua. Iragana eta oraina batzen diren puntuan idazleak mundu biak, espazio biak, kartzela eta kanpoa, orekatu behar ditu. Gran Placen aurkitzen da bere emaztea eta alabaren zain, eta hauek aireportutik etorri artean bere pentsakizunak agertzen ditu. Emakumeak, ordea, gutuna idazten duen neurrian bien arteko historia kontatzen du. Nobela biak elkartzen direnean bukatzen da.

Ahots narratibo biak bilduz, egileak munduaren agerpen oso bat eman nahi du. Bien arteko historiaz garaiko historia berreraiki, baina, beti ere, historia eta istorio pertsonalak bilduz, etorkizunaz hausnarketa eginez, bikote harremanari buruz hausnarketa sakona proposatuz.

Nobelak mundu historikoaren agerpena egiten du, garaiaren azterketa sakona, baina, era berean, istorio pertsonalak hartu ditu kontutan, pertsonaia bakoitzaren historia kontuan hartuz. Horrela moldatzen da nobelan zehar garai bati buruzko ikuspegia, eta harreman pertsonaletan gertatu diren aldaketei buruzko iritzia. Garaiaren Historia eta pertsonaien historia biltzen dira, 1968. urtetik aurrera gertatu diren aldaketen ikuspegi osoa eman asmoz.

Joko narratiboen gainetik, Mario Onaindiaren kontagintzak baditu zenbait zertzelada interesgarri: fikzioa eta historia biltzen ditu, egoerak kontatzeko espazio estua aukeratu badu ere (gutuna, eta Grand Place-, non pertsonaia eserita dagoen), eta erreferentzia mundua zabala da, mundua aldatzera zetorrela zirudien garai baten deskribapena. Erreferentziak era askotakoak dira: politikoak, ideologikoak, historikoak, pertsonalak eta sentimentalak. Garai bat bizi izan zen moduari buruzko testigantza eskaini du Mario Onaindiak nobela honetan. Agian, pertsonaia biak ari direlako, ikuspegi desberdin bi erabiliz, iragana jasotzeko ahalegin batean, moteldura pixka bat ageri du narrazioak, baina gainerakoan, egileak esku trebez harilkatzen du munduaren ikuskera. Ez da jadanik historiari buruzko ikuspegi heroikorik agertzen, pertsonaien bizitza pertsonala kontatzen da, etorkizunaren atartean.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus