« GIPUZKOAKO DANTZA GOGOANGARRIEN KONDAIRA EDO HISTORIA (1824) | GIZARTE-AUZIA (1935) » |
GIRO GORI (1954 1977) (1998)
“Otsalar”-en (Eibar 1922 – Hondarribia 2005) biografiari begiratu labur bat egitea nahikoa da akituta sentitzeko. Gizon polifazetiko eta nekaezina, 50 eta 60ko hamarkadetan zehar idazle, hitzaurre-egile, hizlari, kultura eragile, Euskaltzaindiako idazkari eta Egan aldizkariko editore lanetan ibili zen: “Ez zen kultur ekitaldirik, aste kulturalik, argitarapen edo arte ekintzarik, Juan San Martinen presentzia eta parte hartze zuzena pairatu ez zuenik. (…) Dedikazio anitz, zorrotz eta eskuzabal hark, beste batzuen artean, Jose Miguel Barandiaran, Julio Caro Baroja, Koldo Mitxelena edota Luis Villasante bezalako kultur pertsona garrantzitsuen onespena eman zion”, dio Félix Marañak (1998: 311). Juan San Martinen zeregina ez zen, ordea, hortan amaitu. 1970eko hamarkadaren amaieratik aurrera arlo publikoan ere jardun zuen, kargu anitzetan: Euskal Kontseilu Nagusiaren zuzendari (1978), Euskal Herriko Ararteko (1989), Euskal Bibliografiako zuzendaritzaren kide, Ombudsman Europar Institutuko lehendakari (1994-1995), eta abar.
Agerian da eginkizun horietan guztietan San Martinek xede bati jarraitzen ziola. Zeren bila zebilen idazle eibartarra? Bada, bere belaunaldiko beste zenbait poeten antzera, euskal kultura hazi, zabaldu eta sendotzearen bila. Erromantizismotik datorren (eta gure postmodernitatean ia guztiz desagertu den) ideia batek sostengatzen du Otsalarren pentsamendua, nazioa, hizkuntza eta azken horren fruitu gorenena, hots, literatura, elkarren artean lotzen dituen ideiak hain zuzen ere. Herri baten izatea (Volkgeist) hizkuntzan eta bereziki literaturan islatzen dela esango luke Herder-ek, eta San Martinek gustora onartuki, bere poesian nahiz kritika-lanetan nabaria denez. “Herri bati bere hizkuntzak ematen ziok nor/ izatea. Herri bakoitzak zeramak bere agiri” (71), esaten du “Kezkati nauk, kezkati!” 1960ko poema batean.
San Martinen pentsamendua konplexua eta aberatsa da, hala eta guztiz ere, ñabarduraz beterikoa, eta ez dago, beraz, sinplekerietan ibiltzerik. Hala antzematen da Gorka Aulestiaren hitzotan:
“nacionalista, pero no aranista; socialista pero ferviente defensor de la cultura vasca; internacionalista pero respetuoso con las minorÃas étnicas; europeÃsta pero luchador de una Europa pluralista donde los derechos de las naciones minoritarias como la vasca sean aceptadas; amante del euskera pero también del pluralismo lingüÃstico (2000: 11).
Orain arte esandakoa kontuan hartuta, ez da harritzekoa Mikel Zaratek Otsalarri mozorro ugari zerabiltzan gizona deitzea, baina ez bakarrik egia handiak esateko karatulak jantzi behar izan zituelako (1998: 296-305), baizik eta hainbeste betebehar ezberdin eta hain izaera konplexua izateko mozorro anitzeko gizona izatea derrigorrezko izan zuelako.
Giro gori (1954-1977) bilduman San Martinen mozorroetako bat azaltzen da: idazle mozorroa. Baina idazle gisa ere ez al zituen hainbat mozorro ezberdin? Esan dezadan berriro: Giro Gori bilduman San Martinen idazle mozorro bi azaltzen dira: alde batetik, poeta mozorroa eta, bestetik, prosista mozorroa. Baina, ez al ditu Otsalar-ek, bai poesia eta baita prosa lanetan ere, genero eta azpi genero ezberdin asko erabiltzen? Ez dut beste saiorik egingo, argi dago mozorroak, ispilu laberinto batean bezala, ugaritu egiten direla.
Begira diezaiogun poesiari lehendabizi. San Martinek berak idatzitako hitzaurrean poemen gaiak zeintzuk diren azaltzen du: “kezkatzen ninduten pentsaera zein sentieretatik abiaturik dela aberri gaiez, gaztaroko maiteminekoez, edo gizarte eta poesi konkretua delakoan saio bat edo bestez gainera, bereziki arduratzen ninduten esistentziaren kontzeptu alorrak lantzera [pasatzen nintzen]” (1998: 9). Eta halaxe da, Giro gori-n badira Euskal Herriaren menpekotasunaz kexu diren zenbait poema –“Aberrimin” (1964), “Itxaropen argi-printzak” (1959) edo “Bakarrik” (1963)–, baita euskara bultzatu beharra aldarrikatzen dutenak ere –lehen aipatutako “Kezkati nauk, kezkati!” (1960), adibidez–; matiasunezkoak, zeintzuetan maitalea emakume bat –“Sastada” (1957) edo “Maitasun baten atsekabez” (1960)– edota naturako beste izaki bat (“Begi beltzdun elur-lili” (1957) edo “Ingumatxo geznaria” (1958)) izan daitekeen; deskriptiboak ere badira, mendi bat –“Atxarte” (1959)– edo ospakizun bat –“San Joan” (1959)– deskribatzen dutenak; sozialak –“Miraria” (1965)–; edo beste artista bati omenaldia egiteko idatzitakoak –“Unamunori” (1959) edo Smetana-ri: “Doinu esnagarri” (1958)–. Garrantzi berezia dute guztien artean poema existentzialistek –“Argi-bidea” (1961) edo “Sortzetiko kondena” (1966)–. Azken horietan –baita liburuak lehenengo orrian duen aipuan ere– Job-en kexuak, babesgabeziak, oihartzun egiten du.
Saiakerei dagokienez, era askotakoak dira. Batzuk beste olerkarien poema liburuei egindako hitzaurreak dira –“Harri eta herri. (Aitzin solasa)”–; besteak, entsegu literarioak –“Gabriel Arestiren poemak” edo “Lizardiren garaia”–; badira omenaldiak ere –“Jon Mirande orhoituz” edo “Jokin Zaitegi joan zaigu”–, bidaia kronikak diruditenak –“Zuberoa gaindi”– eta, nola ez, kutsu existentzialista dutenak–“Munduaren gurpila”–.
BIBLIOGRAFIA
AULESTIA, Gorka (2001): “Un siglo de literatura vasca (IVc). Juan San MartÃn”, Sancho el sabio: Revista de cultura e investigación vasca. 15. 45-92.
MARAÑA, Félix (1998): “Juan San Martinen berri eta bibliografia”, Giro gori-Tiempo ardiente (1954-1977), Euskal Herriko Unibertsitatea. Leioa. 311-320.
SAN MARTIN, Juan (1998): Giro gori-Tiempo ardiente (1954-1977), Euskal Herriko Unibertsitatea. Leioa.
ZARATE, Mikel (1998): “Otsalarren mozorroak”, Giro gori-Tiempo ardiente (1954-1977), Euskal Herriko Unibertsitatea. Leioa. 295-306.
« GIPUZKOAKO DANTZA GOGOANGARRIEN KONDAIRA EDO HISTORIA (1824) | GIZARTE-AUZIA (1935) » |