Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

GERO (1643)

Pedro Agerre, "Axular"
Axun Aierbe

Axularren Gero, bi partetan partitua eta berezia 1643. urtean eman zen argitara lehenengo aldiz Bordelen. Argitalpen ugari izan ditu liburu honek lehenaz gain. Bigarren argitalpena “misterio bat da” diosku Villasantek (1972: 122), ez baitu urterik ipintzen, eta, gainera, izenburua ez da Guero, Gueroco Guero baizik, eta ez da ageri bi partetan emateari buruzko aipamenik. Bigarren argitalpen horretan zuzendua (“corrigetua” [sic]) eta emendatua dela ipintzen badu ere, Axularren Gero zorrozkien aztertu duen Villasantek hauxe ohartarazten du: “huts batzuk zuzendu eta beste batzuk itzuri dira bigarren edizio horretan” (1972: 123). Hirugarren argitalpena 1864koa da, Baionan egina, eta Geroko Gero du izenburua hirugarren argitalpenak ere. Laugarren argitalpen gisara har daiteke Urkixok RIEV aldizkarian 1911n zatika eta aldika plazaratu zuena. Haatik, laugarrentzat hartu ohi da On Manuel Lekuonak paratua eta 1954an Zarautzen Itxaropena irarkolak argitara emana, eta “Aitzin-Solas”ean Gero liburuaren alderdirik nabarmenenak aztertu zituen (IX-XXXII). Hurrengo argitalpena, bosgarrena, 1964koa da, Donostian Izarra irarkolan inprimatua eta Bartzelonako Juan Flors argitaratzailearen etxeak plazaratua, Villasantek paraturik; lehen argitalpenaren araberakoa bada ere, “ortografia gaurkotuaz eta hatxe letra errespetatuaz” eginiko argitalpena dela adierazten du Villasantek (1972: 127), hain zuzen ere, euskara batua Arantzazuko 1968ko biltzarrean abian jarri aurretik ortografia estandarra izan zitekeenaren alde eginiko saiakera garrantzitsuetako bat. Seigarren argitalpena elebiduna da (euskaraz eta gaztelaniaz) eta Villasantek berak paratu zuen 1964ko edizioari jarraiki, eta 1976an eman zen argitara Euskaltzaindiaren babespean eta Editorial Franciscana Aranzazuk plazaratu zuen. Oraingoz, azkenak honako hauek ditugu: Euskaltzaindiak 1988an Urkixoren liburutegiko aleaz baliatuz argitara emanikoa da; edizio faksimilea egin baitzuen Euskaltzaindiak urte horretan. Bestetik, Orain argitaldariak plazaratu zuen 1995ean.

Itzulpenak ere egin dira beste euskalki batzuetara nahiz gaztelaniara eta katalanera. Añibarrok egin zuen bizkaierarako itzulpena 1820. urtearen inguruan Villasantek dioenez (1972: 130) eta  Gueroco guero izenburua ipini zion, baina ez zen argitaratu orduan. Añibarroren Gueroco Gueroren edizio kritikoa paratu zuen Blanca Urgellek eta Euskaltzaindiak eman zuen argitara 2001. urtean, eta azterlan zehatza eta zorrotza egin du “Sarrera” gisara; eta, besteak beste, aldagai ugari baliatu ditu eskuizkribua datatzeko asmoz (2001). Gipuzkerara itzultzeko ahalegina ere egin zen eta zati batzuk eman ziren argitara Euskal Esnalean Ateagak itzulirik. Gaztelaniara Villasantek berak itzuli zuen eta lehen argitalpena 1964an Bartzelonako Juan Flors argitaratzaileak egina da, gaztelaniazko irakurlearentzako sarrera argigarri batekin; eta ondoren, gorago aipatu dugun edizio elebiduna kaleratu zen. Geroztik katalanera ere itzuli da Després izenburua harturik, Bartzelonan 2001ean Jean Haritschelharren hitzaurre eta guzti.

Gero hirurogei atalez osaturiko aszetika liburua dugu, eta egunean egin beharrekoak ez geroratzeko gomendatzeaz gain, geroratzeak ekar ditzakeen kalteez ohartarazten du irakurlea. Liburuaren azalean bi parte izango dituela iragarri arren, liburuan ageri dena lehen parteari dagokio. Hain zuzen ere, “Irakurtzailleari” eskainitako hasierako pasarteetako batean Axularrek adierazten du bi parteak liburuki batean eman nahiko lituzkeela argitara, baina liburuak izan dezakeen arrakastaz zalantza egiten du eta lehen partea soilik argitaratuko duela diosku. Batetik, baieztapen hori kontuan harturik eta bestetik, bigarren parterako hainbat gai iragarri zituenez eta lehen partean ageri ez direnez, Axularri buruzko aditu eta aztertzaileen artean eztabaida eragin ditu (Villasante: 1979, Altuna: 1996, Salaberri Muñoa: 1997, 1998, Haritschelhar: 1999…).

Gero ikuspegi askotatik azterturiko liburua dugu. Ugariak izan dira eginiko azterketa filologiko eta hizkuntzazkoak, eta bada erlijioaren ikuspegitik eginiko azterketarik ere, esaterako, Axularren teologia izenekoa, Balenziagak 1990ean argitaratua. Aldekoa (2004: 50-57) da lan honi ikuspegi anitzetatik begiratu dion egileetako bat, forma ez ezik, edukia ere oso aintzat hartuz, eta garai hartako moral berriaren eredutzat du Gero (2004: 56-57).

Literaturaren ikuspegitik artikulu labur nahiz ikerlan sakon ugari eman da argitara Gero liburuaren gainean, eta literaturaren historia guztiek goretsiriko liburua dugu. Alde horretatik, Salaberrik “Axularren eta haren obraren harreraz (Iritziak, ikerketak eta beste)” (1999) izena duen artikuluan, bibliografian Gerori buruz esandakoen bilduma eman du argitara.

XVII. mendearen erdialdeko testuinguruan kokatzeko ahaleginak ugariak izan dira aztertzaileen artean. Axularrez mintzatzerakoan, bestalde, beti ageri da harekin batera Sarako eskolaren aipamena eta hango beste kideen berri (Materre, Pierre Arginarats, Jean Haranburu, Pouvreau…), baina beti nabarmentzen da Axular dela Sarako eskolako egilerik nabarmenena.

Barrokoaren testuinguruan kokatu du Kortazarrek eta Axularren lanean barrokotik eta barrokismotik dagoenaz mintzatu da (1997: 92-94) aurretik esanikoak aintzat hartuz eta barrokoa eta barrokismoa bereiziz: hots, garaia eta “jarrera intelektual eta moral baten islaketa” (1997: 94). Sarasola izan da Axularren barrokotasunaz mintzatu dena, haren estiloa aintzat hartuta, baina nabarmendu du ez dela Axularren bereizgarria, baizik eta mende hartako estiloa (1971). Alabaina, Mitxelenak esana zuen ordurako Axularrengan ez dagoela barrokismoaren aztarnarik, eta adierazpide zehatza baliatu izana eta arrazoiaren indarra nabarmendu zituen (1988: 79). Esan beharra dago ez dela funtsezko kontraesanik Sarasolak eta Mitxelenak, hurrenez hurren, barrokotasunaz eta barrokismoaz mintzatzean esanikoetan, baizik eta bakoitzaren ikuspegia dela bi autoreak antzeko baieztapenak era batera edo bestera formulatzera daramatzana.

Buruenik, ezin utz genezake aipatu gabe azken urte hauetan Geroren gainean eginiko ikerlanik sakonena. Salaberri Muñoak Axularren prosa erretorikaren argitan izeneko tesi-lana eman zuen argitara 1997an, eta ikerlan mamitsu horretan, batetik egilea, lana eta ingurunea aztertu zituen, eta bestetik erretorikaren ikuspegia ardatz gisara harturik, Gero sakon aztertu zuen liburuaren egituratzea, jokamolde erretoriko-argumentatzailea, aipamenak eta exenpluak, tratamendu elokutiboa eta berbaldiaren baliabide edergarriak aintzat harturik. Azterlan horretan, ugariak dira ateratako ondorioak ere, baina bat behintzat nabarmendu nahi genuke: “bitarteko erretoriko egokiak erabiliz, prosa “berezi” baten sorketa etorriko da Axularren eskutik. Berezia, darabilen hizkuntza laua, arazorik gabekoa, “arruntasunetik” hurbila, sintaktikoki zuzena eta lexikoaren aldetik ere argia eta ez polisemikoa delako” (1997: 389). Ikerlan horren emaitza laburturik eman du Iraupena eta lekukotasuna: Euskal Literatura idatzia 1900 arte (2002: 81-85) izenburua duen liburuan.

BIBLIOGRAFIA

ALDEKOA, Iñaki (2004): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia.

ALTUNA, Patxi (1996): “Pedro de Axular (1572?-1644)”. In AULESTIA, Gorka (arg.): Los Escritores: Hitos de la literatura clásica euskérica. Sancho el Sabio Fundazioa. Gasteiz.

HARITSCHELHAR, Jean (1999): “Gero-ren bi parteak”. Lapurdum IV. Les Lettres basques au temps d’Axular, 1600-1650. 105.

HARITSCHELHAR, Jean (2001): “Introducció”. In AXULAR: Després. ECSA. Bartzelona.

KORTAZAR, Jon (1997): Euskal literaturaren historia txikia. Erein. Donostia.

MITXELENA, Luis (1960): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia. 1988.

SALABERRI MUÑOA, Patxi (1997): Axularren prosa erretorikaren argitan. Euskal Herriko Unibertsitatearen Argitalpen Zerbitzua.

SALABERRI MUÑOA, Patxi (1998): “Gero liburuaren koherentziaz eta egituraketaz”. Lapurdum III. 241.

SALABERRI MUÑOA, Patxi (1999): “Axularren eta haren obraren harreraz (Iritziak, ikerketak eta beste)”. ASJU. XXXIII-1. 125-135.

SALABERRI MUÑOA, Patxi (2002): Iraupena eta lekukotasuna: Euskal Literatura idatzia 1900 arte. Elkar. Donostia.

SARASOLA, Ibon (1971): Euskal literaturaren historia. Lur. Donostia.

URGELL, Blanca (2001): “Sarrera”. In AÑIBARRO, Pedro Antonio: Gueroco Guero. Blanca Urgell Lázaroren edizio kritikoa. Euskaltzaindia. Bilbo.

VILLASANTE, Luis (1972): Axular: Mendea. Gizona. Liburua. Ed. Franciscana Aranzazu.

VILLASANTE, Luis (1979): Historia de la literatura vasca. Ed. Franciscana Aranzazu.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus