« GELAK ETA ZELAIAK (1994) | GERO (1643) » |
GERNIKAKO GABON KANTA
Gernikan bizi izan zen S. A. Gandara, apaiz “presbiteroa” eta “Protonotario apostólico y beneficiado” karguak betez. J. A. Arana Martijak (1976) eginiko ikerketen arabera, bertan sortua zen, 1700 inguruan. Apaiz izan zen Gernikan eta Madrilen (1749-1957 artean). Gernikara itzuli eta data horretatik aurrerakoak dira gurenganaino heldu diren bere obrak. 1764ko eta 1968an dataturiko idatzietan, gaixotasun baten aipamen lainoak egiten dituen arren, beste daturik ez dago bere heriotzaren eragile, leku edo dataz.
M. Larramendi jesuitaren miresle eta jarraitzaile izan zen Gandara eta hari igorri zizkion, iritzi eske, bere lanetako batzuk. Harekin izandako gutun-harremanen bidez ezagutu dira gehienbat Gandararen lanak, baina haren eskuz idatziriko kanta-bilduma bat ere aurkitu zuen Arana-Martija ikerleak, euskaraz eta gaztelaniaz idatzia.
Gandararen idatzietan hiru gabon-kanta dira aipagarri. Guernicaco gabon-canta: Muxhil ta vizcaitar baten artean izenekoa da ezagutu zen lehendabizikoa, Madrilen 1764an konposatutako “opereta” bat da eta Madrilgo Historia Errege-Akademian aurkitu zuen J. Ignacio Telletxeak eta Manuel Lekuonarekin batera aztertu zuen (1966). Gernika aldeko bizkaieraz idatziriko eskuizkribua Gandarak Aita Larramendiri bidalitako gutun baten zatia da. Aita Larramendik eta Gandarak elkarri bidalitako gutunak argitaratu egin zituzten J. I. Telletxeak eta Manuel Lekuonak, testuaren hizkuntz analisiarekin batean. Obra hori Peñafloridak egindakoen sail berean sartu behar da, hots, Elizan kantatzeko sortu ziren obren sailean. Guernicaco gabon-canta: Muxhil ta vizcaitar baten artean izenekoa bi lagunen arteko elkarrizketa eran antolatua da: pertsonaietako bat, Gandarak vizcaitar esaten diona, euskaraz ondo moldatzen da; bestea, muxhil, euskaldun-berria da, eta trakets antzean hitz egiten du entzuleari barre eraginez.
M. Lekuonak dioenez, obra horretan, Barrutiak bere lanetan bezala, Gandarak ere kaleko hizkera darabil; ez da, inondik inora, Peñafloridaren antzezlanetan agertzen den hizkuntza kultua. Hala ere, Lekuonarentzat aipagarria da Gandarak erabiltzen duen errima aberatsa eta landua: ohiko errimekin batera bestelako errimak tartekatzen ditu zati berean, Xenpelarrek hainbat bertsotan (“Iparragirre abila dela” eta “Iya guriak egin du” izenekoetan) egin zuen moduan. Errima berri horiek ukitu harrigarria ematen diote bertso osoari eta entzulearen atsegingarri bihurtzen da. Horren adibide da, Gandararen ondoko bertso honetan, ukatu eta leku hitzek osatzen duten errima: “Ah! Jente gangarra /Belen´go!/Guztiai zaldarra /Urtengo!/Zuek ukatu /Virgiñi leku?/Zuentzat su-garra /Hurrengo!!.
Herri-antzerki melodramatikoaren sailean sartu zuen J. M. Lekuonak Gandararen 1764ko obra; bere iritziz, XVIII. mendeko beste antzerki obra hauekin batean aipatzekoa da, P. I. Barrutiaren Gabonetako ikuskizuna eta Xabier Muniberen Gabon sariak nahiz El borracho burlado. XVIII. mendean hegoaldeko euskal herri-teatroak berrikuntza prozesu bat ezagutu zuen zenbait autoreren lanari esker eta funtsean erlijioarekin dute zerikusia gehienek. Lekuonak dioenez, Xabier Muniberen El borracho burlado izan ezik, gainerakoak Eguberrietako eliza-misterioaren inguruko antzerkitxoak dira. Gandararenak, esate baterako, erlijioari buruzko teatro piezak dira, elizan kantatzeko eginak. Pieza hauetan eragin kultua nabari bada ere, herri teatroaren hizkuntza dute, orobat hizkera. Era berean, ahozko literatura esparruari dagozkion pertsonaia komikoak ageri dira. J. M. Lekuonak honela dio: “Elkarrizketaz baliaturik bilbaturiko zenbait piezek usadiozko fartsa txikiak osatzen dituzte eta hizkuntza bera ere herri esaldi eta esaera biribil eta landuz josia agertzen zaigu”. Izan ere, antzerki hauek herri-giroan sortuak dira; Eguberrietako misterioa antzezteko biltzen ziren kofradien eraginpean.
1764ko Gabon-kanta honetaz gain, Gandararen beste bi gabon-kanta dokumentatu dituzte aztertzaileek, berez aipaturiko hori baino antzinagokoak:
1.- 1757ko Gernikako Gabon kanta, J. Antonio Arana Martijak argitaratu eta aztertu zuen (1976-77). Hona lehen ahapaldia: “Gau aren manea,/ ilunic/ bapere baguea/ dacust nic/ guerizac urrundu/ onec laster ditu/Fararira/ izan gustiac dabilz/gira bira”.
2.- 1762ko Gabon kanta Gernikakoa, J.A. Lakarrak Madrileko Historia Akademian topatu, argitaratu eta aztertu du (“XVIII mendeko zenbait bilantziko berri” ASJU, 101-103). Hona beste honen lehen ahapaldia: “Adanen humeak nequez/ dempora lengoetan, buztarria cerabillen/ euren sorbaldaetan./A zan vicitza, garratza;/da beragaz contu latza”. Adolfo Arejitak gabon-kanta honi buruzko azterketan dioenez (1982), azken gabon-kantok direla-eta eman zizkion zorionak Aita Larramendik Gandarari gutun batean: “ain daude ederrac, gozoac, quilicorrac…”. Gandarak, berriz, bihotzez eskertu zion maisuari hain iritzi ona ematea: “Ontzatuten deustazula jakitea da nire atsegin betea…”
J. A. Lakarraren iritziz (1982), Gandararen gabon-kantak “bilantzikoak” generokoak dira: “XVI, XVII eta XVIII. mendeetan zehar, eta baita XIX.aren zati on batetan ere, Espainia osoko komentu, katedral eta eliza askok zuen Gabon, Errege eta Kontzezio egunerako bilantzikoak agintzeko ohitura” (72 or.) eta ohitura honen ondorioz, genero ugaria izan da eta horren lekuko xumea besterik ez dira aztertzaileek gerra aurretik hasita argitaratutako bilantziko sorta. Besteak beste, Gandararenez gain, Lakarrak honakoak aipatu zituen: 1705eko Segurakoa, 1755eko San Frantzisko elizarako Oaraveytiak musikan jarriak, 1762ko Muniberen Gabon-Sariak, 1789ko Donostiako bilantzikoa (P. Urkizuk ezagutzera emana 1982an), 1794ko Bilboko Santiago elizakoak, Bilboko San Frantzisko elizarako aita Zabalak musikan jarriak eta Abadiñoko bilantziko data gabeak.
Lakarraren iritziz, bilantziko edo gabon-kantak generotzat behar bezala berezitu ez izanaren arrazoia, kopuru urritasunaz gain, zera da: “Arestik Teatro Zaarra argitaratu zuenetik oraindik desagertu ez den leku guztietan (bilantzikoetan batez ere) “teatro zaharra” aurkitu nahian datza. Hola uler daiteke Gavon sariak edota Gandararen 1764ko gabon kanta teatrotzat jotzea” (ASJU, 72). P. Urkizuk ere iritzi bera adierazi zuen Teatro Vasco liburuan: Gandararen obra hauek bilantziko generokoak dira eta ez antzerkiak. Halere, Urkizuk aitortzen du ukaezina dela pieza liturgiko horiek antzertiari dagozkion zenbait osagai dituztela: abestu egiten dira, elkarrizketa eran antolatzen dira, mugimendu eszenikoa dute, eta abar. Horregatik, bere iritziz, batzuetan ez da erraza izaten genero mugak ongi bereiztea (2003, 48 or.)
BIBLIOGRAFIA
ARANA MARTIJA, J. A.: (1976-77) “Gabon canta de Guernica de 1757”. Euskera. Bilbo. 89.
AREJITA, A., (1982) “Gandararen kanta ezezagun bat (1762)”. Idatz-Mintz. 2. 18-19 or..
ARESTI, G., Teatro zaarra, Auspoa bilduma, 48.
LAKARRA, J.A. (1982): “XVIII mendeko zenbait bilantziko berri” ASJU, 1982, 101-103 or.
LEKUONA, J. M. (1983): Ahozko literatura. Erein. Donostia. 234 or..
TELLETXEA, J. I. & Lekuona, M. (1966): “Gabon-kantak” de Guernica de 1764. Un documental del euskera vizcaino del siglo XVIII”. BoletÃn de la Sociedad Vascongada de Amigos del PaÃs. 157-171 or.
URKIZU, Patri, (2002): Teatro Vasco. Etor.
« GELAK ETA ZELAIAK (1994) | GERO (1643) » |