Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

GELAK ETA ZELAIAK (1994)

Amaia Iturbide
Jon Kortazar

1994. urtean, Euskal Jaurlaritzak eraturiko Lizardi saria irabazi zuen Amaia Iturbide poetak (Bilbo, 1961) Gelak eta zelaiak (1994) liburuarekin. Izenburuak adierazten duenez, helburu nagusia, aspaldi Jose Maria Agirrek, Xabier Lizardik egin ohi zuen moduan, kanpo mundua eta barne mundua jostea eta lotzea izango litzateke, estetikaren bidean estetizismoaren eta sinbolismoaren bidetik gero eta sakonago lanean arituz. Errealitatea mundu biren, kanpo munduaren eta barne munduaren artean banatzeak idealismoaren esparruan jarri du poeta.

Testuartekotasunaren aldetik, Juan Mari Lekuonaren poesiaren irakurketa oso agerikoa dela esango genuke eta, era berean, Mikel Lasarena. Lekuonarekiko lotura estua du Amaia Iturbidek, eta saiakera bat baino gehiago eskaini dio haren poesiari.

Darabilen poesia moldeak humanismo berri baten siniskera dakarkigu, transzendentziaren poesia da nagusi, eta idealismoaren poesiaren oinarriak leudeke liburuaren azpian: poesiak idealera, edertasunera bultzatu behar du irakurlea. Utopiaren bideak (dela itxaropena, dela erlijioa) zabaltzen dira berriro atalburuan, sinbolismoaren –metaforaren hiztegiaren bidez-, ideal estetiko eta etikoak marraztuz.

“Ni ” nagusi batek hitz egiten du idazlearen jarioan, eta nitasunak gidatzen du liburua. Kanpo aldea eta barne aldea kontrajarririk agertzen badira ere, poetaren begiradak ematen die batasuna.

“Nitasun” poetikoa behin eta berriro agertzen da, esan beharrez, “dichtung” –esan beharra esanaz adieraziz-, poesia sortuz: “Egia bat daukat barruan/ ahaleginean ardazturik zaharberritzen den egia “. Egia hori, azken batean, subjektiboa da, poetarena, bere-berea, eta kontrajarriak diren kanpo aldearen eta barne aldearen arteko batasunean datzana.

Liburuan badago poetika bat, eta hauxe da idazlearen poesiaren gunea poetikoki azaltzen duen poema garbia: “Bizikletaz nenbilela”. Poema horretan Amaia Iturbidek bere izaera marrazten du, izaera txikia, izadiaren erdian, izadiarekin bat eginik, Gela eta zelaia bananduta daude baina, era berean, bildurik dago izadi bihurtzen den poetaren irudian:

“Bizikletaz nenbilela/ koma bat bezain garrantzitsua naizela/ pentsatu nuen/ abar batek osotasunari begira/ bere buruaz pentsa dezakeen bezala…” Abar txiki horrek osotasunaz agertzen duen begirada da Amaia Iturbidek eskaintzen duena, osotasuna bilatuz, bide batez.

Txikitasunaren eta osotasunaren artean kokatuz gero, Amaia Iturbide edertasuna toki guztietan aurkitzen saiatzen da.

Hitzaren gorazarrea da bere testuaren bidea, hitza baita, neurri handi batean, subjektu eta objektuaren arteko lotura finkoa sortzen duena. Ez litzateke gehiegizkoa hori esatea, ezen poesian beti baita hitza nagusi, baina Amaia Iturbidek hitza pertsonifikatu egiten du, animalia edo izaki bihurtu. Hitzaren edertasunetik datorzkio idazleari egiten dituen omenaldiak: bertsolariek zein poeta handiek dute tokia Amaia Iturbideren poesian. Berea tradizioan egindako murgilketa da eta, bide horretan, txikitasuna maite du, euskaraz emandako hitz poetiko osoak baliagarri gertatzen zaiozkio bere hizkera poetikoa atontzeko.

Estetizismoaren bidean ezin da ahaztu arteak hein handian eragiten diola poesiaren sorkuntzan, beti ere inpresioaren bidetik; hau da, pinturak eta, neurri berean, Amaia Iturbideren poesiak inpresioaren espresioa dute helburu, ez horrenbeste ikusten duguna, baizik eta ikusten dugunak uzten digun inpresioaren adierazpena. Ez da, beraz, kanpoan ikusten dugunaren adierazpidea, sakonago dagoen beste zerbaiten barne sentipenarena baino.

Poema liburuaren ezaugarri nagusia barne koherentzia da. Badirudi kontrajarpenez osaturik dagoela: “Goiza eta arratsaldea “,  “Pagoa eta Haritza”, “Gela kaxak eta zelai zatiak”, baina kontrajarpenarekin batera Amaia Iturbidek batasun hariak lotzen ditu bananduta ageri diren esparruak lotzeko. Behin eta berriro agertzen diren norberaren nitasunaren definizioek, adibidez, (“Galtzea tokatu zioan eguzkia naiz”, “Egun aldakorraren zati bat naiz”) liburuaren barnean batasun hariak eraikitzen dituzte eta, bidenabar, egitura osatuaren alde egiten dute, kontrajarpenen artean kokatzen den begiradaren batasuna indartzen dutelarik. Txikitasunaren izendapena, niminoa den izakia azpimarratzen delarik, litzateke Amaia Iturbidek maite duen estilo-ezaugarririk nabariena. Sinbolismoaren barnean ez dira estetikak eta ironiak alperrik gertatu, txikitasuna modernitate ondorengoa den ezaugarri garrantzitsu batekin lotzen da, zatiarekin alegia, osatua ez den errealitate batekin, eta zatia unearekin lotzen da, bizi dugun une txiki horrekin. Paisaiaren unea lortu nahi zuen inpresionismoaren helburua horixe izan zen: paisaiak uzten zuen lehen inpresioa lortzea. Txikitasunak, baina, era berean, hizkera txikia, esan nahi da depuratua, erabiltzea eskatzen du. Liluraren inguruan sortzen den poema da Amaia Iturbidek eraiki nahi duena, kanpoan eta barnean diren edertasunen adierazgarria.

BIBLIOGRAFIA

IGERABIDE, Juan Kruz (1996): “Una poética del agua”. Zurgai. 120-122.

KORTAZAR, Jon (1997): Luma eta lurra. Labayru. BBK Fundazioa. Bilbo. 647 or.

ROJO, Javier (1979): “Y de perfil”. Zurgai. 27-8.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus