Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

GAUAREN ATZEKALDEAN (1982)

Manex Erdozaintzi-Etxart
Ur Apalategi

Gauaren atzekaldean trantsizio obra bat da Iparraldeko literatur testuinguruan, Maiatz taldearen agerpenak suposatuko duen iraultza literarioaren atarian idatzia. Eta aurreko belaunaldien problematika literarioaren arrasto batzuk gordetzen baditu, beste hainbeste zor dio giro berriari –ez gaitu harrituko, hortaz, egileak gerora Maiatz aldizkarian kolaboratu zuela jakiteak mugimendu honen sortzaileak baino zaharxeagoa izan arren.

Erdozaintzi-Etxart Frantziako hegoalde osoko frantziskotarren buru zen –berandura arte elizgizonak izan ziren nagusi Iparraldeko idazleen artean– baina inoiz erlijioa aipatzen ez duen idazki liriko-militantea burutu zuen eleberri antzeko lan honekin. Hirurogei orrialdetan, beti ere prosa poetiko malgu eta irakurterraz bati eutsiz, Parisen bizi diren Hegoaldeko hiru euskal erbesteraturen bizitzaren pasarte dramatiko bat kontatzen digu. Narratzaile nagusia –Jose– hiru horietako bat da, bigarrena Txomin, eta hirugarrena Migel. Liburuak badu esperimentazio kutsu bat eta funtsean sinpleak diren gertakizunak modu ez linealean kontatzen ahalegintzen da. Diegesia laburbiltzearren: hirurogeiko hamarkadaren amaieran lantegi batean lan-uzte bat antolatzeagatik, eta lankide batek salatu dituelako, hiru hegoaldear Frantziara ihesi joaten dira eta Parisen kokatzen; hiru horietako bat, Migel, gaizkien egokitu zaiona bertako bizitza anonimoari, hil egiten da eritasunak jota, eta beste biak bere gauzen bila joaten dira bizi zen apartamentu txikira; bertan Migelek utzitako idazki autobiografiko bat topatu eta irakurtzeari ekiten diote.

Narrazioaren egitura, esan bezala, ez doa bat istorioaren singletasunarekin. Flash-backak, denbora aldaketak, narratzaile eta metanarratzaileen arteko jokuak… hainbat errekurtso darabiltza Erdozaintzi-Etxartek, narrazioari kutsu poetikoa eransteko. Adibide zehatzago bat emateko, narratzaile nagusia mintzo denean, bereziki Pariseko bizitza deskribatzerakoan, –egunero etxetik lanera edo lanetik etxera metroan egindako joan-etorriak, beste hainbat jende deserroturekin batera baina komunikatu ezinik– izenordain aldaketak ugariak dira (ni, zu, gu, haiek, hura) eta oso ondo sentiarazten digu ezezagunez osaturiko jendetza batean itota bezala egotean gertatzen den despertsonalizazioa, niaren mugen lausotzea, niaren disoluzioa. Esan daiteke, une horietan Erdozaintzi-Etxarten idazkera inpresionista bihurtzen dela, eta eginkizun horretan lagungarri egiten zaio maisutasunez eta pretentsiorik gabe darabilen euskalkia (nafar-lapurtera doia “hegoalderakadaz” zipriztindua). Liburuaren hasieran kokatzen da metroko bidaien inguruko pasarte hau –liburuko lortuena, dudarik gabe, eta testu autonomo gisa ere irakur daitekeena, ez baitu nobelaren hari nagusiarekin zerikusi zuzenik– eta pasarte berean aurkituko dugu, baita ere, liburuko zatirik erreflexiboena. Izan ere, metroko errama batean sartu eta bat-batean musika jotzen hasten diren musikarien deskribapenaren bitartez bere idazletzaren irudi edo metafora poetizatu bat marrazten baitigu Erdozaintzi-Etxartek. Musikari hauek legez, inork inor entzuten ez duen mundu batean, –are gutxiago euskara bezalako hizkuntza gutxitu batean ari zarelarik– zerbait adierazten saiatzen den artistatzat daukake beren burua idazle baxenabartarrek. Interesgarria da, gisa berean, autoreak egiten duen denboraren erabilera. Oraina gogoeta intenporalei eskaintzen dio, iragana eleberriaren hezurdura mehea osatzen duten gertakizunei eta herri-minaren adierazpenari, eta etorkizuna, berriz, utopiari, abertzaletasuna, euskararen aldeko maitasun oihua eta aldarrikapen sozialak nahasten direlarik.

Liburuaren muga nagusia, garai hartako bigarren mailako testu askotan loratzen den lirismo bortxatuegiaz gain, hizkera erregistroarena da. Izan ere, pertsonaia nagusiak Hegoaldekoak izanki, zaila da Erdozaintzi-Etxartena berarena dirudien nafar-lapurteran hitz egiten eta gogoetatzen entzutea. Gainera, hiru pertsonaia nagusien zein liburuan zehar agertzen diren gainerako pertsonaien estiloa –eta ez gara jada darabilten euskalkiaz ari–, berbera da. Honek, noski, sinesgarritasun apur bat kentzen dio osotasunari.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus