« GASTEIZKO HONDARTZAK (1997) | GAUAREN ATZEKALDEAN (1982) » |
GAUAK ETA HIRIAK (1997)
1997an argitaratu zen Gauak eta hiriak nobela, Ur Apalategiren lehendabiziko nobela. Hiru gazte dira pertsonaia nagusiak: Antton, Felix eta Muriel. Haien arteko harremanen bitartez hainbat gai jorratzen dira eleberrian: adiskidetasuna, bekaizkeria, gorrotoa, jeloskortasuna, mesfidantza, maitasuna, eta abar.
Gazte-belaunaldi baten erretratua egin du egileak, zehazki, 90eko hamarkadako gau-giroan kokatu da nobela (1990eko ekainaren 25ean abiatzen da istorioa). Garai hartako gertaera aipagarri baten oihartzunak ere ageri dira nobelan zehar: Golkoko gerraren oihartzunak, hain zuzen ere.
Aldi berean, leku jakin bateko gazteen erretratua ere bada, gazteen arteko harremanak Bordele, Donostia eta Baiona hirietan kokatu direlako.
Nobelak irudikaturiko gizartean sedukzio-jokoa da nagusi, eta hiru gazteen arteko harremana ere sedukzio-jokoak baldintzatuko du. Nobelari sedukzio-saio batek ematen dio hasiera, gainera. Felixek eta Anttonek Murielekin egiten dute topo gau-irteera batean. Une horretan, Felixek “antzerki inprobisatu” bat (Apalategi, 1997, 20) bizitzeko asmoari ekin, eta, sedukzio-jokoaren bitartez, Muriel konkistatzeko ahaleginari eusten dio. Felix seduktorearen ekintzak Anttonen begiradatik kontatzen zaizkigu, eta Anttonek sedukzio-jarrera iruzur eta jolas lotsagarritzat du. Beraz, Felixen eta Anttonen nortasuna ere sedukzio-joko horretan harturiko rolak definitzen du. Are gehiago, sedukzio-joko horretan ere elkarren ispilu dira pertsonaiak, eta bi muturreko jarrerak irudikatzen dituzte: Felix vs. Antton; argia vs adimen ertainekoa; alferra vs langile saiatua; donostiar burgesia berriaren semea vs laborari baxenabartar baten semea; seduktorea vs moralista. Felix idazle-gaia da; zaletasun horrek ere sedukziorako beste bide bat izan nahi du.
Edonola ere, nobelaren hasieran hain argi definituriko bi muturrak lausotuz doaz nobelan zehar, pertsonaien jarreretan bilakaera nabaria delako. Batetik, Felix seduktore aktibo izatetik (Murielekin), seduktore pasibo izatera igarotzen da (Maiderrekin); bestetik, hasieran barkamenaren aldekoa zen Antton, pixkanaka-pixkanaka gorrotoaren beroak hartzen du.
Bestalde, ugariak dira nobelan zehar garaturiko ohar metaliterarioak. Hartara, pertsonaiek zein narratzaileak literatura-jarduerarekiko ardura nabarmena agertzen dute, eta ardura horrek batik bat unibertso literarioaren fikziozko izaera du gogoetagai. Zehazki, fikzioaren eta errealitatearen arteko harremana da gogoetagai nagusia. Horregatik, errealitatearen eta fikzioaren arteko jokoa etengabea da: batetik, egile erreala, Ur Apalategi, fikziozko munduaren barruan pertsonaia iheskor modura aurkezten da (Apalategi, 1997, 112); bestetik, azken orrialdean nobela Felixi zuzendurik dagoela adierazten da (fikziozko pertsonaia nobelaren balizko irakurle bihurtu da), eta Muriel fikziozko pertsonaia ere irakurle bihurtzeko nahia adierazten da: “Zuretzat idatzi dut liburu hau, Felix (ohartuko zinen euskara batuan idatzi dudala eta ez nire amaren euskalkian), eta zuretzat ere bai Muriel (espero dut noizbait frantsesez irakurri ahal izango duzula…” (Apalategi, 1997, 249-250). Adierazpen horietan ikusi bezala, alderdi oro justifikatu da nobelaren diskurtsoan bertan. Errealitatearen eta fikzioaren arteko muga lausoa aurkeztuz, bizitzaren eta literaturaren arteko muga ahula ere badela iradoki nahi izan da.
2001ean itzuli zen Gauak eta hiriak nobela gaztelerara: Las relaciones imperfectas (2001, Hiru).
BIBLIOGRAFIA
APALATEGI, Ur (1997): Gauak eta hiriak. Elkar. Donostia.
APALATEGI, Ur (2001): Las relaciones imperfectas. Hiria. Hondarribia.
« GASTEIZKO HONDARTZAK (1997) | GAUAREN ATZEKALDEAN (1982) » |