Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

EZTI-TANTAK

Klaudio Sagartzazu, "Satarka"
Jon Kortazar

Klaudio Sagartzazu, Satarka (Hondarribia, 1895-1971) olerkarien mugimenduarekin batera hasitako poeta dugu. Lehen liburura oso goiz argitaratu zuen, olerkarien mugimendua  mamitu baino lehenago: Txinpartak (Donostia, 1922). Klaudio Sagartzazu ezaguna zen ordurako, XX. mendeko lehen herenean olerti lehiaketetan parte hartu eta sariak irabazi zituelako. Irabazitako sariei esker egin zen ezagun, eta horrek bultzatu zuen liburua argitaratzea.

Olerkarien mugimenduaren aurretik hasi bazen lanean, gerra ostean ere idazkerarekin jarraitu zuen, eta 1957. urtean Intza begietan argitaratu zuen. Ezti-tantak deituriko argitalpena idazlearen jaiotzaren urteurrena ospatzeko plazaratu zen antologia dugu, gaur egun idazlearen lanen artean eskuragarrien zaiguna, Klaudio Sagartzazuren erakusgarri ederra.

Olerkarien mugimenduak bete-betean hartzen duen lan baten aurrean gaude, erromantizismo berankorra  maite zuen poeta baten aurrean, sentiberatasunari toki handia eskaintzen dion poeta baten aurrean. Gaiei dagokienez, bere garaian arrunta zenez, askotariko gaiak landutakoa da Satarka: erlijioa, aberria, pertsona ospetsuak… izadiaren deskribapena, maitasuna… Ohiturazaletasunetik hurbil, pertsonaia topikoak darabiltza poema sentikorrak osotzeko. Txikitasunak berebiziko garrantzia du Satarkaren poesian, eta metrikari dagokionez, garai hartan ohi zenez, estrofismo ugariabadarabil ere, neurri txikiko bertsoak ditu maite.

BIBLIOGRAFIA

LEKUONA, Juan Mari (1996): “Satarkaren Intza begietan aztertuz” in SAGARTZAZU, Klaudio, Satarka: Ezti-tantak. Elkar. Donostia. 1997. 139-155.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus