« EZ BALEGO BESTE MUNDURIK (2000) | EZTI-TANTAK » |
EZEZAGUN BATEN KUADERNOA (1988)
1987. urtean Maria Jose Kerejetak (Zegama, 1961) Irun saria lortu zuen Ezezagun baten kuadernoa lanarekin. Bere garaian, esperientzia poesia lantzen zuen poeten artean oihartzun handia lortu bazuen ere, egileak gerora beste bide batzuk hartu eta ez zuen beste poema liburu gehiago argitaratu. Literatura minoritarioetan usu gertatzen den legez, literatura liburu bakarreko idazlea dugu, oraindik, Maria Jose Kerejeta.
Ezezagun baten kuadernoa poema liburuak egunerokoaren traza du testu antolamenduari dagokionez. Europan zehar, Italian, Turkian eta Austrian egindako bidaiaren kronika barnerakoia agertzen zaigu, baina maitasun galdu baten oroitzapenaren inguruan osaturik dagoen barne bidaia baten kronika ere osotzen du egileak..
Hiru dago banaturik, eta zatien izenburuek ez dute aukera handirik ematen semantikaren barneratzeko. Lehen atala, “Sarrera labur gisa (Aurretik)” deitzen da, hamahiru poemek betea; bigarrena dugu “Ezezagun baten kuadernoa”, hamabost poemez osaturikoa; hirugarren atalak ere izenburu arrunt lausoa du: “Bigarren sarrera (Atzetik)”, eta hogei poemek osatzen dute.
“Sarrerak” ez dira laburrak -atal nagusia denaren beste horrenbeste betetzen baitute liburuan- ez dira, beraz, izenburuak eman dezakeen besteko hutsalak. Izenburuek, arruntasunaren gainetik, kontrastea iradokitzen dute. Liburuaren izenburu nagusiak “Ezezagun baten kuadernoa” izenburuak, alegia, bidaia fisikoaren berri ematen du: “Heriotazren lakioa (Venezian hiltzea)”, “Maitasuna mezkitan (Kapritxo mairuarra”), “Akropoliseko horma zaharrak”, “Denbora badoa, Galata zubipean”, “Istanbuleko ostatua”, “Muecin Zaharra Sarajevora itzultzean”, “Salzburgo, 1986-eko urria”. Joseba Sarrionandiaren bidaia fisikoaren berri ematen du atal horrek. “Sarrerek”, ordea, bidaia fisikoa barne mundu bihurtzen dute:
“Arrazoi nuen pentsatzen
guztia hasi eta bukatzen dela
norbaitek neronena den giltzaz
atea zabaltzen duenean” (43. or.)
Ni lirikoaren giltza eskuetan dugunean, barne mundurako bidaia zabalik dugu. Eta horra hor liburuaren bigarren paradoxa: ni liriko horrek, “Ezezagun baten kuadernoa” idatzi duen ni liriko horrek, gizonezko baten itxura du.
“Gizon batek bere urratsetan egiten du atzera urrats
eta bere burua berrezagutu nahiko luke […]
Neroni izan nintzen gizon hori” (25. or.)
Dena dela, “Sarrera” batek beti betetzen du funtzio bera: liburuaren gorputz denari marko semantikoa jartzearena, alegia. Eta “Sarrera” bietan agertzen den ahotsak askoz ere lotura handiagoa du (beti ere muga, zalantza eta zertzelada guztiekin) egilearekin identifikatu dezakegun ni lirikoarekin. Azken batean, liburuaren gai nagusia denboraren igarotzea da, denboraren joanak ekar dezakeen maitasun galera. “Ezezagunaren kuadernoa” atalak eragina du “Sarrera” bietan agertzen den ni lirikoan, eragin zuzena, eta sarreretan, nitasunaz hausnarketa egiten duen pertsonaren ahotsa ere badugu, amodio galdurik jada ezezagun bihurtu den gizonaren hitza.
Esan bezala, ni lirikoaren bidaiak mugarri bi ditu: amodioa eta denboraren joana. Melankoliatsua da Maria Jose Kerejetaren lana. Maitasuna hauskorra da, eta denbora bezalaxe, denborarekin batera, badoa, eta ondoren, galdu egiten da. Hausturaren unean hasten da liburua “Dibortzio tramitazioa” poemarekin eta “Bye, bye, love” deiturikoarekin bukatu. Bien artean, ni liriko baten hausnarketa eta garapena izango dugu gure begien aurrean.
Liburuak forma aldetik zenbait ezaupide oso interesgarri ditu bere garairako: batetik, emakume literaturaren erakusgarria da egilearen lana, izan ere emakume poetak oso gutxi ziren euskal literatur sisteman garai hartan; bestetik, nitasun lirikoaren hurbiltasuna nabari da Kerejetaren liburu honetan, bai gizonezkoaren ahotsak, egunerokoaren estrategia erabiliz, eta bai emakumearen ni liriko zuzena erabiliz, bi-biek esperientzia poesiatik hurbil egiten dituzte erreferentzia testualak. Bestalde, irakurlearen eta ahotsaren arteko identifikazio prozesu zabalak zabaltzen zituen poetak: zinemaren aipamena (“Zuri beltzezko fila”) edo musikarena (“Play it again”) sarri erabiltzen dira testuotan, ni lirikoaren esperientzia berezi hori egunerokotasunean txertatuz.
Maria Jose Kerejetak “lerro zuzeneko” idazkera baliatu du, oso poema ulerkorrak idatzi ditu liburu honetan, poema sarkorrak, finak idatzi zituen. Liburuaren bertuterik nagusiena tonu barnerakoiaren lorpenean datza. Memoria oso gai garrantzitsua zen garaietan agerturiko liburua dugu hau, maitasuna, memoria eta galera bezalako gai tematiko hauskorrekin egindako liburu berezia da.
BIBLIOGRAFIA
KORTAZAR, J. (1997): Luma eta lurra. BBK-Labayru. Bilbo. 223-235.
MARKULETA, G. (1995): “‘Ezezagun baten koadernoa ahaztua”. Hegats. 12. 51-57.
« EZ BALEGO BESTE MUNDURIK (2000) | EZTI-TANTAK » |