« ANTZERKI ETA POEMAK (2001) | ARGIZARIAREN EGUNAK (1998) » |
ARANTZAZU EUSKAL-SINESMENAREN POEMA (1949)
Salbatore Mitxelena frantziskotarraren (Zarautz, 1919-Chaux-de-Fonds, 1965) lanik gehienek Arantzazu eta bertako santutegia dute inspirazio-iturri eta sinbologia oparoa garatzeko bide; halatsu, santutegiaren inguruan osatu zuen Mitxelenak Arantzazu euskal-sinesmenaren poema ere, 1949an kaleratua, gerraosteko euskal literaturaren lehenengo emaitza gisa. Poema horrekin batera, Unamuno eta Abendats (1958) saiakera dira zarauztarraren obretan ezagunenak, eta bietan aurki daitezke Mitxelenaren obran konstante diren elementuak: euskal arimaren bilaketa, euskaldunen bizi nahia eta ezina, Arantzazuren sinbologia eta abar.
1949an argitaratu zen Mitxelenaren lehen obra hori, Arantzazuko frantziskotarren eskutik. Ez zen, baina, osorik publikatu, liburuaren hirugarren partea, “Bizi nai” izenekoa, argitalpen horretatik kanpo utzi baitzuen egileak berak, gai politikoagoez ziharduenez, mingarri izan zitekeelakoan. Sei urte beranduago publikatu zen hirugarren zati hori estreinakoz, Euzko-Gogoa aldizkariaren 1955eko maiatz-abenduko alean. “Bizi nai”-ri egindako sarreran azaltzen du Mitxelenak ez zuela zentsura-arazorik izan hirugarren parte hori argitaratzeko, baina nahiago izan zuela ordukoan ez plazaratu:
“artarako, banun gobernuaren edo gobernutar baten baimena. Baiña, damurik, ez nintzan ausartu. Gaia arriskatua zalakoz, esamesak eta agian salatak ere sortu zitezkela-ta, ez zitzaidan zuzen iduritu baimen-mesedea egin zidanaren agintea ta uste ona kolokaraztea.” (Mitxelena, 1955)
Mitxelena damu zen hori egin izanaz 1955ean, uste baitzuen 1949an osorik plazaratuz gero, liburua euskal kontzientzia pizteko akuilu izango zatekeela. 1955erako, baina, baretuago irudikatzen ditu irakurleak Mitxelenak, “Bizi nai”-n jasotakoak onartzeko gisan.
Arantzazuko amabirjinaren eta santutegiaren inguruan osatutako poema luzea da Mitxelenarena, epikaren eta lirikaren artean dabilena eta hein batean Orixeren Euskaldunak poema epikoarekin pareka daitekeena, kolektibitate euskaldunaren errepresentazio poetiko izan nahi duen aldetik. Legendari jarraituz, Rodrigo Baltzategikoari Aloña mendian amabirjina agertu zitzaioneko unea du abiapuntu liburuak: artzainak kanpaitxoak entzuten dituen uneak zabaltzen du liburua. Apurka, amabirjinaren lehenengo agerpen horren ondotik, Arantzazun gertatutakoak biltzen ditu Mitxelenak: ardiak amabirjinaren presentziaz jabetzen dira, amabirjinak ermita egin diezaioten eskatzen dio Baltzategiri, berri ona zabaltzen da Oñati herrian, amabirjinak bi mirakulu ezagunak eragiten ditu (euria eta bando-gerren arteko bakea), eta, azkenik, “Ermitagintza” deituriko atalean, amabirjinari eskatutako ermita egin artekoak jasotzen dira.
Bigarren atalean, berriz, Kristoren pasioa eta gurutze-bidea da sinbolo-iturri nagusia; halaxe azaltzen du egileak “Bigarren aldi” horren atarikoan: “Arrizko ermitagintza osatu ondoren (lenengo aldia), orain (bigarren ontan) beste ermitagintza aundiago bat billatzen du eta irixten Euskal-Fedeak, Amaren eskari-eskeñia zertzeko: Kristo’ren Gorpuzgintza”. “Kalbario Alberni Arantzazu” poema da sail horretako lehenengoa, eta bertan Arantzazu La Verna-ko santutegiarekin parekatzen du egileak, hots, Penna mendiko San Frantziskoren omenezko italiar santutegiarekin eta kalbario-leku gisa aurkezten du, euskal Golgota baten pare. Erromes Arantzazura doan herria eta herriaren kantuak jaso nahi ditu Mitxelenak bigarren sailean, eta elkarrizketa-gisa antolatzen ditu poemak: amabirjinaren eta erromesen artean, erromesen eta Kristoren artean eta baita Arantzazuko Amaren eta San Inazioren artean ere. Atalaren amaieran, azkenik, ermita egin ostean eta Kristoren gorpuzgintza burutu ostean, Arantzazuko ama pozik irudikatzen da, eta semetzat hartzen du euskal fedea, esanez: “seme zaitut, Ama nazu”. Magnificat abestuz ixten da bigarren atala, eta 1949ko edizioan, liburua bera.
1955ean argitaratutako hirugarren parteak, bestalde, “Bizi nai” izenekoak, baldintzatu egiten du aurreko bi atalen irakurketa, bai eta liburuan konstantea den euskal fedearen esanahia ere, liburuari, bere osotasunean, kutsu historikoagoa eta politikoagoa emanez. Edonola ere, lehenengo ataletik bertatik ere, bazen Arantzazuko santutegiaren bilakaera Euskal Herriaren bilakaeraren sinbolo gisa baliatzeko ahaleginik, zeren, euskal historiako hainbat pasarte jasotzen baita amabirjinaren agerraldiarekin batera: jentil-arotik kristautasunerako jauzia edo oinaztar eta ganboatarren arteko gatazkak, besteak beste. Dena den, hirugarren atalean hartzen du “euskal fedeak” kutsu sozio-historiko handiena, espresuki esaten baitu Mitxelenak Arantzazuk eta Euskal Herriak bost mendetan zehar patu bera izan dutela. Bigarren atalean, “ermitagintza” eta “Kristoren gorpuzgintza” burututa betegintzarrea iritsi ondotik, gainbeheran dakusa Mitxelenak hirugarren horretan Arantzazu, fedea eta, batez ere, Euskal Herria. Arantzazuren gainbehera 1834an Rodil jeneral liberalaren aginduetara santutegia erre ostean kokatzen du Mitxelenak, eta, garai bertsuan, gerra karlisten sasoian, Euskal Herriarena ere: “Guretzat gudak ez du sekula ezer onik ekarri, galera ta ondamendia baizik. Kalatarren gerrateak gutxiago; ordutik gure illunabarra…”
Hortik aurrera, hil-hurren den herriagatiko eresia bihurtzen da Mitxelenaren poema, euskalduntasunaren ezaugarri oro ikusten baitu desagerpenaren ertzean: hizkuntza batez ere, baina baita bizimodu eta ohiturak ere: bertsolariak, mendi gainetako gurutzeak, pilotariak… Arrese-Beitiak mende hasieran bezala, eta ondotik beste hamaika poetak egindakoaren bidetik, euskararen eta Euskal Herriaren heriotza iragartzen du Mitxelenak:
Ogei ta bat garrengo
gizaldi orretan
askok galdeko dute:
— “Euskalerri nun dan?
Bera mireste-arren
gatoz urrundikan…”
Ta guk erantzun bear:
— “Bai, emen izan’tzan.
Baiñan erdalkeriak
yan ta irentsi zuan”.
Alabaina, erabateko etsipenik ere ez dario Mitxelenaren Bizi nai horri, izenburuak iragartzen duenez; bizirik nahi duen herria baitu gogoan egileak, fedea galdu ez duena, eta sinesmenean indartsu dagoena. Heriotza saihestezintzat hartuagatik, piztueran du fedea poetak, gizakiarenean bezala herriarenean. Lazaroren etsenplua dakar Mitxelenak amaiera aldera, eta euskaldunek galdu ez duten fedeari esker, pizteko aukera izango dutelako itxaropena agertzen du:
Jesusek:
— Sinisten duzu?
Euskalerriak, ao-batez, biotz-batez:
— Bai, gure Jesus!
¡Sinisten dugu! Orixe bait-da
lengotik iraun diguna.
Orretxegatik, antzi ta negar,
gatoz erreguz Zugana.
Sinisten dugu Zu zaitugula
Yaungoiko eta gizona,
oraindañoan eutsi gaituna,
eta piztu gaitzazkena…
Hiru atalek, hartara, euskalduntasunaren eta euskal fedearen bilakaera itxuratzen dute: fedearen deiak osatzen du lehen atala; euskaldunek erromesaldian kristautasunarekin bat egindakoan lortzen dute maila gorena, bigarren atalean; aitzitik, XIX. mendetik aurrera, karlistadekin dator gainbehera, erdalduntzea eta ohiturak alboratzea eta herriaren heriotza. 1940ko hamarkadan idatzia egonik, frankismoaren eta gerraosteko giro etsituaren eragina bistakoa da Mitxelenaren obran, baina baita herria inarrosteko gogoa ere, amaierako piztueraren itxaropenak iradokitzen duenez.
Arantzazu ikur hartuta, historia kolektiboa itxuratzea du xede dagokigun poemak, eta ziurrenik horregatik, testuaren osaerak, hautatutako hizkuntzak nahiz estetikak ere euskaldunak ditu gogoan; hartzaile-multzoa zabala da, hortaz, saihestu egiten du Mitxelenak hermetismoa eta elitearentzako moduko poemak idaztea. Horregatik dago hurbil Mitxelenaren poesia herri literaturatik, eta horregatik txertatzen ditu poema luze horretan beste inoren testuak nahiz herriarenak. 1955eko argitalpenari egindako sarreran, bere poetika-gisakoa eskaini zuen Mitxelenak, eta bertan esplizitatu zuen obra osoan zehar idazkera gidatu zuten irizpideak. Mitxelenaren hitzetan, sakontasuna eta iluntasuna lotzeko joera zegoen garaiko euskal idazleen artean: zenbat eta ulergaitzago, orduan eta sakonagoa omen zen testua. Maxima horri aurka egin beharra aldarrikatu zuen frantziskotarrak, artistak lortu beharrekoa kontrakoa dela defendatu zuen, hots, ideia eta eduki sakonak sinple azalatzea, irakurleari testua ulertzeko trabarik jarri gabe. Xede hori buruan, Mitxelenak uko egin zien kultismoei, hitz ilunegiei, esapide konplexuegiei. Hiztegi aldetik ere, garaiari zegokion purismoren bat mantenduagatik, bere hizkerak, oro har, iskin egin zion garbizaletasunari. Estrofa eta forma poetikoei dagokienez ere, herri literaturako formak baliatu zituen Mitxelenak, bertsolaritzakoak batik bat (zortziko eta hamarreko nagusia du estrofa erabilienetakoa), baina baita kopla zaharren edo erromantzeen egiturak ere. Badira, hala ere, bertso-molde libreko poemak ere, erritmoa eta errima indartsukoak, dena den.
Orobat, poema herri kulturatik hurbil kokatu nahian, aurrez Arantzazuren gainean idatzitako kantuak, poemak, bertsoak edo erromantzeak sarri txertatzen ditu Mitxelenak bere testuetan. Areago, zenbait poema-sorta besteren testu-atalez osatzen dira nagusiki eta egileak haiei markoa ezartzen die bere poemen bidez. Santutegiaren inguruko urte luzetako dokumentazio-lan handiaren emaitza da, izan ere, Mitxelenaren Arantzazu euskal-sinesmenaren poema.
BIBLIOGRAFIA
ALDEKOA, Iñaki (2004): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia.
MITXELENA, Salbatore (1955): “Bizi nai. Irugarren aldia”. Euzko Gogoa 1955. 5/12.
KORTAZAR, Jon (2000): Euskal literatura XX. mendean. Prames. Zaragoza.
« ANTZERKI ETA POEMAK (2001) | ARGIZARIAREN EGUNAK (1998) » |